Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Aurelio Arteta.
Euskal pintore garaikide garrantzitsuena dela esan ohi da. Bilbon jaio zen 1879ko abenduaren 2an.
14 urte zituela Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen. Urtebetez marrazketa eta beste ikasgai batzuk jorratu zituen. Txirotasunak behartuta bere familia Valladolidera mugitu zen. Arte eta Ofizioetako irakasle Jose Martin jaunaren ikaslea izan zen. Halaber, Luciano Sanchez Santare irakaslearen ikasle partikular izan zen. 1897an Madrilera jo zuen. Han San Fernandoko Arte Ederretako goi-eskolan ikasketak burutu zituen. Hiri horretan ikaskide izan zituen Elias Salaverria, Jacinto Olave eta Jose Maria Lopez Mezquita.
Bost urte egoera txarrean bizi ostean, zorionak Parisen ikasteko aukera eman zion: 1902an Bizkaiko Foru Aldundiak ikasketa-pentsioa onartu zion. Han Quintin de Torre eskultore izan zuen bizikide Montmartre auzo ospetsuan. Puvis de Chavannesen pintura soziala ezagutu zuen. Hala, jende apal, arrantzale, langile eta nekazarien gaiarekiko zuen atxikimendua sendotu egin zen. Hiru urte beranduago, 1905ean, irteera artistikoak egin zituen, besteak beste, Erroma, Florentzia, Milan eta Italiako beste zentro artistiko batzuetara. Bere kritiko guztiek esaten dutenez, bidaia horiek eragin itzela izan zuten pintorearengan.
Egin zituen obra askoren artetik hauek nabarmen daitezke: Federico de Zabala jaunaren egoitzan olio-pinturaz egindako murala (Getxo, 1908); Madrileko Bilboko Bankuko atondoko freskoa; Diozesiar Seminarioko kaperan egindako freskoa (Logroño, 1925); Pedro de Zubiaur jaunaren erretratua, 1928an egin zuena Gernikako Batzar Etxeko euskaldun ospetsuen galeriarentzat. Mandatu modura erretratu ugari pintatu zituen, horien artean, Ramon de Madariaga jaunaren familia agertzen duen dimentsio handiko bat azpimarratu behar da (1923). Bere pintura-obra nabarmenen artean hauek aurki daitezke: Parejita vasca, Los hombres del mar, lehen domina eman ziona Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (1932) eta XIX. Veneziako Bienalean lehiatu zena; Bañistas, Pinturako Sari Nagusia (1930), Madrileko Arte Garaikidearen Museo Nazionalean ikus daitekeena. Eva arratiana, Layadores, Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoaren Museoaren jabetzakoa; Coloquio en Campos de Sport, Bilboko Club Atlético de Bilbao Bildumakoa; eta, Naúfragos, Madrileko Arte Garaikidearen Museoan aurki daitekeena.