Lorenzo Agirre Sanchez margolaria Iruñean jaio zen 1885eko azaroaren 14an

Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Lorenzo Agirreren “Pajea”

Lorenzo Agirreren “Pajea”.

Hamaika urte zituela pintura ikasketak hasi zituen Alacanten, eta orientazio ona jaso zuen Arcoy herrikoa zen Lorenzo Casanovas margolari famatuaren eskutik. Haren laguntza funtsezkoa izan zen margolari ona bilakatu zedin. Urte batzuk beranduago, 1899an, hain zuzen, Madrilera joan zen, bere ezagutzak zabaltzeko asmoz, eta Pintura, Eskultura eta Grabatu Goi Mailako Eskolan hasi zen.

1901ean, Frantziako hiriburura joan zen eta bere ezagutzak areagotu zituen, eszenografiari dagokionez, bereziki, Gran Operaren tailerretara bertaratzearen ondorioz. Pariseko egonaldi horretan, Bailly eta Gambon maisuen dizipulua izan zen.

Margolaria izateaz gain, Lorenzo Agirre artista polifazetikoa ere bazen: eszenografoa, kartelgilea, idazlea, eta kazetaria, besteak beste.

Lorenzo Agirreren obra beti egon zen garai hartako Espainiako giza eta kultura errealitateari lotuta. Karikatura-egilea zen aldetik, nahi zuenari buruz ironiaz hitz egiteko aukera zuen. Marrazki sinpleetan mezuari ematen zion nagusitasuna, teknikari eman beharrean.

Agirrek garaiko arteari egindako ekarpen nagusienetako bat enkaustikaren erabilera izan zen. Teknika konplexua eta neketsua zen, non koloreak argizariarekin eta suarekin lantzen ziren; oso ondo egokitzen zen margolariak bere azken urteetan landu zituen eszena erlijiosoetara. Erretratua, ohitura-eszenak eta gai erlijiosoak izan ziren, hain zuen ere, bere pinturaren gai nagusiak.

[+] Informazio gehiago

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia