Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Xabier Lete Bergaretxe.
Euskal poeta, musikari eta abeslaria. Pasaiako (Gipuzkoa) Bianchi lantegian lan egin zuen bide artistikoa jarraitzea erabaki zuen arte.
Hurrengo poesia-liburuok argitaratu ditu: Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968); Bigarren poema liburua (Gero, 1974); Urrats desbideratuak (Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1981); Zentzu antzaldatuen poemategia (Euskaltzaindia-Bilbao Bizkaia Kutxa, 1992); Biziaren ikurrak (Erein, 1992). Halaber, bi antzerki-lan argitaratu ditu: Deusetik izatera (Itxaropena, 1977) eta Gabon Txirrita. Horrez gain, Xabier Lizardiren poemei buruzko edizio kritikoa egin zuen: Xabier Lizardiren olerkiak (Erein, 1983). Era berean, 1974an Angel Zelaieta eta Anjel Lertxundirekin batera Lizardiri buruzko beste liburu bat kaleratu zuen: Xabier Lizardi: olerkari eta prosista.
Lete abeslariari dagokionez, honelaxe esan zuen Letek berak (“Hermes” aldizkaria, 2002ko otsaila): “Ustekabean hasi nintzen. 20 edo 21 urte nituela “Zeruko Argia” aldizkarirako artikuluak idazten nituen; garai hartan, poesia idazteari ere ekin nion eta, horren ondorioz, kasualitate hutsez, Ez Dok Amairu taldearen sortzaile izan ziren bi pertsona ezagutu nituen: Joxean Artze eta Julen Lekuona. Abesti jaialdiak antolatzeko lanetan laguntzen hasi nintzen eta Lourdes Iriondo edo Benito Lertxundirentzako hitzak idazten. Seguran, 1966ko martxoaren 26an, arratsaldeko bostetan, berriro ere kasualitatez, abestea egokitu zitzaidan taldeko kide bat gaixo jarri zela eta. Banituen bizpahiru abesti prestatuta eta bertsoren bat ere moldatu nuen”.