Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Urtza GARAY RUIZ
Azken urteotan bai gizartean orokorrean, baita DBHko ikastetxeetan ikasle etorkinen kopurua nabarmen gehitu da; kopuru osoa 1000 izatera ez heltzetik ia 6000 izatera heldu da, honek erronka berriak sortu dizkio Hezkuntza Sistemari. Gainera gure institutuetara heltzen diren etorkinek hizkuntza ez ezagutzeaz gain, nerabetasunak dauzkan berezko ezaugarriak ere agertzen dituzte. Eta horrek nerabe heldu berriei bertako hizkuntzak ikasteko bideak errazteaz gain, beraien nortasunaren eraikuntzan lagungarriak izatea eskatzen du. Honetarako ikasle heldu berriek bizi duten egoera ezagutu eta beraiengan sortarazten dituen zailtasunak eta berezitasunak presente izan behar dituzte bai irakasleek orokorrean, baita hizkuntza irakasleek ere. Baina ikasle bat etorkin gisa izendatzeko eta bere beharrizanak zehazteko hobe dugu bere nortasunean arreta jartzea, eta ez soilik bere nazionalitate edo egoera sozio-ekonomikoan. Horrela bere nazionalitateak, hizkuntzek eta egoera ekonomikoak zer beharrizan sortzen dizkion, eta pertsona bakar gisa zein beharrizan, eta are garrantzitsuagoa dena, zein ahalmen eta bertute dituen eta zer aurkeztu diezaiokeen ikastetxeari ikusiko dugulako.
Baieztapen horretatik hasi behar dugu ikasle etorkinen bigarren hizkuntzen irakaskuntza antolatzeko bidea egiten. Nerabeak diren ikasle hauek nahiz eta EAEko bi hizkuntza ofizialak ez ezagutu, ez dira analfabeto linguistikoak; beraien hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen dute. Eta askotan, ez bakarrik beraien ama hizkuntza, baizik eta beste bat, bi edo hiru ere. Besalúk (2008) dioenez, ikasle etorkin orok bere ama hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen du, nahiz eta aurretik eskolaratuak ez izan, eta hizkuntza hori ikasi dute denek ikasten dugun eran; erabiliz eta besteek nola erabiltzen duten ikusiz. Hortaz, beraien hizkuntzekin gauzak egiten dakizkite, baliabide linguistikoak eta gramatikalak dauzkate. Beraz, nahiz eta euskara eta gaztelera ez ezagutu, ez dira ezjakin linguistikoak. Ondorioz, bigarren hizkuntzaren edo hizkuntzen irakaskuntza ezin daiteke zerotik hasi, hizkuntza guztiak gauzak egiteko balio dutenaren oinarritik, edo komunikazioaren printzipiotik baizik.
“Ikasle hauek nahiz eta EAEko bi hizkuntza ofizialak ez ezagutu, ez dira analfabeto linguistikoak; beraien hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen dute.”
Argazkia: CC BY - Fotos Gov/Ba.
Ezinbestekoa bilakatzen da, orduan, bigarren hizkuntzen irakaskuntza ikuspuntu komunikatiboan eta konstruktibistan oinarritzea, baita EAEn orain arte emandako elebitasunetik eleaznitasunarenako bideak zabaltzea. Gaur egun arte, elebitasuna bi hizkuntza ofizialen ikaskuntzan oinarritua zegoen, bietako bat ikastetxeko komunikazio-hizkuntza zelarik. Baina, elebitasunaren oinarrizko printzipioa irakasleak bi hizkuntzak, ikastetxekoa eta ikaslearen ama hizkuntza ezagutzen zituela zen. Aldiz, egoera berriak sortzen duen eleaniztasunaren oinarria hau da: ikastetxean, nahiz eta hizkuntza bat, bi edo hiru izan jakintzen transmisiorako hizkuntzak, ikasle ororen hizkuntzak egon beharko lirateke presente, nahiz eta irakasleak hizkuntza hauek ez ezagutu. Hizkuntza guztiak agertzeak ikasle etorkinak aditu bilakatzen ditu, hots, ikasleak ikastetxeari bere nortasunaren parte garrantzitsua ematen dio, ondorioz ez da horren arrotz sentitzen institutuan. Vilak (1999) dioenez, ez dago hizkuntzarik edo hizkuntzak ez du zentzurik ez badugu esateko ezer. Eta baieztapena bigarren hizkuntzen irakaskuntzara eramaten badugu, ondorengoa esanez itzuli genezake: ez daukat hizkuntza bat ikasteko beharrizanik, hizkuntza hori erabiltzen dutenek ni entzun edo ezagutu nahi ez banaute.
Beraz ikasle etorkina gure hizkuntzetan murgiltzeko bidea metodologia zehatz bat erabiltzetik urrunago doa. Ikasle horri, pertsona gisa, gure gizartean orokorrean, eta institutu bakoitzean sortzen de mikro-gizartean, parte hartzeko desira sortzean dago gakoa. Eta mikro-gizarte honetan, gizartean orokorrean gertatzen den legez, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari loturiko harremanez gain harreman pertsonalak ere sortzen dira, eta hauek dira ikasle heldu berri nerabe hauentzat gehienetan garrantzitsuenak. Baina ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari loturiko harremanak batez ere idatziz ematen dira eta harreman pertsonalak ahoz. Hortaz, etorkinaren lehen hizkuntza beharrizana ahozkotasunaren garapena da, harremanak sortzeko eta harrera gizartearen parte sentitzen hasteko.
Baina tradizionalki ahozkotasuna hizkuntza parte ahaztua izan da DBHko bigarren hizkuntzen irakaskuntzan, honen lanketak azaltzen dituen arazoak direla medio: gaian irakasleen prestakuntza falta, eskatzen duen metodologia aurrera eramateko zailtasunak eta gaitasun hauek ikasleak etxean edo bere inguru sozialean ikasten eta garatzen dituela pentsatzeak. Aldiz, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboak eta ikasle etorkinen etorrerak sortutako beharrizan berriek ahozkotasunari garrantzi berezia ezarri dio.
Horrela Lomasek (1999) dioen bezala hitz egitea testuinguru zehatzetan eta helburu konkretuekin hitzekin gauzak egitea da. Eta horretarako behar dute ahozkotasunaren garapena etorri berriek. Beraz, ikasle etorkinen agerpenak ahozkotasuna DBHn era sistematikoan eta planifikatuan egiteko beharra sortu du. Hortaz ahozkotasunaren irakaskuntzan kontuan izan behar den faktore berritzaile bat hizkuntza trebetasunen ikaskuntza-irakaskuntza bateratua dugu. Hau da, egunerokotasunean ahozko eta idatzizko erabilerak elkarloturik ematen dira egoera komunikatibo mistoak sortuz, non bi kodeek parte hartzen duten aldi berean. Beraz, ikuspuntu komunikatiboa jarraitzen duen bigarren hizkuntzen irakaskuntzak ere prozesua modu globalean agertaraztea du helburu: ahozkoa eta idatzizkoa loturik agertzea.
“Egunerokotasunean ahozko eta idatzizko erabilerak elkarloturik ematen dira egoera komunikatibo mistoak sortuz.”
Argazkia: CC BY - {ErinKphoto} aka redcarguri.
Baina hizkuntzekin gauzak egiteaz (konstruktibismoa) eta komunikazioa ahalik eta era errealean (enfoke komunikatiboa) gertatzeaz gain, bigarren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzan eragin handienetakoa duen aldagaietako bat hizkuntza ikasteko nahia izatea da. Hizkuntza hori inguratzen duen munduan sartzeko desira sortzea. Sentimendu hau nahiz eta era indibidualean sentitu, erantzukizun indibidualaz gain soziala ere badarama. Desira ez da pertsonarengandik, ezta beharrizangatik bakarrik sortzen; faktore ezberdinek eragiten duten prozesua da, ikastera zoazen hizkuntzako hiztunak, gure kasuan, euskarako eta gaztelerako hiztunak, gehienetan irakasleak, ikaskideak eta ikastetxeko beste langileak izango dira; eta ikasle heldu berriek jasotzen duten harrera linguistikoa eta emozionala. Institutuetara heltzen diren ikasle hauek nerabeak dira eta nerabetasuna nortasunaren garapena ematen den garaia da. Aipatutako garapen hau besteen bidez “ni”aren definizioa eraikitzean datza. Beraz nortasuna eraikitzeko ezinbestekoak ditugu besteak, hauek izango baitira gure eredu. Ondorioz, nortasuna eraikitzeko orduan garrantzia hartzen dute bai gure ama-hizkuntzak, baita inguruneko beste hizkuntzak denak. Hortaz, nire hizkuntzak besteenak bezain garrantzitsuak izango dira. Eta nire hizkuntza baloratua ez bada, ni ez naiz baloratua sentituko, beraz, zergatik eta zertarako ikasi ni baloratzen ez nautenen hizkuntza?
Ez dago, hizkuntza berri bat ikasteko motibaziorik autoestimua (bakoitzaren buruarekiko irudi positiboa) ez dagoen bitartean. Eta autoestimu gutxi izango du ikastetxean sortzen den mikro-gizartera ezer igorri ez dezakeen ikasle batek. Baina ikasle etorkinek ez dituzte bakarrik ikastetxeko hizkuntzak ikasten, ikastetxeari eman ere egiten dizkiote. Hau da, hizkuntzen ikuspegitik beraien hizkuntzak igortzen dizkiote ikastetxeari eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesu osoari.
Guzti honetan zailena ekarpen horiek egiteko eta behar bezain beste zabaltzeko bideak topatzea da. Ikasle hauek beraien ekarpena beste batzuena edo jasotzen dutena bezain garrantzitsua dela sentiaraziko dituen bidea. Beraien nortasunen parte diren hizkuntzak ikastetxeko hizkuntzak bezain garrantzitsuak direla eta batak zein besteak nortasuna eraikitzeko baliotsuak direla sentiaraziko dituena. Eta puntu honetan da Internetek toki eta indar berezia hartzen duenean.
Hots, Internetek, batez ere Web 2.0k, eskaintzen digu bere izatearen bidez ahozko eta idatzizko trebetasunak era bateratuan (ahozkoa gehi idatzizkoa), komunikatiboan (hizkuntzarekin komunikatzeko erabiliz) eta konstruktiboan (hizkuntzarekin gauzak egiteko) ikasteko bidea. Are gehiago, Siemens (2007) jarraituz gero aurretik aipatutako ikaskuntza teoriak gaindituz konektibismoan murgiltzen gara non edozein ikasketa gertatzeko, hizkuntzaren ahozkotasunarena barne, sareak sortzea eta loturak elikatzea ezinbestekoa den; horrek bultzatzen gaituelako bizitza osoan ikasten jarraitzera.
Horrela bada, gaur egun non Web 2.0k hezkuntzan garrantzia hartu duen, urrunago ere joateko bideak zabaltzen zaizkigu. Zeren Web1.0k eskaintzen zuen web-orri estatikoetatik, non ikaslearen erabilpena, batez ere, pasiboa edo irakurketakoa den, ikaslea protagonista osoa bilakatu den Webera, edo beste era batean esanda, Web 2.0k eskaintzen dituen tresnetan. Ikasleak bere hizkuntza sartzeaz gain, hizkuntza sartzeko modua ere sortzen du. Bere lanari zein beste kideen lanari buruzko iritzia eman eta azaldu dezakeen formatu ezberdinetan, hau da, blogaren edo vlogen bidez.
“Ikus-entzunezkoa egunez egun presenteago dago gure bizitzan eta horrekin lotuta Interneten bat-bateko argitarapena ezartzen ari da fenomeno berrienetako eta zabalduenetako bat bezala.”
Argazkia: CC BY - psd.
XX. mendearen bukaera eta XXI. mendearen hasiera definitzen duen hitz bat ere badago: “ikus-entzunezkoa”. Ikus-entzunezkoa egunez egun presenteago dago gure bizitzan eta horrekin lotuta Interneten bat-bateko argitarapena ezartzen ari da fenomeno berrienetako eta zabalduenetako bat bezala. Castañok eta abarrek (2008) baieztatzen dute Youtube gaur egungo munduko ia edozein lekuko gazte eta nerabe belaunaldien fenomenoa dela, hots web zerbitzuak beregain hartu dituzten belaunaldienak. Hortaz, datu honek irakaskuntza orokorrean, eta bigarren hizkuntza irakaskuntza partikularrean, ulertzeko eta emateko moduan aldaketa nabarmena egitera eraman behar gaitu. Ez bakarrik Interneten sarrera masiboarengatik, baizik eta nerabeen arteko eguneroko komunikazio moduek izan duten aldaketarengatik.
Argi dago, ikus-entzunekoa nerabeen eguneroko bizitzan eta komunikazioan arrunta bilakatu dela, eta bere ezaugarririk nabariena irudiaz gain edukia ere aurkezten duela da. Ondorioz, nerabe batentzat ikus-entzunezko kapsula bat mila hitz estatiko baino esanguratsuagoa da. Hau da, egoera komunikatibo errealek edo sinesgarriek ikastetxeko hizkuntza guztiei bizitasuna eman diezakieke, hortaz garrantzitsu bihurtu dezake hizkuntza oro.
Irudia laburra bada, mikro-eduki bilakatzen da; non irudiaz gain soinuarekin eta idazkerarekin jokatu genezake aldi berean. Ondorioz, eskola komunitate osoak bigarren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzan erabili dezakeen tresna erakargarria bilakatzen da. Eta guzti hau vlog batean sartuz gero tresna bikaina bilakatzen da, komunikaziorako eta kooperaziorako bide errealak zabaltzen dituelako, hauek baitira bloguen ezaugarri nagusienak. Gainera, Kooperazioak ezagutzea eta harremanak sortzea dakar, hots, komunikatzea. Hortaz, bigarren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza bateratua lortzeko modu eraginkorrak izango dira, besteak beste, arrazoi hauengatik: hizkuntza trebetasun ezberdinak aldi berean lantzen direlako; hizkuntza ezberdinak agertzen direlako horrela ikasle guztien, batez ere etorkin edo heldu berrien, autoestimua era positiboan bultzatzen delako, hau da, bigarren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzan ahozkotasuna lantzeko bidea afektibitatearen errespetuan oinarritzen delako.
Laburbilduz, vlogek hizkuntza guztiak sartzen diren espazio irekiak sortzen dituztelako, modu honetan gure ikasgelak eta DBHko ikastetxeak benetako eleaniztasunez betez, hizkuntza guztiei garrantzi eta erabilera eremu berdina emanez eta gu guztioi, etorkin izan edo ez, gure nortasunaren alde inportantea den hizkuntza edo hizkuntzak agertzeko bidea emanez.
Bibliografía aipagarria:
-Besalú, X. (2008): ¿Cómo “defenderse” del alumnado extranjero? Cuadernos de Pedagogía, Bartzelona: Praxis, 86-89 or.
-Castaño, C.; Maíz, I.; Palacio, G. eta Villarroel, J. D. (2008). Prácticas educativas en entornos web 2.0. Madrid: Síntesis.
-Garay, U. (2011): Ahozkotasunaren ikaskuntza-irakaskuntza DBHko ikasle etorkinetan. Deskripzioa, esperimentazioa eta emaitzen azterketa. Argitaratzeko bidean dagoen doktorego tesia. Bilbo: UPV-EHU.
-Lomas, C. (1999). Cómo enseñar a hacer las cosas con las palabras. Bartzelona: Paidós.
-Siemens, G. (2007). Conectivism: Creating a Learning Ecology in Distributed Environment. Hug, T. (ed.). Didactics of Microlearning. Concepts, Discourses and Examples. Alemania: Waxmann.
-Vila, I. (1999). Inmigración, education y lengua propia. http://www.aulaintercultural.org/IMG/pdf/lenguapropia.pdf , (2009-11-22).
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus