Atondu ekimena

Ane ALBISU

Lagundu

Atondu aditzak ederki definitzen du 90eko hamarkadaren hasieran abian jarri genuen ekimena. Jantzien bidez atondu, jantziak berak atondu, tradiziozko jantziaren arloa atondu, horrenganako dagoen jarrera atondu...

Argia dantzari taldeko partaide batzuk, bere zuzendari Juan Antonio Urbeltz buru genuelarik, 1985ean Ikerfolk erakundea sortu genuen geure folklorea ikertu eta zabaltzeko asmoz; Argian egiten genituen zenbait ekintza (ikerketa, aholkularitza, zabaltze lana...) beste era batera bideratu beharra zegoela ikusten baikenuen.

Jantzi sailean lanean ari ginenok, beste hainbat ekimenen artean, zeharo beharrezkotzat jotzen genuena jarri genuen abian 90eko hamarkadaren hasieran.

1992ko Aita Larramendi Andoaingo Ikastolako Olentzeroan atera ziren andere?o batzuk

1992ko Aita Larramendi Andoaingo Ikastolako Olentzeroan atera ziren andereño batzuk.
Argazkia: Lamia

Orokorrean gure tradiziozko jantziei zegokiena aski ezezaguna zenez, proiektu ezberdinak geneuzkan esku artean baina, bereziki, horietako batean indar berezia jarri behar genuela erabaki genuen.

Nahiz eta 80ko hamarkadan Baserritar Jantziaren erabilpenak behera egin, hamarkada honen amaiera aldera festarako eta beste hainbat ospakizunetarako bereziki janzteko joera areagotzen ari zela sumatu genuen. Izan ere, baziren hainbat egora nolabaiteko “euskal jantzia” eskatzen zutenak eta, gure helburua zen okasio desberdinetan erabiltzeko jantzien hautaketan zegoen hutsunea betetzen saiatzea.

Dantzarako, festarako eta tokian tokiko tradiziozko jantzien arteko anabasa handia zen eta, bestalde, suertatzen ari ziren egoera berri eta berezietarako jantziak aukeratzeko irizpide falta ere ikusten genuen. Hori dela eta, gure ikerketetan oinarrituriko proposamena egiten zuen proiektua aurkeztu genuen.

Retrato del historiador Esteban de Garibay

1998an kaleratutako postaletako bat Lamia argazkilariekin elkarlanean.
Argazkia: Lamia

Aurrekari horiek kontuan harturik, alderdi desberdinak jorratzen zituen ekimen bati eman genion hasiera. Alde batetik, ni neu egiten ari naizen ikerketa lana izango genuke. XX. mendean gure festarako jantziek eginiko ibilbidea ikertzen eta sakonki aztertzen ari naiz. Dagoeneko kaleratuak ditut hemen bertan argitaraturiko artikuluetan eta ematen ari naizen hainbat hitzalditan nire tesiaren hainbat lagin. Beste alde batetik, oinarri teoriko horiek kontuan hartuta egiten hasi ginen diseinu eta jantzien zabaltzea edukiko genuke. Festa, ospakizun edota gure tradiziozko jantzi, janzki edota janzkera eskatzen zuen edozein egoeratarako egokitzen zen jantzia aholkatu, diseinatu eta egiteko bideratzea izan zen eta da geure helburua. Ikerfolkeko dinamikan ohikoa denez, ekimen bizi eta parte hartzaileak sortuz plazaratzen ditugu gure proposamenak eta Atondu Ekimenaren ezaugarri nabarmenenetako bat litzateke hori.

Lehendabiziko harria, gure kide den Agurtzane Arregiren bitartez jarri genuen. Honek, Aita Larramendi Andoaingo Ikastolako bere hainbat lankide inplikatu zituen guk diseinatutako jantziak egin eta Olentzeroan ateratzeko. Horixe izan zen gerora ikaragarrizko arrakasta izango zuen mugimendu baten hasiera.

Alde batetik, beste hainbat ikastolatara zabaldu zen. Bestetik, prentsan eta telebistan izan zuen zabalkundeari esker, ordura arte ikusi ez zen ardura eta atxikimendua hartzen hasi zen hainbat herritan, hain baztertua egon zen festarako janzteko ohitura.

Ikerfolkeko partaideok hitzaldiak ematen, aholkularitza lana eta baita diseinu pertsonalizatuak egiten hasi ginen eta, esan bezala, gaur egun ikus daitekeenaren kimu eta abiapuntu izan zen Atondu izena jarri genion ekimen hori.

Urteak aurrera egin ahala, hasiera batean kaleraturiko diseinu eta eredu horiek oso ibilbide desberdina izan dute. Guk, ordea, geure bideari eutsi diogu. Eskaintzen duguna ez da jantzi hutsa. Jantziaz gain, aholkua eta informazioa jasotzen dute geureganatzen direnek eta, gainera, nolabait ere, proiektuaren partaide bilakatzen dira. Hain zuzen ere, eta lehen esan dudan bezala, ekimen bizi eta parte hartzaileetan oinarritzen dugu ekimena eta asko izan dira gure hitzaldi, desfile eta bestelakotan bere jantziekin parte hartu eta lagundu dutenak. Bihoakie lerro hauetatik gure eskerrik beroena.

Azken urteotan zabaltze lan oparoa egin da lehen aipaturiko hitzaldi, tailer eta desfileez gain, hainbat artikulu eta liburu bat ere kaleratu baitira.

2013an Andoainen ospatu zen hitzaldi eta tailerra

2013an Andoainen ospatu zen hitzaldi eta tailerra.
Argazkia: Ainhoa Alfageme

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Egilea

Argazkiak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia