Idatzi

Egilea

Argazkiak

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Lehen Mundu Gerra, Eskualduna astekarian

Eneko BIDEGAIN

Tesi honen helburua izan da Eskualduna astekariak Lehen Mundu Gerra nola aipatu zuen ikertzea. Abiapuntu gisa hartu dugun hipotesia izan da Eskualduna-k Ipar Euskal Herriko gizartea frantsesten parte hartu zuela gerlaren aldeko eta Frantziaren aldeko mezua zabalduz. Hori berresteko, hasteko, testuingurua xeheki aztertu dugu, hala nola Eskualduna astekaria bera noiz eta nola sortu zen, zer zen, nork idazten zuen eta nola kokatzen zen orduko testuinguru politikoan. Halaber, gerla bera nola piztu zen, zer bilakaera izan zuen eta Eskualduna astekarian zer ondorio izan zuen aztertu dugu. Bigarrenik, astekariak gerlaren zer deskribapen egin zuen aztertu dugu. Azkenik, ahalegindu gara ikusten zer asmorekin hartu zuen astekariak Frantziaren eta gerlaren aldeko jarrera.

Astekaria 1887an sortu zuen Louis Etcheverry politikari bonapartistak, hilabete batzuk lehenago Martial Henry Berdoly hautetsi “gorriak” sortu zuen Le Réveil Basque-ri erantzunez. XIX. mende bukaeran polemika biziak izan ziren Frantzia laikoaren eta giristinoaren aldekoen artean, eta Eskualduna laikotasunaren aurkari sutsua izan zen. Gerla lehertu zenerako, Eskualduna astekari garrantzitsu egina zen Ipar Euskal Herrian, astero 7.000 ale saltzen baitzuen. Barnealdeko herrietan saltzen ziren aldizkarien artean salduena zen, gehiengo handiz.

Gerla lehertu aitzineko hamarkadetan, Europan nazionalismoak piztu ziren, eta estatu-nazio handien eraikuntza prozesua bizkortu zen. Frantziak desohore handi gisa bizi zuen 1870ean Prusiaren kontrako gerla galdu eta Alsazia eta Lorrena eskualdeak haren esku utzi izana. Orduz geroztik, Alemaniaren kontrako errebantxaren bila ibili ziren urte haietan zehar. Frantses izaera indartzeko ahaleginak oro egin zituzten, eta bide horretan, herri guztietan frantsesa irakasteari lehentasuna eman zioten. 1914ko agorrilaren 1ean gerla lehertu zelarik, gerla eta mobilizazioaren harira, Frantzian batasun sakratua indarrean jarri zen, Zurien eta Gorrien arteko liskarrak izoztu ziren, eta denek bat egin zuten Alemaniaren kontra. Hots, Frantziako nazioaren eraikuntzan urrats bat gehiago izan zen, zatiketa guztien gainetik, frantses guztiak —eta baita euskaldunak ere— Frantziaren defenditzera joan baitziren.

Argazkia: Eneko Bidegain

Andereen Bidean berean eraiki zuten monumentua, euskal soldaduen omenez.

Gerla hark zuzeneko ondorioak izan zituen Eskualduna astekarian, gainerako aldizkari eta egunkarietan bezala. Zenbait aldizkari desagertu baziren ere, euskarazko astekari horrek aitzina segitu zuen, orrialde gutxiagorekin eta erredakzio talde murriztuago batekin bazen ere. Hainbat erredaktore gazte gerlara joan izana aukera ona izan zen Eskualduna-rentzat, gerlako lekuetatik beretik soldaduen bizipenak kontatzeko, erredaktore horiek ia astero igortzen baitzuten beren kronika. Horrez gain, batasun sakratuaren giro hartan, eta frantses abertzaletasun agerraldi orokor hartan, aldizkari guztiek mezu bera edo bertsua zeukaten, denek bat egin baitzuten Frantziaren alde.

Gerlari buruzko informazio orokorrak —politikoak eta estrategikoak— azaltzerakoan, xehetasun guti ematen zuten, ez bazen errateko gerlaren erantzule bakarrak alemanak zirela. Oro har, ez zituzten aipatzen Aliatuentzat gaizki itzulitako guduak; ez zuten aipatzen gudu batetik landa alemanek egin zutenean aitzinamendua. Aipatzekotan, garaipenak aipatzen zituzten. Kontua zen beti baikor gelditzea, gerlaren garaipena beti ziurtzat jotzea. Alde horretatik, guduen ondorioz jasaten zituzten zauri eta heriotzak aipatzen bazituzten ere, hori gerlaren ondorio ilunen lerroan ezar bazitekeen ere, heriotza horiek kausa justu baten aldeko sakrifizio gisa aurkezten zituzten, inoiz ez alferrik galdutako bizi batzuk bezala.

Guduez berez baino xehetasun gehiago eman zuten gerlako lekuez eta hango bizipenez. Biziki ongi esplikatu zuten nolakoak ziren gerlako lekuak, nola egituratuak ziren lubakiak eta gibel lerroak, zein ziren lubakiak egiteko edo antolatzeko egin behar izaten zituzten lanak eta abar. Halaber, lehen lerroetako baldintzak zein gogorrak ziren ere deskribatzen zuten, batzuetan serio, beste batzuetan umore kutsu batekin. Eskualduna-ko berriketariak ez ziren baldintza gogor horiez kexatzen; onartu beharreko prezio gisa aurkezten zituzten, prest ziren hori jasateko, Frantziaren alde.

Eskualduna garbiki ageri zen Frantziaren alde, bai, bat egin baitzuen batasun sakratuaren giroan, informazio urriak eta zentsura onartzearekin, bai guduaren kontakizuna beti Frantziaren aldeko ikuspegitik egiten baitzuen. Baina euskaldun gisa ere berezitasun bat ekarri zuen astekari hark. Gerla lekutik idazten zutenek garbiki erakusten zuten euskaldunak zirela, eta beren herria gogoan zutela. Herriminak presentzia handia zuen haien testuetan, Euskal Herriko lekuen eta etxekoen falta sentitzen zutela adierazten zutelako, eta gerlako lekuan euskaldunek elkarretaratzeko joera zutelako. Baina jarrera hartan ez zen Euskal Herriari begirako kontzientzia politikorik ikusi behar. Herrimina soldadu guztien artean sentitzen zen zerbait zen, etxekoen falta baitzen oroz gainetik nabaritzen zena.

Artikuluz artikulu argi ageri zen Eskualduna-ren lurralde ikuspegia Frantziakoena bezalakoa zela. Haientzat, Ipar Euskal Herria Frantziako eskualde bat gehiago zen. Logika horrekin, Ipar Euskal Herriko euskaldunak ere frantsesak ziren, Eskualduna-ren arabera, eta beraz, Euskal Herriko soldaduak eredugarri gisa aurkeztu zituzten. Hainbat puntutan erakutsi zuten zein soldadu onak ziren. Euskaldunak bereziki diziplinatuak zirela erakutsi nahi izan zuen.

Soldaduen hirugarren ezaugarria fedea zen, Eskualduna-ren arabera. Erlijioak leku handia zuen astekari horren edukietan. Garrantzia handia ematen zion gerla lekuetan fedearen berreskuratze agerraldien azpimarratzeari. Lubakietan zeuden soldaduak giristinoagoak zirela erakutsi nahi zuen, otoitzari eta mezari zioten atxikimendua azalduz. Jainkoa bera ere Frantziaren alde zela ohartarazi zuen kazeta honek, jendeari otoitz egiteko deia eginez bezala. Gertatzen ziren garaipenak Jainkoari zor zitzaizkiola idazten zuten behin eta berriz. Ildo horretan, apaizek Frantziaren alde gerla egiten zutela eta haietarik anitzek bizia galdu zutela ere azpimarratu zuten.

Eskualduna astekariaren lehen orrialdea, 1914

Eskualduna astekariaren lehen orrialdea, 1914ko agorrilaren 7koa.

Hori apaiz batzuen betiko solasa izan bazitekeen ere, testuinguru politikoan kokatu behar zen. Nahiz eta batasun sakratu bat izan zela idatzi dugun, eta batasun hori Eskualduna-n ere nabaritu zela egia izan, hastapenean aipatu ditugun gatazka politikoak —Eskualduna-ren sorreran eta lehen urteetan bizi-bizi zirenak— islatu ziren gerlako kontakizunetan ere. Estatuaren eta Elizaren bereiztearen ondorioz Frantziatik erbesteratu ziren eta gerla egitera itzuli ziren fraideen egoerak oihartzuna izan zuen astekarian, eta oihartzuna baino gehiago, horren gibelean fraide horien egoeraren konpontzearen eskaera ere ikusi behar zen. Ororen buru, batasun giroa ez zela hain sendoa agerian gelditu zen. Batzuek apaizei leporatzen bazieten ere ez Frantziaren alde izatea eta gerlan ez aski inplikatzea, Eskualduna-k, alderantziz, ezkertiarrei leporatzen zien ez aski egitea Frantziaren alde eta bakea egin nahi izatea garaipena segurtatu baino lehen. Polemika haiek lekua zuten bitartean, astekari honek goraki azpimarratzen zuen soldadu euskaldun giristinoak frantses soldadu onak zirela. Frantzia, izaera laikoaren gainetik, herrialde giristino bat zela aldarrikatu zuen Eskualduna-k.

Bi publiko eta bi helburu izan zitzakeen mezu horrek. Batetik, Eskualduna astekariko gehienak edo guztiak zeuden, hala nola giristinoak. Irakurle gehienak edo guztiak giristinoak zirela diogu, mezatik ateratzean saltzen baitzen Eskualduna, eta beraz, giristinoek erosten zutela ondoriozta daitekeelako. Irakurle fededun horiei fedearen baitako konfiantzan tinko jarraitzeko deia egiten zieten gisa hartan. Fededunei berretsi zieten merezi zuela giristino izateak. Bere ohiko irakurlegotik urrunago begiratuz, mezu horrek balio zuen fedetik urrunduak zirenengana heltzeko ere. Fedegabeei erran nahi zieten Frantzia Jainkoari eta fededunen otoitzei —eta sakrifizioari— esker salbatuko zela. Hori modu bat zen berriz giristino egin zitezen konbentzitzeko edo, horretara heldu gabe ere, gutxienez fededunak eta apaizak errespeta zitzaten eskatzeko. Funtsean, Eskualduna-k erlijio giristinoaren aldeko propaganda egin zuen Lehen Mundu Gerraren harira. Giristinotasunaren fama hobetzeko ahalegina egin zuen, legeari begira eta gizarteari begira, eragina galtzen ari ziren elizgizonek eragina berreskura zezaten.

Horregatik diogu Eskualduna gerlan inplikatzea ez dela bakarrik ulertu behar edozein frantsesek eginen lukeen gisan, frantses abertzaletasun soil batek bultzaturik gertatu zen zerbait bezala. Eskualduna guztiz frantses agertu zen, Frantziako Estatuak marjinatu zituen erlijio gizonak eta instituzioak Frantziaren baitan defendatu nahi zituelako. Eta asmo horren inguruan harilkatu zituen hiru nortasun edo izaerak: euskaldunak giristino eta frantses onak ziren aldi berean. Frantses on izateko, euskaldun on izan behar zen, eta euskaldun on izateko giristino on. Beraz, frantses on izateko, giristino on izan behar zen. Euskal nortasuna giristinotasunaren eta frantses izaeraren arteko zubi gisa ikusten zuten; eta giristinotasuna euskal eta frantses nortasunen arteko zubi gisa ere bai.

Ondorio gisa, Eskualduna-k erabat bat egin zuen Frantziarekin, eta Ipar Euskal Herriko gizartea frantsesten parte hartu zuen, etengabe Frantzia goraipatuz, euskaldunak frantses soldadu eredugarriak zirela azpimarratuz, eta fededunak ere giristino onak zirela nabarmenduz eta alderantziz. Euskaldunak fededunak zirela garbi utziz, nortasun hirukoitz bat erakusten zuen astekariak: euskaldun, fededun eta frantses izatea nortasun beraren hiru erpinak zirelako mezua zabaldu zuen.

Beren irakurleak, euskaldun gisa edo giristino gisa edo biak batera, frantsesak zirela azpimarratuz, irakurleei zabaltzen zieten mezua hori zen: “frantsesak zarete”. Astekariak zuen irakurle kopuru handia kontuan harturik, argi da Ipar Euskal Herriko gizartearen baitan nortasun frantsesa zabaltzeko eragile bat izan zela.

Hasierako argazkia: Craonelleko hilerria, Andereen Bidearen behereko partean. Euskaldun anitz bada bertan ehortzirik.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia