Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA
Krisiaren ondorioz baina baita ere garai berrien eraginez egun eraikuntzak erabilera anitzak jasotzeko prest egon behar dira. Garai berriekin beharrak aldatu diren neurrian, eta krisiarekin eraikin kopurua eta asmoak murriztu, sartu berri garen azken hamarkadan honen lehen urtetan nabarmentzekoa da zenbat eraikin altxatu diren erabilera anitzak jasotzeko asmotan. Aldaketa honetan faktore askok eragina izan badute ere ondorioak ere garrantzitsuak izan dira Euskal Herriko arkitektura garaikidean azken hiru urtetan sortu diren eraikuntzetan, eta hauen artean gure ustez nabarmentzekoak honako hauek dira: tipologiekiko irakurketa berri bat sortu izana, erabilera anitzeko eraikuntzen arrakasta, zatikatze printzipio berritzailearen sorrera —non eraikin bat zatika erabili daiteke eta ez bakarrik osotasunean—, eta azken finean, etorkizunari begira garai berriak ere aukerak, erronkak eta erabilerak eraberritzen jarraituko dituela. Goazen banan bana aztertzea gure testuinguruko adibidetaz baliatuz.
Bai eraikuntza arruntak bai arkitektura gisa kontsideratu dezakegunak ere lehenik funtzio bat bete beharra dute, eta ondorioz, gehienetan arkitekturan egin izan diren sailkapenak erabileran oinarritutakoak izan dira eta sailkapen hauetan atal edo multzo bakoitzari tipologia deitu izan diogu. Baina tipologia batek ez ditu bakarrik bildu behar eraikuntzaren erabileran oinarrizkoak diren ezaugarri funtzionalak baizik eta baita eraikuntzaren hizkuntza bera ere, espresioa, hau da, eraikinaren adierazpen gaitasuna kontutan hartu behar baita. Ondorioz, arkitekturaren historiaren barne istorio desberdinak trazatu badaitezke ere ohikoenetakoa tipologien istorioa ardatz gisa hartzea izaten da, beraren bitartez arkitekturak jasan dituen garaiak eta aldaketak oso ongi islatuta aztertu daitezkelako.
Goibegi, Abaltzisketa (Javier Mozas eta Eduardo Agirre).
Argazkia:
Jose Javier Fernandez Altuna
Hau horrela izanik, argi dago arkitektura garaikidearen agerpena XVIII. mendearen amaieratik aurrera guztiz erabakiorra izan zela ere arkitekturaren historiaren barna tipologien bilakaeran, eraikitzeko modu berri bat sortzeaz gain bereziki tipologiaren aferan aldaketak nabariak izan baitziren. Horrela, garai berriekin, eta bereziki, Industria Iraultzarekin lotutako tipologia berriak sortu ziren neurrian beste batzuk bilakaera geldoagoa izaten hasi ziren eta zenbait kasutan erabilpenetan gertatutako aldaketengatik tipologia batzuk desagertu eta guzti egin ziren.
Joera hau, gainera, ez da bakarrik gertatuko eraikuntzen erabilpenen aldetik baita eraikuntzak adierazkorrak izateko ahaleginetan ere, arkitektura garaikidearen ildo berriak apainketak eraikuntzetan baztertzen zituen neurrian eta apainketa hauetan tipologia askotan adierazkortasun gaitasuna oinarritzen zenez, kasu gehienetan zaila gertatuko da tipologia bat beste batetik bereiztea eraikuntzaren kanpo hizkuntza soilik aztertuz. Beste modu batean esanez, “Nazioarteko estiloa” deitu izan den joera arkitektonikoa, bereziki Bigarren Mundu Gerra ondoren mundu zabalean arrakastatsua gertatuko dena, tipologien bilakaera eta garapena oztopatuko ditu, itxura bereko kutxetan —hori bai, altzairuz eta beiraz eraikiak— hainbat tipologia deberdinak sartzen, konbinatzen eta ordezkatzen hasi baitzen arkitektura garaikidea.
Eta hirurogeitamargarren hamarkadako postmodernidadea tipologiak berreskuratzen saiatuko bada ere, berreskurapen hau soilik azalekoa izango da, itxurazkoa, apainketak berreskuratu baitziren, kanpoko hainbat forma, baina benetan erabilpenen inguruan beharrezkoa zen hausnarketa egin gabe, garai berriekin sortzen ari ziren behar berriak eskatzen zuten erreflexioa alboratuz. Eta garaiak noski aldatu direla eta tipologiak zer esanik ez, orain ere batzuk ezagutzen genituen bezala desagertzen ari direlako —adibidez, merkatuak—, baina beste batzuk ere neurri berean indarrez ere agertu egin direlako —adibidez, merkatal zentroak— aurreko beharrak ordezkatuz edota behar berri batzuei erantzunez. Eta beste kasu batzutan zenbait tipologia ez badira desagertu ere orain bizitzen ari garen garai hauetan non krisi ekonomiko batean txertatuta gaude, bai behintzat eztabaida sortu izan dutela berez izan dezaketen erabilpena tipologikoa oso mugatua delako —adibide ohikoenak futbol zelaiak edo zezen plazak izango lirateke—, eta ondorioz, beste eztabaida mota bat egon litekela argi dago, hau da, zergatik ezin diren egun erabilera anitzeko eraikuntzak egin, printzipioz eraikin berean erabilera desberdinak jasoz eta horrela eraikinari etekin handiago bat ateraz.
Askotan gertatzen den bezala asmo hauek ez dira bakarrik amets izan eta gure artean azken urtetan ere eraiki dira erabilera anitzeko eraikuntzak. Adibiderik ezagunena zalantzarik gabe Bilboko Alhondiga eraikuntza dugu (Philippe Starck) non aisialdiarentzat zuzendutako eraikuntza batean uztartu diren gorputza eta arima, hau da, alde batetik ariketa fisikoak egiteko guneak ditugu —igerilekua, gimnasioa— eta bestetik garuna ere elikatzeko aukera badago —erakusketa aretotak, mediateka, zineak— eraikin berean gainera zaharberritze prozesu baten ondorio ikusgarriak jasoz eta hirian jostun lanak betez, pasabide eta elkargune funtzioak ere egiten baititu Alhondigak.
Iesu eliza, Donostia (Rafael Moneo).
Argazkia:
Jose Javier Fernandez Altuna
Adibide honen zalaparta eta kostua izan gabe Euskal Herriko esparruan ere beste bi adibide interesgarri aurkitu ditzazkegu non hauetan ere eraikuntza publikoak izanik eta ondorioz udalerri baten funtzioak betetzeko asmoa izan, beste aldetik ere irekiak daude beste erabilerak jasotzeko zehazki enpresa munduarekin lotutakoak, eremu pribatuarekin harremanetan —bata enpresentzat espazioak alokatzen baititu eta besteak enpresa berriak sortzeko asmoa baitu—, ondorioz hauen ekimena bultzatzeko asmotan. Horrela, bai Abaltzisketan kokatzen den Goibegi eraikinean (Javier Mozas eta Eduardo Agirre) bai Salazar bailaran dagoen Balioanitz Zentroan (Natalia Gutierrez eta Julio de la Fuente) ez dugu bakarrik aurkituko erabilera anitzetarako prestatuta dauden eraikin xumeak —erabilpenetako batzuk gainera ziurrenik sortzeko egongo dira beharren arabera— baizik eta tamainaz apal baina hizki handiz idatzitako arkitektura, alde batetik adierazkorra baina bestetik testuinguruan txertatzeko asmoarekin, Goibegiren kasuan eraikuntzaren sabaia herritarrei eskeiniz Txindoki mendira begiratzen duen plaza bat baita, eta Salazarren bi isurialdeko eraikina eginez garaikidea oinarrietan —bereziki fatxadaren planteamenduan serigrafiatua baitago— baina inguruari errespetoz ere begiratzen diona.
Baina erabilera anitzak eraikuntza beran sartzeaz gain beste aurrera pausoa ere izan liteke zatikatze printzioa eraikinetan aplikatzea eta hemendik ere onurak lortzen saiatu. Zatikatze printzipioz ari garenean zera esan nahi dugu, eraikin batek eskaini ditzazken erabilpen aukerak probestea ez osotasunean soilik erabiliz eraikina baizik eta zatika ere erabiltzeko aukera izatea, horrela eraikinari etekin gehiago ateratzeko asmotan.
Printzipio honen arabera asko dira ere gure artean azken urtetan eraiki diren eraikinak, eta adibide gisa Donostian Euskal Herriko Unibertsitateko kanpusan aurkitzen den Carlos Santamaria Liburutegia (Jaam Estudioa) erabili dezakegu, pintzipioz bere erabilpen nagusia liburutegia izatea bada ere beste erabilpenak ere bertan hartzen baititu —auditorioa, erakusketa aretoa— eta bakoitza gainera modu independientean antolatuta dago —nahiz eta guztiak sarrera bakarra izan—, edo Donostian ere San Telmo Museoa (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano) prestatuta dago bere erabilpen desberdinak betetzeko eraikuntza atalka erabiliz.
Baina printzipio hau jaso duten bi eraikin hausartenak eta interesgarrienak Donostian ere kokatuta dagoen Iesu eliza (Rafael Moneo) eta Biarritzen aurkitzen den Ozeanoa eta Surfaren Hiria (Steven Holl) izan dira. Lehenengo kasuan eraikinan bi tipologia elkarrekin baina nahastu gabe aurkitzen ditugu, alde batetik, eraikinaren zatirik haundiena eta esanguratsuena eliza baita —eta ez nolanaiko eliza, Moneok tipologia honetan azken hamarkadetan egin den eraikin garrantzitsuenetakoa eta berritzailenetakoa eraiki baitu— baina azpian kotxei zuzendutako aparkaleku batez gain supermerkatu bat ere aurkitu dezakegulako, ondorioz bata besteari, supermerkatua elizari, oztopo egin gabe eta bien arteko elkarbizitza posiblea dela argi utziz; azken finean, Moneoren apostua ez da berria, Elizak beste garaietan ere bere baitan merkatal jarduerak jaso izan zituelako, eta orain ere aintzinan bezala bata eta bestearen beharrak bat egin dute eta Moneok eraikin berean maisuki lortu du erabilpenak uztartzea. Beste adibidea ere ikusgarria da, Steven Holl arkitekto estatubatuarraren —Solange Fabião arkitektoa eta artistaren laguntzarekin— Ozeanoa eta Surfaren Hiria ez baita bakarrik museo bat bere behar guztiak eraikinean bertan hasetutak dituena —jatetxea bera ere, Leibar&Seigneurin estudioaren lana kubo baten txertatuta itsasoko kostan ikusten diren harrien antzera— baizik eta gainera eraikina bera plaza bat da, inguruko paisaian jaio eta eraikinaren sabaian garatzen den topaleku bat da gauza askotarako balio duena, eraikinaren traza zoragarriak begiratzeko —olatuen formak hartzen dituzte—, inguruko paisaiaz eta bereziki itsasoaz gozatzeko, eta bide batez, skatearekin maldaz malda ibiltzeko eta disfrutatzeko.
Baina garai berri hauetan sartu besterik ez garen neurrian oraindik erabilera, erronka eta aukera berriak sortuko direla argi dago. Zalantzazko egoera hau, normalki krisi garaietan sortzen dena, ziur gaude orokorrean eta etorkizunean onuragarria izango dela, aspalditik konpondu gabe ditugun arazo eta gabezi asko beste modu batean begiratzen lagunduko digulako, askotan arazoei horrela aurkitzen baitzaie irtenbidea, perspektiba aldatuz, begirada aberastuz.
Ozeanoa eta Surfaren Hiria, Biarritz (Steven Holl).
Argazkia:
Jose Javier Fernandez Altuna
Arazo eta gabezi hauen artean azken urtetan bat bitxia izaten ari da, aspalditik biztanle askoren kexa izan baita eta orain izan da momentua eskala txikiko lanen bitartez neurri batean arazoa bideratzen lortu den unea. Espazio publikoen erabilgarritaunaz ari gara, gure testuinguruan eta bereziki gure klimak baldintzatuta udazkenetik udaberrira gure espazio publikoen erabilgarritasuna krisian sartzen baita euritik babesturiko espazio publikoen eskasia aintzat hartu beharrekoa arazoa baita eta bereziki nabarmenki hirietan. Gabezi hau garai batean elizetako atariak bete bazuten ere, eta ondoren frontoien estaldurak —baina beti herri txikien eremutan—, egun kasu batzutan eta neurri batean merkatal zentroak betetzen ari dira baina argi dago hau ez dela beraien bete beharra, ondorioz, egun oraindik harrigarria gertatzen da egiaztatzea arazoa eta gabezia benetakoa dela, eta ez bakarrik espazio publikoetan baizik eta ikastetxetan ere, azken hauen jostaldirako espazioen erabilgarritasuna ikastetxe askok ere guztiz probestu gabe baitute.
Arazo larri honi aurre egiteko asmotan azken urtetan hainbat saiakera egon dira eta guk hona bi ekarriko ditugu, biak Barakaldon garatuak, bata espazio publiko batekiko bertan Pormetxeta izeneko plaza eraikiz (Javier Fresneda, Javier San Juan eta Javier Peña) eta bestea Salestarrak ikastetxeko kirol gunea eta jolaslekua estaliz (Garmendia arkitekto taldeak) ikusgarria gertatzen den eraikin baten bitartez. Beno, ikusgarriak bi eraikuntzak gertatzen dira, lehenengoa ere Nerbioi itsasadarraren ondoan Galindo ibai ahoaren eta Arrontegi zubiaren arteko eremu zabala hartzen baitu estaliz altzairuko zuhaitzen bitartez; zuhaitzak benetan bereziak dira beraien adarrak markesina gisa harriak eusten baitituzte multzoak osotasunean baso artifizial baten itxura liluragarria hartuz eta bertan oinezkoak nahi dutena egiteko aukera eskainiz, atsedena hartu, jolastu edota irudimea aske utzi. Salestarrak ikastetxean asmoa berea zen eta hemen ere arkitekto taldeak maisutasunez lortu du ez bakarrik aurreikusita zeudeten erabilpen guztiak biltzea eta estaltzea baizik eta gainera eraikina ikusgarria izatea, txundigarria, sabaian sortu dituzten forma malkartsuak ez baitira bakarrik berez adierazkorrak baizik eta gainera funtzio zehatzak —argiarekiko, ureztatzearekiko— betetzen baitituzte.
Argi dago etorkizuneko arkitekturak honelako erronka gehiago izango dituela eta orain kokatzen garen momentuan irtenbide haundiak eta erraldoiak plantzeatzeko ez badira ere beste asko, hausnarketa eta irudimenaren arteko uztarketaren ondorioz sortzen direnak garai eta behar berriak erantzuteko balio izango dutela ziur gaude. Adibide gisa, Donostiako surfistak negu honetan —eta suposatzen dugu gure kostako beste askok ere— Donostiako udalari eskatu diote udan erabiltzen diren hondartzako instalakuntzak irekitzeko beraiek tenore honetan erabiltzen ez diren instalakuntzen erabilpena egiteko; erantzuna ezezkoa izan da erabilpena honen gastua handia delako. Erronka hau bezalakoak beste hamaika daude konponbiden zai.
Lotutako artikuluak:
Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian: Sarrera eta aurkezpena
Eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketa. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (II)
Arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren garaipena. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (III)
Adierazkortasuna eta komunikazio dimentsioa salbuespen. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IV)
Arkitektura jostun lana gisa ulertuta. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (V)
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus