Jarduera fisikoak adineko pertsona autonomoen osasunean duen eragina

Maider KORTAJARENA RUBIO

Lagundu

Herrialde industrializatuetako bizitza-esperantza nabarmen hazi da azken urteetan eta 65 urtetik gorako pertsonen populazioa asko handitu da. Izan ere, azken mendean bizitza-esperantzari 30 urte gehitu zaizkio. Gaur egun Espainiako batez besteko bizitza-esperantza emakumeentzat 84 urtekoa da eta gizonentzat 78 urtekoa. Jarduera fisikoak eta egoera fisikoak, gaitasun funtzionalean, independentzian eta bizi-kalitatean izan ditzaketen eraginen inguruan jakin-mina sortu da. Jarduera fisikoaren interbentzio-programek galera funtzionala gutxitzeko eta gaixotasun kronikoak prebenitzeko edo horiek eragindako kalteak geldotzeko gaitasuna dutela ikusi da.

Gure ikerketaren helburuak aztertutako pertsonen jarduera fisikoa egiteko ohiturak, egoera fisikoa eta jarduera fisikoak osasunean duen eragina ezagutzea izan zen, adina eta generoa kontuan izanda. Horretarako, 60 urtetik gorako 100 pertsona aztertu genituen. Jarduera fisikoaren baloraziorako metodo subjektibo eta objektiboak erabili genituen (Yale Physical Activity Survey = YPAS galdeketa eta azelerometroak hurrenez-hurren) eta zenbait osasun parametro: neurketa antropometrikoak, presio arteriala eta egoera fisikoa baloratu genuen Senior Fitness Test proben multzoaren bidez.

Lehenik eta behin, esan beharra daukagu jarduera fisikoaren datu subjektibo eta objektiboak beharrezkoak direla adineko pertsonen jarduera fisikoa egiteko ohituren azterketa bere osotasunean egiteko, nahiz eta batean eta bestean lortutako emaitzak alderatzean, ezberdintasunak aurkitu. Horrela, galdeketek ematen dizkiguten datu kualitatiboekin eta azelerometroek emandako datu kuantitatiboekin azterketa osoa egin baitezakegu. Izan ere, kuantitatiboki azelerometroek eta galdeketek ematen diguten datuen artean ezberdintasuna ikusi genuen, batez ere intentsitateari dagozkion emaitzetan. YPAS galdeketaren eta azelerometroen arteko korrelazioetan, galdeketaren eta azelerometroen parametro gehienak modu adierazgarrian erlazionatzen zirela ikusi genuen; baina datuak zehaztasunez aztertuz gero, zenbait gauza azpimarragarri ikusi genituen: beste hainbat ikerketatan argitaratu izan den moduan, YPAS galdeketarekin lortutako intentsitate baxuko jardueren parametroek korrelazio ahulak zituzten azelerometroen datuekin; izan ere, adineko pertsonen artean ohikoak diren intentsitate baxuko jarduerak ongi kuantifikatzeko zailtasunak daude.

Argazkia: CC BY - arantxata2000

Jarduera fisikoaren interbentzio-programek galera funtzionala gutxitzeko eta gaixotasun kronikoak prebenitzeko edo horiek eragindako kalteak geldotzeko gaitasuna dutela ikusi da.
Argazkia: CC BY - arantxata2000

Jarduera fisikoa egiteko ohituren datu subjektiboak sexuka aztertzerakoan, adierazi zuten emakumeek jarduera fisiko osoan 42.9 ordu/astean eta gizonek 28.9 ordu/astean ematen zutela. Baina azelerometroekin lortutako datuetan bi sexuetan kontu/minutu berdinak lortu zituzten; batez besteko 262 kontu/minutu, hain zuzen ere.

Jarduera fisikoaren datu subjektiboak eta objektiboak kontuan hartu genituenean, jarduera fisikoaren intentsitatea aztertu genuen. Horrela, gizonak emakumeekin alderatuta, jarduera fisiko sedentarioan, 30 minutu gehiago egoten ziren egunean eta bestalde, emakumeak gizonekin alderatuta, jarduera fisiko arinean 30 minutu gehiago egoten zirela behatu genuen. Datu subjektiboetan gizonek adierazitako jarduera kementsuaren indizea emakumeena baino altuagoa zen, baina datu objektiboetan ikusi genuen moduan, ez zegoen alderik gizonek zein emakumeek egunean egindako jarduera fisiko ertain-kementsuaren artean. Bestalde, kontuan hartzekoa da gizonek YPAS galdeketan ariketa fisikoa emakumeek baino denbora gehiago praktikatzen zutela adierazi zutela eta aldiz, emakumeek etxeko lanetan pasatzen zuten denbora gizonena baino altuagoa zela. Jarduera fisikoaren intentsitatea azelerometroekin aztertu genuenean, jarduera fisiko ertain-kementsuaren batez besteko denbora bera lortu zuten gizonek eta emakumeek. Horrek zera pentsarazten digu: emakumeek beren eguneroko bizitzan egiten zituzten jardueretan, intentsitate ertain-kementsuko jarduerak zituztela barneratuta, ariketa fisikotzat hartzen ez diren jarduerak, hain zuzen ere (etxeko lanak, erosketak, pertsonen zainketa, eskailerak igotzea eta abar).

Guk aztertutako pertsonen % 58k egunean 10000 pauso baino gehiago ematen zituela behatu genuen; gizonen % 63k eta emakumeen % 55ek. Komunitatean bizi ziren adineko pertsonekin egindako zenbait ikerketarekin alderatuta, gure ikerketako pertsona gehiagok betetzen zuen 10000 pausoen aholkua, bai pertsona guztiak baita sexuka aztertu genituenean ere. Adina aurrera joan ahala, egunean aholkatutako pausoak ematen zituzten pertsonen ehunekoa gutxitu egiten zen.

Gorputz-Masaren Indizea aztertu genuenean, aztertutako pertsonen gainpisuaren ehunekoa altuagoa zen Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Kanadan eta mundu mailan egindako zenbait ikerketekin alderatuta (INTERHEART), baina obesitatearen ehunekoak baxuagoak. EAEko osasun-inkestako datuekin alderatuz, guk aztertutako pertsonek, guztiek eta baita sexuka ere, gainpisuaren ehuneko altuagoak zituzten, baina obesitatearen ehuneko berdinak. Bi sexuetan aztertutako pertsona gehienek gainpisua zuten eta ehuneko altuagoa behatu genuen gizonen artean. Obesitatea zuten gizonen ehunekoa emakumeena baino altuagoa zen. Aldiz, aholkatutako pisuan zeuden emakumeen ehunekoa gizonena baino altuagoa zen.

Parte-hartzaileen % 44k arrisku kardiobaskularra iradokitzen duen gerriaren perimetroa zuen; emakumeen % 49k eta gizonen % 34k. Parametro horren araberako arriskua adinarekin igo egiten zela behatu genuen. Arrisku kardiobaskularra gerri/aldaka indizearekin neurtu genuenean, aztertutako pertsonen % 54k arriskua adierazten zuen gerri/aldaka indizea zuela behatu genuen; sexuka, emakumeen % 40k eta gizonen % 80k. Beraz, gerri/aldaka indizearen arabera arrisku kardiobaskularra zuten pertsonen ehunekoa altuagoa zen gerriaren perimetroarekin alderatuta eta gizonen artean, arrisku kardiobaskularra zutenen ehunekoa bikoitza baino gehiago zen gerri/aldaka indizearekin gerriaren perimetroarekin alderatuta. Bibliografia zientifikoan eztabaidak dirau, ez baitago garbi zein den arrisku kardiobaskularrarekin erlazio handiena duen neurketa: gerriaren perimetroa edo gerri/aldaka indizea. Badaude argitaratuta hainbat lan bi neurketen egokitasuna aipatzen dutenak. Beraz, gure ikerketan aurkitutako emaitza hauekin zera ondoriozta genezake, gerri/aldakaren indizearen araberako arrisku kardiobaskularra kontuan hartu beharko litzatekeela adineko pertsonen artean ere, eta bereziki gizonen artean.

Aztertutako pertsona guztien egoera fisikoa adin-tarteka aztertu genuenean, adina aurrera joan ahala, abiadura/koordinazio/orekan emaitza okerragoak topatu genituen datu deskriptiboetan (batezbestekoetan). Beraz, abiadura/oreka/koordinazioak erorketak ekiditeko duen garrantzia kontuan hartuta, gaitasun hau lantzeko egokiak diren interbentzioak eta gomendioak egitea komenigarria izango litzateke.

Rosa Ayerbe

Adineko pertsonekin egin nahi diren interbentzio programetan abiadura/oreka/koordinazioa bezalako parametroak hobetzeko espezifikoak diren ariketak egitea komenigarria da.
Argazkia: CC BY - arantxata2000

Guk aztertutako pertsonen batez besteko presio arteriala hiperpresioaren baloreetatik gertu zegoela behatu genuen. Emakumeen presio arteriala adin-tarteka aztertu genuenean, presio arterial sistolikoa 59-64 eta 75-85 adin-tarteko emakumeen artean igo egin zela behatu genuen. Gizonen artean igotzen zen arren, igoera ez zen estatistikoki adierazgarria izan. Bestalde, jarduera fisikoaren datu objektiboak sexu eta adin-tarteka aztertu genituenean, adina gora joan ahala, emakumeek egiten zuten jarduera fisiko arina eta ertain-kementsua jaitsi egiten zela behatu genuen. Gizonen artean jaitsiera ez zen estatistikoki adierazgarria izan. Beraz, adinarekin emakumeen presio arterialean ikusi genuen igoeraren arrazoia jarduera fisiko arina eta ertain-kementsua ere, adinarekin gutxitu egin zela izan liteke.

Orokorrean, aztertutako pertsona guztiak eta sexuka aztertu genituenean ere, ikusi genuen datu objektiboen bidez neurtutako jarduera fisiko arina gehienbat, gantz-metaketa adierazten diguten parametroekin erlazionatzen zela eta jarduera fisiko ertain-kementsuak, aldiz, gorputz-osaera, egoera fisikoa eta presio arterialaren parametroekin erlazioa zuela ikusi genuen.

Bestalde, azelerometroen datuetan ere, gizonek eta emakumeek jarduera fisiko ertain-kementsuan ematen zuten denbora berdina zela ikusi genuen. Baina Rikli eta Jones-ek proposatutako pertzentilen araberako azterketa egin genuenean, gizonekin alderatuta, emakumeen ehuneko altuago batek lortu zituen egoera fisikoan 25. pertzentila baino baxuagoak ziren balioak. Beraz, adinaren eta sexuaren araberako balio kaxkarragoak lortu zituzten emakumeek gizonekin alderatuta, nahiz eta aldea nabarmena ez izan. Agian, nahiz eta gizon zein emakumeek jarduera fisiko ertain-kementsu osoaren denbora berdina praktikatu, osasunarentzat onurak lortzeko beharrezko diren gutxieneko 10 minutuko tarteak ez zituzten egiten emakumeek. Izan ere, YPAS galdeketarekin lortutako informazioaren arabera, gizonek ariketa fisiko gehiago egiten zuten emakumeek baino eta ondorioz, pentsa genezake gizonek egindako intentsitate altuko jarduera fisikoa (jarduera fisiko ertain-kementsua) 10 minutu edo gehiagoko tarteetan egiten zutela, normalki, ariketa fisikoa egiten dugunean, 10 minutu baino gehiagoko saioak egin ohi ditugulako. Aldiz, emakumeek beraien eguneroko bizitzako jarduerekin egiten zuten azelerometroekin detektatutako jarduera fisiko ertain-kementsua eta ziur asko, ez zutela 10 minutu baino gehiagoko iraupenaz egiten. Horregatik guztiagatik, pentsa genezake emakumeen egoera fisikoaren emaitza okerragoak izan zirela pertzentilen araberako azterketa egin genuenean.

Honekin guztiarekin zera ondorioztatu dezakegu, alde batetik, adineko pertsonekin egin nahi diren interbentzio programetan abiadura/oreka/koordinazioa bezalako parametroak hobetzeko espezifikoak diren ariketak egitea komenigarria dela eta bestalde, jarduera fisikoarekin osasunean onurak lortzeko, osasun erakundeek emandako gomendioak betetzea beharrezkoa dela. Bestalde, adineko pertsonen jarduera fisikoa eta osasuna ikertu nahi direnean, metodo subjektibo eta objektiboen erabilera gomendagarria dela ikusi dugu gure ikerlanean eta generoa kontutan hartu behar dela adin-tarte honetako pertsonei zuzendutako interbentzio programak diseinatzean.

Lagundu

La opinión de los lectores:

comments powered by Disqus
laguntza

Enlaces relacionados

Zure iritzia / Su opinión

Participa

Premios

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia