Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Herrietako historia txikian badira pertsonaiak aldi batean gorengo erpinean egon ondoren erabateko ahanzturara pasatu direnak, mundu honetatik desagertu eta hurrengo belaunaldirako. Gehienetan hori normaltzat har badezakegu ere, beste batzuetan ez da hain samurra horrenbeste ahazte-ahalmena ulertzea, batez ere pertsona horiek nolabaiteko hondarra uzten ahalegindu direnean, bizi izan diren gizartearen onurako.
Arrasateko kasuan bada gizakume bat, aspalditik arreta irabazi zidana, baina tamalez orain gutxi arte irudi zirriborrotsu bat besterik ez neukan haren gain. Ezin dut esan orain dena dakidana, ezta urrik ere, baina behintzat tiroa zentratzen joan ahal izan naiz eta lerro hauek pertsona horren oroitzapenerako idatzi nahi ditut, ezagutza orokorraren aldera. Migel Madinabeitia Aristegi dugu, arrasatear historian —eta ausartuko nintzateke baieztatzera— baita gure mugetatik kanpo ere- bere izena garaiko kultura egileen artean ipini zuena.
Migel Madinabeitia historia zaletzat hartu beharko genuke. Ez naiz ni “historialari”ren titulua edozeini ematearen aldekoa —nigandik ere uxatu dut titulazio hori— eta Madinabeitia kronista eta dibulgatzaile bezala sailkatu beharko litzatekeelakoan nago. Horrek ez dio, inondik ere, meriturik kentzen bere lanari. Izan ere, Madinabeitia goi formakuntzako pertsona zen, historia gaietarako joera nabarmenarekin. Non ikasi zuen jakin ez dudan arren, batxilergoa Gasteizen egingo zuelakoan nago, gero berak zenbait seme-alaba ere arabar hiriburura bidali baitzituen.
Aitaren aldeko hurbileko sustraiak Aramaion zituen Migelek, aita Biktor han jaio baitzen, 1799an. Aitaren bataio erroldan Madina Murua abizenak agertzen dira; eta aurreko belaunaldietan ere sendi buru guztiak Madina soilik ziren. Baina Victor ezkontzera Arrasatera aldatu zenean, herriko ezkontza agirian “Madinaveytia” azaltzen da, 1828an. Zergatik aldaketa hori? Gauza da, ordudanik eta gaur egunera arte Arrasaten diren iturburuko Madina haien ondorengoak Madinabeitia izan zirela.
Victor merkataria zen, Arrasateko sarrailgintzako sektorean aditua, hain zuzen. Ezagutzen ditudan datu batzuen arabera —konkretuki, Victorren merkatal liburuak— 1829rako bazebilen Victor negozioan eta horretan segitu zuen bere heriotzara arte. Arrasaten sei ola ziren garai hartan eta Victorrek horietako ekoizpena komertzializatu egiten zuen, bezeroak Espainia osoan zituelarik. Gurasoak hiltzean Migel semeak hartu zuen bere gain negozioren ardura 1866an, udal betebeharretatik kanpo eramaten zuena.
Migel Madinabeitia Arrasaten jaio zen irailaren 29an.
Victor Madinabeitia eta Maria Antonia Aristegi 1828an ezkondu ziren eta, Migel lehen kidea izan zen, beste bost seme-alaba ere izan zituen sendian: Petronila, Bernardo, Jose Damaso, Ana María eta Petra. Arrasateko bataio-erroldan Migel 1828an jaio zela jartzen du, baina beste datuen arabera gauza ez dago garbi. Hori bai, irailaren 29 batean izan zen, hain justu San Migel egunean. Hil 1902an egin zen, urrian. Heriotzaren berri ematean “Euskal Erria” aldizkarian Antonio Arzak euskaltzaleak zioen: “a la edad de 75 años” Datu okerra da, bistan da. Gehienez jota, bat gutxiago izango zituen baina geroago ikusiko dugun xehetasun batengatik badirudi horretara ere ez zela iristen.
Migel Madinabeitia Paula Altuberekin ezkondu zen Arrasateko San Juan Bataiatzailean, 1858ko martxoaren 24an. Paula hori Sebero Altuberen izeba genuen. Ez hori bakarrik: Seberoren aita-ama pontekoak izan ziren Migel eta Paula, eta jaio berriari Sebero Migel izenak jarri zitzaizkion.
Bikoteak zortzi seme-alaba izan zituen: Gumersinda, Migel Pablo, Gaspar Melchor Baltasar, Escolástica Guillerma, Juana Victoria, Josefa Felixa, Nazario Domingo eta Cruz Lorenzo. Datu bitxi bat ematen da Arrasateko heriotzen-erroldan, izan ere Francisca Madinabeitia Altube bat (1863) agertzen da baina ez da bataioen artean azaltzen. Izen horien artean, Cruz semeak ere udal goi kargu bat izan zuen arrasatear Udaletxean, 1904-51 tartean, eta bere eskuz idatzitako apunte batzuk oso interesgarriak izan zaizkit Madinabeitiaren inguruko mugaketa egiteko.
Migel Madinabeitiak “Vergarajaúregui, Resusta y Cia”n egin zuen lan, empresaren sorreratik 1856an —hasieran “Almacenes de Cerrajeria” izenarekin. Jose Maria Resusta, enpresaren kapitain eta alma mater, Migelen arreba Petronilarekin zegoen ezkonduta. Lantegian aritzeaz gain, akzioduna ere zen Migel. Baina enpresaren ibilbide ekonomiko txarra zela-eta, lantegia uztera eraman zuen, gainera ez oso harreman onean bere koinatuarekin. Bere akzioak saldu egin behar izan zituen, modu ezegokian, itxura denez. Migelen semerik gazteenak —Cruz— urte batzuk geroago idatziko zuen:
A Don Miguel Madinabeitia Aristegui le llamaban más los libros de los antepasados que la confección de facturas comerciales y asientos contables; y tal vez por esto y a pesar de los pesares, jamás ninguno de sus hijos pudimos enfundar los clásicos manguitos de los chupatintas en aquella importante empresa.1
Eta sarrailgintzako enpresan jasandako porrot haren ondoren, Migel Madinabeitiaren ibilbide profesionala berraurkitzen dugu Arrasateko Udaletxean, bertako idazkaria izan baitzen. Hala ere, izan zen tarte labur bat Madinabeitiak kargua utzi behar izan zuela, Arrasate bigarren karlistadan Antonio Lizarraga jeneral karlistaren eskuetara igaro zenean. Hori 1873ko abuztuaren 7an gertatu zen eta Madinabeitia preso eraman zuten Bergarako kartzelara. Mehatxatu egin zuten sarritan, bizitza kenduko ziotela adieraziz baina, azkenik, eibartar batzuen laguntzaz hango hiriko idazkaritzarako eraman zuten eta karguan hamaika hilabetez iraun zuen. Eibartik ostera bere jaioterriko udal kargura itzuli zen Madinabeitia.
Gorago esan dudan bezala, Migel Madinabeitia 1902ko urrian hil zen, hogeita hamalau urte luzez udal idazkari bezala ihardun ondoren, batez ere Arrasaten. Hain zuzen, 1865eko martxoaren 29an ekin zion betebehar horri “Halagándome más las telarañas del archivo que el libro del “Debe” y “Haber” de un establecimiento fabril” Udaletxea 1899ko ekainaren amaieran utzi zuen. Aurreko esaera hori Donostiako “La Voz de Guipuzcoa”n idatzi zuen Madinabeitiak, 1899an utzailean. Idazkari lanetan hamazazpi alkate ezagutu zituen Arrasaten, eta Gipuzkoako Biltzar Nagusietan idazkari bezala hiru aldiz aritu zen, Bergara, Mutriku eta Tolosan. Bestalde, Donostia eta Irungo idazkariekin batera, 1883an Madrilen izandako espainiar Idazkarien Bilkuran aritu zen, gipuzkoar idazkarien ordezkari gisa.
Migel Madinabeitiaren lanik zaharrena 1863koa dela esan nezake, ditudan erreferentzien arabera. “Irurac bat” egunkarian argitaratu zuen.
Denbora tarte horrek bere zaletasun minari aukera emateko bide guztiak aprobetxatu zituen. Udaletxeko bigarren solairuan eta Iturriotz kalera ematen zuen aldean zeukan etxebizitza udal idazkariak eta beraz ez zuen eraikinetik atera behar, ordu guzti libre gehienak eramaten zizkioten paper zaharren artean aritzeko. “Arrasateko Liburutegiko Sagu”tzat zeukan bere burua —izen horrekin sinatu zituen bere artikulu batzuk— eta pazientzia handiz legajo eta paper zahar guztiak arakatu zituen.
Arrasateko historiaren daturik garrantzitsuenak finkatzen aritu zen eta 1863an “Apuntes históricos de la villa de Mondragón” deritzan idazkia prestatu zuen, hirurogeita hamalau orrirekin. Idazki hori zenbait arrasatear historialarik erabili dute gero euren lanak idazteko. Hala, Jose Mari Urangak maiz aipatzen du Madinabeitia bere oharretan eta gauza bera egiten dute Joxe Letona eta Juan Leibarrek “Mondragón” beren liburuan. Jakin badakigu ere, Jose Luis Iñarra erretore izandakoak eskuizkribuaren zenbait zehazkizun mekanografiatu zituela eta Justo Jauregi-Arraburuk bere “Anteiglesia de Garagarza” (1949) izkribuan horren aipamena egiten du, bibliografia gisa.
Baina Madinabeitia ezertan nabarmendu bazen, hori dibulgazio arloan bilatu behar dugu. Bere ekarpena honako agerkari hauetan utzi zuen, orain arte aurkitutako erreferentziengatik: Noticiero Bilbaino, La Voz de Guipuzcoa, Eco de San Sebastián, Hoja Literaria, El pensamiento español eta Euskal Errian. Eta bere izenaz gain, izenordeak ere erabiltzen zituen: “Eme”, “El Corresponsal”, “M. de M”, “Ratón de Biblioteca de Mondragón”.
Bere lanik zaharrena 1863koa dela esan nezake, ditudan erreferentzien arabera. “Irurac bat” egunkarian argitaratu zuen. Bitxia da gaia: Bergara eta Beasaingo San Martinen arteko arazoa. Diodan, alde horretatik, Madinabeitiak askotan erabili zuela gai bera bere idazkietan, eta beti santuaren beasaindartasuna aldarrikatzeko. Aipatu egunkarian 1863ko maiatzaren 27an argitaratu zioten artikulutik kopiatzen dut:
Residía en Vergara por el mes de junio del año pasado de 1862, cuando a la sazón se agitaba la contienda entre esta villa y la de Beasain, acerca de a cuál de ellas correspondía la maternidad de San Martón de la Ascensión.... Mi idea hube de esplanarla en un manuscrito sin pretensiones de que saliera del reducido circulo de mis conocidos, quienes dando una torcida interpretación a su contenido se ensañaron contra mí. Entonces fue señor director, cuando no reconociendo en nadie el derecho de coartarme el pensamiento publique un breve comunicado en el n? 167 de su apreciado periódico, en el que por conclusión decía que quedaba pendiente de un hilo la colocación mía de entonces en Vergara: este hilo se rompió al paso de las persecuciones de que fui objeto durante seis meses, no de parte del público ilustrado sino de cuatro fanáticos, ...
Ia-ia bere heriotzara arte segitu zuen idazten Madinabeitiak, nahiz eta azken bi urteetan oso ezgaitua zegoen begietako kataratengatik.
Arrasateko historiaren daturik garrantzitsuenak finkatzen aritu zen eta 1863an “Apuntes históricos de la villa de Mondragón” deritzan idazkia prestatu zuen.
Lanerako Madinabeitiaren ahalmenaren gaineko aipu bat ekarri nahi dut hona, hain zuzen La Voz de Guipuzcoa egunkarian, “Artistas Guipuzcoano” titulupean, Migel Madinabeitiari 1891eko azaroaren 19an eskainitako artikulutik kopiatuta:
Quien necesite consultar algún dato histórico de Guipúzcoa acuda a Madinabeitia. Es, valiéndose de una frase de Castelar, un ratón de biblioteca. Escribe poco, es verdad, porque cree que con saber lo que sabe tiene bastante, pero se olvida de cumplir la obra de misericordia de enseñar al que no sabe.
... Vive en Mondragón entregado a los libros de su secretaría y cuando le queda tiempo entrégase a los libros de su biblioteca. Es, ya lo hemos dicho, un gran investigador, un excursionista decidido y un admirador entusiasta de Iparraguirre.
...Como él hay varios escritores a quienes sería patriótico y hasta humanitario hacerles ver que es muy poco hacer el libar la flor y nada más; que es preciso libar, como la abeja, y fabricar cera y miel. Madinabeitia, buen escritor, castizo, elegante y erudito de buena ley, estudia mucho y escribe poco. A la literatura vascongada toca sentirlo.
Migel Madinabeitiak liberaltzat zeukan bere burua. Eta adierazita geratu den bezala, karlistek ez zuten begi onez ikusten. Arazoak ekarri zizkion Migeli bere militantzia, maiz egunkarietan azaldu zirenak. Bere idazkien irakurketa soiletik ondoriozta daitekeenez, esan liteke Madinabeitia nortasun biziko gizona izan zela, disgustuak ekarri zizkiona, bai arlo profesionalean zein literaturan ere.
Bere idazkietako kopururik handiena jaso zuten agerkariak La Voz de Guipuzcoa, errepublikazalea eta Noticiero Bilbaino izan ziren. Bata liberala eta bigarrena Unión Vascongada zeritzanaren aldekoa, hots euskal eta nafar foruen defendatzailea. Honetan, gainera, Madinabeitiak ez zuen normalean bere izenarekin izenpetzen, baizik eta “El corresponsal” bezala. Batez ere, 1892ko hauteskundeen inguruan jasan zituen Madinabeitiak erasorik garratzenak, nekez gorde baitzezakeen oreka hain antagonikoak ziren La Voz de Guipuzcoa eta Noticiero Bilbainoren artean. Aipatu hauteskunde horietan estatu mailan emandako iruzurraren zipriztinak Madinabeitiarenganaino ere heldu ziren. Horrek min egin zion.
Bere heriotzaren ondoren, Euskal Erria aldizkariaren 1903-I sei hilabetekoan honela irakurtzen da:
Amante como pocos de su pueblo, desdeñó por no abandonarlo posiciones más ventajosas, y le consagró por completo su inteligencia y su actividad. En la feliz época foral, le representó en diferentes ocasiones, como caballero procurador, en las Juntas Generales de Guipúzcoa, interviniendo siempre con acierto y competencia en las deliberaciones del congreso guipuzcoano. Investigador incansable, comunicaba generosamente el fruto de sus tareas á cuantos le pudieran utilizar, y así mantuvo correspondencia con D. Nicolás de Soraluce y D. Antonio de Trueba, y con el señor Cánovas del Castillo, el insigne P. Fita y otros hombres igualmente doctos.
Migel Madinabeitiaren gaineko aipamena egin nahi izan dut, pertsonaia interesgarria dela iruditzen baitzait. XIX. mendeko pertsonaia polemikoa izan zen, bere burua publikoaren aurrera atera zuen neurrian. Tokiko historian —batez ere Arrasatekoan— lan polita egin zuela azpimarratu behar da. Geroko belaunaldiek zor morala daukate berarekin, poliki-poliki kitatu beharko litzatekeena.
1 Cruz Madinabeitiaren “Pequeña historia del autor ” (eskuizkribua. 1960 inguru)
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus