Mikel Laboa 2008ko abenduaren 1ean zendu zen Donostian

Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Mikel Laboa

Mikel Laboa.

Medikuntza ikasi zuen eta Donostiako San Miguel Patronatuko haurren neuropsikiatriako unitatean garatu zuen funtsean, lan hori musika ibilbidearekin uztartuz. 1953an lagun batek Atahualpa Yupanqui taldearen disko bat oparitu zion eta Hegoamerikako musikaren edertasunaz jabetu zen eta era horretako abestiak interpretatzen hasi zen. 1963an Laboak euskaraz abestu zuen lehen aldiz jendaurrean Zaragozako Argensola antzokian. Abesti tradizionalez eta Iparragirre ospetsuaren kantaz osatutako errepertorio bat eskaini zuen han. Garai hartan hainbat abeslarik bakanka kantatzeari ekin zioten, esate baterako, Iriondo, Lete, Lertxundi edota Lekuonak. Laboak antzina, besteak beste, Azkue, Aita Donostia edo Riezuk jasotako euskal folklorearen inspirazioa bilatzen zuen.

Egun mitikoa den talde baten sortzaileetako bat izan zen. Talde horri esker, bakanka aritzen ziren artista gehienak batu ziren: Ez dok amairu (1965-1972) taldea euskararen birsorkuntzaren adierazle estetikoa izan zen 60ko hamarkadan. Gerora, Baga-Biga-Higa muntaian murgildu zen, Josean Arza taldearekin batera, 1970ean antolatu zuena. 1972an Ez dok amairu taldea desegin zen eta Laboak abesten jarraitu zuen Jose Maria Zabala gitarra-jotzailearekin batera. 1974an Bat-Hiru album bikoitza kaleratu zuen, abesti tradizionalak, garai hartako poemak eta musika esperimentala barneratzen dituena. Disko hori euskal musikaren ikur bihurtu zen. 1984an Iparralden berragertu zen eta hainbat jaialditan erakutsi zuen fase berria azaldu zuen. Jaialdi horien artean 1984ko urrian Luis Llach musikariarekin batera Donostiako Anoeta kiroldegian eskaini zuena nabarmendu behar da. 1985etik aurrera, Iñaki Salvador piano-jotzailearekin kolaboratzen hasi zen eta harekin jazz mundura hurbildu zen, sarritan, Josetxo Silguero saxofoi-jotzaileak lagunduta.

Pixkanaka eta osasun arazoak zirela medio Mikel Laboak grabaketa batetik bestera eta kontzertu batetik bestera gero eta tarte gehiago uzten zuen. 2006an agertu zen azken aldiz oholtza gainera, Bob Dylanek Donostiako Zurriola hondartzan emandako kontzertuan.

[+] Informazio gehiago
Mikel Laboari elkarrizketa (1999)

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia