Auñamendi Eusko Entziklopedia. Gure entziklopedia

AUÑAMENDI EUSKO ENTZIKLOPEDIA

Zer da maskarada? Nola garatu zen langile-mugimendua Euskal Herrian? Zein da Francisco Javier Sáenz de Oiza? Hauek dira gure kulturaren, euskal kulturaren inguruan izan ditzakegun galderetako batzuk. Eta non topatu erantzunak? Auñamendi Eusko Entziklopedian!

Atzera begira...

1969an argitaratu zen entziklopediaren lehenengo liburukia eta 2008an editatu da paperezko azken alea. Hori bai, aldez aurretik, 1996an, Auñamendi argitaletxearen eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetzari esker, entziklopedia guztia digitalizatu, katalogatu eta sarean jarri zen. Horrela, 2001etik online bidez doan erabil daitekeen tresna bihurtu da, 2006az geroztik Eusko Ikaskuntza bere kudeaketaz arduratzen delarik.

Zer da Auñamendi Eusko Entziklopedian (AEE) aurkituko duguna? Hasteko, hona hemen zifra orokor batzuk:

Auñamendi. Bere enborra

Azken urtetan aldaketa eta berrikuntza ugari bizi ditu entziklopediak. Lan prozesuak berdefinitu dira, irizpide eta helburuak zehaztu eta egokitu egin dira eta estilo arauak finkatu dira. Aldi berean, entziklopedia etengabe hobetzen doan plataforma teknologiko moderno batekin hornitu da.

Auñamendi Eusko Entziklopedia

Kalitatea

Lau izan dira sakon eta zorrozki landu diren atalak: Antropologia, Artea, Historia eta Literatura. Atal bakoitzean izendatutako adituak eta egileek bermatzen dute eskaintzen diren edukien kalitatea. Elkarlanean aritutako urtebeteko eskarmentuak lantalde sendo, profesional eta pertsona jantzietaz osatzen lagundu gaitu, eta horren bermerik gorena, epe horretan zehar sortutako edukiak dira. Entziklopediarako idazten duten egileak, lehen mailako profesionalak dira, bere eremutan ospe handikoak: irakasleak, ikerlariak,... Bere sinadura da, besteak beste, artikuluen kalitatea eta zientifikotasuna bermatzen duena eta hori da Auñamendik eskaintzen duen abagune garrantzitsuenetariko bat. Sakonki eta zientifikoki landutako informazioa eskaintzen du Auñamendik, modu ulergarri batean eskainita, argi eta fin antolatuta, sailkatuta eta aurkeztuta.

Edukiak

Lau atal nagusi (ez bakarrak) eta milaka artikulu. Zeintzuk dira topatu ditzakegun edukiak? Anitzak eta era askotakoak. Interesgarri eta aberasgarriak. Alde batetik, herri eta hirietako ondarea jaso eta aztertu da: eraikinak, artistak, mugimendu artistikoak,... Ondare inmaterialak badu ere bere atal berezia. Gure jai, musika eta dantzek osatzen dute, neurri handi batean, gure nortasuna eta izaera definitzen duen ondare inmaterial hori. Euskal literatura da entziklopediako beste altxorretako bat. Idazleen biografiak, bere obren azterketak, genero eta estiloen ibilbidea,... Artikulu ezberdinetan landu dira gai guzti hauek.

Auñamendi entziklopediak gure iragana eta oraina jasotzen ditu, horretan oinarrituta eraikiko baitugu etorkizuna. Beraz, ezinbestekoa da ibilbide historiko hori ezagutzea. Hortaz, Euskal Herriaren historiako gertaera eta pertsonaiak jaso egin dira. Azkenik, aipagarria da euskal hezkuntzaren inguruan egin den lana. Oso garrantzitsua izan da gure ikastolek egin duten ibilbidea, baita maisu eta andereinoek egindako lana ere. Gaur egun dugun hezkuntza sistema eta maila lortzeko egin den bidea aztertu, berreskuratu eta zabaldu behar da.

Hona hemen zenbait eredu. Sakatu eta ikusi!

Auñamendi.eus

Ezinbestekoa da entziklopediako artikulu guztiak euskaraz izatea, hori baita gure erronka eta gure erabiltzaileen eskaera nagusienetako bat. Hortaz, ahal den neurrian artikulu guztiak euskaraz sortzen dira, bestela itzulpenetara joz. Sarean ipiniko diren testuak ezagutza arlo bakoitzeko adituak onartzen ditu, haien kalitatea eta euskara maila bermatuz. Horretaz gain, testu guztiak Euskaltzaindiaren arauetara egokitzen dira bete-betean.

Auñamendi XXI

Hainbat dira proiektu honen berezitasun, indargune eta originaltasun zantzuak. Auñamendi Eusko Entziklopedia ez da informazio eta multimedia baliabide bilgune soil bat. Ez. Entziklopedian jasotzen diren edukiak sakonki eta zorrozki landuta daude. Bere helburua eduki erakargarri, intuitibo eta erabiltzeko errazak sortzea da.

Ikus-AEE

XXI. mende honetan, ezinbestekoa da testuak multimedia baliabideekin aberastea, eduki erakargarri eta osatuagoak eskainiz. Hortaz, garrantzi handia eman zaie argazki eta bideoei. Erabiltzaileek ez dute oztoporik izango edukiak eskuratzeko momentuan eta, horretaz gain, modu oso erakargarri batean eskuratu ahal izango dituzte, zehaztasun zientifikoa zorrozki zainduz, eduki guztiak modu hezitzaile eta ikusgarri batean eskainiko baitira. Horretaz gain, entziklopediako artikulu guztiek, bere audio bertsioa eskaintzen dute. Zergatik ez mugikorrean gure herriko jai edo eraikin bati buruzko artikulua entzun? Oso zerbitzu baliagarria dela uste dugu, erabilerraztasunaren eredu argia, alegia. Ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat, eskaintza oso interesgarria izan daiteke.

Auñamendi Eusko Entziklopedia

Klik eta klik

Eduki guztiak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jarri nahi dira. Hortaz, nabigazioa zaindu da hainbat irakurketa-bide eskainiz: estekak, aurkibide zehatz edota orokorrak, bilatzaile berri bat, gaien mapa, gai bakoitzari dagokion portada,... Orriak atzera utzi eta estekak dira artikulu batetik bestera igarotzea ahalbidetzen dutenak. Klik egin eta irakurtzen ari garen artikuluarekin harremana duen beste testu batera joan ahal izango dugu. Irakurtzen ari garelarik, klik egin eta bertan aipatzen den pertsonai edo gertaera batean sakontzeko aukera izango dugu. Klik eta klik. Gure historian eta kulturan murgiltzeko modu erraz eta intuitiboa.

Indarrak batuz

Dugun esperientziak eta gauzatu ditugun beste elkarlanek erakutsi diguten bezala (Kataluaniako Entziklopedia edo Euskara Institutuarekin), elkarlana onuragarria da parte hartzen duten guztientzat: errekurtsoen kudeaketa erraztu eta hobetu egiten du, partaide guztiak aberasten ditu, esfortzuen bikoiztasuna ekiditen du,... Beraz, lehentasun osoa dauka elkarlan berriak gauzatzeak. Eduki berriak sortu bai, noski. Hori bai, lan hori egina badago, elkartrukatzen saiatuko gara.

Auñamendi.eu

Partekatze izpiritu horren eredu ditugu Europa mailan garatzen ari diren hainbat proiektu. Horien artean, Europeana dugu ekimen nagusi eta indartsuena. Entziklopedia prest dago teknikoki bertan egoteko. Beraz, epe laburrean, europako liburutegi digitalean egotea espero dugu. Hau lortzeko, katalogazio lan sakon eta zorrotza egin da, lantzen diren kontzeptuak, aipatzen diren pertsona edo lekuak, eta abar, metadatuetan jasoaz. Metadatu horiek euskomedia.org-k eskeintzen duen OAI-PMH interfazearen bidez ere hedatzen dira, beste dokumentu gordailuetan Auñamendiko artikuluen gaineko informazioa topatzea posible delarik. Horrez gain, euskomedia.org-k Europeana Data Model (EDM) metadatu eskema betetzen du jadanik. Horri esker, Auñamendi Europeanan egon ahal izango da.

Eta orain zer?

Lehen aipatu den bezala, 2001z geroztik Auñamendi Eusko Entziklopedia online entziklopedia da. Web gune izaera honek, proiektu bizi bat izatea ahalbidetu du. Bertan agertzen diren eduki guztiak etengabe eguneratzen dira. Egunero gaurkotzen dira artista edo idazleen biografiak. Argazki eta bideo berriak eskuratzen badira, momentu horretan bertan txertatzen dira dagokien artikuluan. Guzti honetaz gain, eduki berriekin hornitzen jarraituko dugu entziklopedia, noski!

Bestalde, erabiltzaileengana hurbiltzeko tartea bilatuko da ere. Erabiltzaileak hobe ezagutu nahi ditugu, ematen zaien zerbitzua hobetu eta balizko publikoa zabaldu ahal izateko. Ezinbestekoa da bere iritzi, kritika eta iradokizunak jasotzea. Horretarako bi dira abian jarriko diren ekimenak. Alde batetik, Unibertsitate mailako irakasleekin hitz egingo da. Bere iritzia jaso nahi dugu, baita iradokizun eta kritikak ere. Bestalde, Batxiler eta DBH mailako hainbat ikastolekin jarriko gara harremanetan. Kasu honetan, elkarrizketa sakon batzuk egiteko, baina baita inkesta motz eta interaktiboak ere. Azken finean, ikasleengan Auñamendirekiko harremana sortzea lortzen badugu, hemendik aurrera eta aurreragoko ikasketetan entziklopedia izango dute erreferente bere zalantzak argitu eta jakinguria asetzeko. Auñamendik “gordetzen” duen altxorra ezagutzera eman behar dugu!

Auñamendi, Euskal Herritik euskaldunentzat eskainitako entziklopedia da. Euskal kultura eta gizartea non? Auñamendi Eusko Entziklopedian!

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia