Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Egungo euskal ipuingintzaren historia

Alvaro RABELLI

Berri Euskal Herriko Unibertsitateak bere Euskal Literatura Sailean Egungo euskal ipuingintzaren historia delako ikerketa eta artikulu sorta aurkeztu du. Lan hori Jon Kortazar literatura katedradunak zuzentzen duen Euskal Literaturaren Historia ikerketa proiektuaren emaitza da. Ale honetako zuzendaria Alvaro Rabelli irakaslea izan da. Bertan Iñaki Aldekoa, Ur Apalategi, Miren Billelabeitia, Ibon Egaña, Iratxe Retolaza eta Javier Rojo irakasleek ere parte hartu dute. 1983 eta 2003. urteen artean argitaratutako hogeita bat ipuin liburu aztertu dituzte ikerlariok, eta, horrez gain, Rabellik idatzitako sarrera zabala —ia ehun orrialdekoa— eskaintzen dio liburuak irakurleari. Ikertutako idazleak eta lanak honako hauek dira: Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983); J.M Iturralderen Dudular (1983); Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan (1987); Koldo Izagirreren Mendekuak (1987); B. Atxagaren Obabakoak (1988); Edorta Jimenezen Atoiuntzia (1990); Mikel Hernandez Abaituaren Bazko arrautzak (1993); Juan Gartziaren Itzalen itzal (1993); Pello Lizarralderen Sargori (1994); Pako Aristiren Autoestopeko ipuinak (1994); Arantxa Iturberen Lehenago zen berandu (1995); Anjel Lertxundiren Piztiaren izena (1995); Patxi Iturregiren Haize kontra (1996); Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997); Harkaitz Canoren Telefono kaiolatua (1997); Javier Cilleroren Hollywood eta biok (1999); Jose Luis Otamendiren Euri kontuak (1999); Karlos Linazasororen Ez balego beste mundurik (2000); Iban Zalduaren Traizioak (2001); Ixiar Rozasen Sartu, korrontea dabil (2002) eta Jokin Muñozen Bizia lo (2003). Liburuoi eskainitako artikuluetan lan hauen berrirakurketa proposatzen da, gaurko ikuspegiz eta begiradaz egindako berrirakurketa alegia. Izan ere, ikerketa talde honen asmoa euskal literaturaren historia aztertzea bada ere, azterketa hori, esan bezala, gaurko talaiatik egiten dute, bai liburu honetan, bai aurrekoetan, eta bai oraindik ikerketa alde honek datozen urteotan argitaratuko dituen hurrengoetan ere. Gure ipuingintza garaikidearen zer-nolak aztertzen dituen lan honetan ikerketa taldeak ez du kanona alde batera utzi eta, ipuingintzari dagokionez, kanonak eman dituen liburuak aztertzera jo du (Narrazioak, Azukrea belazeetan, Obabakoak, Gasteizko hondartzak, Traizioak...) Beste alde batetik, baina, lanak nolabaiteko kronologia bati jarraitzen dio eta kanon nagusitik kanpoko lanak ere aztertu ditu, beti aniztasunari eusteko asmoz.

Azukrea belazeetan

1983 eta 2003 urteen artean argitaratutako hogeita bat ipuin liburu aztertu dituzte ikerlariok, horien artean Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan (1987).

Beharbada aurreko lanetan ez bezala, sarrerak, ez bakarrik artikuluek planteatzen duten hogei urte horietako ipuinaren historia, baizik eta askoz atzera jo eta ia gure ipuingintza garaikidearen historia osoa eskaintzen du. Izan ere, antologiak antologia, eta monografikoak monografiko, gutxi izan dira euskal ipuingintza hain zabal hartu duten lanak. Hau da, gure ipuingintza literarioaren historia osoa oraindik egin gabe dago eta Egungo euskal ipuingintzaren historia delako hau gure ipuingintzaren gaineko ikasketen aitzindaria baino ez da. Horrela izanik, Rabelliren sarrerak hiru ildo nagusi ezartzen ditu: ipuinaren gaineko teoria, ipuinarekiko harrera eta euskal ipuin garaikidearen definizioa eta bilakaera sorreratik gaur arte. Ipuin teoriari dagokionez, XIX. mendeaz geroztik ipuin literario modernoaren kontzeptua azaltzeko asmoz erabili izan diren teorizazio ildoak birpasatzen ditu Rabellik. Besteak beste, Poe, Quiroga, Bosch eta Cortazar ipuingile entzutetsuak ipuinaren definizioa ematen ahalegindu izan dira. Haiei sor zaie hain iheskorra den genero honi nolabaiteko azalpena eman izana; hau da, haren izaera eta ezaugarriak agerian utzi dituzte. Narratiba eta fikzionalitatea, luzera, sortzeko eta jasotzeko bakantasuna, eraginaren intentsitatea, ekonomia, trinkotasuna eta zehaztasuna dira ipuin literario modernoaren definizioa eman nahiz gehien aipatu izan diren ezaugarriak. Era berean, gogora ekartzen ditu ipuina genero gisa kokatzeko zailtasunak eta eztabaidak. Ildo horri jarraituz, Rabelliren esanetan ipuina narratiba laburraren azpigenero heteroglosiko eta hibrido batean kokatu behar genuke, bere ezaugarri behinena gutxi gorabeherako luzera izaki. Beste era batera esanda, ipuina ez da narratiba laburraren genero bakarra, izan badira narratiba laburrari dagozkion bestelako generoak, ipuin kategoria ez dutenak. Bere luzerari dagokionez, ipuina ipuin luzetik mikroipuinera doa eta bere baitan bestelako generoen eraginak erraz onartzen ditu, hibridaziorako eta esperimentaziorako joera handia azaltzen du. Hala ere, askotan uste denaren kontra, ipuinak lortzen duen intentsitatea dela eta, genero honek zerikusi handiagoa du poesiarekin eleberriarekin baino. Liburuaren sarreran aipatzen den bezala, esandako horrek eraman beharko gintuzke ipuinak eleberriarekiko daukan ustezko morrontzaren ideia behingoz baztertzera. Hain zuzen ere, harrera da sarrerak ukitzen duen beste gai bat. Horretan, nabarmentzen dira genero honen inguruko kontraesanak, besteak beste, gurean oraintsu arte izan den teorizazio eta ikerketa falta, sistema literarioaren partez askotan izan den arreta eza, eleberriaren menpeko generoa dela behin eta berriro ikusi nahi izatea, eta kontrara, generoak eman dituen ageriko lorpen eta emaitza bikainak.

Inguruabar teorikoak alde batera utzita, Egungo euskal ipuingintzaren historia liburuaren sarrerak, esan bezala, euskal ipuin garaikidearen gainbegirada zabala eskaintzen du, sorreratik gaur arte. Horretan bi aro nagusi nabarmentzen dira gure ipuingintza literariorako. Lehenengo aro bat, XIX. mendetik XX. mendearen erdialdera arte. Aro horretan, euskal narratiba sortu ahala, tradizio idatzizko ipuinaren hasiera dugu, betiko ipuin tradizionalaren ondoan, gehien bat ahozkoa zenaren ondoan. Tradizio horretan ohiturazko ipuinak XX. mendearen erdialdera arte iraun zuen, gure ipuingintzarako estetika bakar gisa. 50eko hamarkadaz gero euskal literaturan izandako aldaketen testuinguruan kokatzen du Rabellik ipuin garaikidearen benetako sorrera. Sorrera gorabeheratsua, salbuespenak salbuespen, garaiko aldizkarien orrialdetarako mugatzen baitzen. Horrela, sorrera horren aitzindariak, besteak beste, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Jean Etxepare, Martin Ugalde eta Nemesio Etxaniz aipatzen dira.

Sartu, korrontea dabil

Ixiar Rozasen Sartu, korrontea dabil 2002an argitaratutako liburua aztertutako liburuen artean dago.

Testuinguru horretan ikusi behar dugu modernotzat jotzen dugun lehenengo ipuin-bilduma, Martin Ugaldek Venezuelan argitaratu zuen Hiltzaileak (1961) liburua. Baina, ez zen izango 70eko hamarkadara arte ipuinak aldizkarietako orrialdetik bildumen argitalpenetara igarotzen ikusten ditugunean. Sasoi horretan beste mugarri esanguratsu bat ezarri behar da gure ipuingintzaren historian, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970). Lertxundiren lan horrek generoarekiko kontzientzia zabaltzen du. Harrez gero, ipuin-bildumen argitalpenak ugaritzen hasi ziren. Generoak ekin zion gure literaturan ibiltzeari, berandu baina arin. Gauzak horrela, Rabellik lau unetan banatzen du euskal ipuinaren garapenaren ibilbidea: 70eko esperimentalismoa, 80ko eztanda, 90eko finkatzea eta gaur egungoa. Rabelliren esanetan, 70eko ipuin-bilduma eskasetan oraindik zalantza-balantza dabilen generoa antzematen da, bere mugak ez daude behar bezala zedarrituta, nagusi dira esperimentazio narratiborako jotzen duten testuak, sarri askotan gogoeta eta kronikaren artean dabiltza, eta oro har, narratibatasun gutxiko ipuinak dira garai hartakoak. Orduko liburu garrantzitsua Mikel Zarate bizkaitarren Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975) dugu. 80ko hamarkada, aldiz, erabat bestelakoa suertatu zen ipuinerako. Liburuak azaltzen digun bezala, 80koa ipuinaren hamarkada izan zen. Hain zuzen, 83. urtearen inguruan benetako eztanda gertatzen da. Eztanda horren lehenengo mugarria Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) izan zen, eta gailurra, dudarik gabe, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) lan hibridoa. 80ko hamarkadako eztanda gerta zedin, hainbat faktorek bat egin zuten: idazleek hartu zuten generoarekiko kontzientziak, Pott taldeko idazleek bezala; nazioartean ere ipuingintzak arrakasta eta ospe handia lortzeak; narrazio lehiaketak ugaritzeak; euskal eskolatik testu txikien eskaera handitzeak; literatura aldizkarietan generoaren aldeko lanak; argitaletxeen apustuak bildumen alde eta idazle gazteen alde, eta, azkenean, zenbait libururen arrakasta sonatuak irakurle berriak erakartzeak. Hamarkada horretan estetika narratibo guztiak antzemangarriak badira ere, benetako ekarpena Hegoamerikatik zetorren errealismo fantastikoarena izan zen, estetika horretan eman baitziren gure ipui-bildumarik onenak.

Hurrengo hamarkadan estetika horrek ez zuen hainbeste garrantzia, eta era guztietako errealismoak nagusitu ziren. Errealismoaren hamarkada izan zen. Baina, baita gure eleberri handien hamarkada ere izan zen. Horrek aurreko hamarkadan hain arrakastatsua izandako ipuingintza bigarren maila batera zokoratu zuen narratibaren alorrean. Hala ere, 90eko hamarkadaren lehenengo urteetako krisialdia gaindituta, euskal ipuinak finkatzeari ekin zion. Idazle berriak irten ziren plazara, estetikak ugarituz joan ziren, emakume idazleen presentzia nabarmentzen hasi zen, genero literarioen eragina handitu zen eta ipuin laburrak edota mikroipuinak ezagunagoak hasi ziren. Horiexek dira gainera gaurko ipuingintzan dirauten ezaugarriak. 90eko eta milurte berriko euskal ipuingintzaren paradigma Xabier Montoia eta Iban Zalduaren lanak ditugu.

Egungo euskal ipuingintzaren historia liburu honek gure narratibaren alde aberats bat erakusten digu, genero autonomo bat, sarritan eleberriaren aurretik ibili izan dena, genero koloretsua eta askotarikoa.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia