Fuente: Wikipedia
Ramon Antonio Artola.
Ramon Antonio Artola Larrañaga euskal idazlea eta antzerkizalea izan zen. Sortzez tolosarra izan arren, bizitzaren alderik handiena Donostian eman zuen.
Bigarren karlistaldian liberalekin ibili zen boluntario, karlistek Donostia inguraturik eduki zutenean, Bilintx, Serafin Baroja eta beste hainbat euskaltzale bezala.
Bere lehen poemak Jose Manterolaren Cancionero Vasco obran argitaratu ziren eta, geroztik, gehienak Euskal-Erria aldizkarian kaleratu zituen.
Bere lehen lan ezaguna Gipuzkoa-ko Probintziaren kondaira laster bat Españiako beste zenbait pasarterekin. Itz neurtuzko moldaeran.
Antonio Zabalak zuzendutako Auspoa saileko lehen alea Ramon Artolari eskainia da, Sagardoaren graziya ta beste bertso asko izenaz. Liburu horrek bere lanaren zati txiki bat besterik ez zuen jaso. Izan ere, poema asko eta asko idatzi zuen. Bertsolarien molde zaharretan, estilo bizi eta gozoa du bere bertsoetan.
Sari asko irabazi zuen Ramon Artolak bere poemekin, besteak beste 1884an Itziarren egin ziren lore-jokoetan.