Euskeraren eta euskal kulturaren alde izandako jaunberaren lanak

RIEV, Koldo Mitxelena

Izandakoak

Zertan hasiko naiz ni ere neure aldetik Jose Migel Barandiaran jaunaren laudorioak errepikatzen? Ez da hori noski horrela gertatzen merezi onez merezi ez duelako horrelakorik, baina, eta beti erakutsi digun gogogiroa hartzen dut lekuko, ez lioke inolaz ere eder iritziko besteak elkarren leian nor goragoka aritzeari. Nagokion, bada, beregandik ikasi dugu (edo ikasi behar genukeen) hizkera soil-zehatzari, bere lanak gure kultur-arloan izan duten ondorio eta eraginaz mintzatu behar dudanez gero. Hori baitut agindua.

Azken aldi honetan, azken mende eta urteetan, jakitez (asmoz ez dakit) egin ditugun aurrerapenak hartzen baditut ahotan ez diot inori deus irakatsiko: zaharrak izango ditugu berri. Eta, bada ezpada ere, zeharka bezala isuriko dut aipatu berri dudan “gu” hori ez dela gizajende osoaren deitura eta estalkia baizik, ez hango nahiz hemengo gizakumearena. Diodan, beraz, labur-beharrez, bi sailetan gertatu direla direlako aurrerapen horiek, aski nabari denez. Hor daude, batetik, natur zientziak, matematika oraingoz ixilpean gelditzen delarik, eta besteri legokioke, niri baino areago, hor barrena egin diren erraldoi urratsak azaltzea.

Jakina da, gainera, ez direla giza eta gizarte-zientziak (“oraindik” esan behar ote genuke?) besteek iritsi duten mailaraino heldu. Bada, nolanahi ere, sail horretaz arduratzen den beste jakite bat, aldi iraganaz jakin ditzakegunak, kondairakoak eta kondaira-aurrekoak, zientzi-bidez bildu eta lantzen dituena. Alferrikako eztabaidetan sartu gabe, aski genuke hemen esatea egiazko jakite eta jakiunde dela azterketa horiek direla medio lortzen dena, ez irudipen huts, susmo murritz edo uste erdi-ustela bakarrik. Lekukorik nahi badugu, nahikoa eta gehiegi da inguruetara begiak zabaltzea. Nonnahi aurkituko baititugu gizonak, gero eta usuago eta ugariago, desestali eta agirian utzi dituen mendeak, eskualdeak, jendeak, kulturak, lurpetik nahiz lurgainetik atereak eta idokiak.

Onerako ala gaitzerako izan den, ez nuke nik esango. Aldi joanen nolabaiteko berbizte horrek neurri meharragoak ditu, behar bada, zientzien eremua mugatzen dutenak baino eta, harrigarriro hazi bazaigu ere, hurbil du agian, natur-zientziak baino hurbilago noski, goi-aldetik eta noraezean hertsatzen duen asintota moduko lerroa. Dena den, bistan ere da, alderantziz, ez direla sail horretako aurrerakuntzak besteak, naturzientzietakoak, bezain arriskuz beteak; are gehiago, ez direla gero ere izango. Ez dira izango, bestela esan, inork (historiaren izkutu hondarrei antzeman dielakoan) ez baditu gertatuak eta ezagunak gertakizun eta etorkizun diren ezezagunen ispilu argi gisa hartzen. Horrelakorik balitz gure artean, eta bada horrelakorik, komeni litzaiguke harako itsumutil bihurtu zen itsuarenaz oroitzea. Bere burua amildegian behera amildu nahi duenik baldin bada gure artean, eta badirudi badela, ez diot nik eragozpenik ipiniko. Gogor egingo nioke, ordea, ahal dudan bezainbeste, gure Herria bere buruarekin batean amildu beharrean ari baldin balitz.

Ongi baino hobeki dakigu nondik nora ibilia dugun don Jose Migel, baita, beharrik eta zorionez, nondik nora dabilkigun orain ere. Gizakumeari eta gizarteari dagozten jakintzak landu ditu batipat, gure herritasunaren oinarri delarik antzinadanik datorkigun ondorea, itxuragaiztotua ez bada ere itxuraldatua bederen gureganaino heldu dena, aztertu, bai egungo egunekoa, bai arestikoa, bai aspaldidanikakoa. Metaturik daude elkarren gainka, mendez mende eta gizaldiz gizaldi, lehenaren hondakin zeharkituak eta oraintsu arte berriaren berriz erantsi ez zaizkienak. Berri direino berri, zahar bihurtuko baitira aurki, zaharrek nolazpait ere berri irauten dutelarik.

Jose Migel Barandiaran

Jose Migel Barandiaran.

Beste bideetan barrena ibili bada ere, ez ditu Barandiaranek, haatik, bertan-behera utzi natur-zientziak. Halabeharrez, dudarik gabe, eta hitz hori bitara hartu beharrekoa dugu hemen: “ezinbestean” eta “damurik” esan nahi du batera. Ongi ikasia zuen, eta ongi irakatsi digu, histori-aurrekoetan diharduena ezin dabilkeela, zenbaitek gogoko duen gisan, natura eta kulturaren arteko bitartea zabaltzen; giza-kondaira lurraren kondairari, eta batez ere lur-azalarenari josia baitago. Ikerlan horietan sartu dena galdurik dago gizona eta gizartea beren soilean, itxuratu dituen inguruneaz aparte, ezagutu nahi baldin baditu.

Bereizkerietan hasiz gero, bada beste arriskurik are larriagorik. Izan ere, kultura, inoizko “gogo-lantze” haren eragile eta ondorioa, ez zaigu sekula soil eta bakar agertzen. Kultura berezietan mamitua aurkitzen dugu kultura, berorren mintzabide eta adierazpide den hizkuntza ezin desberdinago diren hizkuntzetan gatzatua topatzen dugun moduan. Eta ezin-gaindituzkoa dirudien ñabardura horren ñabarra ez da atxakia txarra izaten nor bere sukalde-zokoan, nor bere “oroigarri zaharrei maitez begira” gelditzeko.

Horrelako pentsabideak hartuz gero, badirudi ez dugula beti, han bezain hemen, giza- lan den kultura bere luze-labur betean hartu beharrik, haren bakarkako agerpen edo itxura berezi bat aztertzeko egokiera eskuetan dugunez gero. Are gehiago, esan beharrik ez, kultur-forma berezi horiek gureak direnean, ez besterenak. Hona, bada, tentazioa; geldi gaitezen etxean, aitzur dezagun geure baratzatxoa, harako hark egin nahi zuen antzera eta horrela, inora jo gabe, bake ederrean biziko gara bertan.

Guztiz dabil, ordea, engainaturik horiek edo horrelatsuko usteak gogoan kokatzen dituena. Ez dugu inoiz gurerik ezagutuko besterenik ezagutzen ez badugu, hura den denean konprenitzeko besteak ulertzetik bakarrik izango baitugu laguntza. Gurea bera ere, ongi begiratzen badugu eta ez baditugu ametsak egiatzat hartzen, aski nahasia izan da beti —ez zenbaiten iritziz agiri den bezain bakuna— eta aski nahasia da orain, inoiz nahasirik izan badugu.

Barandiaranek, behinik-behin, ez zuen tupustarri horretan estropoz egin. Hor dituzue, diodanaren lekuko, bere aspaldiko bi lan, besterik ez aipatzeagatik:

Nacimiento y expansión de los fenómenos sociales, Gasteiz 1925, eta “Breve historia del hombre primitivo” (eskaintzen duena baino gehiago ematen duen lana), Anuario de Eusko-Folklore 11 (1931). Tituluok argi eta garbi aditzera ematen dutenez, eginahalean saiatu zitzaigun, gainera, zekienaren berri besteri ematen: ikasle hurkoei lehenbizi, eta urrutikoei gero, inprenta zela medio.

Irakatsi hauen muina honelaxe bilduko nuke nik. Jorratu dituen sailetan, beste edozein jakintzatan bezalatsu, teoriak, metodoek, azterbideek edonon eta edonorako balio dute gehienbat edo, orobat dena, ez dute inon etainorako balio: berdin dira, beraz, judu zein jentilentzat, euskaldun zein erdaldunentzat, eta horien funtsaz jabetzen ez denak ez du atarramentu onik aterako, ez herrian eta ez atzerrian.

Badakit, nabari da eta, gero eta uzkurrago agertu zaigula don Jose Migel teoría kontuan, gero eta lotuago dato-bilketari. Ezin duda egin daiteke biltze-lana dela gurean presakakoena, orain zenbait urteren barruan biltzen ez dena betiko gal daitekeelako. Argitasun huts horiek, halaz guztiz, mamiaren pare, teoriaren hezurrak behar dituzte zutik egongo badira, Teoriak, noski, iragankorrak dira, ez dute bere hartan irauten. Baina izen hori merezi duen edozein teoriak esan dezake bere buruaz besteak esan zuena: Nonomnis moriar. Hilko naiz, baina ez naiz osoro suntsituko, geroagokoetan neure aztarna utzi gabe. Mila aldiz frogatua den egia hau, Comte-k ere ontzat har zezakeena, Barandiaranek ondoan (zorionez) duen segizio ugariari gogorazi nahi nioke, aspaldixe argitara emanak saihets ez ditzaten berriagoen segidan dabiltzalarik.

Aspaldi batean, eta egia esan ez dira ahin aspaldiko arazoak, baziren Iparragirrerena gaitzesten zutenak. Izan ere,

Eman da zabal zazu
Munduan frutua

eskatzen zionean Gernikako haritzari, gehiegizko eskuzabaltasuna, benetako axolagabekeria, eskatzen ornen zigun Euskal herriko seme-alabei. Bai baitzirudien, etxekoez ahazturik (ongi gobernaturik bagenitu bezala), ondasun eskasak erbestean barreiatzea eta sakabanatzea agintzen zigula.

Baina, hona kontua: ba ote da holakoen ikerlanean inork bere nahiz besteren dei dezakeenik? Azken-buruan, nik ezetz uste dut. Kultur alorrean zerbait sortzen duen herriak beretzat eta besterentzat sortzen du eta, orobat, besterentzat sortzen ez duenak ez du beretzat ere sortzen. Eta ezinbestean, besteri eman nahi eza dela medio, besteren mirabe eta mendeko bihurtuko da bai sail hortan eta bai bestetan. Hitz garratz bezain sonatuak diotenez, “aizkora arbolen errora ezarria da; beraz, fruitu onik egiten ez duen arbola guzia ebakia izango da eta surtara egotzia”.

Gerta daiteke gaia, ikergaia, lekuan lekukoa izatea, euskal lurrean euskal lurrekoa, beraz, hala nola historian, hizkuntza-kontuetan, etnologian, geografian eta are geologian bertan. Oker jokatuko genuke, halaz guztiz, lekuko gai hori lekuko ikuspegi meharrez tratatuko bagendu, sub quadam aeternitatis seu uniuersalitatis specie, non eta noiznahikoa balitz bezalaxe tratatu beharrean, Barandiarenek beti erakutsi digun bidean gabiltzala.

Ez dut, ordea, ukatuko etxekoekin diharduten jakite horiek ba dezaketela gurean beste baliorik izan. Bistan da, aitzitik, gure kulturak (ikasiak, ez herri-kulturak) eta jakiteak duten maila eskasean, abiapuntu ederra eskaintzen digutela direlako sailok, hortik aurrera gero eta gorago eta zabalago jo dezagun, herrikoetarik arrotzetara, etxetik kanpora. Eta inork balio ez garela horrenbestez geunden eremutik mugitu, ez dugula inolazko zubirik jaso natur-zientzietara, honako erantzun hau aski eta gehiegi genuke: lehengo eta oraingo gizarteari dagozkion jakintzak ezin-hautsizko lokarriz lotuak daude natur-zientziei. Horixe gertatzen da, behintzat, edozein herritan, kapitalista nahiz sozialistatan: zenbat eta gorago batzuek, orduan eta gorago dabiltzala besteak ere. Nik bederen ez dut ezagutzen batean urri eta bestean aberats eta alderantziz agertzen den estaturik. Ez lehengorik ez oraingorik.

Barandiaranen aitzindari eta lagunak, aski ezagunak denak, ez ditut hemen aipatuko huts egingo bainuke zein ere lerro osoa ematen saia naitekeen.

Nork nahi ezagutzen ditu ondorengoak, hemen bilduak eta hor barren sakabanatuak. Haiek, bildurik, Eusko-Ikaskuntza sortu zuten, sortu eta aurrera eraman behar zen bidetik. Bidegaltzerik gabe segitzea, gure Herriaren onerako, zor diegu haiei, itzali zirenei, eta batez ere argizari bizi dugun Barandiaran jaunari.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia