José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA
Aurreko hilabeteko erronkarekin jarraituz —Arkitektura jostun lana gisa ulertuta, ekainean (667. alean) argitaratutako artikuloan jorratu genuen gaia— jostun lanen artean zalantzarik gabe eskala eta tamaina txikiko eraikinak nabarmendu eta aldarrikatu behar ditugula, gehienetan herri eta hirietan eraikin ttipi hauek handiak baino garrantzitsuagoak izaten baitira, eta azken finean, arkitektura txikia goraipatuz —eraikin hauetako asko hizki handiko arkitektura baitira— egunerokotasuna, umiltasuna, diskrezioa eta arazoei irtenbide sinpleak bilatzeko nahia goraipatzen ari baikara.
Hala ere, guzti hau gertatzeko aurretik arkitekturaren esparruaren barnean jarrera eta harreman aldaketa bat eman dela antzematen da, bereziki goi eta behe maila izeneko arkitektura eta tipologien artean, hots, lehen arkitektura soilik goi mailako eraikuntzak eta tipologiak izan zitezkelako eta orain, berriz, edozein eraikuntza ttipi edo bigarren mailako tipologiren bat ere ongi landuta eta egina egoten bada eraikuntzaz gain arkitektura ere izan litekelako, betetzen duen funtzioa, tamaina edota esanahiarekin derrigorrezko harremana zuzena izan gabe. Gainera kontutan hartu beharrekoa da ere parte hartze txiki hauek defendatuz hezkuntza arkitektonikoa bera defendatzen ari garela, hau da, arkitekturarekiko errespetoa, eta hau lortzen badugu argi dago gizakia eta gizartearekiko errespetoa ere lortuko dugula eta bide batez tolerantziaren eremuak eta mugak ere zabaltzea.
Hau horrela izanda, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honen seigarren hausnarketa hau lau bidetik jorratzen eta sakontzen saiatuko gara hainbat gai desberdin baina osagarri aztertuz honako izenburu hauekin: Eraikin ttipiak handi itxurak hartuz, Tipologia kontzeptua zaharberrituz, Tipologia eredugarri baten adibidea eta Eraikinak eraikiz xehetasunen bitartez.
Egia handia bada ere benetako arkitekturaren izpiritua bultzatzeko ezinbestekoak direla herri eta hiri guztietan umiltasunez eta diskrezioz eginiko eraikuntza txiki guztiak, gero arkitekturari eskainitako aldizkari espezializatuetan hauek ez dira agertzen, sortu diren bezain azkar testuinguruan disolbatzen baitira. Zorionez azken urtetan joera hau aldatu egin da eta gero eta gehiagotan bai sarietan bai aldizkarietan eraikin hauei lekua eskaintzen zaie tamainaz txikiak badira ere askotan kalitatearen aldetik eredugarriak izaten baitira. Eta ez bakarrik bete beharreko funtzioak modu bikainean betetzea lortzen dituztelako formak zainduz eta irudia atsegina bezain ederra eskainiz, baizik eta gainera herri eta hirietako bilbetan jostun lana egiten baitute eraikin, kale, plaza eta auzoen artean. Horregatik ere eredugarriak direla esaten dugu, askotan beste eraikin handiagoak eredutzat hartzen dituztelako, nahiz eta jakin arkitekturan eskulturan bezala eskalaren afera gai konplexu eta zailenetakoa dela.
Goibegi, Abaltzisketa (Javier Mozas eta Eduardo Agirre).
Azken urtetan Euskal Herrian altxatu diren hainbat eraikin ttipi artean honako hauek aukeratu ditugu lehen gai hau irudikatzeko asmotan: Goibegi eraikina Abaltzisketan (Javier Mozas eta Eduardo Agirre), Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikina (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy), Etxerik gabeko pertsonak hartzeko zentro berria Iruñan (Javier Larraz), Gasteizeko Gamarrako industrialdean Fojansa enpresaren industria pabiloiaren eraberritzea eta eranski berria (Balderrain Estudioa), BIOKILAB Laborategiak Arabako Goi Miñano herrian (Javier Perez Herreras eta Javier Quintana de Uña) eta CIC Energigune-Energiaren Ikerkuntza Zentroa Gasteizen kokatuta dagoen Arabako teknologiko parkean (Javier Aja Cantalejo).
Goibegi eraikina Abaltzisketan (Javier Mozas eta Eduardo Agirre) printzipioz herri txiki bateko hainbat funtzio jasotzeko prest dagoen eraikina izanik —bai publikoak bai pribatuak— ez dio bizkarrik ematen ere bere formen eta bolumen bitartez ez adierazkortasuna formalari ez inguruko paisaiari; horrela, eraikinak bete beharreko funtzioak betetzeaz gain, bai barnean lanean bai kanpoan aisaldian daudenei inguruko paisaia zoragarria eskaintzen die testuinguruan eta tradizioan ohikoak ez diren forma ausarten bitartez. Ausardia hau Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikinean (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy) errepikatzen da, herriko plaza nagusira —Dema plaza— ohiko irudia erakusten badu ere, atzekaldeko plazara —Askatasuna plaza— bestelako irudia duelako, ausarta baina hausturarik gabekoa, iragana eta oraina lotuz hegoaldera ematen duen horma baten bilakaeraren bitartez; kasu honetan ere Abaltzisketan bezala, Usurbilgo bilbean eraikinak egiten duen jostun lana eredugarria da. Lan mota hau burutu gabe, testuinguruak modu berean ez diolako baldintzatzen, baina bestetik inguruaren eragina jasoz eta ondorioz diskrezio osoz arituz, Iruñan Etxerik gabeko pertsonak hartzeko zentro berria (Javier Larraz) eraiki dute erakutsiz gizarte obra eta kalitatezko arkitektura ez direla bateraezinak; eraikin honek frogatzen digu nahiz eta honelako eraikin ttipiak ikuskizunaren arkitekturatik urruntzen badira ere, beraiek ere joku bolumetrikoa eta materialen eralbipenei esker eskultorikoak, artistikoak izan daitezkela bete beharreko funtzioari muzin egin gabe.
Aukeratu ditugun beste hiru kasutan eraikinak herri eta hirietako bilbetik kanpo badaude ere, hauek ere eredugarriak gertatzen dira kokatzen diren testuinguruetan —industrialdeak eta teknologia parkeak— erreferentzi garbirik ez badaude ere eta gehienetan altxatzen diren eraikinak pabiloi industrialak izanik —ondorioz berezitasunik gabe eginak, anonimoak—, argi uzten baitigute industria eta teknologia pabiloi xumeak eta txikiak arkitektura interesgarria ere izan daitezkela. Gasteizeko Gamarrako industrialdean Fojansa enpresaren industria pabiloiaren eraberritzea eta eranski berriak (Balderrain Estudioa), adibidez, bere forma biribil eta erakargarriekin, eraikinaren funtzionamendua energetikoa azaltzeaz gain eraikina ikusgarraia gertatzen da iragarki baten funtzioak ere betzen baititu. Beste bi kasutan —BIOKILAB Laborategiak Arabako Goi Miñano herrian (Javier Perez Herreras eta Javier Quintana de Uña) eta CIC Energigune-Energiaren Ikerkuntza Zentroa Gasteizen kokatuta dagoen Arabako teknologiko parkean eraikia (Javier Aja Cantalejo)— sinpletasuna eta estetika ausarta eta erakargarria elkarrekin eskua hartuta abiatu daitezkela erakusten digute, soilak bezain ederrak baitira, eta ondorioz eredugarriak beste industrialde eta teknologia parketarako.
Garai berriekin behar berriak sortu dira eta ondorioz gure artean tipologi berriak ere azaldu dira edota garrantzi handirik ez zuten tipologia batzuk askotan soilik azpiegituratzat hartzen zirenak, neurri batean ere krisiaren eraginez eta eskaerak behera egin duen neurrian, orain garrantzia eskuratu dute eta bertan kokatutak hainbat lan interesgarriak aurkitu ditzazkegu. Azken finean, argi dago jarrera aldaketa bat egon dela eta lehen arkitekturaren esparruan goi eta behe mailak bereizten ziren neurrian —bai tipologietan bai eraikinetan— orain mugak eta aurreiritziak azkenean hautsi egin dira edota behientzat labainkorragoak bihurtu dira eta ondorioz orain tipologi txikietan edo berrietan goi mailako eraikinak eta ondorioz arkitektura aurkitzea nahiko arrunta da tipologia handietan behe mailako eraikinak aurkitzen diren bezala arkitektura zigilua ezin lortuz.
Ondoren, azken urtetan Euskal Herrian ohiko ez diren tipologietan eraiki diren hainbat lan nabarmenduko ditugu: eraikitako ur araztegien artean Lemoizkoaren fatxada (GAZ Estudioa), estalkien artean Nuarbeko frontoiarena (Ana Aizpuru Querejeta) eta Barakaldoko Salestarrak ikastetxearen kirolgune eta jolaslekuarena (Garmendia Arkitekto Taldea), Balioanitz Zentroen artean Salazar bailaran dagoena Izize herrian (Natalia Gutierrez eta Julio de la Fuente) eta Erronkari bailaran Burgin (Juan Jose Peralta eta Andres Ayesa), instalakuntzei eskainitako eraikuntzei dagokionez nabarmendu Gasteizeko Gamarra piszinen instalakuntzen Eraikuntza Bioklimatikoa (Ramon Ruiz-Cuevas eta Adolfo Moro) eta Orozkon kokatuta dauden 330 etxebizitzen Kaldera Aretoa Biomasarekin (Manauel Atristain Gabilondo), eta azkenik, beilatoki akonfesionalen eta errausketa-labeen artean Villabonan eraikitakoa (Jose Maria Alkorta eta Carmen Alkorta).
Beilatokia, Villabona (Jose Maria Alkorta eta Carmen Alkorta).
Printzipioz konnotazio ezkorrak dituzten ur araztegiak isilpean eta disimuluz ezkutatu beharreko azpiegitutak izatetik, azken urtetan hainbat adibidetan azalaratu egin dira eta merezitako aitorpena eskuratu dute. Hauen artean Lemoizko ur araztegiaren fatxada (GAZ Estudioa) nabarmendu behar dugu, non bolumen abstraktu eta koloretsu baten bitartez eraikinaren itxura soila leuntzen da, fatxadak naturaren interpretazio digitala egiten baitu, guztiz koloreduna, alde batetik naturaren isla izan nahi baitu baina bestetik birsortu, arkitekturaren esparruan sormenak beti egin beharko luke bezala.
Estalkiak ere antzeko egoera bizi izan dute, gehienetan soilik azpiegitura xume eta funtzionalak bezala diseinatuak izan baitira. Baina Nuarbeko frontoian (Ana Aizpuru Querejeta) eta Barakaldoko Salestarrak ikastetxearen kirolgune eta jolaslekuan (Garmendia Arkitekto Taldea) diseinatu diren estalki berriak aurreiritzi guztiekin hausten dituzte, bi kasuak bai formen aldetik bai materialen erabilpenatik oso desberdinak badira ere lortzen duten emaitza antzekoa baita, hots, arridura, bete beharreko funtzioa primeran lortzeaz gain liluragarriak direlako, esanguratsuak, adierazkorrak, sinpleak baina aberatsak, arkitekturaren alderdi desberdinak jorratuz.
Balioanitz Zentroak tipologia berria izanik funtsean ohiko eta betiko tipologia dugu, hau da, modu xume eta merke batean funtzio anitzak bete behar dituzten espazioak sortzea, gainera bai alderdi publikoak bai pribatuak asetuz. Eta printzipioz tipologia honen ibilbidea pabiloi industrialetik hurbil hasi bazen ere, azken urtetan zenbait adibidetan gauzak beste modu batera egin daitezkela erakutsi digute. Adibidez, Salazar bailaran dagoena Izize herrian (Natalia Gutierrez eta Julio de la Fuente) eta Erronkari bailaran Burgin (Juan Jose Peralta eta Andres Ayesa) argi uzten digute oraingoan ere arkitekto sortzaileak proiektuaren atzean daudenean emaitzak ezin direla anonimoak, eskasak izan, eta ondorioz eraikin xume eta merkeak ere arkitektura izateko eskubidea dutela.
Hainbat eraikinen instalakuntzei eskainitako eraikuntzei dagokionez —guk aukeratutako adibidetan piszinak eta etxebizitzak— ur araztegietan aipatutako egoera bera ematen zen, eta gehienetan bete beharreko funtzioa ondorioz bolumen soil eta triste batean besterik gabe sartzen zen. Guk aukeratutako adibidetan berriz, —Gasteizeko Gamarra piszinen instalakuntzen Eraikuntza Bioklimatikoa (Ramon Ruiz-Cuevas eta Adolfo Moro) eta Orozkon kokatuta dauden 330 etxebizitzen Kaldera Aretoa Biomasarekin (Manauel Atristain Gabilondo)— eraikin hauek ere bereziak izan litezkela ikusi dezakegu, diskretoak baina era berean nortasunarekin, betetzen duten funtzioa ezkutatu gabe testuinguruarekin harremanak eta elkarrizketak sortuz formen eta materialen bitartez.
Azkenik, tipologiaren bat garai berrien eredua dela aitortu beharko bagenu ziurrenik lehen postuetan beilatoki akonfesionalak eta errausketa-labeak kokatu beharko genituzkela, eta horien artean zalantzarik gabe Villabonan eraikitakoa (Jose Maria Alkorta eta Carmen Alkorta), errepide nagusiaren ondoan, pabiloi industrialen artean, ondorioz ingurua itsusia eta zaila izanik emaitza ez da horrela izan, zorionez bestelakoa izan da, eraikina arkitektura lan bikaina baita, xumea bezain konplexua bai bete behar dituen funtzioekiko baina bereziki esnahiarekiko.
Azken urte hauetan nabarmenki eraiki diren tipologien artean bat badago bereziki nabarmendu dena eta ez bakarrik kopuruarekiko —familien behar berriak beharturik— baizik eta baita eraikinek garatu dituzten ezaugarriekiko ere. Aipatzen ari garen tipologia Haurtzaindegi eta Haurreskolena da, garrantzitsua azken bi mendetan izan duen garapenarekiko nahiz eta gehienetan garrantzia soilik hiri, herri eta auzoen bilbekiko izan duen eta ez hainbeste eraikin bezala, hau da, bete behar duen funtzioarekiko tamalez askotan bere diseinua beste edozein bulego eraikina bezala planteatu baita. Zorionez azken hamarkadetan, eta bereziki azken urtetan tipologia honetan aurrerapauso handiak eman dira eta orain aurkitzen ditugun Haurtzaindegi eta Haurreskolak harreman eta ikusteko gutxi dute aurrekoekin, oraingoak haurren beharretara egokituta baitaude baina era berean hiri, herri edo auzoetan duten garrantzia eta erantzukizunari ere ez diote muzin egiten eta ondorioz bilbean txertatzen dira umiltasunez baina baita nortasunarekin ere, testuinguru orokorra kontutan hartuz eta egoera hobetu nahian.
Azken urtetan Euskal Herrian altxatu diren hainbat haurreskola bikainen eredu gisa gure artikulorako honako lan hauek aukeratu ditugu ondoko hiri, herri eta auzoetan kokatutak: Zarautz (Ignacio Quemada), Berriozar (Javier Larraz, Iñigo Begiristain eta Iñaki Bergera), La Milagrosa (Oscar Perez eta Carlos Pereda) eta Nafarroan ere Berriogoiti, Barañain eta Azpilagañan (Javier Barcos eta Manuel Enriquez).
Zarautzko Irita auzoko Haurreskola berriaren proiektuak (Ignacio Quemada) bi baldintza zorrotzak zituen, bata hiruki angeluzuzena formako orube batera egokitu behar zuen eraikina, eta bestea, urte batean altxatu behar zen. Horrela, proiektuaren banaketa espazialean gelak hirukiaren formari moldatu dira, eta gainerako espazioan, hau da, gelen eta hirukiaren artekoan jolasteko lorategia antolatu da. Materialei dagokionez kolore anitzeko alumniniozko xaflak erabili dira bai fatxadak altxatzeko baita hesia diseinatzeko ere, haurrak erabiltzen dituzten margoak bezala.
Haurreskola, Zarautz (Ignacio Quemada).
Berriozarreko Haurreskola berria (Javier Larraz, Iñigo Begiristain eta Iñaki Bergera) laukizuzen batean txertatuta dago. Eta printzipioz orubearen forma honek ohiko antolamendura bultzatzen badu ere —zati batean eraikina eta bestean jolas-tokia— Berriozarren hartu den erabakia desberdina eta ausarta da, jolas-tokiak eraikinaren antolamendu espazialaren barnean txertatzen baitira, erainaren mutur bakoitzean patio bana ezarriz, beste bi gela osagarri gehiago izango balira bezala. Kolorearekiko hemen ere fatxadetan kolore biziko aluminiozko xaflak erabili badira ere, barnean tonalitate neutro eta lasaigarriak —akabera zuriak eta altzairuzko altzariak— ipini dira. Amaitzeko nabarmendu ere estalkia, barneko espazioak argiztatzeko argi-zuloak ezarri baitira.
La Milagrosa auzoko Haurreskola (Oscar Perez eta Carlos Pereda) Iruñean ohikoa den auzo batean kokatzen da, hau da, etxebizitzaz inguraturik. Ondorioz, egileak aurkitutako irtenbidea logikoa zirudien, etxebizitzei bizkarra eman, hegoaldeko norabidea aukeratu sarbide nagusietarako, eraikina lurperatu mailakatuta, estalkietan lorategi bat ipini eta orubearen bi alboetan jolas tokiak kokatu eguzkia, argia eta haizearen bila. Kasu honetan kanpo antolamendu zorrotz hau —hormigoiaren erabilpenak azpimarratzen duena materiala nagusi bezela— barruko antolamendu nahasiarekin kontrastatzen du, aldagarria eta iragazkorra bezain atsegina baita.
Nafarroan ere Berriogoiti, Barañain eta Azpilagañan eraikitako Haurtzaindegietan (Javier Barcos eta Manuel Enriquez) aurreko hiru adibidetan aipatutako hainbat elementuekin topo egin ditzakegu baina testuingurura egokitutak. Ondorioz hiru eraikinak arkitekto talde berak eraiki baditu ere estilo formala beretsua erabiliz, bakoitzean planteatuko arazoei bilatu eta aurkitu dizkioten erantzunak desberdinak izan dira, erakutsiz egun gure artean egiten den arkitektura garaikideak ez duela bakarrik eraikitzeko hizkuntza bat sortu baizik eta gainera gure beharretara egokitzen badakiela adierazkortasuna galdu gabe.
Bukatzeko artikulo honekin amaierako utzi dugu, alde batetik xehetasunaren balioa eta bestetik hezkuntza arkitektonikoaren garrantzia. Xehetasun hitzarekin zera esan nahi dugu, askotan aldaketak, arkitekturarekiko hurbilketak ez datoztela soilik eraikin berrien bitartez baita eraikin baten barne antolamendua berria proposatuz edota etxebizitza eraikin multzo baten fatxadak zaharberrituz eta koloreztatuz, hau da, hizki handiko arkitektura garaikidea modu askotan idatzi litekela, ez dago bakarra, eta hobe da horrela, hots, modu bat baino gehiago egotea, eta xehetasunen bitartez modu horietako bat izan liteke. Azken finean, arkitektura garaikiderik ez dugu aurkituko arkitektura zer den ezagutzen ez badugu, zerbait benetan estimatzeko lehenago ezagutu egin behar baita, eta hori bakarrik lortzen da hezkuntzaren bitartez, ulertaraziz arkitektura ezinbestekoa dela gizakia eta gizartearentzat, eta ondorioz horretarako eraikinak baino arkitektura behar dugula.
Arlo honetan, azken urtetan Euskal Herrian hainbat esku hartze interesgarriak egin dira maila eta izaera desberdinetako xehetasunen bitartez, guk gure artikulorako honako hauek nabarmenduz: Getariako Balentziaga Museoaren birmoldaketa (AV62 Estudioa), Il Capo Donostian (Juan Beldarrain) eta Gallastegi Bilbon (Felipe Perez, Elena Usabiaga eta Gerardo Zareabeitia) jatetxeak, Departamentuko Elkartasunerako Egoitza Baionan (Xabier Leibar eta Jean-Marie Seigneurin) eta Donostian Herrera auzoko zenbait etxe bizitzen fatxaden zaharberritze lanak.
Getariako Balentziaga Museoaren birmoldaketa (AV62 Estudioa) benetan lana zaila izan dela, Aldamar Jauregia, museorako eraikin berria —kristalezko kutxa erraldoi bat— eta herria eta ingurunea lotu behar baitziren. Barnean ausardiaz lan eginez eta kanpoan sen onarekin, azkenean museoan espazio egokiak lortu dira, eta espazio hauen arteko zirkulazio erosoa. Oraingoan ere xehetasunen bitartez multzo desegoki bat egokian bihurtzea lortu du arkitekto talde batek.
Il Capo Donostian (Juan Beldarrain) eta Gallastegi Bilbon (Felipe Perez, Elena Usabiaga eta Gerardo Zareabeitia) jatetxeen kasua bestelakoa da, hemen aurre baldintzarik gabe arkitektoek ahal izan dutelako aurrekontu mugatuarekin baina irudimena askorekin espazio bereziak sortu, hauek ere zentzudunak, beharrei egokitutak baina era berean erosoak, atseginak eta aberatsak.
Baina beste aukerak ere badaude, Baionako Departamentuko Elkartasunerako Egoitzan (Xabier Leibar eta Jean-Marie Seigneurin) ikusten den bezala, bertako eraikina arrazionalismo abstraktua eta minimalismoa jarraitzen badu ere egoitza inguratzen duen horma inguruko errepidetatik babesteko eta eraikinaren funtzioari intimitatea eskaintzeko asmotan eraikia izan bada ere zulatu egiten baita kurbadun forma organikoak erabiliz intimitateaz gain gardentasuna lortzeko asmotan, barruan aurrera eramaten diren beharrezko ekimenak gizartearekin partekatuz.
Amaitzeko, eta bide batez irailan argitaratuko dugun hurrengo erronkari sarrera ere eginez —Eraikuntza zaharrentzat erabilera berriak, izenburupean— Donostian Herrera auzoko zenbait etxe bizitzen fatxaden zaharberritze eta koloroztatze lanak nabarmendu behar dugu. Egia esan, zorionez azken urtetan gure hiri, herri eta auzo askotan aurrera eraman den ekimena izan da, eta ekimen umila izanik sekulako garrantzia du gure ingurua edertu eta aberasteaz gain honelako ekimenak gure bizitza kalitatea hobetzen dutelako, inguratzen gaituena estimatzen laguntzen baitigu eta ondorioz errespetatzen ikasten dugu, eta denok dakigu ingurumena orokorrean eta zehazki arkitektura errespetatzen ikasten badugu bide batez gure gizartearekiko balio beretsuak bultzatzen ari garela, eta horretarako hezkuntza ezinbestekoa dugu.
Lotutako artikuluak:
Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian: Sarrera eta aurkezpena
Erabilera anitzeko eraikuntzen aldeko apustua. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (I)
Eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketa. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (II)
Arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren garaipena. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (III)
Adierazkortasuna eta komunikazio dimentsioa salbuespen. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IV)
Arkitektura jostun lana gisa ulertuta. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (V)
Sarrerako argazkia: Herrera auzoa, Donostia.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria