Arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren garaipena. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (III)

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA

Lagundu

Eraikinen formekiko eta kanpoko itxurarekiko joera hau azken hamarkadetan garatzen joan bada ere, azken urte hauetan eta batez ere krisiaren ondorioz nabarmenki besteen gainetik ipini da. Horrela, aurreko hamarkadan gure artean formalismo adierazkorra eta esanguratsuaren aldeko joera nabarmen bat garatu bazen ere non forma organikoak eta kurboak modan jarri ziren Frank Gehryren Bilboko Guggenheim Museoaren eraginez, azken hamarkada berri honetan Rafael Moneoren Donostiako Kursaal Jauregiaren geometria arrazionalista, abstraktua eta minimalista gailendu da. Estilo honetan altxatutako eraikinak ez dute irudi jakin baten alde apusturik egiten, eta ondorioz ez dira adierazkorrak, esanguratsuak, figuratiboak edota sinbolikoak, baizik eta isilak dira, diskretoak, apalak, intimoak, mutuak, itxiak, umilak. Baina azken ezaugarri hau, umiltasunarena ez dugu ondorioztatu behar krisiaren eraginez soilik agertu denik; azken finean, hamarkada berri honetan arkitekturaren esparruan ere nolabaiteko balore aldaketa bat gertatu da, orokorrean arkitektura gizakiaren garrantziaz ohartu baita eta bere mailan ipintzen saiatu da alde batetik bete beharreko funtzioei erantzun nahian baina bestetik eraikuntzaz gain arkitektura egiteko asmotan.

Hau horrela izanik, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honetan, oraingoan ere hirugarren hausnarketa lau bidetik luzatzen eta jorratzen saiatuko gara: estilo honen jatorriaren inguruko teoriak, geometria arrazionalista babesaleku gisa, abstrakziora heldu irudietatik abiatuz eta minimalismoa versus umiltasuna.

Estilo honen inguruko teoriak

Egun estiloaz hitzegitea oso zaila bada ere globalizazioaren ondorioz aniztasuna nagusitu baita, gure ustez Euskal Herrian arkitekturak aspalditik soiltasunaren aldeko apustua erakutsi izan duela nahiko garbi dago. Horrela, arkitekturaren historian estilo gehienetan Euskal Herriko arkitektura egunean egon ez bazen ere eta ondorioz hauek guregana berandu heldu baziren ere —antzinako arkitektura, erromanikoa, gotikoa, errenazimendua eta barrokoa— estilo hauek gure artean zabaldu zirenean gure arkitekturak hauen inguruan garatu zuen irakurketa gehienetan soiltasuna, sinpletasuna eta xumetasunaren aldekoa izan zen, bereziki errenazimenduaren hasieran edota barroko bukaeran apaingarriak eta oparotasuna baztertuz erakutsi zuen bezala.

Carlos Santamaria Liburutegia, Donostia (Jaam Estudioa)

EHUko Paraninfoa, Bilbo (Alvaro Siza).
Argazkia: CC BY - Marooned

Joera hau ere oso nabarmen azalaratu zen lehen estiloan non Euskal Herriko arkitekturak garai berriekin bat egin zuenean; neoklasizismoa izeneko estiloa aipatzen ari gara, estilo honetan argi geratu baitzen gure arkitektoen irakurketa ezin soilagoa zela, sinplea eta xumea ez soilik ikuspegi formala eta estetiko batetik begiratuta baizik eta baita jarrera etiko batetik ere. Geroago, irakurketa mota honen aldeko apustua jarraitu zuen ere eklektizismoan, modernismoan eta azkenik arrazionalismoa edota arkitektura modernoa deitzen dugun estiloetan —abanguardia bertan ere txertatuz—, adibide benetan bitxiak eta harrigarriak eskainiz testuinguru orokorrarekiko bai Iberiar penintsulan bai Europan.

Joera hau azken hamarkadetako Euskal Herriko arkitektura garaikide berrian ez da desagertu eta orain aipatzen ari garen bezala azken urte hauetan nagusi bihurtu bada ere aurreko beste hamarkadetan —hirurogeitamargarren hamarkadatik XXI. mendea hasiera bitartean— beste eremuetan eta esparruetan oso ohikoa izan ez zen bezala gure artean jarraipena izan zuen, eta beste eremuetan beste estilo artean aniztasuna nagusi izan bazen ere, joera zehatz honen garrantzia gure testuinguruan segituan somatu zen. Teorilari eta historialari batzuk joera honen jatorria Euskal Herriko eremu zehatz batekin lotu izan dute, hots, Nafarroako Arkitektura Eskolan ikasitako ikasleak osatuko luketena modu orokorrean eta zehatzagoak izanik Araba eta Nafarroako lurraldetan garatu dena. Joera honetan Nafarroako Arkitektura Eskolan ikasi eta aipatutako lurraldetan lan egiten duten arkitektoen zerrenda luzea eta oparoa bada ere, azken urte hauetan ez kasualitatez talde honen lana bereziki nabarmendu egin da eta 2013ko Euskal Herriko Arkitekto Elkargoaren azken sariak aztertzen baditugu bai irabazle bai finalisten zerrendetan Eskola eta lurralde hauen nagusitasuna argi ikusten da. Adibide gisa, eta joera honen eredu hartu ditzazkegun hiru lan aipatuko ditugu lehen atal honetan, Biomedikuntza Ikerketa Zentroa eraikina (Antonio Vaillo, Juan Luis Irigaray, Daniel Galar eta Josecho Velaz) Iruñan, BIOKILAB Laborategiak (Javier Perez Herreras eta Javier Quintana de Uña) Arabako Goi Miñanon herrian, eta Iruñan ere La Milagrosa Haur Hezkuntza ikastetxea (Oscar Perez eta Carlos Pereda).

Hiru eraikin hauetan sarreran aipatutako geometria arrazionalista, abstraktua eta minimalista ezin hobeto ikusi daitezke nahiz eta gehiago sakondu ezgero estilo honen barnean ere irakurketa desberdinak antzematen dira, hots, soiltasunera heltzeko bide diferenteak planteatu eta antzeman ditzazkegu bai jatorriaren ikuspuntutik bai azken emaitza bera ere aztertuzen badugu. Eta sailkapen desberdinak egiteko aukera badaude ere, guk hiru bide aukeratu ditugu hurrengo hiru ataletan antolatutak.

Geometria arrazionalista babesaleku gisa

Lehen atal honetan sartu ditzazkegun eraikinak amankomunean duten ezaugarri nagusia amaieran, helmugan, lana amaitu denean erakusten duten irudian datza. Irudi hau babesa kontzeptuarekin lotuta baitago, hots, eraikin hauek gotorleku edo gaztelu itxura hartzen dute eta erasokor sentitzen duten inguru batetik babesten saiatzen dira. Hori lortzeko eraikin hauek geometria arrazionalistaren aldeko apustua erradikala egiten dute, muturrekoa bai aukeratutako formekiko, erabilitako materialekiko eta nabarmenki inguruarekin harremanak saiesteko duten joerarekiko.

Lehen joera honetan adibide asko azken urtetan eraikiak aurkitu baditzazkegu ere, eta hauen artean aipatu dugun La Milagrosa Haur Hezkuntza ikastetxea (Oscar Perez eta Carlos Pereda) adibide argia da, orain atal honetara beste hiru adibide ekarriko ditugu: Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Liburutegia (Jaam Estudioa) Donostian kokatuta, Etxerik gabeko pertsonak hartzeko zentro berria (Javier Larraz) Iruñan eta Alokairuko etxebizitzak (Juan Beldarrain) Donostian ere.

Uba House, Donostia (Isuuru Estudioa)

Uba House, Donostia (Isuuru Estudioa).

Carlos Santamaria eraikinean Jaan Estudioak apustu berezi bat egin du liburutegia eraikuntza publikoa izanagatik komunikatzen ez den eraikina baita, hots, bere buruarekin bakarrizketan diharduko balu bezala. Berez, sarreragatik ez balitz eraikina itxia dagoela ematen du. Baina apustu hau ez da kapritxo hutsa, eraikinaren helburu nagusia patxadan pentsatu, ikertu eta lanerako gunea izan nahi baitu; ondorioz, eraikina ez da kanpotik barrura proiektatu baizik eta alderantziz, barrutik kanpora, kalearekiko, errepidekiko harresi bat altxatuz, gotorleku bat lengoaia abstraktuan, arrazionalistan, minimalean.

Etxerik gabeko pertsonak hartzeko zentro berria Iruñan Javier Larraz arkitektoaren lanik esanguratsuena dugu, eta bertan berriro ere maisutasunez erakutsi digu gizarte eraikinak eta kalitatezko arkitektura ez direla batera ezinak. Kanpotik aipatzekoa da eraikinaren apaltasuna eta intimitatea, kutsa isil eta ilun bat dirudielako, baina gerturatzerakoan ikusten da, ordea, kutxa itxia dela soilik kanpoko begiradekiko, barnean bete beharreko funtzio guztiak modu bikainean bete ondoren gelak eta logelak eguzkia eta aireztapen naturala baitute, bolumen geometrikoak eta azal joku abstraktu bati esker.

Azken kasuan, Juan Beldarrainen Alokairurako etxebizitza blokeak Donostiako Marrutxipi auzoan, hemen ere arkitekto bizkaitarrak ongi jakin du konbinatzen alde batetik gaztelu itxura duen eraikin multzo bat, kokaleku konplexu batekin —nortasunik gabekoa, eraikuntza eta zerbitzu desberdinez inguratuta— eta bete beharrak asko mugatu dituen oinarrizko aurrekontu batekin ere. Hala ere, emaitza bikaina da, bereziki barneko espazioetan —eraikin honetan ere beste eraikinetan gertatzen den bezala— baina baita kasu honetan kanpoko itxurarekiko ere.

Abstrakziora heldu irudietatik abiatuz

Estilo honen bigarren joera honetan aurkitzen ditugun eraikuntzak nahiz eta azken emaitza guztiz arrazionala, abstraktua eta minimalista izan jatorrian, abiapuntu gisa irudiren bat izan dute, eta irudi honetatik abiatuz —askotan irudi erreala edo behintzat figuratibo bat— bilakaeran, garapen prozesuan arrazionalismora heldu dira. Lehen atalean aipatutako Biomedikuntza Ikerketa Zentroa eraikina (Antonio Vaillo, Juan Luis Irigaray, Daniel Galar eta Josecho Velaz) Iruñan prozesu honen adibide izan liteke, jatorrian gameluaren formak eta hartzen azal egitura abiapuntu bezala Irigaray+Valillo estudioak erabili bazituzten ere gero, bukaeran, azken emaitza guztiz desberdina baita. Joera honen beste hiru adibideak honako hauek ere izan zitezkeen: Ortuellako Kultur Etxea (Ibon Bilbao, Jordi Campos, Caterina Figueroa eta Carlos Gelpi), Donostiako UBA aterpea (Isuuru Estudioa) eta Donostian ere bai San Telmo Museoaren eraikin berria (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano).

Ortuellako Kultur Etxe berrian parte hartu duten arkitekto taldeak —Aq4 taldea— oso ongi zekien orokorrean non kokatzen zen eraikin berria eta zehazki Bizkaiko herri honek burdinarekin nolako harremana izan duen. Ondorioz, eraikuntzaren fatxadak eta bolumetriak lehen begiradan forma geometriko eta abstraktuen itxura ematen badute ere, bigarrengo begirada sakonago batean eraikinaren formak burdinazko mendixkak gogorazten dute —zehazki hondakin herdoilduak biltzen zituzten hormigoizko egiturak—, toki honek meatze jarduerarekin izan duen harremana estua gogorazi nahian, Kultur Etxea bezalako eraikin berriak estali baitituzte orduko arrasto guztiak. Hormigoizko egituren aztarnak eraikuntzaren antolaketa programatikoan eta egitura fisikoan nabaritzen dira, lehenengoarekiko eraikin berriak ekitaldi desberdinak antolatzeko malgutasuna erakusten baitu, eta bigarrengoarekiko herdoilaren arrastoa fatxadan islatu baitute. Gainera, eraikinak inguruko kaleak eta parkeak maisutasunez lotzea lortu du, inguruarekiko bere presentzia inposatu beharrean bertan aurkitzen ziren elementu guztiak josiz.

Bigarren adibidean, Donostiako UBA aterpea, Isuuru estudioaren lana —Aitzpea Lazkano eta Carlos Orbegozo—, kasu honetan ere proiektuaren abiapuntua programa zehatz bateri erantzuteaz gain testuingurua eta tokiarekin harremana estu bat lortzea zen asmoa, horregatik abiapuntua inguruan zuen basoa izan da eta ondorioz inguruko zuhaitzak eraikina inspiratu dute bere irudiarekiko. Horrela, Ametzagañako parkean, lehen Erietxe Antituberkulosoa lekututa zegoen orube berean, eraikin geometriko eta abstraktu bat altxatu dute fatxadan berde kolorea erabiltzen duena inguruko landaredia eta basoarekin lotura sortzeko asmotan, eta gainera zutabeak eta kableak ere fatxadan kokatutak ditu landare igokariak bertan ere ezartzeko asmotan horrela eraikina noizbait landarez estaliko delakoan.

San Telmo Museo, Donostia (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano)

San Telmo Museo, Donostia (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano).

Azkenik, Donostiako San Telmo Museorako Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano arkitektoek altxatu duten eraikin berrian ere azken emaitza printzipioz azaleko lehen begiradan guztiz arrazionala eta abstraktua bada ere, bigarrengo begirada sakonago batean Urgull mendian kokatuta dagoen gazteluaren harresiak gogorazten duten eraikina antzeman dezakegu. Harresi bat, gainera, zulatuta inguruko harriak jasan duten erosioaren antzera bere kanpoko altzairuzko hormak zulatu baitituzte —Leopoldo Ferran eta Agustina Otero artisten laguntzarekin— bertatik etorkizunean landareak sortzen ikusteko asmotan. Horrela alde batetik eraikin berria itxia eta isila itxura badu ere mendiaren magalean desagertu egiten baita, bestetik iragana eta etorkizuna elkartzeko habilezia erakusten du beti eta bere aukerak ongi probesten badira.

Minimalismoa versus umiltasuna

Geometria arrazionalista eta abstraktuaren hirugarren joera minimalismo bezala izendatu duguna hiruetatik erradikalena izango litzateke, kasu honetan ez baitago ez jatorrian ez bukaeran irudirik baizik eta hasieratik amaieraino isilik eta modu diskretoan igarotzeko asmoa. Atal honetako eraikinak BIOKILAB laborategietan (Javier Perez Herreras eta Javier Quintana de Uña) gertatzen den bezala bere baitan ixteaz gain ahal duten moduan testuinguruarekin integratzen, txertatzen saiatzen baitira eta inguruan dituzten beste elementuak —tokia, historia, natura, beste eraikinak— errespetatuz bertan kokatzen dira diskrezioz. Joera honetan hainbat adibide aipatu baditzazkegu ere Euskal Herriko eremuan azken hiru urte hauetan burutu diren eraikinen artean —eta berriro ere hori ziurtatzeko Euskal Herriko Arkitekto Elkargoko azken sarien irabazle eta finalisten zerrenda aztertu besterik ez da egin behar— guk beste hiru aukeratuko ditugu: Euskal Herriko Unibertsitatearen Paraninfo berria (Alvaro Siza) Bilbon, Iesu eliza (Rafael Moneo) Donostian eta Aieteko Kultur Etxe berria (Isuuru Estudioa) Donostian ere bai.

Bilbon Guggenheim Museoa (Frank Gehry) eta Euskalduna Jauregia (Federico Soriano eta Dolores Palacios) artean lan egitea ez du batere erraza izan behar kontutan hartuta gainera hurbil Rafael Moneo beraren Deustoko Unibertsitateko Liburutegia dagoela eta Cesar Pelliren Iberdrola dorrea. Gainera Alvaro Siza ez dugu nolanahiko arkitektoa eta eraikuntza publiko batean guztiok pentsatu dezakegu eskaintzaileak aurretik adierazkortasuna bilatzen duela. Ez da horrela izan, Sizak altxatu duen eraikina bere baitan itxi egiten baita, ez du bere inguruarekin lehian sartzeko asmorik eta bere funtzioak ahal dituen hobekin betetzen saiatzen da arrazionalismo abstraktua muturrekoa erabiliz, guztiz minimalista den eraikuntza bat sortuz azkenean ezaugarri bakar batez bere burua laburbiltzen duena, testuinguru zehatz eta erasokor horretan umiltasuna.

Iesu elizaren kasuan Rafael Moneok aukera ederra bazuen ere tipologiaren berezko ezaugarri adierazkorrak eta sinbolikoak probesteko eta eraikin esanguratsu bat egiteko, nahiago izandu auzoan txertatu —Donostiako Loiolako Erriberak—, eta auzo berria eta zaharraren arteko —Amara auzoa— zubi lanak egiteaz gain, orubean eta testuinguruan —etxebizitzaz, errepidez eta ibaiaz inguraturik— bere izaera inposatu baino txertatu, integratu modu diskreto batean, ohiurik egin gabe, ni hemen nago esan gabe. Horretarako Moneok ere arrazionalismo geometrikoa kanpoko itxurarekiko eta zehazki fatxadetan muturrera eraman du eta ondorioz azken ariketaren emaitza ezin abstraktuagoa eta minimalistagoa da, isila, diskretoa, eta oraingoan ere, Bilbon bezala, umila, hitz honen benetako esanahia berreskuratuz modu bikoitzean, ez baita soilik eraikinaren formetara mugatzen baizik eta baita eraikinaren funtziora, tipologiara, eduki sinbolikoetara ere.

Amaitzeko, Isuuru Estudioak —Aitzpea Lazkano eta Carlos Orbegozo— Aieteko Jauregiaren magalean, azpian zehazki, altxatu duen Kultur Etxe berrian aurretik aipatu eta nabarmendu dugun guztiaren laburpena gisa azaltzen zaigu. Kasu honetan ere eraikin berria bere irudia eta formak testuinguruan inposatu beharrean mendiaren azpian sartzen da ezkutatuta soilik argia eta naturarekiko harremana bilatuz, baina oraingoan ere ezin modu sinple, soila, xume eta diskretoan. Jarrera hau, aurrerago garatuko ditugun beste erronketan ere aipatuko dugun bezala, ez da izan soilik krisi ekonomikoak eragindako ezaugarri bat baizik eta arkitektura berak disziplina gisa beharrezkotzat jotzen zuen ezaugarri berri baten garapena, umiltasunaren presentziaren asmoa forma eta edukietan gizakitik hurbilagoa egotea baita, arkitekturak gizakiak eta gizarteak dituzten beharrak eta nahiak hobekiago erantzuteko itxaropenarekin.

 

Sarrerako argazkia: Aieteko Kulturetxea, Donostia (Isuuru Estudioa).

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia