Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Bilbon jaio bazen ere, Gasteizen bizi izan zen eta bertan egin zuen bere ibilbide artistikoa.
Berrogeita hamarreko hamarkadan, Arabako Pintura Erakusketetan (1956az geroztik, Arabako Arte Lehiaketa) parte hartu zuen: bere lehenengo esku-hartzea 1950ean egin zuen, eta A ataleko (artista berriak) lehenengo saria eraman zuen, Contraluz en el canton hiri-paisaiagatik. 1951ko edizioan, jada B atalean (eskarmentu handikoen eta artista berrien artean), hirugarren saria eskuratu zuen, aurkeztutako lan-sortagatik. Guztira, lau paisaia aurkeztu zituen: Durana, Jauregilanda, Oreitiako ikuspegi bat Estibalizko muinotik eta La Casa del Marqués.
Jostunak, Enrique Pichot Molinuevoren olioa.
1952an, IX. Erakusketan, Udalaren Aparteko Saria jaso zuen. Hurrengo urtean, Udal Kutxak antolatutako lehiaketa berean, Aldundiaren Aparteko Saria jaso zuen, Alma de ciudad olio-pinturagatik. Ez zen 1954ko deialdira aurkeztu, eta, berriro, 1955ean aurkeztu zen, koadro-sorta batekin. Bigarren saria jaso zuen, epaimahaiaren aktaren arabera “landutako gaien gainean egindako interpretazio pertsonalagatik”. Cocina de un mísero convento de clausura olio-pintura nabarmentzen da. Huerta del manicomio (edo Expresión de horas inmensas) lanagatik bigarren sari bat jaso zuen 1956an.