Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Koldo ORDOZGOITI JUANENEA
2012ko martxoaren 2an laurogei urte bete dira Joseba Zubimendik eta Ander Arzelusek bultzatuta aireratu zenetik lehen Euskal Irratsaioa. Hor dugu euskal irratiaren mugarria, egun horretan sortu zen euskarazko irratia, ez zen izan lehen aldia euskara uhinetatik hedatzen zela, baina irratsaio horrekin eman zitzaion hasiera euskarazko irratigintzaren bide oparoari.
Euskal Irratsaioa aireratzen hasi eta hilabetean, Saratik Garmendia jaunak ongi etorria egin zien emanaldiei, “airetan dabiltzan egun mila deabru erderetan, sartu da azkenian euskara. Noiz izango dugu egun guziz?” Urtek behar izan ziren helburua betetzeko, baina jada euskal irratiaren alorra jorratzen hasia zen, euskara irran ereiten, zeren Narbariztarrak idatzi zuen moduan: “nekazariak azia irran ereiten dun bezala, irratizkinak ere itza irran alde guzietara zabaltzen bai du.”
Beste berrikuntza batzuk ez bezala, irratia garaian iritsi zen gurera, Euskal Herrira eta beste hizkuntzen denbora bertsuan hartu zuen euskarak uhinen bidea. “Irratia dela ta dabil gure euskera kuttuna, arranoa baiño erosoago, arranoa baiño kementsuago egaz dabilkigu”, idatzi zuen Ander Arzelus Luzearrek 1925an, egindako lehen emanaldien harira.
Joseba Zubimendik euskal irratsaioa eratu eta zuzentzeaz gainera, lehen saiotik hasita irratsaioen prentsa jarraipena egin zuen eta irratsaioaren kontabilitatea eraman zuen.
Irratiaren garrantziaz hasieratik jabetuak ziren garaiko euskaltzaleak, baina bakarrik 1932ko martxoaren 2an gauzatu ahal izan zuten aukera hori asteroko euskarazko programazioari hasiera emanez Union Radio Donostian, garaian Euskal Herrian zen irrati bakarrean. Asteazkeneroko irratsaioa ordubetekoa zen eta astero egin zuten, etenik gabe, are eta Errepublikako gobernuak 1934ko urrian debekatu zuen arte. Egin zituzten 137 emanaldi horietan dugu euskarazko irratiaren sorrera.
Errepublikako eskumaren gobernuak agindutako etenak ez zuen euskal saioen amaia ekarri. Zubimendi, Luzear eta enparauek, jada ez Eusko Gaztediaren izenean, bere kasa baizik, irratian segitu zuten eta 1935ko hondarrean Donostiako Euskal Pizkundea elkartearen txapelpean irratsaioen berpiztea lortu zuten. Lehentxeago, Joseba Zubimendik 1935ko Donostiako arraun estropadak zuzenean eman zituen, euskaraz, kirol eta ikuskizun horren lehen irrati emanaldian, eta 1936ko ekainean Ander Arzelus Luzearrek prestatutako metodoan oinarrituta irrati bitarteko euskara ikasteko eskolak emititzen hasi ziren. Uztailaren 18an piztu zen gerrak eta Euskadi matxinatu frankisten esku geratzeak, erbestera bidali zuen aitzindari haiek abian jarri zuten euskarazko irratigintza, baina katea ez zen inoiz eten.
Joseba Zubimendik zuzentzen zuen Luzearren laguntzarekin Donostiako Union Radio bitartez hedatzen zen irratsaioa eta bertan hasi zen bere aitarekin batera speaker eta aktore moduan Amale Arzelus, euskal irratiko lehen emakume esatari eta aktorea. Amalek zortzi urte egin berriak zituen 1932ko martxoaren 16an irratian hasi zenean; bere aitak, Ander Arzelus Luzearrek idatzitako bakarrizketak eta elkarrizketak gauzatzen zituen mikrofonoaren aurrean, arrakasta handiarekin, irratiko izarra izatearaino. Donostiako Eusko Gaztedik eman zion babesa irratsaioari, Gipuzkoako Aldundiak finantziazioa, Angel Lizarragak jendea eta behar zen guztia bilatzen zuen, Txomin Olanok eta Bruno Imazek zuzeneko musika jartzen zuten, pianoa joz.
Euskal irratsaioak arrakasta lortu zuen garaiko entzuleen artean, horren lekukoa dugu Estepan Urkiaga Lauaxetak irratsaioaren lehen urteurrenean idatzitakoa: “Artzeluztar Amaletxu edonork darau bere abotsa entzun dogulako ez bein, sarritan baino. Zubimendi azkarra, Luzear eta abar geure adiskide egin dira. Eta zelan gero? Irratijaren bidez! Olakorik entzuteko bere!”.
Euskaltzaleen laguntzarekin gauzatu zen beti zuzenean egin behar zen irratsaioa. Garaian, hitza, abestia eta musika dena zuzen zuzenean gauzatu behar zen irratiaren mikrofono aurrean. Eta mikrofonotik mintzatzen, gaur egunean sinestezina litzatekeen harrigarrizko lagun taldea: Zubimendi eta Arzelus, ‘Luzear’, Joxe Ariztimuno ‘Aitzol’. Xabier Lizardi, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Hemandorena, Toribio Alzaga, Beorlegi, Basarri, Elbira Zipitria, Dunixi, Tomas Garbizu, Aita Donostia, Aita Migel Altzo, Jean Lafitte, Oxobi... saioko izarra izan zen Amale Arzelus, honen ama Amale Arrieta, eta hauekin batera emakume ugari, hizlari, abeslari, errezitatzaile, andereño mugimendu sortu berrikoak...
Eta hori gutxi balitz, punta puntako abesbatzak (bereziki aipatzekoa Gabirel Olaizolak zuzentzen zuen Eusko Abesbatza), txistulariak (Errenteriako txistulariak eta Isidro Ansorenaren taldea, bi aipatze arren), akordeoi eta trikitixa joleak, musika talde eta bakarlariak (Nicanor Zabaleta, harpajolea esaterako), bertsolariak (Basarri irratsaioen laguntzaile ohikoa izan zen, baina mikroetatik pasa ziren bertsolari zahar eta gazteak, Matxin Irabola edo eta Arizmendi-Atarrene edo Joxe Mari Lopetegi hiru aipatze arren) bandak, musikariak eta musika joleak, eta Ramon Laborda apaizaren Poxpolina ume mugimenduaren babesa eta laguntza izan zuen irratsaioak.
Euskal irratsaioak arrakasta lortu zuen garaiko entzuleen artean.
Argazkia: CC BY - Terence S. Jones
Txistua eta eskusoinua ohikoak izan ziren irratsaioan eta hauen presentzia nabarmena da saioen ondoren egin ziren argazkietan. Irratsaioen “talde argazkiak” egitea Zubimendik eta Luzearrek sartu zuten berritasuna izan zen, bitxia bada ere hauek dira Euskal Herrian denbora horretan egin zen irratiaren argazki lekuko bakanetakoak, bakarrak ez esate arren. Zubimendiren funtsean gordeak dira argazkiak, horietako batean txalapartaren lehen irrati emanaldiaren lekukotasuna jasoa da, Lasarteko taldeak 1934ko martxoaren 14an egin zuen irratsaioari dagokio eta bertan berritasun moduan, txalaparta emanaldia eskaini zuten: “Numero encantador y novedad deliciosa fue la “Txalaparta”. Los hermanos Zuaznabar del caserío Sasueta fueron los ejecutantes. Con suma destreza y gran habilidad interpretaron con sus “makillas” una bella canción, haciéndose acreedores por su brillante ejecución de grandes muestras de simpatía somo igualmente el gran irrintzilari Fernando Macazaga”. Kronikatik aparte, irrati estudioan jasotako argazkian, han atzean ikusi daiteke txalapartaren oholetako bat. Gisa horretako harribitxiz betea da, euskal irratiaren hastapenen benetako altxor kutxa den Joseba Zubimendiren funtsa.
Joseba Zubimendik euskal irratsaioa eratu eta zuzentzeaz gainera, lehen saiotik hasita irratsaioen prentsa jarraipena egin zuen eta irratsaioaren kontabilitatea eraman zuen. Irratsaioen gainean argitaratutako albisteak jaso zituen, ez daude guztiak baina bai asko, eta izandako hartu emanen lekukotasuna gorde zuen, eskutitzak, fakturak eta oro har irratsaio haien inguruko fondo dokumentala bildu eta antolatu zuen.
Zailtasun guztien gainetik, eta ez ziren txikiak izan herri honen eta bereziki Joseba Zubimendiren bizitzan gora beherak 1936ko uztailaren 18an gerra piztu zenetik aurrera, euskal irratiaren historiarako altxorraren kutxaren pareko den funts dokumental hori salbatzea lortu zuten Zubimendik eta bere familiak eta nola edo hala Josebak berarekin zuen Kanbon hil zenean, 1939an. Maria Darras, alargunak gorde zuen ondoren eta bigarren mundu gerra hasita, familia Donostiara itzuli aurretik senarra zenaren paperak egoki antolatu eta Belokeko Monasterioko artxiboan utzi zituen. Urteak eta gerrak pasata, beneditarrek Zubimendiren idazlanen funtsa familiari bueltatu zioten eta Maria Darras alargunak eta Iñaki, Mikel eta Xabier semeek jaso zuten.
2010. urtean, ama jada hil da, Iñaki seme nagusiak bere aita zenaren dokumentu bilduma Gipuzkoako Foru Aldundiari laga zion zaintza eta zabalpenerako. Benetako altxorra, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak Iñaki Zubimendiri harrera gutunean adierazi zion moduan: “gure iritziz, funts horrek garrantzi eta interes handia dauka 1936. urtearen aurreko euskal kulturaren berpizkundearen lekuko gisa, euskarazko kazetaritzaren garapenaren adierazle eta egilearen giza kalitatearen isla delako”.
Argazki hau, irratsaioetatik egun ezagutzen diren 14 argazkietako bat da. Katalogatu gabe geratu den bakarra. Ezagutzen al duzu argazki honetan azaltzen diren lagun horiek? Horrela balitz, eskertuko genizuke esatea: info@irratia.eu
Funts horretan oinarrituta eta garaiko prentsan sakon arakatuz lortu dugu, irratsaioaren historia berregitea. Lerro hauetan eta Koldo Mitxelena Kulturunean burutu ditugun jardunaldietan eman dugu orain arte lortu dugunaren lekukotasuna. Aitortu behar dizuet asko dagoela oraindik aztertzeko, eta egin dugun lanean badaudela oraindik hutsuneak.
Horietako batekin bukatuko ditut lerro hauek. Artikulu honekin doan argazkia, irratsaioetatik egun ezagutzen diren 14 argazkietako bat da. Katalogatu gabe geratu zaigun bakarra. Zeintzuk dira, nongoak dira argazkian azaltzen diren gizon emakume horiek? Ezagutzen al duzu argazki honetan azaltzen diren lagun horiek? Horrela balitz, eskertuko genizuke esatea. Zuk ere euskal irratigintzaren historia honetan lerro berri bat idatz bai dezakezu.
Idatzi helbide honetara: info@irratia.eu
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus