Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Hierarkia soziala ez da meritu indibidualean oinarritzen

Harkaitz ZUBIRI

Gure bizitza pertsonala ez da fenomeno indibidual isolatua. Hori baino askoz konplexuagoa da. Era berean, posizio sozial indibiduala ez da arazo indibidual soila. Gutako bakoitzak zer ikasketa egin dituen eta zer enplegu izan dituen aztertzen badugu, adibidez, nekez esan daiteke ibilbide bakoitzaren protagonista nagusia bere pelikularen aktore bakarra dela.

Argazkia: CC BY - Wonderlane

Hezkuntza sisteman norbanako meritokratikoak zentraltasun handia du praktikan; enpleguaren munduan, berriz, lan baldintzen arteko ezberdinkeria legitimatzeko sarri erabili ohi da merituen diskurtsoa.
Argazkia: CC BY - Wonderlane

Askok baietz esaten dute, ozen gainera. Horixe da meritokraziaren diskurtsoa: norberaren posizio soziala soilik meritu indibidualetan oinarritzen dela. Meritokraziaren aldarria garbia da: hierarkia soziala justiziazkoa eta mesedegarria da, zeren, batetik, gaitasuna, ahalegina eta ondo egindako inbertsioa saritzen baitira, eta, bestetik, gizarteek dauzkaten baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzea sustatzen baita, inork alperkerian erortzeko tentaziorik izan ez dezan. Gaur egun ikuspegi hau indar handiz erabiltzen da hainbat eremutan: erreformak erreforma, hezkuntza sisteman norbanako meritokratikoak zentraltasun handia du praktikan; enpleguaren munduan, berriz, lan baldintzen arteko ezberdinkeria legitimatzeko sarri erabili ohi da merituen diskurtsoa; hedabideetan, aldiz, maiz goratzen da self-made man delakoa, meritokraziaren ikono gorena; eta, azken batean, oro har politika neoliberalak meritokrazia bihurtu du bere aldarri behinena.

Baina ikuspegi horren aurrean, meritokrazia auzitan jarri nahi duen ikerketak ez du hainbeste sakondu behar errealitate askoz konplexuago bat aurkitzeko. Norbanakoa funtsezko faktorea da, horretan ez dugu zalantzarik, baina inondik inora ez da protagonista isolatua. Are gehiago, hierarkia soziala legitimatzeko meritu indibidualaren ideia erabiltzea dominazio estrategia garbia dela esango genuke.

Ondorio horretara iritsi ahal izateko, gure ikerketa Donostialdean kokatu dugu. Gaur egun 30 urte inguru dauzkatenen ibilbide akademikoak eta profesionalak aztertu ditugu. Ezin genuen hierarkia soziala oro har analizatu, eta, beraz, gure ikerketa zedarritu egin dugu, leku jakin bat eta adin tarte jakin bat aukeratuz. Elkarrizketa sakona izeneko teknika kualitatiboa erabili dugu. Teknika kuantitatiboek kopurua ikertzen laguntzen duten bitartean, teknika kualitatiboek fenomenoaren sakonera aztertzeko balio dute. Elkarrizketa sakona aproposa da gai pertsonalak edo publikoki adierazteko zailagoak diren gaiak aztertzeko, eta, bidez batez, erakunde sozialen dinamika ikusezinenak analizatzeko. Elkarrizketa mota hau soilik bi pertsonen artean egin daiteke, elkarrizketatzaile eta elkarrizketatu bana, ezinbestekoa baita bien arteko konfiantza giroa sortzea eta mantentzea, helburua elkarrizketatuak bere ikuspegia lasai azaltzea baita, honela gai, esperientzia edo prozesu jakin bat nola ikusten duen edo nola interpretatzen duen sakon azaltzeko aukera handiagoak baitauzka. Elkarrizketatuak aukeratzeko elur bolaren teknika erabili dugu: elkarrizketatu potentzialarentzat konfiantzazkoa den pertsona baten bitartez iristarazten da elkarrizketa proposamena, eta elkarrizketatutako pertsonei laguntza eskatzen zaie elkarrizketatu potentzial gehiago erakar ditzaten. Elkarrizketatuak harreman sozialen bitartez aukeratzen direnez, elur bolaren teknikaren arrisku nabarmenena da ikerketa soilik sektore sozial batzuetara mugatu daitekeela, gainerako sektoreetara iritsi gabe. Hori ekiditeko, funtsezkoa da elkarrizketatuak aukeratzeko irizpide ezberdintzaileak kontuan hartzea, espektro sozial ahalik eta zabalenera ailegatzeko. Ikerketa honetan hiru irizpide hartu genituen aintzat: ikasketa formalen maila, diru sarrerak eta generoa. Mota guztietakoak elkarrizketatu genituen. Saturazio puntua deitzen den unea (jaso nahi dugun informazio guztia jaso dugunean eta jasotzen ari garen informazioa errepikatzen hasten denean) 31. elkarrizketan iritsi zen.

Ikerketaren ondorioek meritokraziaren ikuspegia baztertzera eraman gaituzte. Meritu indibidual soilak ez dira ibilbide akademiko eta profesionalen oinarria. Lau erakunde sozialen eskuhartzea erabakiorra da ibilbide akademiko eta profesionalen bilakaeran: norbanakoa da horietako bat, baina berarekin batera funtsezkoak dira familiaren estrategia, hezkuntza sistemaren izaera eta enpleaguaren munduaren egoera. Lau erakunde hauetako bakoitzaren baitan gatazka da nagusi, eta, halaber, lau erakunde hauen arteko negoziazio harremana etengabea da ibilbide akademiko eta profesionalen garapenean.

Hezkuntza formalaren arloan ezberdinkeria nabarmenak ezartzen dira. Meritokraziak esaten duenaren kontra, meritu akademikoak ez dira gaitasun eta ahalegin indibidual hutsean oinarritzen. Faktore askok eragiten diote elkarri, baina praktikan norbanakoari esleitzen zaio emaitza guztien meritua. Sariak eta zigorrak indibidualizatu egiten dira. Ahaleginak egiten diren arren, nekez hartzen da kontuan emaitza akademikoen oinarrian, esate baterako, jatorri sozialak zeresan handia duela. Eskolak eskatzen duen kulturarekiko hurbiltasuna faktore oso garrantzitsua da.

Familiak asko baldintzatzen ditu arrakasta akademikorako aukerak. Familia guztiek egiten dute ahalegina beren baliabideak beren ondorengoei transmititzeko. Baliabideak ekonomikoak ez ezik kulturalak, sozialak eta sinbolikoak ere izan daitezke. Baina familia guztiek ez dauzkate baliabide mota eta bolumen berdinak, eta, gainera, familia guztiek ez dute arrakasta maila berdina baliabide horien transmisioan, edukitzea ez baita transmititzearen sinonimo. Horren ondorioz, ikasleek hezkuntza formalaren erronkei aurre egin behar dietenean, oinarri ezberdinetatik abiatzen dira.

Baten batek pentsa dezake orain arte esaten ari garenarekin determinismoan erortzen ari garela, hau da, azken finean esan nahi duguna oso sinplea eta mekanizista dela: ezberdinkeria familiaren eta hezkuntza sistemaren bitartez erremediorik gabe transmititzen dela. Bada, gure ikerketan argi eta garbi gelditu da hori ez dela horrela. Norberari iristen zaizkion baliabideek eta hezkuntza sistemaren izaerak asko baldintzatzen dute norbanakoak izan dezakeen bilakaera, baina inola ere ez dute determinatzen. Batetik, hezkuntza erkidegoak ez ditu helburu berberak partekatzen eta, gainera, errealitatea nahiko anitza da hezkuntza sisteman. Bestetik, familiaren baliabideek ez dute transmisioa bermatzen, eta, halaber, transmisioak ez du ziurtatzen hezkuntza sistemarekiko estrategia jakin bat. Eta horri guztiari norbanakoaren eragina gehitu behar zaio. Norbanakoa ez da izaki isolatu bat, ez da subjektu ahalguztidun bat, eta ez da sistema baten txotxongiloa. Norbanakoarengan eragin handia du bere inguruak, baina norbanakoak ez du bizi duen errealitatea bere horretan hartzen, prozesatu egiten du, bere posiziotik ikusi eta interpretatu egiten du. Norbanakoa oso baldintzatua dago, baina etengabe erabiltzen du sormena.

Argazkia: CC BY - Victor1558

Enpleguaren ezaugarri zentrala guztiz aldatu da: enplegatuaren estatusa izan zen erdigunea, baina gaur egun prekarietateak bereganatu du zentraltasuna.
Argazkia: CC BY - Victor1558

Enpleguaren mundua gehitu behar diogu ikuspegi honi. Batzuek esan izan dutenaren kontra, ekonomiak edo lanaren banaketak ez dute beste guztia determinatzen. Zerikusia dute, adibidez, hezkuntza sistemarekin, baina enpleguaren munduak hezkuntza sistema baldintzatzen duen bezain beste baldintzatzen du hezkuntza sistemak enpleguaren mundua. Horregatik esango genuke enpleguaren munduak bereak bakarrik diren ezaugarriak badauzkala, baina gainerako erakundeekin beste hainbat ezaugarri partekatzen dituela, eta antzekotasun hori ez dela oinarritzen enpleguaren munduak besteengan duen eragin determinatzailean. Enpleguaren munduaz ari garelarik, nabarmena da errotiko trantsizioan dagoela. Ezaugarri zentrala guztiz aldatu da: enplegatuaren estatusa izan zen erdigunea, baina gaur egun prekarietateak bereganatu du zentraltasuna. Prekarietatea ez da kontratuaren behin-behinekotasuna soilik. Beste hainbat ezaugarriri ere badagokio: diru irabaziak, jarduerarekiko kontrola, negoziazio ahalmena... Prekarietatea fenomeno orokortua da, hau da, norbanako guztiei eragiten die, baina, aldi berean, prekarietatea ez da simetrikoki hedatzen, hots, batzuei besteei baino gehiago eragiten die. Gainera, prekarietatea ez dagokio bakarrik enpleguaren munduari. Aztergai ditugun gainerako erakunde sozialei ere nabarmen eragiten die, norbanakoari, familiari eta hezkuntza sistemari hain zuzen. Horrexegatik esan dezakegu prekarietatea batik bat kultura bat dela, mundu ikuskera bat, bizitzeko modu bat. Zirrikituak badauzka, noski, eta ez dira txikiak gainera (garai bateko lanarekin etika higatzen ari da, esate baterako), baina prekarietatearen kulturak joera sendoak ezartzen ditu. Funtsezkoa da meritokraziaren estrategia indartzeko.

Azken finean, ondoriozta genezake ibilbide akademiko eta profesionaletan sortzen den hierarkia soziala botere harremanen amaraun konplexu batean eraikitzen dela, eta berdina pentsa genezake ibilbide akademiko eta profesionalez haraindiko eremuetan sortzen diren hierarkia sozialei buruz. Meritu pertsonalak ez dira soilik indibidualki egiten, aukera berdintasunik ez dago, joko arauak ez dira neutralak, ebaluazio irizpideak ez dira objektiboak, dinamika hauek ez dute justiziarekin batere zerikusirik, botere harremanak eta gatazka dira ardatz.

Dinamika hauek identifikatzeak ez du esan nahi arazoak fatalismoz hartzen ditugunik. Justu kontrakoa da. Arazoak ikerketaren bitartez azaleratzeak lagundu egin dezake justiziazkoak ez diren fenomenoak aldatzen. Ezagutzen ez dugun arazo bat gainditzea baino erronka zailagorik ez dago. Mahaigaineratu dugun arazoa behintzat begien bistan daukagu, badakigu zein den bere izaera (neurri batean behintzat), eta, ondorioz, diagnostiko horretan oinarritu gaitezke ekimen eraldatzaileak sortzeko eta abiarazteko.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia