Xabi OTERO
JAUZARREAk ATLANTIAR bigarren biltzarra antolatu du. 2013ko maiatzaren 17an eginen da Irungo Ficoba erakustazokako auditorioan, iazkoan bezala. Aurtengoan, nazioarteko aditu sorta batek 11 mintzaldi emanen ditu duela 45.000 urtetik hona Bizkaiko Golkoaren geografia-kokapen berean dirauten Homo sapiens taldeen inguruan; talde horiek euskal herri gisa osaturik daude eta aspaldi-aspaldiko aro hartan sortutako hizkuntza batean mintzo dira. Euskal kulturaren inguruko lan-jardunaldia izanen da, arlo askotatik begiratuta: fisika atmosferikoa, genetika, historia, arkeologia, antropologia, neurozientzia kognitiboa, folklorea eta linguistika. Aurreko urteetan bezala, aurten ere aldi bereko itzulpena izanen da: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Richard Peltier dk. Fisikari atmosferikoa da, Aldaketa Globalaren Zientziarako Zentroko Zuzendaria, Klima Polarraren Egonkortasunerako Sarea: ikertzaile nagusia, SciNet-eko zuzendari zientifikoa, Torontoko Unibertsitateko Fisika Departamentua (Ontario, Kanada). Ipar Atlantikoaren eremua nola zegoen deskribatuko digu; hartara, azken glaziazio handitik hona (duela 26.000 urte), klima nola aldatu den eta horrek geografian zer eragin izan duen azalduko digu. Hau da, klima aldatzearen ondorioz, gure mapetan ageri den geografia sortu zen; azken 5.000 urte honetako geografia, Mesolitikotik Brontze eta Burdin Aroetarainokoa. Solasgai izanen du, halaber, nola jo zuten atzera izotzek eta nola sortu zen Europako Ertz Atlantikoaren itsasertza; hau da, gaur egun ezagutzen dugun mapa. Izan ere, azken 30 urte honetan, zientzialari-sare zabal bat koordinaziopean aritu da lanean, Artiko aldeko izotz fosilak (milaka eta milaka puska) aztertzen eta interpretatzen, klima-aldaketari buruzko azterlan bat osatzeko. Peltier jaunaren simulazioa, beraz, azterlan horretan datza.
Richard Peltier dk.
Izotzak itsasertz eta lur haietatik joan izanari esker, Goi Paleolitoaren garaian giza taldeak Euskal Aterpetik abiatu ziren eta iparrerantz jo zuten, azken urteotako genetika-azterlanetako datuek ondorioztatu dutenarekin bat.
Azken gai horretaz, hain zuzen, Stephen Oppenheimer dk. mintzatuko zaigu. Antropologia Kognitibo eta Ebolutiboaren Institutua, Antropologia Eskola eta Etnografia Museoa Oxfordeko Unibertsitatean (Ingalaterra). Bizkaiko Golkoaren Euskal Aterpetik abiatuta, Europako Ertz Atlantikoa nola birjendeztatu zen azalduko du. Magdalen aldiaren ondoko eta historia hasi arteko jendeztatzearen berezitasunaz arituko zaigu. Era berean, Goi Paleolitoko Euskal Aterpetik abiatuta, Europako Ertz Atlantikoaren birjendeztatzean ageri diren euskal leinuen ADNa izanen du solasgai (eta nola iraun duen horrek toki honetan bertan ia aldaketa genetikorik gabe). Giza talde horiek, besteak beste, Britainiar Uharteetako jendeztatzea eragin zuten: Gales, Kornualles, Irlanda, Eskozia eta Ingalaterrakoa, hain zuzen.
Mark Pagel dk. Matematikaria. Biologia eta hizkuntzaren bilakaera. Bioinformatika laborategiko Arduraduna, Bilakaera eta Egokitzapen Molekularra, Azterlan Konparatiboen Estatistika Metodoak, Teoria Ebolutiboa eta Portaera Ekologikoa, Bilakaera Linguistikoa, Readingeko Unibertsitatea (Ingalaterra). Matematika erabiliko du, ingurumenak gizakiarengan zer-nolako eragina duen ebaluatzeko, mutazio genetikoak nola sortzen diren azaltzeko, ingurumenak gaitasun kognitiboan zer-nolako eragina duen agertzeko, eta behin gaitasun kognitiboa garatzen denean, zenbat denbora behar duen eta nola agertzen den azaltzeko. Aztergai izanen du, halaber, nola osatzen diren jarreren ezaugarriak gizabanakoarengan eta taldean, eta nola eragiten dituen horrek guztiak portaera eta adierazpen sozialak, kulturalak, kognitiboak... hizkuntzazkoak. Hizkuntzaren bilakaera. Gure ADNaren eta neanderthalen ADNa ia berdina da (% 99,6). Gaur egun, gero eta gehiago dakigu genomikaz eta, horri esker, arian-arian ulertzen ari gara zergatik atera ginen gu hain desberdinak hizkuntza, artea, musika eta teknologia sortzeko gaitasunari dagokionez.
Lionel Sims dk. antropologoa eta Zuzenbide eta Gizarte Zientzia Eskolakoa (LSS) Londresko Ekialdeko Unibertsitatean (Londres, Ingalaterra) Giza taldeak ehiztari-biltzaile izatetik nekazari eta abeltzain izatera igaro ziren, eta bilakaera hartan, ilargi eta eguzki zikloen behaketa hasi zen Europako Ertz Atlantikoan. Ehiztari-biltzaileen gizarte hura arian-arian eraldatu zen. Giza taldeak gero eta jendetsuagoak zirenez, ezinbestean teknikak garatu behar izan zituzten baliabide berriak eskuratzeko eta jendea mantentzeko. Horrek eraginda, zerealen eta beste landare batzuen ekoizpena noranahi zabaldu zen, bai eta animaliak itxian hazteko jarduera ere. Gizakiak ilargiaren eta eguzkiaren zikloei erreparatu zien, aztertu zituen, eta horri esker, laborantzak emankorragoak gertatu ziren. Europa Atlantikoaren zenbait tokitan, monumento nabarmenak eraiki eta behar berrietara egokitutako errituak sortu ziren.
Goi Paleolitoko Euskal Aterpetik abiatuta, Europako Ertz Atlantikoaren birjendeztatzean ageri diren euskal leinuen ADNa izanen du solasgai (eta nola iraun duen horrek toki honetan bertan ia aldaketa genetikorik gabe). Giza talde horiek, besteak beste, Britainiar Uharteetako jendeztatzea eragin zuten: Gales, Kornualles, Irlanda, Eskozia eta Ingalaterrakoa, hain zuzen.
Kepa Paz-Alonso dk. BCBL-ko ikerlaria (Kognizioaren, burmuinaren eta hizkuntzaren ikerketazentroa) Donostia (Gipuzkoa, Euskal Herria). Hizkuntzaren ekoizpenaren neurobiologian sartuko gaitu. Eboluzio perspektibak eta euskarazko adibidea. Burmuinaren antolaketa eta hizkuntzarako duen funtzioa. Nola gizakiok hainbat bide hartzen ditugun hizkuntza sortzeko. Mintzoa sortzea eta elkarren artean komunikatzea; horrek oinarria sortzen du gizakien eta giza taldeen arteko harreman konplexu baterako. Euskara eta elebitasuna bertsolariengan ari da ikertzen. Hori oso interesgarria da neurozientzia kognitiboarentzat. Bertsolarien trebezia oso interesgarria baita ahozkotasuna komunikaziorako tresna gisa aztertzeko. Alde horretatik, zientifikoek jakin nahi dute trebezia hori gertatzen ote den bertsolarien burmuinetako biltegiratze gaitasuna handiagoa delako, edota gordeta dagoen informazio horretan azkarrago eta eraginkorrago sartzeko gaitasuna garatu dutelako.
Jose Antonio Mujika dk. Euskal Herriko Unibertsitatekoa (UPV/EHU) Gasteizko Campusa (Araba, Euskal Herria). Neolitoaren lehen zantzuak azalduko dizkigu eta nola finkatu zen ekonomia produktibo bat Bizkaiko Golkoaren inguruan. Hemen Euskal Herrian eta lurralde mugakideetan gure ingurune geografikorik hurbilena kokatzen duten mugarriak erakutsiko ditu. Historiaurrean, bestalde, lurralde mugakide horietan, gure arbasoen giza talde berberak bizi izan ziren. Azalduko digu, halaber, zer harreman izan zituzten geografia-lurralde horretara iritsi berri ziren giza taldeekin.
Xabier Peñalver dk., Arantzadi Zientzia Elkartekoa. Donostia. Gipuzkoa. Euskal Herria. Burdin Aroan, Baskoien eta auzokideen lurraldean jendea nola bizi zen azalduko digu. Herrixka gotortuen garai hartako paisaian gero jende gehiago bizi izan zen. Garai hartako kronologia eta geografia izanen ditu mintzagai, egun gure espazioaz dugun pertzepziotik abiatuta.
Peter Bakker. Linguista. Aarhus Unibertsitatea. Danimarka. Euskararen gaineko pertzepzioa Europako hizkuntzen azterlanetan. Ehiztaribiltzaileen hizkuntzen ezaugarri berariazkoak; zer harreman duten euskararekin. Hizkuntza eta komunikazioa; harremana eta transferentzia.
Stephen Oppenheimer dk.
Stephen Augustine dk. Etnologoa. Mi’kmaq Kontseilu Nagusiko Buruzagi Tradizionala, Sigenigtog Lehen Herria, Unama’ki College-ko dekano-zuzendaria, Cape Breton Unibertsitatea Sydney (Eskozia Berria, Kanada). Transmisio ez-materiala taldean. Ahozkotasuna eta Mitologia. Ipar Atlantikoko baso borealetako Lehen Herriak. Zer filosofiak kidetzen gaituen haiekin, zerk batzen gaituen haiekin eta zerk sortzen dizkigun ezaugarriak. Naturaren presentzia eguneroko bizitzan, hizkuntzan.
Claude Dendaletxe Dk. Biologoa. Goi Mendiko Biologia Esperimentalerako Zentroko zuzendari ohia (c.b.e.a.) Paueko Unibertsitatean. (uppa). Bearne. (Kanbo, Lapurdi, Euskal Herria).
Euskal Uhartea, euskal Mendiak eta euskal Zibilizazioa. Horretaz mintzatuko zaigu. Hau da, mendia babesleku izan da paradisu horren barnean, dozenaka kilometro gutxi batzuetan Añelarrako goi-ordokietatik Bardeako basamortura igarotzen baikara; Iratiko, Belaguako edota Zuberoako pagadi-izeidietatik lur idorretara edota itsasertz Atlantikora. Herri eder hau lur puska ñimiñoa da, baina haren baitan ipar hemisferioa bildua dago. Uharte bat da Lur planeta esaten diogun uhartedian. Euskal uhartea, alegia.
Stig Eliasson dk, Upsalakoa (Suedia), Eskandinaviako hizkuntzetan aditua.Baltikoko eta Ipar Europako Hizkuntzen eta Kulturen programa. Ingeles eta linguistika saila. Johanes Gutemberg Unibertsitatea (Mainz. Alemania). Euskararen kontaktuak Eskandinavian; gai hori ari da ikertzen, XI-XIII. mendeetako Danimarkako idazkun erruniko zenbaiten bidez. Sørup-eko idazkunari buruzko ikerlanak aletuko ditu; idazkun horren elementu batzuek arrazoizko kointzidentziak dituzte euskararekin.
Biltzarraren bukaera aldean, hizlariek bi ordu izanen dituzte jendeak egiten dituen galderei erantzuteko. Otsagiko dantzek bukaera emanen diote Biltzarrari.
Jakin beharrekoak Biltzarra 2013ko maiatzaren 17an eginen da, Irungo FICOBA Auditorioan. (08:00etan irekiko da, kredentzialak jasotzeko). Aldi bereko itzulpena: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa. |
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria