Eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketa. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (II)

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA

Oraingoan ere krisiaren ondorioz baina baita garai berrien eraginez ere —alde batetik eraikuntza sistema eta material berriak garatu direlako eta bestetik ingurugiroaren errespetuarekiko konzientzia zorionez ere gure gizartean zabaldu den neurrian— azken urtetan ohiko eraikuntza sistemak aldatzeko aukerak handitu dira bereziki aurrefabrikatutako piezak erabiliz —prozesua nagusiki azkartu eta merketu egiten baitute— baina baita materialak eskaintzen dituzten aukerak hobekiago aztertuz ere, bai berriak direnak bai ohikoagoak eta gehienetan hurbilekoak.

Ondorioz, aldaketa sakon hauen eraginez Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berria ere izan beharko luke bai eraikuntza prozesuan aurrena bai mantenimendu lanetan ondoren kutsadura ahal den neurrian saiestu, baliabide eta energiaren erabilpena murriztu eta aurreztu, eta bide batez, arkitektura osasungarriagoa bat sortu, eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketak ez baitira bakarrik beharrezkoak ikuspegi ekonomiko batetik baita begirada etiko batetik ere eta hein handi batean azken hau ere estetikoa izan liteke. Hau horrela izanik, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honetan bigarren ataleko azterketa eta hausnarketa lau bidetik luzatu eta jorratuko dugu: eraikuntza sistemetan gertatu daitezken aldaketak, material berrien erabilpenak eskainiko dituzten aukerak, ohiko materialen garrantzia ez ahazteko beharra, eta azkenik, aurrezte sistemak nola eramango gaituen iraunkortasunera.

Eraikuntza sistemetan aldaketak: aurrefabrikatuen erabilpena

Krisiaren eraginez, eta ondorioz kostua aurrezteko asmotan, baina baita ingurugiroarekiko arkitektura jasangarriagoa bat egiteko itxaropenarekin ere, eraikuntza sistemak eraberritu behar direla nahiko argi dago. Eta bereziki lehen bait lehen jorratu beharreko arloa eraikuntza sistemak industria muntaiaren bidetik ipintzea da, hau da, etorkizunean iraunkortasunaren izenean alde batetik gero eta aurrefabrikatu gehiago erabili beharko dira eraikuntza sistemetan eta bestetik sistema hauetan lehorreko muntaia ezinbestekoa bihurtuko da, eta ez bakarrik eraikinen balioa merketzeko eta prozesua azkartzeko, baizik eta baita baliabideak eta energia bai aurrena eraikuntza prozesuan bai ondoren mantenimendu lanetan murriztu eta aurrezteko asmotan ere.

Carlos Santamaria Liburutegia, Donostia (Jaam Estudioa)

Carlos Santamaria Liburutegia, Donostia (Jaam Estudioa).
Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna

Hala ere, asmo eta neurri batean amets hau ez da berria, arkitekturaren historian askotan egon baitira aurrefabrikatuen erabilpenak bultzatu dituzten garaiak eta pertsonaiak. Historian atzera gehiegi egin gabe, adibide ezagunenetakoa XX. mendearen hasieran Le Corbusierrena izango litzateke eta bere ametsa etxebizitzak kotxeak bezala egiteko —Citroën enpresarekin lankidetzan aritu zen azkenean gauzatu ez ziren zenbait proiektu prestatzen—, muntaketa katearen alde onuragarriak erabiliz. Tamalez nahia hauek ez ziren gauzatu muntaketa katea eta aurrefabrikatuen erabilpena seriean ekoiztutako ondasunekin lotu izan baitugu eta ondorioz emaitzarekiko ditugun aurreiritziak handiak dira, seriean ekoiztutakoa derigorrez errepikatuta egon behar duela uste izan baitugu, eta ondorioz aspergarriaz gain kalitate txarrekoa izan behar duela pentsatu izan dugu. Adibide gisa, askotan aurrefabrikatuak ilara etxeekin lotu izan ditugu gero errealitateak erakusten diguna zeharo desberdina denean, hau da, gehienetan etxe mota hauek ez dute deus ikusi beharrik eraikuntza sistema berritzaile hauekin, eta alderantziz, gehienetan bere estetikarekin gertatzen den bezala, etxe hauek loturak iraganarekin sortzen baitituzte eta ondorioz ez dute ez eraikuntza sistemen ez material berrien aldeko apusturik egiten.

Baina etxebizitza tipologian beste motatako adibideak ere aurkitu ditzazkegu, adibidez Gasteizen, Borinbizkarra auzoan —M18 partzela, 1 sektorean— Babes Ofizialeko 84 etxebizitza (Rosa Aurora Abalos, Jorge Calderon, Alejandro Diaz de Tuesta eta Gonzalo Garate) L formako bi bolumenetan antolatutak aurkitzen dira. Bertan, hurbiletik fatxaden osaketa nabarmendu behar da, egituran hormigoizko panel aurrefabrikatuak antzematen badira ere oreka egokia lortu da aurrefabrikatuak eskatzen duten diziplina zorrotza eta konposizio sortzailearen artean; horrela leiho guztiak soilik bi neurrikoak badira ere panelen eta leihoen antolaketa ezberdina eta aldakorra izanik mugimendu efektua sortzen dute. Azken emaitza bikaina da, urrutitik panelak eta leihoak sortzen duten efektuaren ondorioz badirudi eta eraikinek berezko zazpi solairuak baino hiru solairu dituztela.

Beste adibide esanguratsua Tolosan aurkitzen da, Laskorain ikastolak gela berriak eta kanpo jolas eremu estalia epe laburrean izateko premia zuen eta gainera eraikuntza lanak haurren ikasturtearekin batera bideratu behar zituen. Arazo honi proiektuaren egileak (Juan Jose Gurruchaga Chacon, Maria Gurruchaga Insausti eta Ander Auzmendi Perez de Lazarraga) aurkitutako irtenbidea txalotzeko modukoa da. Baldintzak ikusirik, ikastolaren zaharberritze eta handitze lanak zurarekin bakarrik egiteko erabakia hartu zuten, bai paretak eta zutabeak bai estalkiak egurrezkoak baitira, horrela eraikuntza lehorra bezela ezagutzen den sistemaren aldeko apustua eginez; eraikuntza sistema honetan piezak aurrefabrikatu egiten dira lantegian eta gero eraikuntzan bertan muntatzen dira; horrela, urik ez da erabiltzen —hormigoian ez bezala— eta ondorioz eraikuntza epeak laburragoak dira azkarrago eraiki daitekelako. Eraikuntza sistema honek eskaintzen dituen onurak asko badira ere —baliabide, energia eta garraio kutsadura murriztu, eta gainera, tokiko ekonomia suspertu—, egurraren erabilerak baditu beste abantailak ere, orokorrean giroa goxotu egiten baitu, eta hemen bezala zentzuz eta gustoz erabilia badago eraikuntza ere edertu.

Material berrien aukerak aztertzeko une egokia

Egun ikerketa eta garapenaren aldeko apustua egin den neurrian, eta krisiak tamalez apustu hauek bultzatu beharrean jasanezinekoak diren atzera pausoak ematera bultzatu badu ere, argi dago tekonologi berrien erabilpenei esker etorkizun batean material berriak eta hauen erabilera desberdinak ezagutuko ditugula. Hau horrela izanik, arkitektura garaikidearen erronketako bat zalantzarik gabe material hauen azterketa izan behar duela, eta ahal den neurrian erabilpena bultzatu bai eraikinarentzat bai funtzioarentzat mesedegarria izaten bada. Azken finean, gai honetan arkitektura berdea izenekoarekin gertatu zaiguna —paisaia eta landaretza arkitekturan txertatzea horrela izendatu izan dugu— berriro ez zaigu gertatu behar, hau da, garestiagoa izateaz gain azkenean parafernalia teknologiko eta arkitektoniko hutsa —azalekoa, soilik estetikoa, itxurazkoa— izatea.

Biomedikuntzaren ikerketa zentrua, Iru?a (Antonio Vaillo eta Juan Luis Irigaray)

Biomedikuntzaren ikerketa zentrua, Iruña (Antonio Vaillo eta Juan Luis Irigaray).
Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna

Etorkizuna aipatu dugu baina zenbait adibidetan etorkizun hori azken urtetan errealitatean bihurtu da, Gasteizeko Gamarrako industrialdean gertatu den bezala, bertan Fojansa enpresaren industria pabiloiaren eraberritzea eta eranski berria (Balderrain estudioa) eraiki baitira, argi utziz industria pabiloien arkitektura ere oso interesgarria eta erakargarria izan litekela. Fojansak Gamarrako industrialdean zuen pabiloia eraberritu ondoren Balderrain estudioak hormarte bat kendu zion eta elipse formako eraikin berri bat txertatu zuen. Eta kontutan hartuta Fojansa instalazioaten lan egiten duen enpresa bat dela —iturgintza, berokuntza, eguzki energia, geotermia, e.a.— eraikinaren fatxada energetikoki aktiboa den sare berezi batez osatu du; hau da, eraikinak itxitura bikoitza du tartean mikroklima bat sortzeko helburuarekin, eta horrela barnean beirazko ohiko azal bat dagoen bitartean, kanpoan polietileno beltzezko tutu txirikordatuz osatutako sare bat kokatzen da. Tutu hauek ur glikolduna daramate eta horrela tutu hauek beharren eta eguraldiaren arabera funtzio hirukoitza betetzen dute, hau da, eguzkia energia probestu eta itzal sorgailua izateaz gain, energia trukagailua ere badirelako. Gainera, guzti hau gutxi izango balitz, eraikina zortzi putzutako biltzaile geotermiko batekin hornituta dago eta pabiloien estalkietan ere panel foltoboltaikoak ipini dira, lantegi osoaren energia kontsumoa positiboa izanik.

Baina beti materialak ere ez dira berriak izan behar, askotan materialak asmatuak egon daitezkelako baina berrikuntzak erabilpen berrietan aurkitu daitekelako. Hori gertatu da, adibidez, Iruñan Nafarroako Ospital gunean eraiki berri den Biomedikuntzaren ikerketa-zentroan (Antonio Vaillo eta Juan Luis Irigaray), hainbat laborategiren eta berrikuntza garatzeko bestelako espazioen biltegi. Eraikuntzaren edukia ikerketa zientifikoa izanik bitxia gertatzen da egiaztatzea Vaillo eta Irigarayren eraikinak material berriak eta garaikideak erabiltzen baditu ere —kanpoko geruza metalikoa da, aluminiozko xaflez osatuta baitago saihetsen egitura altzairuzkoa den bitartean— naturan izan duela inspirazioa iturria nagusia. Horrela, estalkian gameluaren forma konkordunetan inspiratu diren neurrian eraikinaren instalazio makinak jasotzeko konkor batzuk ere eraiki baitituzte gameluak ura biltzeko egiten duten bezala, eraikinaren azalean kanpoko geruza metalikoak alde batetik zenbait animalien larruaren moduan tenperaturaz babesteko funtzioa du, eta bestetik, geruza metalikoa tolesdura triangularra duten aluminiozko xaflez osatuta dagoenez hostoen agitura egonkorra baina arina imitatzen du, eraikina kanpoko erasoetaz intimitatean babestuz eta murgilduz baina baita ederragoa ere eginez, altxor ezkutatu eta misteriotsu baten itxura hartzen baitu.

Ohiko materialen ezaugarriak ez ahazteko garaia

Baina ikerketa eta garapenaren aldeko apustua ez du esan nahi ohiko materialen ezaugarri onuragarriak ahaztu behar ditugunik, alderantziz, jakinik bizitzen ari garen garaiak nolakoak diren guretzako ohikoak eta gainera hurbilekoak ditugun materialak erabiltzeko erantzukizuna gurea ere egin behar dugu, erabaki honekin baliabideen erabilpena murriztu, energia aurreztu eta kutsadura saiesteaz gain, askotan tokiko ekonomia suspertzeko aukera izango baitugu. Horren adibidea izan da Laskorain ikastolan (Juan Jose Gurruchaga Chacon, Maria Gurruchaga Insausti eta Ander Auzmendi Perez de Lazarraga) Pinus Insignis zuraren erabilpenak ekarri dituen onurak, edo Nafarroako Salazar bailaran dagoen Balioanitz Zentroan (Natalia Gutierrez eta Julio de la Fuente) ere altzairuzko xaflekin batera —mikroperfilatutak eta tatuatuak— bertako egurraren erabilpena eraikinaren hormetan eta sabaietan suposatu duena testuinguruarekiko.

Hala ere, ohiko materialetaz hitz egiten dugunean ez dugu bakarrik pentsatu behar nagusiki hauek zura eta ladreilua besterik gabe direla, egun ohiko materialtzat hartu baditzazkegu ere beira eta hormigoia, adibidez, bien erabilpena eraikuntzetan denboran mendea gainditu duten neurrian horrek ez baitu esan nahi beti ongi erabiltzen direnik eta berez dituzten ezaugarriei etekin guztiak ateratzen zaizkienik. Hormigoiarekiko Donostian Euskal Herriko Unibertsitateak eraiki duen Carlos Santamaria Liburutegia (Jaam Estudioa) aipatzen ari garen adibide garbia da, bezeroak mantenimendu erraza eta ekonomia eskatzen zuen neurrian, Jaam estudioaren erantzuna maila handiko izan da, klimatizazioarekiko kostuak murriztu baititu eraikinaren ikur nagusiaren bitartez, hormigoi txurian eraikitako ohial kurbaduna, horma erraldoi honek eraikuntza guztia babesten duena ez baitu barruko espazioak sostengatzen baizik eta isolatu egiten ditu, galera termikoak sahiestuz bai neguan kanpoko hotza barruan sartzen ez baitu uzten eta baita udaran ere beroa urruti mantentzen duelako.

Argazkia: CC BY - jonathan chanca

Fojansa, Gasteiz (Balderrain Estudioa).
Argazkia: CC BY - jonathan chanca

Beirarekiko gure artean eta azken urtetan eraikitako bi adibidetan berrikuntza nahiak ere aurkitu ditzazkegu, bata Bilbon eta bestea Gasteizetik hurbil kokatzen dira, azken hau zehazki bere parke teknologikoan. Horrela E8 izeneko eraikina (Juan Coll-Barreu eta Daniel Gutierrez Zarza) barrutik bulego eraikin bat bada ere kanpotik mendi itxura duen kristalezko ontziki bat da alde batetik inguruko paisaia islatzeko asmotan, baina bestetik beirazko bi azalez osatua dagoen neurrian isolamendu akustikoa bilatzeko asmoa du eta energia kontsumoa murrizteko nahia, bi beira arteko tarteak koltxoi termikoaren funtzioa egiten baitu eta horrela haizearen zirkulazio naturala ahalbideratzen du. Beste adibidea Bilbon kokatzen da eta kasu honetan ere sistema bera erabili da Bilboko Udaletxearen egoitza berrian (IMB estudioa, Gloria Iriarte, Eduardo Mugica eta Agustin de la Brena arkitektoak osatuta). Kasu honetan beiraz gain zeramika erabili da, horrela hego-mendebaldera irekitzen den fatxada beirazko azal bikoitza duen neurrian kontrol mikroklimatikoa bermatzeko asmotan aireztapena eta eguzkitapena sustatu batitu, eraikin berriaren fatxada ipar-ekialdera zuzentzen denean beira soilezko azala du eta ekialdera begiratzen duenean koloreztatuztako zeramikazko hodi hutsak.

Aurrezte sistemetatik abiatuta iraunkortasunera

Azken finean alderdi teknikoak jorratzen ari bagara ere —eraikuntza sistemak, material berriak, ohiko materialak— funtsean arkitekturarekiko ikuspegi ekonomikoa aldatu beharra dugulakoan gaude. Eta ez bakarrik aurreko garaietako eraikin asko denbora batez ezingo ditugulako eraiki baizik eta eraikinak berak eraikitzeko garaian eta mantentzeko orduan beste planteamendu batzuen beharrean gaudelako. Ondorioz, aurrezte sistemen erabilpena ez du besterik gabe moda berri bat izan behar neurri batean arkitektura berdea izenekoarekin gertatu den bezala, eraikitzeko modu berria bat baizik. Eta aurrezpenak ez dira soilik gertatu behar eraikuntza prozesuan balibideak, garraioa, kutsadura eta energiarekiko, baizik eta baita ondorengo mantenimenduan ere, tamalez “haize egokituaren” garaitik gatoztelako, hots, haize egokituarekin arazo guztiak —hotza, beroa, hezetasuna— konponduko genituela usten genuen garaitik, eta hori ez da horrela izan, eta askotan, tamalez alderantziz ere izan da , inolaz ere osagungarriak ez diren eraikinak altxatu batitugu. Baina mantenimenduaren arazoa ez da bakarrik mugatzen haize egokituaren erabilpena zuzenean baita oinarrizko beste elementuetara ere askotan ohinezkoentzat eta erabiltzailentzat lotsagarriak gertatzen direnak, adibidez, hamar urte baino gutxiago dituzten eraikin batzuen fatxadak erortzen ikustea. Ondorioz, eraikuntzak ekonomikoak eta iraunkorrak eraikitzea ez du moda bat izan beharrik baizik eta derrigorrezko behar bat bai etikoa baina bide batez baita estetikoa ere, mugak eta oztopoak askotan aukeretan bihurtzen baitira.

Agian egoera honen adibidea izan liteke hurrengo urtean amaitzen denean Orona enpresaren egoitza berria Hernaniko Galarreta auzoan, Orona IDeO-Innovation City (Xabier Barrutieta, Eneko Goikoetxea, Javier de la Fuente y Santiago Perez) izeneko gunea, hiru eraikinez osatutako multzoa —Orona, Ikerlan IK4 eta Mondragon Unibertsitatearen arteko elkarlanaren emaitza da proiektua— non printzipioz eraikuntzak beharrezkoa izango duten energia bere kabuz sortuko baitute panel foltoboltaikoen bitartez, eta gainera, bide batez proiektu honek eraikuntza erraldoiak eta ikusgarriak oraindik egiteko aukera ere badagoela erakusten digute eraikuntza sistema eta material berrien aldeko apustua eginez.

 

Sarrerako argazkia: Oronaren eraikuntza berria, Hernanin.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia