Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Serapio Mugica Zufiria.
Zuzenbidea ikasi zuen Zaragozan, eta notario titulua jaso zuen —horretan lan egin ez bazuen ere—. Boluntario liberala izan zen II. Karlistadan.
Berari zor diogu Foru Aldundiak 1892an hasitako Gipuzkoako artxiboen antolamendu eredugarria. Gizon arduratsua eta trebatua zen, guztiz, eta probintzia osoa zeharkatu zuen, hainbat herritako artxiboak antolatzeko: Zestoako, Aizarnazabal, Ezkioga, Zumaia, Zumarraga, Donostia, Irun, Hondarribi, Errenteria, Oiartzun, Ordizi, Eibar eta Astigarraga. Bide batez, parrokietako gordailu ugari konpondu zituen. Laurencin markesak haren lana Espainiako udalek jarraitu beharreko eredutzat hartu zuen. Hala ere, Mugika ez zen antolamendu-lanetan bakarrik aritu, haren irakurketen, interpretazioen eta aurkikuntzen harira balio historiografiko handiko liburu eta artikulu serie bat idatzi baitzuen. Horri esker, Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide izendatu zuten, baita Frantziako Akademiako ofiziala, kronista eta Gipuzkoako seme kuttuna ere. 1932an erretiratu zen, eta Eusko Ikaskuntzako Batzar Iraunkorreko Historiaren bokal izendatu zuten, 1933-1937 aldirako. 1934ko abenduan, erakunde bereko lehendakariorde izendatu zuten.