Olentzero: Aitzinako ohituretatik gaur egungo ospakizunetara

Gana SALLABERRY-MOLLE

Lagundu

Olentzero aipatzean, gaur egungo joera nagusia pertsonaia hori “Papa Noel” euskaldun bezala ikustearena dugu. Pertsonaia ezagutzen ez duten anitzek haurrentzako antolatu animazio gisa hartzen dute, ikazkina “Pere Noel”-ekin nahastuz. Alta, Olentzero euskal mitologiaren parte dugu eta horiek horrela hainbat ezaugarri propio badaramatza. Garai batez, mesias kristauaren iragarle ere egin izan dugu. Are gehiago, Olentzero-k dimentsio unibertsalagoa dakar, Euskal Herritik haratago Europa Zaharrean urte bukaeran neguko solstizioaren ospakizunen barne izanki, bide batez Natura eta Gizonarentzat eraberritze baten esperantza emaile.

Pertsonaiaren oinarrizko erranahietik abiatuz, jendeak nola ospatu izan ote du Eguberriko besta berezi hori? Noiz eta nola hedatu ote da Olentzeroren ohitura hori? Zergatik jendeak atxikimendua ote du ospakizun horrekiko? Zer sentsu ematen ote diote?

Ikerketa lan honetan, lehen atal batean pertsonaiaren jatorri eta ezaugarriak aurkeztu ondotik, bigarren atalean Hendaiako herriaren adibidea hartuko dugu Olentzeroren ospakizunaren hastapenak eta garapena aztertzeko lekukotasunen bitartez, eta bukatzeko gaur egungo egoera aipatuko dugu, jendeak besta horri lotzen dituen baloreak zeintzuk diren jakiteko.

Olentzeroren ospakizuna betidanik gizarte erritu bat bezala ikusia izan da

Olentzeroren ospakizuna betidanik gizarte erritu bat bezala ikusia izan da, belaunaldien arteko lotura bermatzen duena, familia, adixkide, ezagun eta ezezagunen arteko elkartasunaren adierazgarri.

Hendaiako herrian Olentzeroren inguruko ikerketa honek, hastapenetako ospakizunetan zein gaur egungoetan atxematen diren balore batzu agerrarazi ditu. Izan ere, betidanik gizarte erritu bat bezala ikusia izan da, belaunaldien arteko lotura bermatzen duena, familia, adixkide, ezagun eta ezezagunen arteko elkartasunaren adierazgarri. Eguberriko pertsonaia berezi honek, neguko solstizioarekin batera dakarren argia eta berotasuna nabari dira jendeen hitzetan, izan kontzienteki ala oharkabean.

Gaur egun, Olentzeroren ospakizunaren hedatzearekin, balore berriak ere agertzen dira. Ikazkinaren gizarteratze prozesu horretan, abenduaren 24eko herritarren parte hartzea bermatzeko antolaketa berria martxan emana izan da eta herriko eskola guzien partaidetza eskuratua, ikasle elebidunena lehenik, elebakarrena pixkanaka egiten ari delarik.

Antolatzaile, erakasle zein burasoek erranik, besta horren gibelean euskal kulturaren transmititzea lortu nahi da, eta euskal nortasunarekin bat eginarazten gaituen momentua bezala bizia da batzuentzat. Horretarako, ikazkinaren pertsonaiaz gain, bere istorioa zabaltzen dute, kontsumo gizarte mundializatuaren aurrean, bertakoa baloratu nahian.

Olentzerorekin agertu diren erantzun eta pista hauek urtean zehar ospatzen diren beste euskal besta batzuetan atxemanen liratekeela pentsatu daiteke, antolatzaile zein erakasleek beraiek aipatu baitizkigute. Ihauteriak, udako solstizioko San Juan suak, herri baten eta batez ere eskola baten bizia markatzen duten uneak dira. Ospakizun horien inguruko baloreak aztertzea biziki interesgarria litzateke, Olentzerorekiko oihartzuna ekarriko lutekeelakoan.

Gaur egun, Olentzeroren ospakizunaren hedatzearekin, balore berriak ere agertzen dira

Gaur egun, Olentzeroren ospakizunaren hedatzearekin, balore berriak ere agertzen dira.

Bestalde, gaur egungo eztabaidetan, eskolak baloreen irakaspena segurtatu behar lukeenaren iritzia agertzen da. Moralaren itzulera ere gertatuko omen da Hezkuntza Ministeritzaren programetan.

Gogoetan horien barnean, Olentzeroren ospakizunaren adibidea ez ote da balore batzuen pasarazteko modu egoki baten islada? Izan ere, erakaspen teoriko baten konkretizazioa baimentzen du ikazkinaren kondairak, Maridomingiren ipuinak jende baztertuen gizarteratzea errepresentatzen duenean bezala. Kultura batean oinarrituz, tokiko ekarpenen bitartez, ez ote da hezkuntza hurbilagotik hunkitzen? Galdera guzi horiek sakontzekoak liratezke, arlo horretan berezituak diren hezkuntzalari eta adituen pentsamoldea aztertuz.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia