Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia eta Lur Hiztegi Entziklopedikoa
Maiatzaren lehena. Manifestazioa Donostian, 1978.
II. Internazionalean ezarria (1889), 8 orduko lan eguna eskatzeko, 1886ko maiatzean Chicagon egindako manifestazioan hilak eta atxilotuak izan zirenen oroimenez ospatzen da egun hau. Euskal Herrian, Primo de Rivera diktadurapean leku itxietan ospatu zen. Bigarren Errepublikan, normaltasunez ospatu zen, Bilbon ez ezik, non tiroketak, zaurituak eta hilak izan ziren. Jaia ofizialtzat eman zen garai honetan. Elizak eta agintaritza laiko berriak zeuzkaten liskarrak zirela medio, banatu egin ziren ospakizunak, eta horrela izan zen errepublika garaia bukatu arte. Frankoren garaiko araudi berriaren ondorioz, maiatzaren lehena, San José Langilea egunean bihurtzen da. Izaera subertsiboa izango du maiatzaren lehenaren ospakizunak frankismo diktadurapean. Nabarmentzekoa da 1947ko greba deialdia, laneguna zen garai hartan maiatzaren lehenengoa, Bizkaian hasi zen, sindikatu eta alderdi politiko guztien elkartasunarekin, lantegi handiek lanari utzi zioten eta Gipuzkoara azkar hedatu zen, gatazkak hainbat egunetan zehar jarraituz. Errepresaliak iragarri zituen Bizkaiko gobernadore zibilak. 60. hamarkada arte itxoin beharko da berriz ere ospakizun publikoa planteatzeko, legez kontrakoa oraindik. Lehengo ospakizuna, 1947 ostean, Bilbon eta Donostian izango da, 1964 urtean eta Frankoren erregimena bukatu arte, urtero errepikatuko da. 1976an, ofizialki ospatu zen, lana, familia eta jaiotza sustatzeagatik merezimenduzko dominak banatuz, baina hiri guztietan izan ziren manifestazio saiakerak. 1978 urtean izan zen lehen ospakizun legala, normaltasun osoz igaro zen Donostian, eta istiluak izan ziren Bilbon eta Iruñean.