Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Patxi JUARISTI, EHU-ko argitalpen zerbitzua
Markinan eta Xemeinen ez zen hil Otxandion, Bilbon, Gernikan edo Durangon bezainbat pertsona. Markinak eta Xemeinek ez zuten ezagutu aipatutako herriotan hegazkin italiar eta alemaniarrek egin zuten bezalako triskantzarik. Dena dela, gerraren ondorioak oso larriak izan ziren bi herriotan. 1936ko uztailetik 1939ra, gauza mingarri eta beldurgarri asko gertatu ziren, eta horrek eragin izugarria izan zuen garai hura bizi izan zutenengan, baita hauen ondorengoengan ere.
Gure herriko lurretan, 1936ko irailaren 29an lehertu ziren lehen obusak, eta 1937ko apirilaren 25era arte (egun horretan izan zen azken bonbardaketa), tropa frankistek hainbat leherkari tona bota zituzten markinarren eta xemeindarren gainera. Hegazkinen bitartez, zein Arnoaten, Urkaregin edo Madalenako ermitaren inguruan (Berriatu) zeuden kanoi baterien bidez, erreketeek askotan bonbardatu zituzten Xemein eta Markina. Alberto Onaindiak dioen bezala, “Markina será de las villas que más bombardeos aéreos ha sufrido durante toda la campaña de la guerra”. Bonbardaketa hauek guztiek kalte ekonomiko, material eta ekologiko ugari eragin, eta, garrantzitsuagoa dena, pertsona asko hil zituzten. Horrez gain, hamaika izan ziren txikituta edo kaltetuta gelditu ziren etxeak, batez ere Markinako alde zaharrean.
Txikizio materialekin batera, gerraren beste ondorio larri bat ekonomiaren desegituraketa izan zen. Gerrako lehenbiziko hilabeteetan, frontetik hurbil bizi ziren baserritar batzuek diru asko egin zuten milizianoei elikagaiak saltzen eta zerbitzuak eskaintzen (arropak garbitu eta jaten eman, adibidez). Baina, oro har, gerrak lur jota utzi zuen garaiko jendearen bizibide garrantzitsuena, nekazaritza, eta herritarren diru sarrerak asko murriztu ziren. Alde batetik, kontuan hartu behar da hainbat baserritarrek ihes egin behar izan zutela, euren baserriak soldaduen errelebu kuartel bihurtu zirelako edota frontetik hurbilegi zeudelako. Baserri askotan, bestalde, arazo asko zeuden lanerako, egunean zehar tiroak eta bonbak jausten zirelako inguruan. Baserriko produktuen salerosketak ere asko murriztu ziren, jendeak dirurik ez zuelako, eta gutxiago etortzen zelako eguenetako azokara. Azkenik, kontuan hartu behar da gazte asko frontean borrokatzen zegoela, eta baserriko lanekin jarraitzeko arazo izugarriak zeudela.
Nekazaritzak ez ezik, industriak ere asko sufritu zuen. Errepublika garaian, Markina, Xemein eta inguruetako herrien egitura sozial eta ekonomikoa apur bat aldatu egin zen. Errepublika aldarrikatu zenean, Markina eta, batez ere, Xemein nekazaritzari lotuta zeuden, baina, hala ere, lanpostu industrialak ugaritzen ari ziren. Alde batetik, kontuan hartu behar da, XIX. mendearen azkenetan eta XX. mendearen hasieran sortutako latonerien lan karga handitu egin zela 20. eta, bereziki, 30. hamarkadaren hasieran, eta, horrekin, baita langile industrialen kopurua ere. Bestalde, 1933an, Esperanza y Cia enpresa etorri zen Markinara, eta enpresa honek eragin handia izan zuen inguruko herrien egitura sozial eta ekonomikoaren eraldaketan, lanpostu industrial zuzenak zein zeharkakoak sortu zituelako.
Herria aberastu eta modernizatu zuten aldaketa ekonomiko hauek guztiak ezerezean gelditu ziren gerrarekin. Esperanza fabrikak Zamudiora joan behar izan zuen 1936ko azaroan, eta bertan egon zen hiru urtez. Horrek eragin zuzena izan zuen herriko okupazio tasan, udalaren diru sarreretan eta, oro har, herritarren ekonomian. Bestalde, latoneriek arazoak izan zituzten aurrera egiteko, galdategietarako burdina eta beste lehengai batzuk falta zirelako, lan eskaerak murriztu zirelako edota jabeak eta langileak kartzelan, frontean borrokatzen edo langileen batailoietan zeudelako. Gerraondoan, latoneri ia denek umeak hartu behar izan zituzten lanerako, gizon gutxi zegoelako herrian.
Urberuagako bainuetxea soldaduen kuartel izan zen 1936tik 1940ra (1937ko apirilera arte errepublikarrena eta 1940ra arte frankistena), eta 1940tik 1943ra, Bigarren Mundu Gerran Frantziatik ihes eginda etortzen ziren zibilen kontzentrazio eremu bihurtu zuten frankistek.
Hirugarren sektorea ere lur jota gelditu zen. Denda eta negozioek galera ekonomiko handiak izan zituzten, bonbardaketen beldurrez jende gutxiago etortzen zelako erosketak egitera, jendeak dirurik ez zuelako, eta, gainera, gerra aurrera zihoan heinean, dendariek produktuak lortzeko arazoak zituztelako. Are gehiago, denda asko zarratu ziren, jabeak eta langileak frontean, kartzelan, langileen batailoietan edo ihes eginda zeudelako.
Hirugarren sektoreak jasan zituen kalteen erakusle ona da Urberuagako bainuetxearekin gertatutakoa. Bainuetxea soldaduen kuartel izan zen 1936tik 1940ra (1937ko apirilera arte errepublikarrena eta 1940ra arte frankistena), eta 1940tik 1943ra, Bigarren Mundu Gerran Frantziatik ihes eginda etortzen ziren zibilen kontzentrazio eremu bihurtu zuten frankistek. Horrek galera ekonomiko handiak eragin zizkion bainuetxearen jabeari, Manuel Alonso Agirresarasuari, baina baita hainbat markinarri eta xemeindarri ere. Izan ere, bainuetxeak urtero zabaltzen zituen ateak ekainaren 15etik irailaren 30era, eta inguruko jende askori ematen zien lana. Nire kalkuluen arabera, denboraldi bakoitzean 35 bat pertsona arituko ziren bertan lanean. Halaber, bainuetxearen inguruan denda, bizartegi, denboraldiko bost ostatu eta beste negozio batzuk zeuden, eta, bainuetxea zarratuta zegoenez, hauetan ere ez zen aberastasunik eta lanposturik sortzen.
Gerrak hankaz gora jarri zituen markinarren eta xemeindarren bizibide, diru iturri eta beharrak, eta gerraostea oso gogorra izan zen herritarrentzat. Galera materialei, ezkertiarren eta abertzaleen aurkako jazarraldiari eta gizartean zegoen beldurrari egoera ekonomiko kaxkarra gehitu behar izan zitzaion.
Gerraren beste ondorio bat galera ekologikoak izan ziren. Nahiz eta gaur egun oso zaila den era honetako galerak neurtzea, kontuan hartu behar da, gerra ia guztietan bezala, gure mendi, erreka eta basoek kalte asko jasan zituztela. 1937ko otsailaren 7an, adibidez, Saseta batailoikoek su eman zioten Etxebarriako Aulesti eta Kortabitxi baserriaren parean zegoen pinudi bati, aurkarien mugimenduak hobeto ikusteko. Lubakiak eta bideak egin ziren, bonbardaketek hainbat mendi eta baso hondatu zituzten, edota hauen itxura aldatuta gelditu zen, metrailadoreentzako porlanezko etxeak eta era askotako eraikuntzak egin zirelako; gainera, mendi, baso eta zelaiak metrailaz, balez eta txatarraz beteta gelditu ziren. Gure baso eta mendietan, oraindik ere zutik daude metrailadore etxeak, lubakiak eta parapetoak.
Gerrak eragin zituen galerarik garrantzitsuenak, hala ere, gizakien heriotzak izan ziren. Fronteetan hil ziren markinar eta xemeindarrak (berrogeita hamaika bat, gutxi gorabehera), frankistek zein errepublikazaleek fusilatu zituztenak (hamahiru markinar eta xemeindar), espetxeetan eta kontzentrazio esparruetan hil zirenak (lau pertsona guztira) eta bonbardaketetan hil ziren zibilak batuta (hamasei markinar eta xemeindar), laurogeita lau markinar eta xemeindar inguru hil ziren Gerra Zibilean. Goian esan dut Markinak eta Xemeinek ez zutela ezagutu Otxandio, Bilbo, Gernika edo Durangok bezalako txikiziorik. Dena den, bi herri hauek zuten biztanleria kontuan hartzen badugu (biek batera 3.245 biztanle zituzten 1936an), nire ustez, gerraren ondorioak oso lazgarriak izan ziren hemen. Gutxi gorabehera familien %15ean heriotza bat egon zen.
Horrez gain, kontuan izan behar dugu alde bateko zein besteko soldadu ugari hil zela gure herriko lurretan, frontea mugitu gabe egon zen zazpi hilabeteetan. Oso zaila da zenbaki bat ematea, baina, nire ustez, alde bateko eta besteko ehunka soldadu hil ziren. Bereziki, soldadu asko hil ziren Egixarreko batailan (1936ko urriaren 21ean) eta San Esteban egunean Kalamuan egin ziren borrokaldietan (1936ko abenduaren 26a).
Soldadu asko hil ziren Egixarreko batailan, 1936ko urriaren 21ean, eta San Esteban egunean Kalamuan egin ziren borrokaldietan, 1936ko abenduaren 26a.
Gerrak galera sozial anitz ere ekarri zituen, eta gizarte kohesioa txikituta gelditu zen. Tradizionalistek, abertzaleek, sozialistek eta errepublikarrek ideologia eta interes desberdinak zituzten, baina, gerra aurretik, elkarrekin parte hartzen zuten herriko bizitzan. Gerrak tradizionalisten eta Errepublikaren aldekoen arteko harremanak apurtu zituen, eta mesfidantza eta elkarrekiko beldurra nagusitu. Jendeak kontu handia zuen norekin hitz egiten zuen.
Guda lerroa apurtu ostean, FET-JONS-eko kideek errukirik gabeko mendekua hasi zuten ezkertiarren eta abertzaleen aurka, eta kohesio soziala are eta gehiago txikitu zen. Erregimen berriaren aldekoen eta abertzale, ezkertiar eta, oro har, frankistentzat “susmagarriak” zirenen artean zulo izugarria eraiki zen, eta herritar gehienek galtzaileak alboratu eta irabazleen aldeko jarrera agertu zuten, badaezpada.
Herriko bizitza soziala kaltetu zuen beste arazo larri bat familien banaketak izan ziren. Hainbat pertsonak ihes egin zuten atzerrira, kartzeletan sartu zituzten edota langileen batailoietara bidali. Senide askok urteak egin zituzten elkar ikusi gabe. Horrez gainera, kasu askotan, familiek ez zuten jakiten euren semeak edota gizonak non zeuden preso, eta horrek banaketa are eta lazgarriagoa egiten zuen.
Auzoetako bizitza ere oso kaltetua gelditu zen. Gerratean, jendea gutxiago ateratzen zen kalera, eta elkarrekin egoteko eta berba egiteko aukerak murriztu egin ziren. Bonbardaketengandik babesteko, jendeak babeslekuetan edo kobazuloetan pasatzen zuen eguna. Gerraondoan, auzotar batzuk elkar salatzen hasi ziren, gerrarekin edo politikarekin zerikusirik ez zuten haserreek eraginda. Salatutakoa abertzalea edo ezkertiarra bazen, Zabalako komandantziara deitzen zioten berehala, eta, hainbat kasutan, isuna jartzen zioten edota kartzelara sartzen. Gerraostean, inbidiak, haserreak eta mendekuak modu bortitzean azaleratu zituen.
Galera sozialekin bukatzeko, aipatzekoa da frankistek emakumeen aurkako errepresio bortitza hasi zutela, hauen bizimodua goitik behera aldatuz. Frankistek Errepublika garaian emakumeek lortu zituzten aurrerapen guztiak ezabatu zituzten, eta familiari, elizari eta etxeko lanei loturiko andrazkoaren eredua berreskuratu eta inposatu zuten. Emakumeak irainduz eta beldurtuz, matxismoa nagusitu zen gizartean, eta emakumeen garapen pertsonala oztopatu zen urteetan.
Gerrak galera kulturalak ere ekarri zituen. Alde batetik, kontuan hartu behar da, frontea gure herriko lurretan geldirik egon zen zazpi hiletan, eskolak itxita egon zirela. Gerra hasi zenean, 1936ko uztailaren 17an, umeak oporretan zeuden, baina gero, 1936ko irailean, eskolek ez zituzten ateak ireki, frontea hurbilegi zegoelako, bonbardaketek arrisku asko sortzen zutelako, eta irakasle gehienak ihes eginda zeudelako. Gainera, Markinako Artibaiko eskolan intendentzia jarri zuten errepublikarrek. Beraz, 1936ko irailetik 1937ko irailera arte, sei eta hamahiru urte arteko umeak eskola barik gelditu ziren.
Bestetik, bi herriotako bizitza kulturala gelditu egin zen. Antzerkiak, jaiak, elkarte erlijiosoek, kulturalek eta politikoek antolatzen zituzten ekintza kulturalak edo umeentzako ekimenak desagertu egin ziren. Bizirik segitu zuen ekintza kultural bakarra zinea izan zen.
Hirugarrenik, gogoratzekoa da bi herriotako ondare historikoak asko sufritu zuela. Batetik, hainbat baserri erre eta hondatu ziren. Bestetik, Markinako alde zaharra oso kaltetua gelditu zen. Etxe askok izan zituzten txikizioak.
Erabilpen militarra izan zuten eliza, komentu eta jauregiak ere asko hondatu ziren. Karmengo fraidetxea txerritegi bat eginik gelditu zen, eta balioko gauzarik gehienak apurtuta edo ostuta. Mesedetako mojen komentua zein Beheko mojena ere berdin gelditu ziren.
Gerratean, jendea gutxiago ateratzen zen kalera, eta elkarrekin egoteko eta berba egiteko aukerak murriztu egin ziren.
Munibe jauregia ere oso hondatua gelditu zen, eta hamaika artelan eta liburu desagertu ziren.
Patrokua jauregiko liburutegia ere hemendik eraman egin zuten, bonbardaketengandik babesteko, eta desagertu egin zen. Urberuagako bainuetxea ere hainbat aldiz bonbardatu zuten, eta dena lapurtuta eta hondatuta gelditu zen. Uhagon etxeko liburutegia ere desagertu egin zen.
1937ko urtarrilean, Jesus Maria Leizaola, Justizia eta Kultura Sailburuaren aginduz, Markinako epaitegian eta kartzelan zeuden Markinako Barrutiko Notaritza Protokoloen Artxiboa eta lehengo Busturiako Merindadeko Notaritza Protokolo batzuk Gernikara eraman zituzten, Martínez abizeneko notario baten etxera. Markinak bonbardaketa anitz jasaten zituenez, toki “ustez” seguruago batera eraman nahi izan zuten artxiboa. Protokolo hauek guztiak Gernikako bonbardaketan erre ziren, 1937ko apirilaren 26an. Ziortzako kolejiatako artxiboa ere desagertu egin zen.
Azkenekoz, kontuan hartu behar da gerraondoan euskal kultura eta euskara oso kaltetuak gelditu zirela, herriko kultur eragileak ihes egin behar izan zutelako, eta euskara eta euskal kultura sustatzea debekatu egin zirelako. Mezak eta dotrina euskaraz ematea ere debekatu egin zen, eta euskarazko inskripzioak zituzten hilobiei ere buelta emateko agindua eman zuten agintari berriek. Errepublika garaian euskal kulturak bizi izan zuen pizkundea gelditu egin zen. Euskararen eta euskal kulturaren aurkako giroa nagusitu zen elizan, eskolan eta, oro har, gizartean.
Bonbardaketek, atxiloketek, familiako kideen heriotzek, ondasunen bahiketek, irainek, ihesaldiek eta, oro har, gerra giroak beldur, frustrazio, desesperazio eta estutasun asko sortu zuten herritarren artean, gehienbat ezkertiarren eta abertzaleen familietan. Gerra irabazi zutenak harro eta gupidagabe agertzen ziren bitartean, galtzaileek ezin zuten ezer esan; ezta euren defuntuengatik dolua gorde edota behar bezala negar egin ere. Frankisten propagandaren ondorioz, biktimen familiak bigarren mailako herritarrak bihurtu ziren. Kartzelan edo hilda zeuden abertzaleen eta, bereziki, “gorrien” emazte eta seme-alabek irainak eta begirunerik eza jasan behar izaten zituzten agintari berriengandik zein garaile atera ziren herritarrengandik. Horrek samina eta ezintasun izugarria sortzen zuen, eta batzuek urteak egin zituzten goibel eta deprimituta, etxetik atera ere egin gabe. Gerratean zein ostean bizitakoekin herritarrak markatuta gelditu ziren, eta oraindik ere guztiz osatu gabe dauden zauri psikologikoak ireki ziren.
Beregainki umeek asko sufritu zuten. 1937an zehar, 30.000 bat ume erbesteratu ziren Europako lau estatutara: 4.000 Erresuma Batura, 3.000 Belgikara, 2.000 Sobiet Batasunera eta 10.000 Frantziara. Nik dakidala, ume markinar bakarra eraman zuten atzerrira eta beste bat atxilotu zuten, baina bi ume eta gaztetxo bat hil ziren eta beste bi ume gutxienez zauritu zituzten. Halaber, ume askok galdu zuten aita, anaia edo senideren bat, edo, denbora askoan, hauek ikusi gabe egon ziren, kartzelan edo atzerrian zeudelako.
Hau guztia gutxi balitz legez, ezkertiarren eta abertzaleen umeek FET-JONS-eko kideen irainak jasan behar izaten zituzten: fletxen eta pelaioen desfile militarretan parte hartu behar, guraso ezkertiarrak edo abertzaleak izateagatik eskolara joateko debekuak, erromerietan edota ekintza ludikoetan parte hartzeko oztopoak... Gurasoak ihes eginda, fusilatuta edo kartzelan zituzten umeek kulpa sentimenduak eta autoestimu baxua garatu zituzten, eta, hil diren arte, oroimen tristeekin bizi behar izan dute. Irtenbiderik gabeko egoera hartan, askok bizitzarekiko sentimendu tragikoak ere garatu zituzten, eta horrek eragin sakona izan du euren bizitzetan.
Agintari berriek erregimen berriaren aldekoen eta aurkakoen artean desberdintzen zituzten herritarrak; norbait zirenen eta ezer ez zirenen arteko bereizketa egiten zuten, eta horrek bizitzaren zentzuaren aldaketa eragin zuen askorengan. Gerrako umeek gomutan izan dituzte beti gerrako zein gerraondoko gertaera lazgarriak, eta askotan izan dituzte horiei loturiko amets gaiztoak. Gerrak apurtu zituen familia askok euren bizitzak berreraiki ahal izan dituzte, baina kalte sinbolikoak, oroimen mingarriak eta frustrazioak hor gelditu dira.
Honegatik guztiagatik, ulergarria da hauetariko askok gerrari buruz hitz egin nahi ez izatea. Sarreran esan bezala, agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei frustrazioa eta amorrua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisioa oztopatu zuten.
Gerraren beste ondorio bat abertzale, euskaltzale, ezkertiar eta errepublikazaleen aurkako errepresio bortitza izan zen. FET-JONS-eko kideek eta militar frankistek boterea eskuratu zutenean, euren aurkari politikoen eta hauen familien aurkako jazarraldi basatia hasi zuten, arerioak desagerrarazteko eta euren agintea sendotzeko.
Herriko tradizionalistak erabat inplikatu ziren militarrek agindutako eta antolatutako errepresioa gauzatzen, eta lan asko egin zuten “susmagarrien” zerrendak prestatzen eta jendea salatzen. Are gehiago, hainbat kasutan, kartzelatik edo heriotza zigorretatik libratzeko, atxilotuek epaileei aurkezteko behar izaten zituzten aldeko txostenak ukatu zizkieten. Aurretik politikan sartu gabe zeuden markinar eta xemeindar asko ere txapel gorria jantzi, eta FET-JONS alderdiko kide egin ziren, badaezpada, eta 1937ko maiatzetik aurrera, ezkertiarren eta abertzaleen kontrolatzaile eta salatari bihurtu ziren. Gizarte bizitza eta harremanak hankaz gora jarri ziren.
Egia da alde Errepublikarrean zein frankistan egon zela errepresioa, baina errepresio mota desberdinak izan ziren. Zentzu honetan, nik ere bat egiten dut Javier Rodriguez Gonzálezek dioenarekin: “En la Guerra Civil hubo represión en los dos bandos, pero existe una clara diferencia en la naturaleza de las dos represiones. Mientras en la zona sublevada es un terror organizado, que se irá convirtiendo poco a poco en una forma de acción política; en la republicana las deficiencias de control de los centros operativos explican en parte el carácter incontrolado e irregular de gran parte de la represión que afectó, en general, a personas que apoyaban la sublevación. Además hay que tener en cuenta que los sublevados ejercían una violencia contra la legalidad establecida y la República se defendía de ese ataque. Tal y como dice Santos Juliá no se trata de postular ningún paralelismo que iguale responsabilidades y reparta culpas, sino sencillamente de constatar un hecho: en la zona insurgente, la represión y la muerte tenían que ver con la construcción de un nuevo poder; en la leal, la represión y la muerte tenían que ver con el hundimiento de todo poder”.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus