Pedro Agerre Azpilkueta, Axular, 1644ko apirilaren 8an zendu zen Saran

Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Pedro Agerre Azpilkueta, Axular

Pedro Agerre Azpilkueta, Axular.


XVI. mendeko euskal idazle hau euskal literaturako prosagile onena da. Pedro de Axular izenez ezagunagoa da. 1556an jaio zen Urdaxen (Nafarroan), 1644ko apirilaren 8an zendu zen Saran, 88 urte zituela.

Axular izeneko etxean jaio zen. Handik datorkio izena idazleari. Ia ziurtzat jo dezakegu lehen ikasketak herrian lekutzen den San Salvador monasterio ospetsuan egin zituela. Monasterioa, hasiera batean kalonjesa agustindarren ardurapean egon zen, eta, ondoren, fraide premontretarren esku. Gaur egun badakigu Salamancako Unibertsitatean egin zituela ikasketak. Batxilergo titulua eskuratu zuen, baina ez dago bestelako ikasketari buruzko daturik. Dena den bere obraren kalitateari so, oso gizon jakintsua zela ondoriozta daiteke.

28 urte zituela subdiakono ordenatu zen Iruñean (1584). 40 urterekin, diakono Leridan eta apaiz Tarbesen (Biarno) (1596). Tarbesetik Donibane Lohitzunera abiatu zen eta bertan izan zen bost urtez (1595-1600). Henry IV-ak Bordeleko Parlamentura idatzitako gutunean Teologian graduatutako presbitero izenez aipatzen da Axularren izena. Urte hartan bertan Sarako (Lapurdi) erretore izendatu zuten, bertako titularrak, Juan Douametek osasun arazoak zirela medio dimisioa eman ostean. Kargua Axularrek hartu zuen, gotzainaren eta jendearen begikotasuna lortu ondoren. Ez dugu ahantzi behar, predikari ospetsua ere bazela Axular. Kargu berria hartu eta hilabete gutxira, 1600ean, beste apaiz bat, Jean d’Harozteguy, kargua eskuratzeko lehian sartu zen, parrokiaren ardura izateko eskubidea zuela iritzita. Axular atzerritarra zela zioen. Axularrek ordea nafartzat zuen bere burua, eta, horrenbestez, Frantziako eta Nafarroako erregearen (Henry IV) meneko. Horregatik naturalizazioa eskatzen zuen. Erregea bere alde agertu zen kargua hartzeko naturalizazioa beharrezkoa ez zela adierazita, nafarrak bere meneko zirelako. Gauzak horrela, 1601eko abuztuaren 20an Bordeleko Parlamentuak aurretik emana zuen epaiari kontra eginez, auto bat plazaratu zuen bi egun beranduago. Bertan Axularrek karguan jarrai zezakeela adierazten zen.

[+] Informazio gehiago

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia