Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Antton ARRIETA, Aranzadiko bazkidea
Dagoeneko 2004. urtean ezagutu genituen Eusko Jaurlaritzaren EAEko Toponimia-Datutegiak eskaintzen dituen eta Zigoitiko udalerrian (Araba) kokatzen dituen Gasteluzegana (X = 520.871,90; Y = 4.753.946,50) eta Gasteluzoste (X = 520.759,10; Y = 4.754.168,00) leku-izenak, gaina eta aurkintza gisa sailkatuak hurrenez hurren.
Garai hartan gure lurralde guztietan zehar ibili ginen gaztelu bila. Euskaldunok azken 700 urteetan gerra eta gudu guztiak galdu ditugu, eta horren lekuko ere badira Erdi Aroko gazteluak, inguruko herrialde garaileetakoekin alderatuz gero, askoz egoera txarragoetan baitaude, zutik iraun baldin badute. Erronka zen 100 gazteluren aztarnak aurkitzea, eta Ikastolen Elkarteak argitaratutako Euskal Herriko 101 Gaztelu izan da hori guztiaren emaitza.
Gasteluzegana toponimoaren tokian aztarnak bazeuden begi-bistan, ezponda txikiek sortutako pare bat lerro gaintxoaren inguruan. Baina apalak izateaz gain ez genuen ezagutzen haien historia, ezta zeren hondakinak ziren ere, eta ez genuen lanerako aukeratutakoen artean sartu.
Gaztelugaineko muinoa. Ikuspegi orokorra ipar-mendebaldetik begiraturik (2005. urtea).
Arabako gazteluen errolda egiteari ekin genioenean, berriro bi toponimo horiekin topo egin genuen. Baina biak biziki interesagarriak bilakatu ziren Gerardo López de Guereñu Galarragaren Toponimia Alavesa (Euskaltzaindia, 1989) lan ederrean leku-izen hauek ikustean beraien datuekin: Gastelucegana, Letonako gaina, Gastelugoste, Letonako leizea, eta Gazteluzagana eta Gazteluzaostea, 1703, Letonako lur-sailak.
1703. urtean aipatu bazituzten, aztarnak ezin dira izan Arabako lurretan urradurak egin dituzten azken talka armatuen ondorio (Konbentzio gerra, Napoleonen aurkako gerrak, bi karlistaldiak eta 1936koa), eta, beraz, gutxienez Erdi Arotik etor daiteke izenen jatorria.
Jakin bagenekien Gaztelugaina toponimoaren kokapena interesagarria zela oso, Arabako lautadako ertzeko lehenengo muinoetan baitago, eskualde batzuen arteko bideen ondoan gainera. Baina, oraingo honetan, gainaren kokalekuak ere piztu zigun arreta, muino luze batean baitago, eta gainalde oso hori Gorbeiatik datorren Zaia ibaiak ipar, eki eta hegoaldetik induskatuz sortu zen. Horren guztiaren emaitza da kareharrizko muino bakartu bat, mendebaldetik ekialdera luzatzen dena, eta ibaiak hondeatutako hiru aldetan ezponda erpinak dituena. Toponimia-Datutegiaren arabera, Gazteluzegana da tokirik garaiena eta, Gasteluzoste, gain horren atzetik, Letonako hirigunetik begiraturik, geratzen den bazter bat, 250 bat metrora.
Muinoko gailurraren inguruko ezponda txikiak mendebaldean (2005).
Beste bisita batzuetan, erakarritako lagunekin dagoeneko, Erdi Aroko zeramika puskak jaso genituen hainbat tokitan, landaretzak hartzen ez dituen tokietan, eta hego ezponda bateko toki zehatz batean barreiaturik harearrizko harriak, alde bat belztuak, ziurrenik labe bati zegozkionak. Geroago, murru paraleloen aztarnak ezpelen artean...
Herrian Guereñuren Gastelugoste koba aipatu zigun bertako alkate ohiak, eta orain ezagunagoa dela El Chopo izenarekin gaineratu zigun. Sarreran dagoen makal handi eta bakarti bat da izenaren aldaketaren eragilea eta lagungarria gertatzen da leizea topatzeko.
Muinoaren ipar-ekialdeko ertzean geratzen den leizea, bera ere Gaztelugainetik atzerago Letonatik ikusita, ezaguna da, eta dagoeneko krokisa eta deskripzioa argitaratu zituen 1961. urtean espeleologia zaleen talde batek. Apodakako egitura karstiko ikusgarria ikertzen ari zirela leizea miatu eta aztertu zuten.
Baina orain koba horretaz gauza gehiago esan dezakegu. Osoa edo zati handi bat, gizakiak induskatua da, ur bila, lur azpian doan Zaia ibaiaren ur bila hain zuzen. Uberkaren beste aldean, ibaiaren ezkerraldean, geratzen den Zambolinos edo Lezamolino dolina edo sakonune karstikoko bi kobazuloetan agertzen da erreka. Handik ura ekar zezaketen muinoko okupatzaileek, baina Gastelugoste induskatua, bizilekutik atera gabe eskura zezaketen behar zen ura. Jasotze-lana erraztearren, leizearen sabaia zulatu zuten, egindakoa ohiko putzu bihurtua. Toki horretan, bertikalean, leizeko lur-zorua bederatzi metrotara geratzen da, gertuko ibai lehorraren uberkaren maila baino beherago hain zuzen.
Muinoko hegoaldea Zaia ibaiak indusitako ezponarekin, erraz defendatzeko (2012).
Gasteluzeganaren inguruan sortutako toponimo multzoa aztertuta, Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko Mikel Gorrotxategiren aburuz, Gazteluluze izena izan daiteke horren guztiaren abiapuntua. Zalantza izpirik gabe, zerbait indartsu zen sortzailea, deiturak mendeak iraun eta inguruan euskara desagertzearen prozesua gainditzeaz gain, aldamenean beste leku izen batzuk sortu zituen gaina, aurkintza, lur-sailak eta leizea izendatzeko balio zituztenak.
Leku-izenen biltzaileei esker, arkeologoen esku dagoen aztarnategi bat aurkitu dugu. Ziurrenik ezingo dugu gaztelu gisa sailkatu eta Arabako gotorleku mota horren zerrenda luzatu, arkitekturaren ikuspuntutik finkatutako hasierako baldintzak ez baititu beteko. Gaztelua horrela definitua dago: Erdi Aroko gotorlekua, dorrez eta hormatalez barruti bat sortzen duena, hirigune bat barneratu gabe. Itxuraz, orain arte katalogatu gabeko herrixka bat izan zitekeen muinokoa, gutxienez 250 metro luze eta 60 metro zabal, eta erabileraren garaiak aztertzear daude. Hipotesiak ere ez dira falta, handiak eta txikiak: agirietako eta kroniketako Victoria Zaharra, Burdin Aro eta Behe Erdi Aroko herria...
Antso Jakitunak Gasteiz fundatu zuenean 1181. urtean, hiribilduari Nova Victoria deitu zion. Horrek behartzen du beste Victoria bat egotera, eta beste hori ere izan daiteke Leovigildo errege bisigodoak sortutako Victoriaco (581 urtea) herriaren ondorengoa. Victoria Veterem (Gasteiz Zaharra) aipatzen du latinez geroago Ximenez de Radak Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroako Erresumari konkistatutako gotorlekuen artean, 1199-1200 urteetan. Baina adituek ez dute herri zahar horren kokalekua zehaztu eta proposamen batzuk plazaratu dituzte: Gasteiz bera, Iruña-Veleia, Zuiako Bitoriano herria... Orain, beste aukera bat dago.
Ikusten denez, toponimia biltze-lanak ez dira alferrik, baliagarriak baitira askotan, baina lan hori ere ondo egin behar da. 2005. urtean udalak argitaratutako Zigoitiko mapa lan txukunean (autobideko Letona irteera-sarrera jasotzear geratu zen), esate baterako, leizea adierazteko Gastelugoste izen historikoa desagertu da tamalez, El Chopo izenak ordezkatua.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus