Hilekoaren Aurreko Nahastearen Ebaluazioa: Screening tresnaren eraikuntza

Leire APERRIBAI UNAMUNO

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea
Psikologia Fakultatea
Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Saila
Doktorego tesia
2012ko Ekaina

Emakumeek bizitzaren zati handi batean izaten dute hilekoa, eta horrek garrantzitsu egiten du gertakari hau eurentzat eta gertukoentzat ere. Nerabezaroan nesken organo sexualen garapena gertatzen den unetik, emakume helduaren menopausia fasera bitartean (11-50 urte bitartean gutxi gora behera) berarekin izaten duen fenomeno ziklikoa da. Menarkiak edo lehen aldiz hilekoaren etorrerak, haur izatetik emakume izatera pasatzen ari dela esan nahi du, bizitza sexualaren fase berrian sartzen ari dela eta amatasunerako fisiologikoki prest dagoela. Horrek guztiak, emakumeak eta euren ingurukoak, bizipen bereziak izatera daramatza, azken finean, bizitzako ziklo berrian sartzea suposatzen baitu. Tarte horretan eta hilero, odol-jarioaren presentziak, beste sintomekin batera, emakumeari bere baitan dagoen fenomenoa gogora arazten dio. Era berean, menopausiarekin agur esaten dio hilekoari eta bizitzako ziklo bati, eta gertaera horrek ere bizipen bereziak izatera darama. Baina egunerokotasunean gertu bezain ikusezin dugun gertaera bat da hilekoa, beroni lotutako bizipenak intimitatean eta bakarka bizitzen baitira. Hots, emakumeentzat gertuko zerbait den bezala, sarri emakumeen artean partekatzen ez den gertaera da; are gutxiago gizonezkoekin. Tabua da eta horrek hilekoa ulertzeko azalpen desberdinak sortzera eraman gaitu: Jendartean sortutakoak eta zientziak garatutakoak.

Hilekoa ulergaitza izan da jendartearen historiaren hasieratik. Historiaurrean jadanik gizonezkoek harriduraz ikusten zuten nola emakumeek tarteka, inongo zauririk izan gabe, eta gaixotasunik pairatu gabe, odol-jarioak izaten zituzten (Dalton, 1969). Gertaera hau azaltzeko mito eta sinesmenetara jotzen zuten. Egun ere, hilekoari buruz dugun informazioa eskasa eta askotan desegokia izaten da. Neskek lehen hilekoa edo menarkia dutenean, oro har, oso gutxi jakiten dute honetaz edota informazio okerra edo osatu gabea izaten dute. Sarri eskolan izaten dute honen berri, edota ama, ahizpa edo lagunengandik jasotzen dute informazioa. Azken urteotan gainera, hilekoari lotutako merkatuak (higienerako produktuen etxeek) eta komunikabideek hilekoari eman dioten tratamenduak ez du honen ezagutza hobetzen lagundu, aurrez zeuden estereotipoak (zikinkeria, umore txarra, suminkortasuna, eta abar) indartzen baitituzte.

Argazkia: CC BY - mikebaird

Emakumeek bizitzaren zati handi batean izaten dute hilekoa, eta horrek garrantzitsu egiten du gertakari hau eurentzat eta gertukoentzat ere.
Argazkia: CC BY - mikebaird

Herritarren artean bezala, zientziak ere ez du ahalegin berezirik egin egundaino hilekoari buruz informazio gehiago izateko (Larroy, 1993). Lehendabizikoz XVIII. mendearen erdialdean agertu ziren obstetriziako lehen eskuliburuak eta bertan emakumearen anatomia aztertzen hasi zen. Ondorioz, haurdunaldiarekiko eta erditzearekiko interesa azaldu zen; baita hilekoaren prozesuarekikoa ere. Aitzitik, XX. mendean, 1960-70eko hamarkadetan, hain zuzen, hasi zen hilekoa ikerketa-gai izaten, eta ordutik hona aurkituko dugu horri buruzko informazio zientifikoa.

Hilekoaren ezagutza urria izan bada ere, zer esanik ez horrek eragindako gaitz eta nahasteena; bataren ezagutza ezak eta gorde nahiak bestearena ere ekarri du. Orain arte ez zaie kasu handirik egin, eta askotan profesionalen gutxiespena eragin dute. Dismenorrea kasuetan, gertaera normala dela eta adinarekin edo haurren erditzearekin desagertzen dela esan izan da, edota kasurik onenean farmakoren bat errezetatu zaie emakumeei. Azken urteotan hilekoaren eta honi lotutako nahasteen ikerketak piztu duen interesa, baliteke emakumearen jarduera ekonomikoen aldaketak sortua izatea. Etxetik kanpo lan egiteak, eta egun jakinetan lanera ez joateak eragiten duen kalte ekonomikoak, gertakari hau ikertzera bideratu ditu profesionalak. Gainera, botiketan eta ospitaletan eragindako gastuak ere handiak izan dira, eta zer esanik ez higiene eta enpresa farmazeutikoetan eragin dituen irabaziak. Bestalde, osasun kontzeptuaren aldaketa ere gertatu da. Patologiaren ikuspegitik ongizatearen ikuspegira pasatu da, eta horrek lagundu die gaixotasun gisa hartuak nahi izan ez diren hilekoari lotutako nahasteei osasungintzan bere lekua izaten (Larroy, 1993).

Hilekoaren nahasteak, hilekoaren zikloari lotutako nahasteak dira. Ernalketarako gaitasuna eta organoak izateak, hainbat nahaste izateko aukera ere badakar. Hilekoaren izaera ziklikoak aldaketak eragiten ditu emakumearengan. Zikloaren fase desberdinetan, gorputzak hormona-aldaketak jasaten ditu eta horietatik sintoma fisiko eta psikologikoak sortu ahal dira. Ziklo batetik bestera ere, emakumeek bizipen fisiologiko eta psikologikoetan aldaketak izaten dituzte, eta horien aurrean egokitu beharra daukate. Egokitzapena malgutasunez eta normaltasunez egiten dute oro har, baina badira arau orokor hau hausten duten kasuak ere. Hilekoaren nahasteak pairatzen dituzten emakumeen kasuak. Nahaste hauek hilekoarekin edo odol-jarioarekin batera azaldu daitezke (adibidez Dismenorrea) edota hilekoaren aurreko egunetan ere bai (adibidez Hilekoaren Aurreko Nahaste Disforikoa), eta esan bezala, sintoma fisiko eta psikologikoen bidez adierazten dira.

Tesi honen ardatza izan den Hilekoaren Aurreko Nahaste Disforikoa, hilekoari lotutako nahasteen barruan kokatzen da eta berezko izaera dauka. Hilekoa duten bitartean, hau da, menarkiatik hasi eta menopausiara bitartean, pairatu dezakete emakumeek. Maiztasunari dagokionez, Burutiko Nahasteen Diagnosi eta Estatistika Eskuliburuaren laugarren bertsioaren testu berrikusiaren (DSM-IV-TR, American Psychiatric Association, APA, 2000) arabera, bizitzaren fase horretan dauden emakumeen % 3tik % 5era bitartean pairatu dezakete. Horrek esan nahi du, lan hau kokatzen den testuingurura ekarrita eta eskuliburuaren irizpideei jarraiki, Euskal Autonomi Erkidegoan 14 eta 51 urte bitartean 549.706 emakumezko badaude (EUSTAT-eko 2010. urteko datuen arabera), Hilekoaren Aurreko Nahaste Disforikoa dutenak (honek eguneroko bizitzan ekartzen dituen arazoekin) 16.491 eta 27.485 emakume bitartean izan litezkeela. Sintomatologia azaltzen duten emakumeetatik % 90,6k normaltzat (ez patologikotzat) joko dituzte bizi dituzten sintomak eta % 18,7k laguntza profesionala eskatu arren, kasu batzuetan erantzun desegokia jasoko dute (Lete eta beste, 2011), sintomentzat tratamendurik ez dutelako jasoko edota eraginkortasunik ez duten tratamenduak proposatuko dizkietelako. Ezintasunari Egokitutako Bizitzaren Urteen (Disability-Adjusted Life Years edo DALYs) indizearen arabera, hilekoaren adinean dauden emakumeen % 5ak pairatzen badu nahastea, Ameriketako Estatu Batuetan 14-51 urte bitarteko emakumeen artean (2000. urteko erroldaren arabera 75.580.000 emakume), bizitza osasuntsutik galdu diren urteak 14.492.465 izango dira; Europar Batasunean, ordea, 15-49 urte bitarteko emakumeen artean (2000. urteko erroldaren arabera 91.445.000 emakume), bizitza osasuntsutik galdutako urteak 17.534.579 izango dira (Halbreich, 2004). Datu horiek osasun publikoarentzat oso garrantzitsuak dira, honek dituen gabeziak ikustarazten baitituzte eta osasungintzan dagoen hutsune nabarmen hori betetzeko behar larria azalerazten baitute. Berriz ere, beste gaitzetan gertatu izan den bezala, emakumeen osasuna serioski ez dela aintzat hartzen adierazten du horrek. Munduko populazioaren erdia izanik, garrantzitsua da gabezia horiei erantzuten hastea, emakumeek ere giza eskubideak (kasu honetan osasunari dagozkionak), modu parekidean bermatuak izan ditzaten.

Argazkia: CC BY - sporkist

Hilekoaren izaera ziklikoak aldaketak eragiten ditu emakumearengan. Zikloaren fase desberdinetan, gorputzak hormona-aldaketak jasaten ditu eta horietatik sintoma fisiko eta psikologikoak sortu ahal dira.
Argazkia: CC BY - sporkist

Azpimarratu beharra dago halaber Hilekoaren Aurreko Nahaste Disforikoaren sintomatologiari aurre egiteko tratamendu eraginkorrak beharrezkoak direla. Baina zaila izango da esku hartze egokiak bideratzea, nahasteak modu egokian ebaluatua izateko dituen arazoak aurrez ez baditugu gainditzen. Hauek, zehazki, nahastearen definizio eta diagnosirako irizpide adostuen, eta berau ebaluatzeko tresna fidagarri eta baliagarrien falta dira. Lehena badirudi gainditzen ari den muga dela, hainbat autorek adostutako diagnosirako irizpideak jadanik baitira (Halbreich eta beste, 2007; O’Brien eta beste, 2011). Bigarrena, aldiz, oraindik gainditzeke dago. Izan ere, oraintxe aipatutako autoreek nahastea ebaluatzeko tresnak egon arren, metodologikoki egokitu beharra dutela aipatzen dute. Zoritxarrez, gaur egun oraindik ez dago fidagarria eta baliagarria den ebaluaziorako tresnarik. Ondorioz, ikerketa ugari berme zientifikorik gabe bideratu da eta horrek, zati batean, nahastearen ikerkuntza hastapenaren atarian jartzen du.

Tesi honetan, adostutako definizio eta diagnosirako irizpideak oinarritzat harturik, DSM-IV-TR (APA, 2000) eskuliburuak eskaintzen diguna, hain zuzen ere, Hilekoaren Aurreko Nahaste Disforikoaren ebaluaziorako screening tresna berri bat sortu dugu: Cuestionario del Trastorno Disfórico Premenstrual edo CTDP. Gazteleraz sortu dugun arren, euskarazko atariko bertsioa ere garatu dugu. Gainera, bere ezaugarriengatik, orain arte erabili izan diren tresnen aurrean gailentzen da: Ikerkuntzan eta klinikan onartuak dauden konstruktoa eta ebaluaziorako irizpideak jasotzen dituen tresna da; fidagarria da; bi dimentsiotako egitura faktoriala du, azalpen teorikoa duena; baliotasun konbergentea eta diskriminatzailea ditu. Fidagarritasun eta baliotasun ebidentziak biltzen dituen tresna erabilgarria da, beraz. Horietaz gain, erabiltzeko erraza da (ulergarria eta laburra), bai profesionalarentzat eta baita erabiltzailearentzat ere, eremu profesional desberdinetan (klinikoan zein ikerkuntzan) hedatzeko aukera handia izan dezakeena. Horrek, bide batez, osasun zerbitzuetan nahastea duten emakumeak antzematen laguntzeaz gain (ikuspegi klinikotik garrantzitsua dena), ikerketan aplikatuta emakume horien ezaugarriak ezagutzen eta profil jakinak antzematen lagunduko digu. Horrela, tratamendu eraginkorren ikerketa eta aplikazioa erraztu ahal izango du, ebaluazio aproposa tratamendu eraginkorraren aurrebaldintza baita.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia