Adierazkortasuna eta komunikazio dimentsioa salbuespen. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IV)

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA

Lagundu

Orain dela lau aste Euskal Herriko arkitektura garaikidean azken hamarkada honetan eraiki diren lanen artean nabarmenki arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren garaipena aipatu bagenuen ere, onartu beharra dugu gure artean nahiz eta krisiak gogor jo du eta bereziki arkitekturaren esparruan nabaritu da, oraindik ere zorionez eraikuntza esanguratsuak, adierazkorrak, formalista joerarekin eta komunikazio dimentsioarekin eraikitzen direla, eta ez bakarrik azken urte hauetan eraiki eta amaitu diren zenbait proiektu krisi garai aurrekoak zirelako, baizik eta egungo errealitateak ere zenbait tipologietan eta eskarietan honelako eraikin motak behar dituelako. Azken finean, honelako eraikinak askotan aurrekontu garestiekin lotzen badira ere ez du beti horrela izan beharrik, eta gainera, eraikin asko arkitektura bezala izendatu ditzazkegunak, ez dituzte soilik funtzio zehatzak bete behar.

Ondorioz, eraikin hauek ez dira bakarrik saiatzen ikusgarriak izaten, hau da, ahal duten neurrian espresiboak eta liluragarriak, baizik eta gainera harridura sortu nahi izaten dute sentimenduak mugitu araziz, eta horretarako funtzioa baztertu gabe bereziki edukiak lantzen dituzte eta eduki hauek formen bidez azalarazten saiatzen dira, batzutan arkitektura figuratiboa eta sinbolikoa jorratuz, irudiz eta irudimenez hornitutakoa, eta bestetan, bestalde, zuzenean adierazkorra eta ikonikoa izanik.

Hau horrela izanda, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honetan, oraingoan hilabete honetako laugarren hausnarketa hau hiru bidetik luzatzen eta jorratzen saiatuko gara: estilo honen jatorriaren inguruko teoriak lehenengoz, ondoren eraikin formalistak, figuratiboak eta sinbolikoak aztertuko ditugu, eta azkenik, eraikin adierazkorrak, esanguratsuak eta ikonikoak. Eta oraingoan ere, aurreko artikuloetan egin dugun bezala, atal bakoitzean azalpenak emateaz gain eraikinen adibideak ere aipatuko ditugu, zehazki hamar adibide.

Estilo honen jatorria

Eraikin mota hauen artean aitzindari nagusia Frank Geryren Bilboko Guggenheim Museoa izan bazen ere, eta gure iragan hurbilean zalantzarik gabe eraikin hau izan da beste guztientzat erreferentzi eta ispilu, eredu garbia eta nagusia, adierazkortasuna eta komunikazioarekiko joera gure artean historian zehar oso ohikoa izan ez bada ere —aurreko artikuloan aipatzen genuen bezala— egia da ere XIX. mendean industria iraultzaren garapena eta oparotasun ekonomikoarekin batera, egoera hau aldatzen hasi zela, bereziki garai horretan gehien garatu ziren Euskal Herriko hiri nagusietan. Baina aldaketa hau ez zen maila berean eman hiri guztietan, eta horrela Bilbo eta Donostia hiri nagusiak izan baziren ere —Gasteiz eta Iruñaren garapenak XX. mendearen bigarren erdialdean gertatuko baitira— bi hiri hauen artean aldeak handiak izango dira.

Basque Culinay Center fakultatea, Donostia (Vaumm Estudioa)

Basque Culinay Center fakultatea, Donostia (Vaumm Estudioa).

Horrela, Donostian eraikitako arkitektura bai XIX. mendearen amaieran bai XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan orokorrean nahiko soila, sinplea eta xumea izan zen neurrian estiloarekiko gehienbat eklektizismoa jorratuz baina honen irakurketa irmoa proposatuz, Bilbon berriz Donostian ere jorratu eta garatutako antzeko tipologietan —Diputazio Jauregia, Udaletxea, Antzokiak, pasealekuak, adibidez— eraikinetan adierazkortasunarekiko joera handiagoa eta nabarmenagoa izan zen, eklektizismoaren alderdi esanguratsuagoa, oparoagoa garatuz. Ondoren, behin Frankismoa inposatu zenean lurraldeen arteko aldea berriro desagertu bazen ere, gero demokraziaren berreskurapenarekin batera Euskal Herriko bi hiri nagusien arteko aldea berriro agertu da, eta aldea oraingoan txikiagoa, arinagoa bada ere egun oraindik Bizkaian orokorrean eta Bilbon zehazki arkitektura adierazkorragoa eta esanguratsuagoa egiteko joera mantentzen da Gipuzkoa eta Donostiako adibidekin konparatzen badugu, eta oraingoan ere bereziki zenbait tipologiak aztertuz —Kongresu Jauregiak, zubiak, suhiltzaile eraikinak, merkatal guneak, adibidez— aldea nabarmen agertzen da berriro ere.

Hala ere, azken hiru urte hauetan Euskal Herriko lurralde desberdinen zehar estilo honetan eraikitzen amaitu diren arkitektura adibide berriak nahiko sakabanatutak aurkitu ditzazkegu, eta garrantzia eta kopuruaren aldetik ahuldu eta txikitu badira ere krisi ekonomikoaren ondorioz eta garai estetiko eta etiko berriak garatu direlako, beraien azterketa oso interesgarria jarraitzen du izaten bai gure arkitektura garaikidearen osasuna aztertzeko bai ezaugarri orokorrak ere aurkitzeko. Ondorioz, eraikin hauek hobekiago ulertzeko asmotan aurreko artikuloan ere egin genuen bezala arkitektura formalista eta adierazkorrari eskainitako estilo honen barnean taldekatze desberdinak egingo ditugu landutako edukin eta formen jatorrien eta helburuen arabera.

Eraikin formalistak, figuratiboak, sinbolikoak

Estilo honetan eraikitako arkitektura aztertzen badugu, nahiz eta eraikin guztiak komunikatzeko nahia argia erakusten badute ere, hori lortzeko orduan jorratzen duten bidea, hots, aukeratzen duten ibilbidean, bi norabide desberdin antzematen dira. Alde batetik, talde batean, eraikin formalistak kokatuko genituzke, hau da, figuratiboak ere izendatu ditzazkegunak gehienetan irudi formal bat izan dutelako edo abiapuntu gisa edota behintzat helmugan, hots, behin eraikina altxatuta dagoenean. Gehienetan irudi formal hauek eraikuntzak betetzen dituzten funtzioekin lotura hestua izaten dute eta ondorioz forma, funtzioa eta irudiaren arteko harremana sinbolikoa izaten da, eta horrela ez denean gertatzen, behintzat inguruan daukaten beste elementu batekin identifikatzen dira ere harremana sinboliko bera lortzeko asmotan.

Adibide gisa, estilo honen lehen taldea irudikatzeko asmotan, bost eraikin aukeratu ditugu: Miarritzen aurkitzen den Ozeanoa eta Surfaren Hiria (Steven Holl), Mondragon Unibertsitateak Donostian eraiki duen Basque Culinary Center fakultate unibertsitarioa (Vaumm Estudioa), E8 izeneko eraikina bulegoei zuzenduta (Juan Coll-Barreu eta Daniel Gutierrez Zarza) Gasteizeko parke teknologikoan kokatuta, Baionako Unibertsitateko liburutegia (Jean de Giacinto) eta Bilbao Arena kirol instalakuntza Bilbon (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri eta Nicolás Espinosa).

Miarritzen aurkitzen den Ozeanoa eta Surfaren Hiria (Steven Holl, Solange Fabi?o arkitektoa eta artistaren laguntzarekin) printzipioz museo lanak betetzeko altxatutako eraikina bada ere ez da paisaian gehiegi nabarmentzen den eraikuntza bere funtzio nagusiak lur azpian ezkutatu baitira. Erabaki honek eraikinaren sabaia plaza eta espazio publikoan bihurtzea ahalbideratu du, eta ondorioz sabaiari forma emateko orduan aukeratu den irudi kurbatua itsasoa irudikatzen du, zehazki bere olatuak baina baita ere ondoko hondartzan —Ilbarritzeko hondartzan— kokatuta dauden bi harri, uharte antzera eraikinaren sabaian aurkitu baititzazkegu, bata jatetxearen funtzioak betetzen eta bestea gune didaktikoarenak, Leibar&Seigneurin Iparraldeko estudioaren lana izanik. Ondorioz, inguruko paisaian jaio eta eraikinaren sabaian garatzen den topaleku hau gauza askotarako balio duen plaza da, eraikinaren traza zoragarriak begiratzeko, inguruko paisaiaz eta bereziki itsasoaz gozatzeko, eta bide batez, skatearekin maldaz malda ibiltzeko eta disfrutatzeko.

Baionako Unibertsitateko Liburutegia (Jean de Gacinto)

Baionako Unibertsitateko Liburutegia (Jean de Gacinto).

Mondragon Unibertsitateak Donostian eraiki duen Basque Culinary Center fakultate unibertsitarioak ere (Vaumm Estudioa) bere forman erreferentzi zuzena egiten dio bere funtzioari, edo behintzat bere funtzioarekin lotura hestua duen irudi ohiko eta umoretsu batekin, hots, platerak, eraikinaren irudi nagusiak irudi hori gogoratzen baitu, platera multzo bat bata bestearen gainean pilatutak, metatutak. Baina eraikina umoretik abiatzen bada ere askoz konplexuagoa da, testuinguru zaila bateri aurre egiten baitio —orubea maldan dago eta sarrera goitik egiten da, eta gainera etxebizitzaz eta naturaz inguraturik dago— forma esanguratsu bat eskainiz, oso sinbolikoa baina baita era berean ederra ere.

E8 izeneko eraikina bulegoei zuzenduta (Juan Coll-Barreu eta Daniel Gutierrez Zarza) eta Gasteizeko parke teknologikoan kokatuta ez da aurreko beste bi adibideen antzera sortu. Kasu honetan, ez dago irudi bat —aurrekoetan itsasoa eta platerak— eraikinaren abiapuntua izan denik, baizik eta oraingoan eta aukeratu ditugun beste bi adibidetan ere gertatzen den bezala, eraikina formalki hasieran itxura nahiko abstraktua badu ere, amaieran, bukaeran bai egiten diola elementu figuratibo bati erreferentzia, loturak sortuz inguruan duen elementu batekin, eta aukeratu ditugun hiru kasutan elementu hau naturarekin du harremana. E8 eraikinean zehazki, barrutik bulego eraikin bat bada ere kanpotik mendi itxura duen kristalezko ontziki bat da alde batetik barruko bulegoei argia eta baldintza funtzional hoberenak eskaintzeko asmotan, baina bestetik ere inguruko paisaia islatzeko helburuarekin, berarekin bat egiteko intentzioarekin. Arkitektura maila lortzen ez duten hainbat eraikinez inguratuta —tamalez ohikoa izaten den bezala parke teknologiko askotan—, E8 eraikina berezia da, eta guztiz adierazkorra ez bada ere argi dago bere burua nabarmendu nahi izan duela ohikoa ez den lotura eginez bulegoa, teknologia eta mendiaren artean.

Baionako Unibertsitateko liburutegia (Jean de Giacinto arkitektoa, Duncan Lewis paisaia egilearen laguntzarekin) ere testuinguru zaila batekin harremanetan ipini duten eraikina da, Baionako gazteluaren ondoan kokatzen baita eta gainera harresiaren parean, eta ondorioz, azken emaitza eraikin laukizuzen arrunta bat izateko aukera ohikoena bazen ere, zorionez ez da horrela izan. Zorionez solairu bakarreko eraikuntza bat da baina bi fatxada desberdinekin: fatxada nagusia zuhaitzen sustraien modukoa den hormigoizko sareta bereziki batek osatu du, eguzki izpiak barneko espazioan sartzen uzteko balio duena bertan liburutegiko irakurleentzako gunea kokatzen baita, atzeko fatxada berriz lurrez eta belarrez estalia dagoen neurrian bertan, azpian liburutegiaren biltegia kokatzen baita eta horregatik argi naturalarik ez du behar. Zuhaitzen sustraiak gogorazten duen hormigoizko sareta honek era berean gotorlekuari ere erreferentzia egiten dio baina aurreko gotorlekuak ertsiak izan behar ziren neurrian hau irekia dago eta ez bakarrik kanpoko argia barnean sartzen uzteko asmotan baizik eta jakintza bera ere, ondorioz oraingoan ere irudi figuratibo batek dimentsio sinbolikoa hartzen du.

Azkenik, Bilbon kokatzen den Bilbao Arena kirol instalakuntzan (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri eta Nicolás Espinosa) oraingoan ere eraikinak islatzen digun irudi formala bere funtzioarekin harremana zuzena ez badu ere —bertan biltzen diren funtzioen artean Bilboko saskibaloi kantxa berria nabarmendu behar da, hau da zehazki multzoko instalakuntza nagusiena eta formalki ere espazio hau bestetatik bereizten da eraikuntza soil batean, kurbaduna eta zutabe multzo baten gainean eutsita— alde batetik kolore berdea eta bestetik zutabeen erabilpenaren ondorioz eraikin multzoak basoaren itxura hartzen baitu osotasunean, urrutitik ikusita irudi indartsu bat sortuz, ez oso ikonikoa barruan gertatzen dena ez duelako azaltzen, baina inguruan txertatzea lortzen du —inguru zaila, non eraikuntza asko eta oso desberdinak daude eta naturari ere eskainitako espazio zabalak— bertan kokatuz eta bere burua nabarmenduz alde batetik oihu gehiegirik egin gabe baina bestetik ere argi utziz bertan gertatzen dena azalarazten berezia dela, eraikuntza bezain ikusgarria.

Eraikin adierazkorrak, esanguratsuak, ikonikoak

Aipatzen ari garen estilo honen bigarren norabidea itxuran lehenengoa bezain formalista eta sinbolikoa bada ere, eta ondorioz adierazkorra eta esanguratsua izateko asmoarekin ere sortua, talde honetan kokatzen ditugun eraikinak sinbolikoak baino ikonikoak dira, hau da, beraien asmoa ez da soilik eraikinaren formetan figurazioaren bitartez edukia, funtzioa edo testuinguruarekin harremana duen elementuren bat nabarmentzea aurreko eraikinetan ikusten genuen bezala —itsasoaren olatuak, platerak metatutak, kristalezko mendia, sustraiezko gotorlekua, baso mekanikoak— baizik eta zuzenean ikonoan bihurtu, iragarki izan, forma zuzen eta zehatzen bitartez, eta gehienetan abstraktoak, adierazkorrak eta esanguratsuak izan.

Bilbao Arena kirol instalakuntza Bilbon (ACXT Estudioa, Javier P?rez Uribarri eta Nicol?s Espinosa)

Bilbao Arena kirol instalakuntza Bilbon (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri eta Nicolás Espinosa).
Argazkia: Wikipedia

Aurrekoan bezala talde honetan ere bost adibide aukeratu ditugu baina era berean bi multzotan berrantolatu ditzazkegunak, alde batetik erreferentziazko arkitektura izateko asmotan jaio diren eraikinak aurkitu ditzazkegulako, eta bestetik asmo xumegoa izanik eta ondorioz eta printzipioz iragarkian bihurtzeko intentziorik izan gabe hala ere irudi indartsu bat ere sortu duten beste saiakerak. Aukeratu ditugun bost adibideak honako hauek dira: Krea eraikina, hots, Gasteiz hirian Betoñako Karmeldar oinutsen Komentuaren zaharberritze eta handipena (Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo), IDOMen egoitza berria Bilbon Biltegi Frankoren egoitza zaharberrituz (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri), Hernaniko Galarreta auzoan Orona IDeO-Innovation City (Xabier Barrutieta, Eneko Goikoetxea, Javier de la Fuente y Santiago Perez) izeneko gunea, Barakaldoko Salestarrak ikastetxearen kirolgune eta jolaslekuaren estali berria (Garmendia Arkitekto Taldea) eta Barakaldon ere Pormetxeta izeneko plaza (Javier Fresneda, Javier San Juan eta Javier Peña).

Krea eraikina, hau da, Gasteiz hirian Betoñako Karmeldar oinutsen Komentuaren zaharberritze eta handipena (Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo) bertan arte zentro bat kokatzeko asmotan, benetan deigarria gertatzen den lana da ez bakarrik zaharberritze prozesua goi mailakoa izan delako —gure artikulo sortaren zazpigarren alean aztertuko dugun bezala, zaharberritze prozesuei eskainiko dioguna— baizik eta bereziki eraikuntza zaharraren gainetik airean ikusten den zubi berria eta ikusgarriarengatik. Berez, zubi hori iragarki bat da, proiektuaren irudi ikonikoa izateko sortua baitago. Horrela, handipen berri hau oharkabean pasatzeko asmotan ez da komentuaren zaharberritzearekin formalki kamuflatu baizik eta nahita nabarmendu egin da —materialen erabilpenean ere bereiztasuna nabaria da, polikarbonatua eta beira nagusi baitira— zaharra eta berria elkartuz baina ez nahastuz. Funtzionalki ere bereizketa mantentzen da, handipen berrian aldizkako bisitariek erabiliko dituzten edukiak ipini dituztelako, eta berriz zaharberritutako eraikinean beste jarduera guztiak.

IDOMen egoitza berria Bilboko Biltegi Frankoren egoitza zaharberritu ondoren sortua (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri) ingeniaritza enpresa handi honen egoitza nagusian bihurtu da, eta lanak ere ACXT bulegoak burutu ditu bera baita IDOMen arkitektura bulegoa. Asmoa erronka handia zen hirurogeitamargarren hamarkadan altxatutako eraikin industriala bulego eraikin modernoan bilakatzea baitzen. Horretarako eraikin zaharraren hormigoizko estruktura besterik ez zuten zutik utzi eta beste guztia eraitsi ondoren beirazko fatxada altxatu zuten eguzkitik babesteko aluminiozko xaflak gainjarriz elementu adierazgarri eta ikoniko gisa baina ez soilik kanpoko itxurarekiko baizik eta baita asmo eta edukiekiko ere, xafla hau eraikuntzaren estalkian langileen atsedenerako estalki berde bat bihurtzen baita non gainera bertan enpresaren liburutegia kokatzen da. Ondorioz eraikina ez da bakarrik sortua izan funtzio zehatz bat betetzeko baizik eta baita ere enpresaren irudian bihurtzeko, oraingoan ere enpresaren zuzeneko iragarki ikonikoan.

Hernaniko Galarreta auzoan kokatzen den Orona IDeO-Innovation City (Xabier Barrutieta, Eneko Goikoetxea, Javier de la Fuente y Santiago Perez) izeneko gunea hiru eraikinez osatutako multzoa da—Orona, Ikerlan IK4 eta Mondragon Unibertsitatearen arteko elkarlanaren emaitza da proiektua—, eta oraindik amaitu gabe badago ere lanak oso aurreratuak daude eta aurten lehen eraikina amaitzeko asmoa dute. Multzoko eraikin adierazkorrena eta esanguratsuena Orona igogailu enpresaren logoaren irudiaren arabera egina dago, eta eraikina amaitzen denean zalantzarik gabe ikusgarria izango dela, eraikina zuzena eta orekatua izan beharrean maldan egina baitago, arrapalan. Zalantzarik gabe Oronaren asmoa kasu honetan ere eraikin ikoniko eta iragarki funtzioarekin egitea izan da.

Amaitzeko aipatu bi lan ez bereziki esanguratsuak asmo xumegoak baitituzte eta ondorioz eta printzipioz ez dute iragarkian bihurtzeko intentziorik izan baina hala ere irudi indartsu bat sortu dutela ez dago zalantzarik. Biak Barakaldon kokatzen dira, bata Pormetxeta izeneko plaza da (Javier Fresneda, Javier San Juan eta Javier Peña) eta bestea Salestarrak ikastetxeko kirolgunea eta jolaslekuaren estali berria (Garmendia Arkitekto Taldea). Lehenengo kasuan, plaza funtzio garrantzitsuak betetzeko sortua izan bada ere —besteak beste, goiko hiriguneko Pormetxeta kalea eta beheko itsasadarreko Bizkaiko Labe Garaiak hiribidea arrapala baten bidez lotzen baititu— esanguratsuena formalki arrapalaren amaieran kokatzen da, bertan altzairuzko zuhaitzak kokatzen baitira, guztiak baso artifiziak bat sortuz erabiltzaileen esanetara bai babesteko bai amesteko. Bigarren eraikina euritik babesteko espazio publikoen eskasia aintzat hartuz bestelako lana da, kasu honetan Salestarrak ikastetxeko jolastokia estaltzeko arkitektoek sortu duten azal metalikoa bai duelako balio ikonikoa bere diseinuan bai txertatu den kolore urdinagatik baina bereziki xaflak jaso duten tolesdurengatik, hauek sortzen duten mugimendu bitxia harrigarria eta txundigarria gertatzen baita. Baina gainera, aurreko beste bederatzi adibidetan gertatzen den bezala, estali berri hau ere ez da soilik xelebrekerian gelditzen, eginkizun funtzionalei ere ederki erantzun baitio, argi utziz egun bizitzan ari garen garai hauetan arkitektura bikaina ere adierazkorra eta esanguratsua izan litekela.

 

Sarrerako argazkia: Ozeano eta Surfaren Hiria, Miarritz (Steven Holl).

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia