Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Markinako Frontea (I/II)

Patxi JUARISTI, EHU-ko argitalpen zerbitzua

Markinako eta Xemeingo Egoera Politikoa eta Soziala Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean (1931-1939)

Gerra Zibilari buruzko azalpen gutxi entzun ditut umetan eta gaztaroan. Antzinateko, Erdi Aroko eta Aro Modernoko hamaika guda, iraultza eta istilu ikasi nituen eskolan eta institutuan, baina ni jaio baino 40 urte aurretik Markina-Xemeinen bizitako gerra ez zen eskola curriculumean sartzen. Etxean berdin gertatzen zen. Nire aitaitak, amonak eta osaba-izebek modu intentsuan bizi izan zituzten gerra eta osteko urteak, baina gutxi hitz egiten zuten sasoi ilun haiei buruz. Belaunaldi zaharrenek sinatua zuten Gerra Zibilari buruzko isileko hitzarmena, eta gazteagook oso gutxi jaso ahal izan genuen gai honi buruz.

Hala eta guztiz ere, noizean behin, ia-ia nahi gabe, gerrako eta gerraosteko pasadizoak azaleratzen ziren familia elkartzen zenean, eta sumatzen nuen garai hura apartekoa izan zela etxekoentzat, eta, oro har, markinarrentzat eta xemeindarrentzat. Markinako Fronteari buruzko oroimenak, hildakoen izenak edo bonbardaketen esperientziak bizirik igartzen nituen nire inguruko zaharrenen artean.

Helduaroan, Markina-Xemeingo biztanleengan gerrak izan zuen eraginari buruz gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaidan, baina garai hura bizi izan zuten inguruko pertsona gehienak hilda zeuden, eta liburuen bidez gehiago jakitea zaila zen; besteak beste, Gerra Zibilean gure herrian gertatu zenari buruz gutxi zegoelako idatzita.

Fusilatutako pertsona baten izena, hiruzpalau anekdota eta zenbait herritarrek kartzelan, kontzentrazio esparruetan edo ihesean bizitako dramak ezagutzen nituen; baina gertatu zenaren historia osotua falta nuen. Bestalde, denbora aurrera zihoan heinean, markinarrengandik eta xemeindarrengandik informazioa lortzea gero eta zailagoa zela ohartzen nintzen, gertaera hura bizi izan zuten belaunaldiak desagertzen ari zirelako. Berba gutxirekin esateko, Gerra Zibila gure memoria historikotik betirako desagertzeko arriskua zegoela ikusten nuen; horrenbeste markatu gaituen garaia betirako ahaztekoa.

Markina-Xemein

Gerraren inguruko ekitaldien bidez, herritarrek Gerra Zibilari buruz gogoeta egin ahal izan dute, eta, era batera edo bestera, gaiaren inguruko belaunaldien arteko transmisioa bultzatu da.

2006. urtean, Gerra Zibilaren hasieraren 70. urteurrena gogoratzeko, hainbat ekitaldi egin ziren Hego Euskal Herrian, eta, Markina-Xemeinen ere zerbait egiteko aitzakiarekin, liburuak arakatzen eta gerrako belaunaldiko batzuei elkarrizketak egiten hasi nintzen, Garaian aldizkarian artikulu batzuk idazteko asmoarekin. Hasieratik ikusi nuen ikertzea merezi zuen historia interesgarria zegoela, eta gerrak nik uste baino askoz herritar gehiagorengan izan zuela eragina. Gaiarekiko lehen hurbilpen xume hark gehiago sakontzeko grina piztu zidan, eta markinarrek eta xemeindarrek Gerra Zibilean bizitakoak modu sistematikoan ikertzen hasi nintzen. 2009. urtean, UPV/EHU-k emandako lizentzia sabatikoak ikerketan buru-belarri sartzeko aukera ederra eman zidan.

Historia berreraikitzeko metodologia

Gerra Zibilean gure herrian gertatu zena berreraikitzea intelektualki interesgarria eta aberasgarria izan da, baina baita lan gogorra ere; informazio biltze prozesua luzea, neketsua eta zaila izan baita. Markinarrek eta xemeindarrek oso gertutik bizi izan zuten gerra, baina agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei frustrazioa eta amorrua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisioa oztopatu zuten. Gainera, garai hura bizi izan zuten ia denak hilda daude, eta bizirik gelditzen direnak gazteegiak ziren 1936an eta 1937an, jazoera guztiak behar bezala gogoratzeko. Horrez gain, Gerra Zibilak Markinan eta Xemeinen izan zuen eraginari buruzko lekukotasunik ia ez da bildu 75 urte hauetan, eta, beraz, gai honen inguruan gutxi dago aztertuta edota idatzita.

Gauzak horrela, une historiko garrantzitsu hau isiltzen eta ahanzten joan da, eta gerraondoan jaiotako gutxik izan dute gertatu zenaren ideia argi bat. Informazio objektiboa, egiazkoa eta osatua lortzeko, beraz, estrategia edo bide desberdinak erabili behar izan ditut:

Ikerketarako lehen bidea izan da gai honi buruz idatzita dagoena aztertzea. Zazpi hilabetez, frontea geratuta egon zen Markinako, Xemeingo eta Etxebarriako lurretan, eta liburuetan eta aldizkarietan badaude Markinako Frontea deitzen zitzaionari buruzko datuak eta aipamenak. Hala ere, lan asko egin behar izan dut hori dena biltzen eta ordenatzen.

Informazioa biltzeko beste estrategia garrantzitsu bat izan da gerrako belaunaldiei euren oroimenei buruz era sistematikoan eta kontrolatuan galdetzea. Horrela, 2006tik 2010era, 50 sakoneko elkarrizketa egin ditut Gerra Zibila bizi izan zuten markinarren eta xemeindarren artean.

Informazio hau kontrolatzeko eta osatzeko, 68 elkarrizketa egin ditut, era batera edo bestera, Gerra Zibilean inplikatuta egon zirenen seme-alabekin, ilobekin edota ahaideekin. Nahiz eta hauek ez zuten gerra ezagutu, edo ume ziren garai hartan, eman didaten informazioa ezinbestekoa izan da euren senideen historiak ezagutzeko, informazioa kontrastatzeko eta gerraostean gertatu zena behar bezala ulertzeko.

Gerra Zibilaren inguruan azken sei urteetan antolatu ditugun ekimen herrikoiek ere gertaerak hobeto ulertzen eta informazioa biltzen lagundu didate. Herriko hainbat erakunde eta talderen laguntzarekin, hainbat bilera, argazki erakusketa, pelikula eta dokumental emanaldi, mendi ibilaldi eta hitzaldi antolatu ditugu 2006tik 2011ra, eta horiek ere informazioa lortzeko iturri garrantzitsua izan dira. Izan ere, ekimen hauek guztiek markina-xemeindar asko erakarri dituzte, eta Gerra Zibilean bizi izandakoei edota etxean entzundakoei buruz hitz egitera bultzatu dituzte herritarrak; eta hori oso garrantzitsua izan da urteetan ezkutuan egon den informazioa azaleratzeko.

Markina Xemeingo Ugarte dorrea

Gerra Zibilak Markinan eta Xemeinen izan zuen eraginari buruzko lekukotasunik ia ez da bildu 75 urte hauetan, eta, beraz, gai honen inguruan gutxi dago aztertuta edota idatzita.
Argazkian Markina Xemeingo Ugarte dorrea.

Zentzu honetan, ikerketa hau metodologia kritikoan edo dialektikoan oinarritzen da. Izan ere, ekimen parte hartzaile hauek guztiak, informazioa azaleratzea eta biltzea ahalbidetu didate, baina, era berean, interbentzio moduak ere izan dira. Gerraren inguruko ekitaldien bidez, herritarrek Gerra Zibilari buruz gogoeta egin ahal izan dute, eta, era batera edo bestera, gaiaren inguruko belaunaldien arteko transmisioa bultzatu da. Kontuan izan, ekintza hauetan, gerrako belaunaldiaren seme-alabak eta ilobak parte hartu dutela, eta, ostean, hauetariko askok euren etxekoei buruzko informazioa bildu dutela ikerketa honetarako. Gerra Zibila bizi izan zutenak zein hauen seme-alaba eta ilobak protagonista bihurtu ditugu, informazioa bil dezaten, baina baita gertatu zenaren memoria historikoa gordetzearen garrantziaz ohartu daitezen ere.

Informazioa lortzeko erabili dudan bosgarren bidea izan da artxiboak arakatzea. Hain justu ere, hamaika artxibotako txostenak, aktak, agiriak edota dokumentuak aztertu ditut. Horrekin batera, garaiko prentsa ere aztertu dut.

Ikerketarako azken bidea izan da jendeak utzitako eskutitzak, dokumentuak, argazkiak, idatziak eta ondasun pertsonalak aztertzea. Era honetako materialek informazio asko eman didate, eta gauzak hobeto ulertzen lagundu.

Helburu orokorra

Beste gizarte batzuetan, gerren oroitza gorde dute: museoak, liburuak, memoriari eskainitako guneak, adierazpen publikoak, hitzaldiak, monumentuak, dokumentalak... lagungarriak direnak, bai zorigaitza bizi izan zutenen memoria gordetzeko, zein hauen senideekiko elkartasuna adierazteko eta belaunaldi berriei gertatu zena erakusteko.

Errepublikarren gehiegikerien biktimek Francoren gobernuaren babesa eta ordaintza morala jaso zuten. Errepublikarrek euren senideei eragindako mina ezagutzeko aukera izan zuten (egia jakiteko eskubidea), jasan zituzten kalteak ikertu eta epaitu ziren (justizia eskubidea), eta kalte-ordainak jaso zituzten, eta duintasuna eta babesa eman zitzaien (konponketa eskubidea). Frankistek errepublikarrek baino errepresio bortitzagoa burutu zuten abertzale, ezkertiar eta errepublikazaleen aurka, baina jazarraldien biktimei egia jakiteko eskubidea, justizia eskubidea eta konponketa eskubideak ukatu zitzaizkien. Izugarrikeria pila jasan bazituzten ere, Errepublikaren aldekoek barnean gorde behar izan dituzte, urte askotan, saminak, frustrazioak eta lotsak.

Liburu honen asmoa da, beraz, Gerra Zibilean eta gerraondoan gure herrian gertatu zena berreraikitzea, fusilatu zituztenen, bonbardaketa eta tiroengatik hil zirenen, langileen batailoietan esklabutza lanetan aritu zirenen, ilea moztu zieten emakumeen, isunak ordaindu zituztenen, erbesteratuen edota espetxean urteak egin zituzten markinarren eta xemeindarren memoria bizirik gordetzeko; bereziki, frankismoaren kontra eta askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatuta, errepresioa jasan zuten herritarren oroimena zaintzeko. Izan ere, Gerra Zibila, min eta drama anitz duelarik ere, gure ondare historikoa da. Ondo ezagutu eta jagon beharreko ondarea.

Ikerketa honen helburua ere bada markinarren artean Gerra Zibilean gertatu zena zabaltzea, eta gai honen inguruko gogoeta bultzatzea.

Egin ditudan elkarrizketetan, batzuek esan didate honelako gogoeta bat eta, oro har, biktimen aldeko ekimenak beranduegi datozela, gerrako kaltetuak zein Francoren errepresioa jasan zuten ia denak hilda daudelako. Zilegi da hori pentsatzea. Nolanahi ere, nire ustez, ez da beranduegi honelako oroitza bat egiteko, kontuan hartzen badugu Gerra Zibilean sufritu zutenen seme-alabak eta ondorengoak bizirik dirautela, eta hauek ere biktimak direla. Gainera, beti ere hobe da gertatu zena jakitea, ez jakitea baino.

Historia berreraikitzeak eta kontatzeak ez du kaltetuen egoera aldatzen, ez du hauen sufrikarioa arintzen, baina bizi izan zutena ulertzen laguntzen digu besteoi, elkartasun sareak sendotzen ditu belaunaldien artean, eta etorkizunean saihestu behar den bidea erakusten; hiritar jakintsuagoak, irizpide gehiagokoak eta, ondorioz, askeagoak ere sortzen ditu. Gehiago esango dut, frankisten jazarraldiaren biktimen memoria historikoa berreskuratzea etorkizunean inbertitzea da. Izan ere, herrien identitatea memoriak emandako materialetatik elikatzen da, nagusiki.

Liburuaren egitura

Markinako Frontea

Markinako Frontea. Markinako eta Xemeingo Egoera Politikoa eta Soziala Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean (1931-1939)

Esan bezala, liburu honen helburua da Gerra Zibilean eta gerraondoan gure herrian gertatu zena berreraikitzea, erbesteratuen, bonbardaketen edo tiroen ondorioz hil zirenen, fusilatu zituztenen, ilea moztu zieten andrazkoen edota espetxean urteak egin zituzten markinarren eta xemeindarren memoria bizirik gordetzeko. Dena den, herrien bizimodua aldatzen duten gertaera historikoak ez dira hutsean sortzen. Iraultza politikoek, gerrek edo aldaketa sozial bortitzek aurrekari ugari izaten dituzte edota elkarri lotutako hainbat gertaeraren nahitaezko ondorio izaten dira. Zentzu honetan, Bigarren Errepublikan gertatu ziren iskanbila politikoak, Gerra Zibilean bizi izan ziren izugarrikeriak eta gerra garaiko zein osteko bortizkeriak eta mendekuak elkarri lotuta daude; beraz, Gerra Zibila sakonean ulertzeko eta kokatzeko, ezinbestekoa da Errepublika garaia ezagutzea. Horrela, liburu honen lehen kapituluan, markinarrek eta xemeindarrek Errepublikako urteak nola bizi izan zituzten aztertzen dut.

Osteko kapituluetan, Gerra Zibila ikertzen dut, urtez urte. 1936ko uztailaren 18tik 1939ko abuztura arte gertatu zirenak aurkezten ditut, modu kronologikoan. Bigarren kapituluan, beraz, 1936ko uztailetik abendura arteko egunak aztertzen ditut. Hirugarren kapituluan, 1937. urtea lantzen dut, laugarrenean 1938.ena eta bosgarrenean 1939. urtea. Bosgarren kapituluan, 1940ko eta 1941eko gertaera batzuk ere aurkezten ditut, Gerra Zibilarekin harreman zuzena dutelako. Horrez gain, herriko frankistek bultzatu zuten errepresio basatia ulertzeko gogoeta bat ere aurkezten dut. Azken kapituluan, seigarrenean, ondorio orokor batzuk agertzen ditut.

Amaitzeko, erabilitako bibliografia eta web orriak, begiratutako hemerotekak, arakatutako artxiboak eta informatzaileen izenak aurkezten ditut.

Lana osatzeko, gerrako protagonisten biografiak aurkezten ditut eranskinetan. Memoria historikoaren izenean, garrantzitsua iruditu zait, era batera edo bestera, gerran parte hartu, sufritu edota biktima izan ziren guztien berri ematea. Lehenengo eranskinean, frontea gure herriko lurretan geldirik egon zen zazpi hiletan, errepublikarrengandik ihes egin zutenen zerrenda aurkezten dut. Bigarrenean, errepublikarrek espetxean sartu zituzten markinarrak eta xemeindarrak agertzen ditut. Hirugarrenean, Francoren tropak sartu aurretik ihes egin zutenen zerrenda. Laugarrenean, espetxean edo kontzentrazio esparruetan sartu zituzten ezkertiarrak, abertzaleak eta errepublikazaleak. Bosgarren eranskinean, kartzelan edo kontzentrazio esparruetan gaixorik hil ziren herritarrak. Seigarrenean, Francoren aldeko tropek fusilatutako markinarrak, xemeindarrak eta inguruko herrietakoak. Zazpigarren eranskinean, errepublikarrek fusilatutakoak aurkezten ditut. Zortzigarrenean, frankistek hil zituzten zibilak. Bederatzigarren eranskinean, ilea moztu zieten emakumeak. Hamargarrenean, frontean hildakoak. Azkenengoan, hamaikagarrenean, Gerra Zibilean borrokatu zuten markinarrak eta xemeindarrak aurkezten ditut.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia