Arkitektura talde lanen errealitatetik abiatuz. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IX)

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA

Lagundu

Arkitektura lanbidea gero eta gehiago talde lana gisa ulertuko da, eta ez bakarrik arkitektoak taldeetan elkartuko direlako beraien lanak aurrera eramateko asmotan, baizik eta beste lanbide eta jakintza arloko profesionalen partehartzea ere gero eta beharrezkoagoa izango delako; orain arte partehartze hau gehienbat egituren kalkuloak egiten dituzten injenieroei mugatuta bazegoen ere, egun eta bereziki etorkizun batean arkitekturaren esparruan lanbide desberdinetako pertsonen elkarlana ezinbestekoa izango da. Eta gainera ziurrenik denborarekin partehartze hau zabaltzen joan da, gizartearen partehartzea gero eta beharrezkoagoa eta zuzenagoa ere izango baita, azken finean eraikinen erabiltzaileen iritzia oso garrantzitsua baita proiektua diseinatu eta aurrera eramateko orduan, Bilbon Mariaren Bihotzeko plazan (5+1 Estudioa) gertatu den bezala edota Pasaia Donibanen Erabilera Anitzeko eraikin berrian (Iñaki Begiristain eta Ane Andonegi). Azken finean, pelikulekin gertatzen den bezala non zuzendariaz gain talde zabal bat dago atzean lana egiten eta ondorioz pelikula on bat egiteko guztien partehartzea ezinbestekoa da, eraikinen kasuan ez da beti horrela gertatu eta gehienetan joera nagusia pertsona/sortzaile/egile bakar baten gainean erantzukizun osoa ipintzea izan da horrela gehienetan beste partehartzailen lana gutxietsituz.

Lana egiteko orduan testuinguru berri honek gure artean azken urtetan altxatu diren zenbait eraikinei honezkero eragina egin die. Hau horrela izanda, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honen bederatzigarren hausnarketa honetan oraingoan hiru bidetik jorratzen eta sakontzen saiatuko gara honako izenburu hauek proposatuz gogoetarako: Arkitektura talde lanean ulertuta, Arkitektura eta beste lanbideak, eta Arkitektura eta gizartearen partehartzea.

Arkitektura talde lanean ulertuta

Arkitektura bezalako esparru batean izaeraz konplexua eta denborarekiko epe luzekoa dena, talde lanean aritzeko asmoa eta ohitura ez da berria, eta ondorioz iraganetik eraikinak talde lanaren emaitza izatea ohikoa izan da. Eta egia bada ere eraikin batean ideia edota traza nagusiak pertsona bakar batek formulatu ditzazkela, gero eraikin prozesua aurrera eramateko orduan eta bereziki bertan gertatzen diren moldaketetan erabakiak hartzerakoan egiletasuna gehienetan disolbatu egiten da. Baina egun egoera bestelakoa izaten ari da. Neurri batean krisi ekonomikoaren eraginez baina bestetik ere garai berrien ondorioz —teknologi berrien erabilpenari esker eta hauek lana partekatzeko eskaintzen dituzten balaibideak eta erreztasuna direla eta— egun arkitektura lanak talde lanean ulertzeko joera nagusitzen ari da. Adibide moduan, guk bertan aurreko zortzi artikuloetan Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskaini diegun hausnarketa hauetan aukeratu ditugun 63 eraikinetatik 19 bakarkako lanak diren neurrian —edota hobekiago esanda egiletasuna pertsona bakar batean biltzen den arabera— beste 44 eraikinetan berriz talde baten lana protagonismoa izan du. Ondorioz, datu hauek aztertuz argi dago elkar lana ez dela bakarrik krisiari aurre egiteko modu bat, adibidez, gastuak elkar banatzeko asmotan, baizik eta ezagutzak eta baliabideak partekatzeko giltzarria ere izan litekela erakutsi digu.

Aieteko Kultur Etxea, Donostia (Isuuru Estudioa)

Aieteko Kultur Etxea, Donostia (Isuuru Estudioa).

Gure artean egun elkarlanaren adibide asko baditugu ere Donostiako Vaumm estudioa eta Bilboko ACXT estudioa adibide esanguratsuak eta adierazgarriak izango lirateke; bi kasutan lan talde zabalak izateaz gain egiletasuna saihestea lortu dutelako bereziki lehenengo kasuan. Beste adibide deigarria eta interesgarria Isuuru bulego gipuzkoarra izango litzateke, hauek beraien bulegoaz gain zuzenean beste bi bulegoekin elkarlanean aritzen baitira beraiek ere bi bulego hauetako partaideak izanik, bata Caflarquitectura izenekoa da eta Francisco Lacruz Abad arkitektoarekin batera eraiki dute, eta bestea LLSA bulegoa da Miriam Liskova eta Michal Sulo arkitektoekin batera sortua.

Azken kasu honetan elkarlanak batetik beste asmo batzuk izan baditu ere —esperientzia partekatzeaz gain eremu berri eta desberdinetara pausoak emateko aukerak izateko asmoa ere somatzen da— bestetik ere argi geratzen da etorkizuna taldean eginiko lanean dagoela; berez, etorkizuna bakarkako egiletasuna pertsonalaren aukera egoten jarraituko badu ere, ziurrenik kasu hauek lan xumeen adibidetara mugatuko dira, edota zubiaren beste muturrean, arkitekto izarrak deitu izan diren adibidetara ere, errealitatea, gehiengoa bestelakoa izanik, etorkizuneko eraikin gehienak benetako talde lanaren emaitza izango baitira, erronka berrietan talde lanak eskaintzen duen ikuspegi aberastasuna beharrezkoa izango delako. Azken finean, etorkizuneko eraikinak neurri handi batean konplexuagoak eta aberatsagoak izango diren neurrian —bete beharko dituzten funtzioengatik, erabili beharko dituzten materialengatik edota txertatu beharko diren testuinguruarengatik— pertsona bakar batek erronka guzti hauek erantzuten saiatzea oso zaila izango du eta ondorioz beste pertsonen laguntza beharrezkoa izango da, elkarlanean proiektatu eta lan egiteko. Baina hala eta guztiz ere gure zortzi hausnarketetan aipatu ditugun erronka guztiei aurre egin ahal izateko ziurrenik ere lan talde hauetan arkitektoaz gain beste lanbidetako pertsonak aurkitu beharko ditugu.

Arkitektura eta beste lanbideak

Zalantzarik ez dago, eta kasu honetan ere esperientziak horrela erakutsi digu, egun eraikin on bat egiteko arkitektoek beste lanbidetako profesionalekin elkarlanean aritu behar dira. Gai honekiko ere iraganean adibide asko aurkitu ditzazkegu non proiektu eta eraikin askotan kasu gehienetan eraikinaren funtzioari lotuta beste lanbidetako sortzaileak hainbat eraikinen diseinuetan partehartu dute. Baina lankidetza hauek salbuespen batzuk kenduta oso puntualak izan dira, eta ziurrenik egoera berriak baldintzatuta lankidetza hau estuagoa izaten hasi beharko du, eta neurri batean orokorragoa orain arte aurreikusi ez diren beste lanbide batzuk prozesu konplexu eta aberats honetan partehartuz, integratuz. Orain arte ohikoenak izan badira ere zuzenbidea, injenieritza edota paisaiarekin harremanak dituzten lanbideak, etorkizun batean geografoak, soziologoak edota artistak, esate baterako, partehartze handiago bat izango dute —berez, honezkero, izaten ari dira—, eraikin lanak benetako talde lanen emaitzan bihurtuz. Baina egoera honek alderantzizko bidaia ere egin beharko du, era berean arkitektoak ere beste esparruetako lanetan partehartze zuzenago bat izan behar dutela argi dagolako, beraien esperientzia eta iritzia besteekin ere partekatuz.

Orona IDeO-Innovation City, Hernani (Xabier Barrutieta, Eneko Goikoetxea, Javier de la Fuente y Santiago Perez)

Orona IDeO-Innovation City, Hernani (Xabier Barrutieta, Eneko Goikoetxea, Javier de la Fuente y Santiago Perez).

Gure artean zorionez elkarlan mota honetan aurrerapauso esanguratsuak eman dituzten bulegoak asko ditugu eta aurreko adibideekin jarraituz arlo honetan ere Vaumm eta ACXT estudioak beraien proiektuetan beste disziplinetako profesionalak kontutan hartu dituztela argi dago, une honetan Donostiako GAZ bulegoak egin duen bezala ere hiri berean eraikitzen ari diren Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiaren egoitza berrian, edota Orona enpresak Hernanin altxatzen ari den eraikin multzo berrian bezala, bertan Oronaz gain Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan erakundeak ere partehartu baitute, hiruen artean eraikinak partekatuz eta ondorioz esperientzia, ezagutza, ikerkuntza eta zalantzarik gabe etorkizuneko garapena ere.

Alde honetatik argi dago ere eraikinen partekatzea edota funtzio aniztasuna talde lanaren oinarrian egongo dela, eraikinak funtzioen, materialen eta testuinguruaren aldetik anitzagoak, aberatsagoak eta konplexuagoak izango diren neurrian elkar lana ezinbestekoa izango baita planteatuko diren erronkei aurre egiteko eta ondorioz arkitektoen ezagutza ez da nahikoa izango eta beste profesionalen lankidetza ezinbestekoa izango da. Azken finean, pauso hau emanez arkitektura bera bere lanbidea eta zehazki funtzioa gizartean birplanteatu beharko du eta ondorioz birpentsatu ere arkitekturak ez duela artelan baten gisa aritu behar errealitatetik at baizik eta gizartean txertatuta egon behar duela, gizakiarentzat eta gizartearentzat funtzio bat betez eta ondoren ahal izanez gero funtzio materiala eta zuzena gainditzen duen neurrian beste eremuak ere eta espresio bideak bilatuz, baina beti aurretik non eta norentzat lan egin behar duen argi izanik.

Arkitektura eta gizartearen partehartzea

Ondorioz, gizakia eta gizartearen partehartzea eraikina eta arkitekturarekiko handitu, zabaldu eta sakondu egin behar dela ere nahiko argi dago. Mendi baten tontorrean eta kristalezko kutxa itxi batean arkitektoek ez badute ere inoiz lana egiten, bestetik ere egia da askotan gizakia eta gizartearen beharrak eta nahiak arkitektoek ez dituztela guztiz edota osotasunez kontutan hartu. Horregatik, arkitektoen aldetik sentsibilitatea eta arreta aldatzeaz gain gizakia eta gizartearen kezkak kontutan hartuz, azken hauen parte hartzea ere proiektu edota eraikin baten prozesuan handiagoa izan behar du, eta ondorioz ahal den neurrian iritzia emateko aukera izan behar dute eta kontutan hartu behar da, Bilboko Mariaren Bihotza plazan gertatu den bezala (5+1 Estudioa) edota Pasaia Donibanen Erabilera Anitzeko eraikin berrian (Iñaki Begiristain eta Ane Andonegi). Bi kasu hauetan arkitektoek eraikinak egin aurretik eraikinekin batera egunerokotasunean bizi behar diren pertsonekin hitzegin baitute, hots, kontutan hartu dituzte beraien iradokizunak eta gero erabaki dute zeintzuk diren aproposenak proiektuetan txertatzeko eta horrela eraikin hobeago bat lortzeko.

Ez dugu ahaztu behar eraikinak bakarko edo taldeko egiletasuna badute ere hau eraikina amaituta eta gizartean gure hiri edo herrietako auzoetan txertatzen denean amaitu egiten dela, orduan jatorrizko egiletasuna galdu gabe eta momentuko jabetza ere ahaztu gabe, gizarteak ere jabetza hori partekatzen baitu, arkitektura bihurtu litezken eraikin horiek guztionak baitira, guztiok bizitzen baititugu eta beraien erabiltzaileak gara. Ondorioz, errealitateari ezin zaiola muzin egin argi dago eta arkitekturak errealitate horretarako lana egin behar duela ere bai, nahiz eta askotan arkitekturarekin gizarteak ez du harremana zuzena izaten, hots, gizarteak ez baititu zuzenean eraikinak eskatzen, baina erakunde publiko, elkarte edota enpresen bitartez gizakia bai dela eskatzaile nagusia eta hori arkitekturak ez du ahaztu behar, hau da, zeinentzat lan egiten duen, eskaintzailea bata edo bestea izanik.

Foto: CC BY - r2hox

El barrio es nuestro, Madril (Todo por la Praxis).
Foto: CC BY - r2hox

Madrilgo Palomeras Bajas auzoko bizilagun elkarteak Todo por la Praxis arkitekto eta artista kolektiboarekin batera argi utzi zuten bezala auzoan eraikitako monumentu xume eta sinple baten bitartez1 auzoa, herria eta hiria gizakienak dira eta arkitektura bere esanetara egon behar du prozesu eta errealitate hau guztien arteko elkar lanaren emaitza izanik.

1 El barrio es nuestro izenburua daraman lana Madrilgo auzo honetan bertako bizilagun elkarteak azken lau hamarkadetan aurrera eraman duen borrokaren testigantza eta omenaldia izan nahi du, esaldi hau izan baita auzo elkarteko kidek gehienetan aldarrikatu duten leloa aurrez izan dituzten erakunde publiko eta pribatuen interesen aurrean. Ondorioz, Todo por la Praxis kolektiboari lan berri bat eskatu zitzaionean auzoan bertan kalean kokatuta dagoen estalperik gabeko Eskultura Museoan ipintzeko, arkitekto eta artistez osatutako lan talde honek auzokideen leloa lana bera izatea erabaki zuten eta materiala auzoko etxebizitzetan ohikoena, xumeena eta adierazgarrina izan dena aukeratu zuten, hots, adreilua. Lana printzipioz behin behineko partehartzea izateko pentsatuta bazegoen ere —zehazki hiru hilabetetarako— auzokideak lana behin betikoa izatea eta auzoan geratzea nahi izan dute.

 

 

Sarrerako argazkia: Erabilera anitzeko eraikina, Pasaia Donibane (Iñaki Begiristain eta Ane Andonegi)

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia