Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Euskal Pizkundeko emakume idazleak: Sorne Unzueta Utarsus

Igone ETXEBARRIA ZAMALLOA

Euskal Pizkundea XX. mende hasieratik Gerra Zibilera arteko aldiari esaten zaio eta bizitzako arlo guztietan izan zuen eragina: kulturan, ekonomian, politikan, herrigintzan... Arkitektura, pintura, musika, literatura, kirola, lanbideak... denean igartzen da. Sabino Aranak horri guztiari kohesinoa ekarri zion proiektu politiko baten bitartez.

Guk hemen emakume idazleak aipatuko ditugu, eta euren artean Sorne Unzueta Utarsus. Esaldi honekin deskribatzen zuen berak bere burua:

Haize gozoak hunkitu egiten nau, haize-erauntsiak ez nau botako, ordea.
Una brisa me conmueve y el huracán no me abate.

Orain urte batzuk haren idazlanak batu eta edizioa prestau nuen. Liburua 1997an argitaratu zuen Labayru Ikastegiak Bilboko Udalaren laguntzaz. Orduan ezagutu nuen nik Sorne Unzueta, 96 urte zituela, kasualitate sorta batek horretara eroanda. Artean ezkutuan zegoen eta hala geratuko zen, zoriagatik izan ez balitz.

Edadea gorabehera, agiri-agirian zeukan Sornek nortasun handiko andrea zena, eta arlo guztiak bizi zituen indar handiz, baita aberri kontuak ere.

Sorne Bilbon jaio zen, Abandon, 1900ean eta Algortan hil 2005ean. Concepción zen izenez, baina euskaldundu zenean Sorne euskal izena hartu zuen, eta idazlanak sinatzeko U’tar S. eta Utarsus erabili zituen. Biak dira gauza bera, Unzueta’tar Sorne.

Emakume ekintzailea

Gizarte gaietan gaztetatik ekintzaile sutsua izan zen. Berak data bat jartzen zuen mugarri, emakumeek botoa emateko eskubidea hartu zutenekoa. Andrak ezin zirela etxean geratu eta gizonei lagundu behar zietela pentsatuz, hainbat zereginetan parte hartu zuen. Emakume izeneko taldeak Ropero Vasco martxan jarri zuenean bera tartekoa izan zen. Mendigoixaleen taldearen euskarri zirenen artean han zegoen, baita poxpolinen artean ere, dantzari-taldeen eragile moduan.

Sorne Unzueta

Sorne Unzueta Bilbon jaio zen, Abandon, 1900ean eta Algortan hil 2005ean.

Horiek baino ezagunagoa da Emakume Abertzale Batzan izan zuen partea, formalagoa izan zelako. Elkarte horretan zuzendaritzako kide izan zen behin baino gehiagotan ardura ezbardinak hartuta. Horrezaz gainera, mitinak ematen zituen Sabino Aranak sortu berri zuen mezua zabaltzen, hau da, euskaldunei esaten euren euskaltasunaren kontzientzia hartu behar zutela, euskaldunon aberria Euskadi dela lau haizeetara zabalduz.

Ekintzaile izate horretan ahalegin berezia egin zuen euskera erabiltzeko. Berak ez zekien euskararik etxetik, baina 16 urterekin ikasten hasi eta, gerora, bai idazteko bai ahoz bai irakaslerako hizkuntza hori erabili zuen eta.

Emakume profesionala

Emakumearen lekua senarraren ondoan eta familia zaintzen egotea dela pentsau arren, Sornek ez zion uko egin etxetik kanpora lan egiteari.

Lehenengo ikasketak Bilbon, Atxurin eginda, Solokoetxen irakaslerako ikasi zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak Auzo-eskolen sarea atondu zuenean, 1920an onartu zen lehenengo andereño euskaldunen promozioa, 26 guztira, tartean zirela Sorne Unzueta, Eulalia Azkuenaga eta Julene Azpeitia.

1922an lanean hasi eta gerrara bitartean eskolarik eskola ibili zen: Errigoitin, Plentzian, Gorlizen, Lemoan, Bedian eta Berangon.

Eskolarako metodologia eta material gitxi euken euskeraz, Luis Elizaldek, orduko eskola-inspektoreak, prestautako oinarrizko material batzuk erabili zituzten batez ere.

Emakume idazlea

Idazlan Guztiak izenburuaz (Labayru Ikastegia-Bilboko Udala, 1997) liburuan argitaratuta daude haren idatziak.

Noiz argitaratu zituen ikusita, aldi bi bereizten dira: 1930-1933 eta 1977-1988. Non argitaratu dituen lanok ikustea komeni da, Euzkerea, Aberri, Bizkattarra, Euzko, Jagi-Jagi, Euzko Gogoa, Euzko Deya eta Zer. Formari begiratuz gero, era askotako testuak ditu. Sorkuntzakoen artean poesia eta ipuinak, eta ganerakoan iritzi-artikuluak. Kopuruaren aldetik olerkiak dira ugarienak (47), eta aldi berean idazle ibilbide osoan jarraipen handiena izan dutenak. Narrazioak 9 eta artikuluak 8, horietatik batzuk gaztelaniaz.

Horrezaz gainera argitaratu barik dagoen nobela bat idatzi du gaztelaniaz, Me voy contigo izenekoa.

Sornek ez dauka idazle kontzientziarik, ez du bere burua idazle ikusten, ezta idazle-talde garrantzitsu baten garaikide ere.

Katalina Eleizegi

Katalina Eleizegi (Donostia 1889-Lizarra 1963).

Idazlanei dagokienez, testu indartsuak dira Sornerenak, sentimentuz beteak eta samurrak, baina labankerietan jausi barik. Maitasuna behin eta berriro aipatzen da modu batera edo bestera, dela ama-semeen artean, maitaleen artean, Jaungoikoarenganakoa, edo aberriari zor zaiona.

Amatasunak indar handia dauka Sorneren idatzietan, bai ama gisa, bai gizartean herria eta Jaungoikoa maitatzen irakasteko ardura amena delako.

Horrekin batera, naturak aparteko lekua hartzen du bere testuetan, egoera eta jarrera askoren adierazpide eta irakaspide moduan. Natura jakintsua da, eta ederra. Eta Sornek zentzumenak zoli dauzka naturaren erakusgarriak ikusi eta hareekin jabetzeko. Inguruaz gozatzen daki, begien aurrean daukan edertasunari erreparatzen, eta konparazioen bitartez irudi eder-esanguratsuak egiten.

Argia-iluna, eguna-gaua, koloreak, maitasuna adierazteko hiztegia ugaria da Sorneren idatzietan, testuak sentitu egiten direla esan daiteke.

Ipuinetan alegi itxurakoak ditu gehien, irakaspen eta guzti. Bere mezua azaltzeko balio dio horrek, zelako jarrerak, jokabideak edo pentsaerak nahi dituen adierazteko bidea da, ipuin baten bitartez modu atseginagoan esanda. Baliteke irakasle izateak ere eragina izatea horretan.

Erbestea atzerrian eta etxean

Orain arteko guztia gerrara artekoari dagokio, behin gerra zibila hasita dena eten egin zen, bai euskal gizartean bai Sorneren bizitzan. Senarra Bilbon utzita Sornek, lau ume txiki hartuta, Frantziara alde egin behar izan zuen. Ahiztarekin joan zen.

Eusko Jaurlaritzako kideen familiekin batera irten zen Goizeko Izarra ontzian, 1937an. Beti izan da Sorne esker oneko orduko Eusko Jaurlaritzarekin, sasoiz atera zituztelako.

Lehenengo Bordelera eta gero San Cristo eta Kanbora heldu ziren.

Gizona Bilbotik Bartzelonara bialdu zuten eta azkenean, urte bi geroago bat egin ahal izan zuten Lourdesen. Bigarren Mundu Gerran ez ziren geldi egon. Juan de Ajuriagerrak eskatuta, senarra erresistentzian sartu zen, alderdi libretik alemanek okupatutako alderdira mezuak eroateko. Leizaola ere inguru hartako erresistentziko euskaldunen taldean sartu zen, eta Sornek ere lagundu zuen.

Behin gerra amaituta, Eusko Jaurlaritzak Parisen hartu zuen egoitza. Leizaolak, lehendakaria zala, Gregorio Erraztiri, Sorneren gizonari, han behar egiteko deitu zion, Euzko Deyako bulegoetan. Hantxe bertan bizi ziren.

16 urte eman zituzten erbestean, eta ondoren, 1953ko azaroaren 20an, Euskal Herrira itzuli ziren. Senarra gaixorik zegoen eta hemen hil gura zuen; beraz, haren gogoa betetzeko etorri ziren. Heldu eta bost egunera hil zen.

Baina esan daiteke erbestealdia ez zela amaitu etxera itzuli orduan; izan ere, Bilbon lagun eta ezagun izandako askok ez zioten ia jaramonik egiten, lehenagoko ikasketak ez zioten balio lan egiteko. Hau da, bai babes aldetik bai diru aldetik, nahiko egoera estua izan zuen Sornek orduko Bilboko giroan.

Frantses eta kultura orokorra irakasten jarri behar izan zuen familia aurrera aterateko.

Errose Bustintza

Errose Bustintza Kirikiñoren iloba zen.

1968tik aurrera hil arte Algortan bizi izan da.

Beste emakume idazle batzuk ere ekarriko ditugu, azaletik baino ez bada ere.

ERROSE BUSTINTZA MAÑARIKO (Mañaria 1899-1953)

Erroseren biografiaz ia ezer ez dakigu. Errose Kirikiñoren iloba zen, eta aldi berean koinata, Kirikiño bere ahiztarekin ezkondu zen eta. Badakigu Kirikiño eta ahiztarekin bizi izan zela ere, bera ez zelako ezkondu.

Emakume Abertzale Batzako langile fin eta baliotsua izan zela dakigu bere artikuluetan halakoen aipamenak egiten ditualako, eta baita berari buruz ere.

Errose Bustintza Euzkadi egunerokoan hasi zen idazten, Euzkel-Atala deitzen zen orrialdean, osaba hil eta gero. Idazle moduan, Errosek batez ere Euzkadi egunkarian idatzi zuen, baina beste aldizkari batzuetan ere bai, Ekin eta Euzko Enda adibidez. Gehien baten ipuin-idazlea dogu, oinarri mitologikoa daukaten ipuinak, alde batetik, eta ipuin miresgarri edo harrigarriak bestetik. Erroseren ipuin zein kontaera-gaiak herri-herrikoak dira, argudio jakinekoak, baina ez da trasnkripzioa egitera mugatzen, bere ukutua ematen die. Euzkadin Lauaxetak asko bultzatu zuen folklorea eta herri-gaiak batzea, eta Mañariko horretan behargin fina izan zen.

Haren ipuin-bilduma bi egin dira, Ipuiñak (Gero, 1990) eta Ipuinik ipuin Mañarian gora (Labayru Ikastegia, 2009).

PANTZESKA ASTIBIA ONINTZE

Honetaz ezer ez dakigu. Tolosa ingurukoa ei zen, nahiz eta Bizkaian asko ibili. Batez ere poesia idatzi zuen, eta besteen idatzietan ageri diran gai bardintsuak topauko doguz: maitasuna, aberria, Jaungoikoa... Jon Kortazarrek modernistatzat joten dau erabilten dituan irudiakaitik, naturagaz egiten dituan jokoak eta abar.

KATALINA ELEIZEGI (Donostia 1889-Lizarra 1963)

«Euskal antzerki modernoaren ama» dala esan izan da. Izan ere, batez ere antzerkian nabarmendu zen. Harek idatzitako antzerki-lanak antzestu ere egin ziran eta bere garaian harrera beroa euki zuten kritikari eta ikusleen aldetik.

Balendi?e Albizu

Balendiñe Albizu (Zumaia 1914-2002).

Gehien aipatzen direnak dira Garbiñe (1916), Loreti (1918), Yatsu (1934) eta Katalina Erauso (1962). Ha ta guzti ere gehiago idatzi zituan.

Sasoi honetan antzerki asko egiten ziran, herri guztietan egozan antzerki-taldeak, batzokietan ere ohiko jarduera izaten zen. Baina danen artean, Donostia zen euskal antzerkiaren gunea garai hartan, eta sariketa ugari antolatzen zituzten udal eta aldizkarietan. Aberria, jainkoa eta emakumea berba klabeak dira haren idazlanetan.

BALENDIÑE ALBIZU (Zumaia 1914-2002)

Hau ere abertzaletasun girotik dator. Gaztetan, hamalau urtegaz hasita, Julio Beobide eskultorearen modelo izan zen, eta esperientzia hori aberasgarria izan zuen berak. Hortik gora gaztaroa batzokiko giroan murgilduta eman zuen, batez ere antzerkian.

1937an, Gernika bonbardatu orduan, han suertau zen bera. Ordukoa da bere lehenengo poema, “Gernika sutan”, Gernika ez ebela euskaldunek erre zabaldu guran.

Gerra etorri zenean, erbestera joan behar izan zuen. Venezuelan eman zituen ganerako urteak.

Venezuelatik aireratzen zen Euzkadi Irratian ere parte hartzen zuen zumaiarrak. 1972ra arte ez zen bere lanik argitaratu Euskal Herrian.

Maitasunaren arlo eta mota guztiak jorratu ditu Balendiñek bere poemetan. Poema asko eta asko ditu idatziak gai politikoen inguruan ere.

Idazle abertzalea da, euskalzalea. Erbesteratua izanik, herrimina agiri-agirian dauka.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia