Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Antonio Zabala Etxeberria.
Bertsolaritzaren ikertzaile nagusi izan zen eta berak bildu zuen gai honi buruzko Euskal Herriko artxiborik zabalena.
1961ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta, handik hiru urtera, 1964an, euskaltzain.
1961ean “Auspoa” bilduma sortu zuen Tolosan eta bilduma horretan bildu zuen euskarazko herri-literatura, bertsolari eta bertso ugari berreskuratuz. Sagardoaren graziya izan zen argitaratutako lehenengo liburua eta han bildu zituen Ramon Artola tolosarraren bertsoak. Haren atzetik etorri ziren Bilintx (1962), Ezkontza galdutako bertsoak (I) (1962), Txirrita (1962), Fermin Imaz (1963), Azpeitiko Premiyoaren bertsoak (1963), Pello Errotaren bizitza (1964), Pello Errotak jarritako bertsoak (1964), Festara (Jose Bixente de Echagaray-ren bertso-bilduma) (1964), Pello Errotaren itzala (1965), Pernando Amezketarra bertsolaria (1966), Juan eta Pello Zabaleta bertsolaria (1967), Frantziako Iraultza eta Konbentzioko gerra bertsotan (1989), Auspoaren auspoa , I, II (1996), Oiñez eta jakin miñez (1997) eta Ezkontza galdutako bertsoak II (1999). 280 liburutik gora argitaratuak dira bilduma horretan; batzuk prosan, besteak bertsotan, eta Antonio Zabala izan zen egilea ehun liburu baino gehiagotan. Gainerakoetan biltzaile, gainbegirale edo editore-lanak egin zituen.
[+] Informazio gehiago