Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Etnolinguistika: Izen berria, eduki zaharra

José Mª ETXEBARRIA

Izen hau XX mendekoa da. Malinowskik lehenengo aldiz idatzi zuen “Ethnolinguistic theory” Kiriwinako hizkuntzari buruz prestatutako lan baten, 1920an. Gero izen hori erdi galduta egon zen. Baina EEBBtako hizkuntzalari batzuk hango indiarren hizkuntzak aztertu eta jasotzen ari zirenak 1950. urte inguruan izen hori erabiltzen hasi ziren. Eta hortik aurrera zabaldu zen. Europara ere iritsi zen pixka bat beranduago, 1970 inguruan. Izen hau ez dago gaizki, grekozko “eznos” eta linguistika elkartzen dituelako. Hau da, herri bat eta bere hizkuntza, herri horren kulturari elkartuta eta kultura horren barruan. Ikuspuntu berri bat hartu, eta hizkuntza bere “Sitz im Leben” delakoan aztertu nahi da, hiztunarekin eta bere ingurugiroarekin elkartuta. Hizkuntzaren fonetika, lexiko, morfosintaxiaren barrutik esparru zabalago batera dijoa begirada. Orduan gaia konplexuagoa da, helburuak zabalagoak dira eta bitarteko berezi samarrak behar dira helburuak lortzeko. Coseriuk eman zuen definizio bat nahiko egokia: “La etnolingüística (como disciplina lingüística, no etnológica o etnográfica), se dedica al estudio de la variedad y variación del lenguaje en relación con la civilización y la cultura”. (Coseriu, Anuario de Letras, 1981, p.10) “La relación entre lenguaje y cultura se puede entender en tres sentidos diferentes: (a) El lenguaje mismo es una forma primaria y fundamental de la cultura. (b) El lenguaje refleja la cultura no lingüística: manifiesta los “saberes”, las ideas y creencias acerca de lo conocido. (c) No se habla sólo con el lenguaje como tal, con la “competencia lingüística” sino también con la “competencia etnolingüística”, es decir con los saberes y las ideas y creencias acerca de las “cosas”, y estos saberes, ideas y creencias influyen en la expresión lingüística y la determinan en alguna medida.” (Coseriu, p. 17)

Foto: CC BY - Renato Ganoza

SIL erakundeak Afrikan eta Asian ere lanak egin ditu eta hizkuntza askori alfabetoa egokitu, eta testuak eskolarako prestatu dizkie.
Argazkia: CC BY - Renato Ganoza

Izen horren edukia ezaguna zen orokorki begiratuta aurreko mendeetan. Landuchio Gasteizera etorri zenean 1560-61an hizkuntza berezi bat entzun zuen. Berak ez zuen ezagutzen hizkuntza hori, baino bi edo hiru lagun bilatu eta gaztelerazko hitz zerrenda luze bat eman zien, hizkuntza horretako ordainak jasotzeko. Biltzeko orduko tresnak, luma, tinta eta papera ziren eta horiekin bildu zuen “Dictionarium linguae cantabricae” delakoa eta 1958. urtea arte argia ikusteko itxaroten egon zena. Amerikaren aurkikuntzarekin ikuspegia zabaldu egin zen. Hizkuntza berriak entzuten zituzten erregearen funtzionarioek eta misiolariek. Eta misiolari batzuk hizkuntzak ikasi eta gramatikak eta hiztegiak egiten hasi ziren. Berdin gertatu zen Afrikan, Asian eta geroago Ozeanian. Horietan ere funtzionariren bat edo bestek, eta misiolari batzuk hizkuntza berri horiek ikasi eta gramatikak eta hiztegiak egiteari ekin zioten. Herri desberdin batzuk aurkitu zituzten eta hizkuntza eta kultura desberdinak. Horiek denak orduko garaiko baliabideekin etnolinguistika egiten ari ziren. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen han, hor edo hemen. Baina XIX gizaldian Europan aurrerapauso bat ematen dute konparalariek. Lege fonetikoak deitzen dituztenak bilatu dituzte hizkuntza indoeuropearrean garapenean, eta hemengo hizkerak aztertzen hasten dira. Erromantzismoak ere badu eragina, aurreko gizarteari balioa emanez eta horiek zirela herrialde bakoitzeko pertsona eta hizkera jatorrenak onartuz. Eta norbere herriaren ezaugarri nagusi bezala hizkuntza ikusten dute. Hizkuntzaren lehenagoko formak bilatu nahi dituzte batez ere hizkuntza txikietan. Eta lehenagoko formen iturri bakarra herri txikietan eta baserrietan mintzatzen den hizkera da. Aurreko bi sustraien ondoan badago beste bat ere: abertzaletasuna. Bakoitzak bere nortasuna du eta nortasun hori agerian jarri nahi dute. Finlandia esaterako Suediako kulturaren eta Errusiako indar politikoaren artean dago XIX gizaldian, eta egoera horretan G.M. Armfelt konteak bere ideia nagusia iragartzen du: Finlandiak bere nortasun politikoa edo bere herri izatearen muina bilatu behar du. Horrekin batera A.I. Aewidsson, Turku unibertsitateko irakasleak iragartzen du finlandiarrek euren nortasunaren iturritzat alperrik galtzen dagoen finlandiar hizkuntza eta folklorea hartu behar dituztela. Eta garai berdinean J.V. Snellman politikariak nazio nortasuna eta hizkuntza elkartuta doazelako mezua zabaltzen du. Baina honelako jokabideak ez dira berez sortzen. Z. Topelius medikuak herri abesti batzuk bildu eta argitaratu zituen. Mediku honen adibideak bultzatuta, E. Lönnrot herritarren ipuin, abesti eta poesiak biltzen hasi zen, eta 1831n Kantele izenburuarekin liburu bat atera zuen. Urte horretan bertan “Finlandiar literaturaren Batzordea” sortzen dute finlandiar batzuk. Eta mediku honek bere lanarekin jarraitzen du finlandiera erabiltzen duten herri eta auzoetan biltzen Kareliaraino joanda. Lan horren emaitza 22.800 bertso bilduma izan zen Kalevala izenburua duena. Garai berdinean M. Castrén irakasleak herri hizkeraren bilketari ekin dio. Laponiara bidaia bat antolatu zuen eta Lönnrot komitatu 1841an. Gero 1843an samoiedoera eta zirian hizkerak aztertzera joan zen Ipar Errusia eta Asiara. Egunean 14 ordu lan eginda eta horrelako egoeran gaixotu eta itzuli zen etxera. Sendatu zenean, berriz itzuli zen “samoiedo” herriaren artera eta lau urte eman zituen han. Orduko tresnak bilketarako arkatza, papera eta kriseilu edo kandela bat ziren. Hori etnolinguistika dela argi dago, baina izena geroago etorri zen. Beste adibide bat aipatu nahi dut. Hau Amerikako kontinentekoa da eta txerokiarrek burutu zuten. Batzuetan txerokiarrak aipatzen dituzte hemen eta zerbait jakitea komenigarria da. Txerokiarrak tribu handia eta indartsua ziren irokiar elkartearen barruan. Zibilizaziodun bost tribuen artean zeuden XIX mendearen hasieran. 1821an Sequoiah txerokiar mestizoak alfabeto bat sortu zuen. 84 seinu zituen alfabeto silabikoa asmatu zuen, nahikoa ondo egokitua euren hizkuntzari. Hau analfabetoa zen eta ez zekien ingelesarik. Baina asmakizun hori txerokiarren Kontseilu Nagusiari aurkeztu eta onartu zuten. 1821tik 1861ra bitartean ia 14 milioi orrialde idatzi zituzten alfabeto horrekin. Gero Jackson presidenteak mendebaldera bota zituen, zuriei lurrak emateko. Teneseetik Oklahomara bidean, 116 egunetan eta neguan 4000 hil ziren. Oklahoman berriz nolabaiteko burujabetza lortu zuten eta euren eskolak eraiki eta negozioetan lanari ekin zioten. Zuriek ere euren hizkuntza ikasten hasi ziren eta txerokiar batzuek unibertsitateetara joan ziren. Euren zoritxarrerako, esklabuen aldekoekin joan ziren gerra zibilean, galdu eta horrekin dena galdu zuten. Gaur 20.000 txerokiarrek ezagutzen du bere hizkuntza, baina horietatik milak bakarrik idazten dakite txerokiera (E.Bernárdez, Qué son las lenguas, 123-125. orrial.). Adibide honetan ikusten dugu berriz etnolinguistika lanaren emaitza bat. Oinarriak jarri zituzten hizkuntza horrek iraun zezan. Argi dago bada etnolinguistika deitzen denaren edukia lehenagotik zetorrela. Beraz etnolinguistikak egiten duena hizkuntza desberdinen materialak bildu eta jasota utzi, gero literatur lanetan, hiztegi, gramatika eta bestelako hizkuntza ikerketetan erabilgarriak izango direnak. Eta batez ere hizkuntzari iraupena emateko asmoarekin. XX. mendearen hasieratik ardura haundia dago hizkuntzen iraupenean. UNESCO erakundeak 6.700 hizkuntza kontatu ditu munduan. SIL erakundeak 7.000 inguru. C. Hagège hizkuntzalariak 5.000 jartzen zituen 2000. urtean. Baina honen oharrak arduratzen ditu asko eta asko “¿Saben ustedes que cada año mueren 25 lenguas por término medio? Hoy en el mundo existen 5000 lenguas vivas. En cien años, si nada lo impide, la mitad de esas lenguas habrá muerto. A finales del s. XXI, pues quedarán 2.500. Sin duda serán muchas menos aún, a tenor de la aceleración más que posible, del ritmo de desaparición”. (C. Hagège, No a la muerte de las lenguas, 11)

Foto: CC BY - chad_k

Sequoiah txerokiar mestizoak alfabeto bat sortu zuen. 84 seinu zituen alfabeto silabikoa asmatu zuen, nahikoa ondo egokitua euren hizkuntzari. .
Argazkia: CC BY - chad_k

Egoera desberdina zen Europako eta Amerikako hizkuntzetan. Europako hizkuntzek bazituzten lehenagoko testu idatziak. Bai hizkuntza indoeuropearrak eta indoeuropear aurrekoak ere. Horietan garapena ezagutu eta aztertu zitekeen. Eta horrela sortu ziren azterketa konparatiboak. Baina hizkuntza bera izan zen aztergai, alde batera utzita herrien kultura. Hizkuntzaren bat galdu ere galdu da, esaterako dalmaziera. Azken hiztuna 1898an hil zen, bide bat eraikitzeko jarri zuten mina bat lehertu eta harrapatu zuenean. Beste hizkuntza txiki batzuk noiz arte iraungo duten ikusi behar. Eta horien artean euskara ere jarri daiteke. Hizkuntza baten iraupenak baldintza sendo batzuk behar ditu. Ipar eta Hego Amerikan berriz jatorrizko hizkuntzak zeuden, gehienak inolako idatzi zaharragorik gabe eta ahoz erabiltzen zirenak. Banakaren batek bakarrik zuen alfabeto bat idazteko. Gehienak XX mendean lortu dute alfabeto bat ikerlarien bitartez. Orduan lortu dena hizkuntzaren egitura sinkronikoa izan da eta deskribapen bat. Eta hori lortzeko ahozko testu luze eta desberdinak jasotzen zituzten eta dituzte. Baina horrelako oinarrizko materialak lortzeko ikerlariak indiarren lurraldera joan eta han denboraldi batez bizi behar zuen. Eta horrelako lanarekin sortu zen hizkuntza desberdinen kopuru harrigarria eta iraupena izan zezaten ardura. Egia esateko gaur ez dakigu ziur zenbat hizkuntza dauden. Lehentxeago aipatu ditut zenbakiak. Horietatik %96, munduko biztanleen %4ak erabiltzen ditu bakarrik. Eta hizkuntza txiki horien artean, gehienek alfabetoa XX. mendean lortu dute. Beraz, norbaiten definizioa hartuta, basa-hizkuntzak dira (lenguas rústicas). Egoera hau ezagututa, hizkuntza horien iraupena bermatzeko ahaleginak egiten ari dira, bai UNESCO, bai nazio batzuk eta baita, erakunde batzuk ere. Zer egin da Europan? XX. mendean hizkuntza bakoitzarengana hurbilketa sakonagoa eta zehatzagoa bilatu da. 1910. urte inguruan Schuchardt-ek alde batetik, Meringer eta Baist-ek bestetik “Hitzak eta gauzak” metodoa asmatu zuten. “Wörter und Sachen” izena eman zioten alemanieraren esparrukoak zirelako, eta helburua zen gauza ezagutzea bere ingurugiroan eta horien izenekin batera, tresna edo gauza bakoitzak zuen funtzioa jaso nahi zuten. Eta era berean gauza ez materialen bilketa, sineskera, ipuin kontakizun, herri abesti eta poesia, eta herriaren oroimenak gorde dituen eduki desberdinak. Horretarako batzuk diskoak erabili zituzten grabatzeko, eta argazki makinak, eta irudiak ere margotzen zituzten. Eta bildu ere bildu zituzten hainbat tresna gero museoetan erakusteko. Orduan hitz bakoitzean jasotzen ziren datuak askoz aberatsagoak ziren. Aurreko gizaldiko arkatz eta paperetik aurrerapauso bat bazegoen. Gero 1946 inguruan magnetofoiak atera zituzten. Tresna honekin grabaketak askoz erosoago bihurtu ziren eta argazki makinak lortzea ere errazagoa zen. Filmaketak ere sartu ziren bilketa metodoan eta bilketak helburuaren arabera antolatzen ziren. Metodologia, orokorrean zehatzagoa eta zabalagoa zen. Eta tresna hauek beste kontinenteetako hizkuntzak jaso eta aztertzeko, esparru horietara ere zabaldu ziren. XX. mendean hizkuntza txikienganako interesa sortu zen. EEBBtan aurretik zetorren jokaerari F. Boasek indarra eman zion. Alemanian jaio eta judutarra zen hau, ikasketak bertan eginda, USAra joan zen etorkin bezala. Fisika eta geografia ikasketak egin zituen eta hara joanda, ibaien izenak jasotzen hasi zen. Lan horretan arriskua atera zitzaion bidera, eta inuit indiar batzuk lagunduta onik atera zen. Orduan indiarren hizkuntzetarako interesa sortu zitzaion, eta buru belarri ekintza horretan sartu zen. Indiar hizkuntza desberdinen etnotestuak bildu ondoren, eta hizkuntza batzuk aztertuta, Columbia unibertsitatean irakasle hartu zuten eta bere ikasle aldra eder bat sartu zuen indiarren hizkuntzak jaso, ikasi eta aztertzen. Izen batzuk aipatzeko, E. Sapir, A. L. Krieber, R. Mary Haas, M. Swadesh, L. Bloomfield eta beste asko. Bolada hau Ert-eta Hego Amerikara ere zabaldu zen, hango ikasle batzuk ere etortzen zirelako EEBBtara. Eta horrela hizkuntza txikien aldeko interesa piztu zen XX. mendean lurralde horietan. Gainera gobernutik kanpoko erakunde bat ere sortu zuen 1934an W. Cameron Townsend amerikarrak. SIL edo “Summer Institute of Linguistics” (Instituto Lingüístico de Vernano edo ILV) izena jarri zion. Euskaraz “Hizkuntzen Udako Institutua” deitu genezake. Protestanteen adar bat zen eta bere helburua hizkuntza txikiak ezagutu eta horietara Biblia itzultzera zen. Baira tartean CIAko kide batzuk ikasle sartu eta izpi lana egin zuten babes horrekin. Bestalde Rockefeller familiak baditu pretolio enpresak eta filantropia erakundeak. Eta hauek ordaintzen omen dute SIL erakundearen lanaren zati bat, petrolioa bilatzen lagundu eta indiarrei iruzurrez lurrak kentzen dizkielako. Horregatik bidali zuten 1980an Ekuador, Brasil, Mexiko eta Panamatik. Eta Kolonbian eta Perun egoitza mugatuta dute. Nazio horietan bertako unibertsitateak antzeko erakundeak sortu dituzte hizkuntza txikiak aztertzeko. SIL horrek Afrikan eta Asian ere lanak egin ditu eta hizkuntza askori alfabetoa egokitu, eta testuak eskolarako prestatu dizkie, indiarrek beraien hizkuntza ikas dezaten. Tartean akats horiek izan baditu ere, lan bikaina egin du hizkuntza txikiak ikasi eta jasotzen, eta bibliografía itzela argitaratu du. Itzulpengintzan ere metodo berri bat bultzatu dute adieraziari begiratzen diona, eta ez hainbeste hitzez hitzezko itzulpenari. Aurten hil da E. Nida, erakunde honetako kide eta metodo horren bultzatzaile nagusietako bat. Misiolariak, bai protestante eta bai katolikoak izan dira hainbat hizkuntza txikiren gramatikak eta hiztegiak osatu dituztenak. Esaterako sanskriteraren lehen gramatika austriar misiolari batek idatzi zuen 1790an. Philipp Weszdin edo praile izenez, Paulinus a Sto. Bartholomaeo zenak. Gero 1804an beste gramatika zehatzago bat atera zuen. Eta Kolonbiako katío hizkuntzaren lehen gramatika Korellako misiolari batek idatzi zuen 1936an, Anfel Atienza edo Pablo del Ssmo Sacramento izenekoak. A. Tovar hizkuntzalariak bere emazte Consuelo Larrucearekin idatzi zuen lan bikaina begiratzea baino ez dago: Catálogo de lenguas de América del Sur. Beste erakunde protestante bat ere badago Bibliaren itzulpenak burutzeko asmoarekin lan egiten duena: “British and Foreign Bible Society”. Galesen sortu zuten 1804an, neska batek 20 milako ibilaldia egin behar izan zuelako Biblia baten bila. Oraindino aurten beste 4.500 hizkuntzatara Biblia itzultzeko egitasmoarekin lanean dabiltza.

Dena den Etnolinguistikako ikerlariek badute arrisku handi bat. Aginte politiko kolonizatzaileek erabili nahi izaten dituzte euren helburuetarako. Oraindino 2007an EEBBetako antropologoek arazo hori eztabaidatu dute, eta agiri sendo bat atera zuten gobernuaren eskaintza batzuk etnologoen kode deontologikoa arrisku larrian jartzen zutela azpimarratuz.

Etnolinguistikak badu esparru zabal eta hizkuntza indartsuenetan, hobeto ezagutzeko hizkuntza bakoitzaren inguruan sortu den kultura. S. Pop-en La dialectologie liburuan bilduta daude ikerketa asko. Eta G. R. Cardonak egin zuen lan honetan badago bibliografia zabal bat. Introduzione all’etnolinguistica, Bologna, 1980, 2. edi. Gero badago SIL erakundearen bibliografia. Hizkuntza txikietan guztiz beharrezkoa da metodo hau, hizkuntza horien iraupena bermatu nahi baldin bada.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia