Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Ilazki GOENAGA, AMBAR Elkartea
Ludi RUEDA, AMBAR Elkartea
AMBAR osatzen duten 30-40 kideak boluntarioak dira, batzuk biologoak beste batzuk naturazaleak, albaitariak, etab. beti naturaren kontserbazioaren alde lan egiteko prest eta, batez ere, itsas faunaren babesarekin lotutako ekintzak bultzatzeko. Gaur egun, taldearen helburu nagusia itsasoko faunari buruzko jakintza eta interesa zabaltzea da, animalia horien ikerketa eta kontserbazio-jarduerak aurrera eramanez. Zetazeoen lehorreratzeak, itsas zabalean duten banaketa, kopurua eta portaera aztertzeko helburuarekin hainbat zientzia proiektu garatu ditu taldeak.
Historiaren hastapenetatik, itsasoa eta itsasoko izakiak ezagutzeko beharra eta jakin mina izan ditu gizakiak. Izaki horietako batzuk, zetazeoek alegia, lilura eta, aldi berean, ikara sortu izan dute beti. Erdi Aroan, euskaldunak izan ziren zetazeoak eskala handian helburu komertzialarekin harrapatu zituzten lehenengo arrantzaleak. XI. mendetik aurrera, portutik begiztatutako baleak ontzi txiki irekietan arrantzatzeko teknikak garatu zituzten. Euskal arrantzaleek Sardako Balea edo Euskal Balea (Eubalaena glacialis) arrantzatzen zuten, batez ere. Balea horiek, migrazioan euskal kostaldera gerturatzen ziren urtero. Harrapakin ona zen, igeri astiro egiten dutelako, fidakorra delako eta gehien bat, hiltzean ur azalean flotatzen duelako (gorputzeko gantz ugari duelako). Lehengai iturri garrantzitsua zen, gantz, haragi eta bizar asko ematen duelako. Gure arrantzaleak ez ziren, ordea, baleak arrantzatzen zituzten bakarrak. Herbeheretako, Alemaniako, Britainia Handiko eta beste herrialde batzuetako arrantzaleek ere harrapatzen zituzten. Guzti horien esfortzuak, balea mota hau Bizkaiko Golkoan desagertzea ekarri zuen.
Harrigarria da, gure lurraldean balearen arrantzak dituen sustraiak uka ezinik, gaur egun oraindik ere jende askok eta askok baleak, itsaso tropikal eta Europako iparraldeko uretan bakarrik ikus daitezkeela pentsatzen duela. Horregatik sortu zen AMBAR, itsasoari begiratzen diogun modua aldatzeko eta ezagutza bultzatzeko; hain hurbil eta, aldi berean, hain urrun eta ezezagun sentitzen dugun mundu hori gizarteari gerturatzeko.
Zetazeoen lehorreratzeak, itsas zabalean duten banaketa, kopurua eta portaera aztertzeko helburuarekin hainbat zientzia proiektu garatu ditu AMBAR taldeak.
Itsas ekosistemetan zetazeoek duten funtzioa oso garrantzitsua da. Lurreko habitatetan bezala itsasoan ere egitura konplexuak daude. Espezie guztiak elkarrekin erlazio estua dute, eta haien artean elika-katek eratzen dira. Zetazeoek, elikadura katearen maila gorenenak betetzen dituzte. Horrela, zetazeoak itsasoaren osasunaren bioindikatzaileak (indikatzaile naturalak) direla esan daiteke. Zetazeoen kopurua egokia eta haien osasun egoera ona bada, haiek betetzen duten elika-katea osasuntsu dagoela ulertu daiteke. Alderantziz, zetazeo kopurua oso txikia bada, baliteke arazoa elikagai gabezia izatea, eta horrek, ekosisteman arazoren bat dagoela esan nahi du.
Euskal Herriko kostaldea leku ona da zetazeoak ikusteko. Frantziako plataforma kontinentala zabala da baina, Cap Bretongo arroilara hurbiltzen den neurrian, estutu egiten da. Plataforma kontinentalak 20 km ditu gure kostaldean, eta jarraian malda oso malkartsua dago. Gainera, itsaspeko arroila asko aurki ditzakegu (Avileseko arroila, Cap Bretongoa...). Arroilak oso garrantzitsuak dira zetazeoentzat, leku horietan biltzen baitira (migrazioen erdian, estaltzeko edota erditzeko garaian). Izan ere, “upwelling” fenomenoei (hondoetako korronteak azaleratzen direneko fenomenoak) esker, elikagai ugari pilatu ohi da toki horietan. Beraz, zonalde hauetan besteetan baino zetazeo aniztasun eta kopuru handiagoa aurkitzea da normalena. Horrez gain, arrain espezie batzuentzat, babeslekuak eta kumeak hazteko gune egokiak dira arroilak. Animalia espezie jakin batzuk, Cuvier zifioa esaterako, itsaspeko arroila sakonetan bizi da.
Hau da elkarte honen goiburu nagusietako bat. Horregatik itsas ugaztunen ezagutza gizartean zabaltzeko asmoz lan egiten dute; “ezkutuko altxor” hori ezagutzera emateko eta itsas faunaren babesa denon zeregina dela jakinarazteko. AMBAR elkartearen iritziz, jakintza zientifikoa sustatzea funtsezkoa da baita ere; gure itsasoan bizi diren espezieak hobeto ezagutuz, haiek babesteko bideak aurkitzea errazagoa izango delako.
Euskal Herriko kostaldea leku ona da zetazeoak ikusteko.
Zetazeoak ume, gaztetxo zein helduentzat animalia erakargarriak dira. Horrek erraztu egiten du animaliak babesteko asmoz ezarritako legeak errespetatzea. Ondorioz, ezinbesteko kontserbazio-tresna bilakatu dira.
Mehatxu ugari dituzte zetazeoek. Itsasoko jarduerak eta itsaso zabaleko instalazioek aldaketak eragiten dituzte zetazeoen habitatetan. Gizakiok, guk sortutako hondakin asko (olioak, petrolioa, sustantzia kimikoak, plastikoak...) itsasora isurtzen ditugu. Poluzio horrek eragina du zetazeoetan. Eragina zuzena izan daiteke (plastikozko poltsen kasua, jan egiten dituztelako) edo zeharkakoa (elementu poluitzailea elika-katearen parte bihurtzen denean). Badaude kaltegarriak izan daitezkeen arrantza teknikak ere. Hauez gain, zetazeoentzat, poluzio akustikoa ere oso kaltegarria da. Itsasontzien zirkulazioa, maniobra militarrak, itsas hondoko prospekzioak eta gertakari sismikoak dira mehatxu mota honen eragileak. Entzumena ezinbestekoa da itsas ugaztunentzat. Entzumenari esker, janaria bilatzen baitute eta uretan orientatzen dira. Poluzio mota horren ondorioz, istripuak izaten dituzte, entzumeneko lesioak pairatzen dituzte, eta objektuen arteko distantziak kalkulatzeko gaitasuna galtzen dute. Estresatu egiten dira eta animalien portaeran eta ugalketa zikloetan aldaketak gertatzen dira. Zaindu beharreko animalia basatiak dira. Gu gara gainean daramaten mehatxuen pisuaren errudunak eta etorkizunean, ahalik eta kalte gutxien eragiten saiatu behar dugu.
Sortu zenetik, AMBAR elkartearen jarduerak hainbat fase bizi izan ditu. Beharraren arabera, azpitalde eta sare desberdinak sortu izan dira. Baina, gaur egun, taldearen jarduera horrela banatzen da:
LEHORRERATZE SAREA: SOS Deiak, Eusko Jaurlaritza, Udaletxe, garbiketa enpresa eta bestelako elkarte eta instituzioen laguntzaz, lehorreratze sare eraginkor bat osatzea lortu da. Horrela, kostaldean eta hondartzetan geratzen diren animalia guztien datuak jasotzen dira, kasuan kasu, beharrezko protokoloa martxan jarriz.
Pilotu Izurdea edo Kalderoia ozeano guztietako ur epel eta subtropikaletan bizi da eta Bizkaiko Golkoan urte osoan ikusten da.
BEHAKETA SAREA: Egun, taldearen egoera ekonomikoa dela eta, behaketa proiektu zientifikoak burutzea ezinezkoa da. Orain dela urte batzuk, bi behaketa proiektu zituzten esku artean, bata lurretik egin ohi zen eta bestela itsasontzitik. Baina, dituzten tresnak eta kontaktuak erabiliz, behaketa ez-formalen eremua lantzen jarraitzen dute. Horrela, dibulgazio-irteeretako behaketen datuak erregistratzen dituzte eta baita, itsas ingurunean jarduten duten pertsonek (arrantzaleek, surflariek, ornitologoek, etab.) emandako datuak ere.
DIBULGAZIOA ETA HEZKUNTZA: Itsasontzietan dibulgazio-irteerak egin ohi dira. Irteeretan, animaliei buruz gehiago jakin nahi duten pertsonei, azalpen orokorrak eta zientifikoak eskaintzen zaizkie.
Azpitalde hau dibulgazio materiala prestatzeaz arduratzen da. Hala nola, Bizkaiko Golkoan ikus daitezkeen ohiko eta ez hain ohiko diren zetazeo espezieak azaltzen dituzten liburuxkak egin dira, hiru hilero aldizkari digitala publikatzen da, hitzaldiak antolatzen dira, argazki erakusketak, etab.
Hainbat proiektutan (esaterako, “Pride of Bilbao” ferryan urtez urte egindako behaketa proiektua) jasotako emaitzen azterketaren ondorioz, Bizkaiko Golkoan gutxienez 24 zetazeo espezie desberdin ikusteko aukera daukagula dakigu. Elkarte honen lanaren garrantziaren isla eta aldi berean, bitxikeria gisa, jakin, AMBAReko kideak, Marine Life taldearekin batera, Bizkaiko Golkoan True zifioa (animalia bitxi eta iheskorra) lehenengo aldiz bizirik ikusi zutenak izan zirela.
AMBAR bezalako taldeen arteko informazio trukea oso garrantzitsua da. Horrela, gure kostaldean bizi diren izurde handiak, gutxienez Galiziako kostalderaino mugitu ohi direla jakin ahal izan da.
Azken urteotan, eta Madariaga Dorretxeko “Zetazeoak hamarretan” proiektuari esker, itsasora irteera ugari egin dira. Irteeretan, %88ko begiztatze arrakastatsu tasa izatea lortu dute. Azken honek, elkarteak aspalditik dioena egiaztatzen du: Bizkaiko Golkoa eta Euskal kostaldearen fauna aberastasuna eta biodibertsitatea mundu mailan paregabeak direla.
Katxaloteak buru izugarri handia du, gorputzaren luzera osoaren heren bat hartzen du. Bizkaiko Golkoan, batez ere, udako eta udazkeneko hilabeteetan ikusi ohi da.
Elkartea ikerketa bide berriak bilatzen eta bultzatzen ari da azkenaldian. Horrela, hifrofono baten bidez, urpeko soinuak erregistratzen dituzte. Hidrofonoak, mikrofonoak airean egiten duena egiten du itsasoan. Norvegiako Lofoten uharteetan, besteak beste, pilotu izurdeak eta orkak ikertzen dituen Heike Vester zientzialari ezagunarekin kontaktuan dago elkartea; izan ere, hemen grabatutako animalien soinuak hangoekin konparatzen dituzte, familia kidetasunik ba ote duten zehazteko asmotan. Hortaz aparte, dibulgazio irteeretan ere erabiltzen dute hidrofonoa, helburu ez hain zientifikoarekin, zetazeoen soinuak jendeari entzunarazteko eta animaliak gertuago sentitzeko.
Izurde arrunta (Delphinus delphis): mundu osoko ur epeletan bizi da eta munduko izurderik ugarienetariko bat da. Normalean ur tropikal eta epeletan bizi den arren, plataforma kontinentaleko uretan ere agertu ohi da, eta ohikoak dira Bizkaiko Golkoko uretan. Talde handietan bizi dira eta itsasontzietara hurbiltzeko joera dute, horiek sortutako olatuetan igeri egitera.
Izurde Handia (Tursiops truncatus): izurderik ezagunena da, delfinarioetan erabiltzen dituztelako. Oso animalia azkarra da, eta taldeka bizi ohi da. Munduko itsaso gehienetan bizi da, baina ur beroak atsegin ditu. Espezie honen barruan bi azpi-espezie daude: bata kostaldean bizi da (kostaldekoa), eta animaliak talde txikitan elkartzen dira; bestea ozeano zabalean bizi da (ozeanikoa), eta oso talde handitan elkartzen dira.
Izurde marraduna (Stenella coeruleoalba): mundu osoko ur epel eta tropikaletan bizi da. Bi lerro ilun ditu alboetan. Jauzi eta zilipurdi handiak egiteko joera du. Bizkaiko Golkoan urte osoan ikus daiteke.
Pilotu Izurdea edo Kalderoia (Globicephala melas): ozeano guztietako ur epel eta subtropikaletan bizi da. Gorputz mardula du eta buruan koskor gisako forma. Kolore beltza du. Ur sakonak atsegin ditu eta zefalopodoak jaten ditu. Bizkaiko Golkoan urte osoan ikusten da, neguan eta udaberrian, kostatik gertu, 2 milia baino gutxiagora.
Zere arrunta munduko izaki guztietatik bigarren handiena da. Buru zorrotza du, eta bizarrak ditu ahoan. Gehienez, 26 metro luze izan ohi da. Bizkaiko Golkoan urte osoan zehar ikusi badaiteke ere, ohikoagoa da uda garaian.
Cuvier zifioa (Zhiphius cavirostris): gutxien ezagutzen diren zetazeoak dira zifioak. Gorputz fusiformea eta antzar baten antzeko “moko” berezia dute. Kolorea aldakorra da eta bizkarraldean orbain asko izaten dituzte, dirudienez, euren arteko borroken ondorioz. Bizkaiko Golkoan urte osoan ikus daiteke, eta behaketa gehienak Cap Bretongo arroila (3000 m baino gehiagoko sakonera) inguruan egin ohi dira. Ur sakonetan bizi dira eta zefalopodoak jaten dituzte.
Zere arrunta (Balaenoptera physalus): munduko izaki guztietatik bigarren handiena da. Ozeano guztietako ur epeletan bizi da, eta zenbait populaziok migrazioak burutzen dituzte latitude baxuetako ur epeletatik, latitude altuetako ur hotzetara. Buru zorrotza du, eta bizarrak ditu ahoan. Gehienez, 26 metro luze izan ohi da. Bizkaiko Golkoan urte osoan zehar ikusi badaiteke ere, ohikoagoa da uztailan eta abuztuan (uda garaian) ikustea, migrazio aldian.
Katxalotea (Physeter macrocephalus): buru izugarri handia du, eta gorputzaren luzera osoaren heren bat hartzen du. Bizkarraldeko hegatsaren ordez, triangelu formako gandorra du. Talde bereiziak eratzen dituzte, emeek eta bi sexuetako gazteek alde batetik, eta ar gazteek bestetik. Bizkaiko Golkoan, batez ere, udako eta udazkeneko hilabeteetan ikusi ohi da. Ur sakonak nahiago ditu eta zefalopodoak jaten ditu.
Orka (Orcinus orca): mundu osoko itsasoetan bizi da, nahiz eta askoz ugariagoa den ur hotzetan. “Balea hiltzailea” ezizena izan arren, ez da gizakiontzat arriskutsua. Kostatik urrun dauden ur sakonak nahiago ditu, baina ez da arraroa sakonera gutxiko badiatan sartzen ikustea. Bizkaiko Golkoan maiz ikusten dira orkak, ekainean eta urrian batez ere. Nahiz eta beraien tamaina eta portaera baleen antzekoa izan, izurdeekin batera Delphinidae familiakoa da (hots, “balea” bezala ezagutu arren, izatez, izurdeen antz handiagoa du).
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus