Fuente: Lur Hiztegi Entziklopedikoa
Jesús Galíndez Suárez.
Amurrion jaio zen 1915ean eta Panaman hil 1956an. Jose Antonio Aguirre lehendakariaren laguntzaile hurkoa. Madrilen egin zituen zuzenbideko ikasketak, bere aitaren heriotzaren ondorioz han bizi baitzen bere familiarekin. 1932 geroztik EAJ-PNV-ko kide zen.
Gerra Zibilaren garaian erbesteratu zen. Dominikar errepublikan 6 urte eman zituen eta gogor eraso zion Trujillo diktadoreari. Horren ondorioz, Estatu Batuetara alde egin behar izan zuen, bertan Euzko Jaurlaritzako ordezkari izanik 1946-1956 bitartean. 1956 urtean desagertu egin zen, dirudienez, Trujillok bahitu eta hil zuen.
Liburu eta artikulu asko eta asko idatzi zituen, zuzenbidearen eta historiaren gainean bereziki: Fantasias y realidad entorno a las Juntas Generales Vascas (1934), La aportación vasca al Derecho Internacional (1942), Principales conflictos de leyes en la América actual (1945); El derecho vasco (1947). Filosofian doktoretza tesi garrantzitsua idatzi zuen La era de Trujillo: un estudio casuístico de dictadura hispanoamericana, arazo ugari ekarri zizkiona. Elkarte askotako kide eta bultzagile izan zen eta hitzaldi asko eman zituen.