Mikel Garmendia aktorea 2005eko abuztuaren 6an hil zen

Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Mikel Garmendia Goenkaleko Joxe Mari paperean

Mikel Garmendia Goenkaleko Joxe Mari paperean.

Arte dramatikoaren munduak haurra zenetik erakarri zuen. Bere jaiotetxeko etxabean Laguntasuna antzerki taldeak entseguak egiten zituen eta Mikel ahal zuen guztietan gerturatzen zen haiek zelatatzera.

Edozein modutan ere, ibilbide artistiko bitxia izan zuen, izan ere, 40 urte inguru zituela murgildu zen interpretazioaren munduan. 37 urte zituela Antzerti eskolan sartzea lortu zuen, hots, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikorako eskolan. Bigarren ikasturtean eskolak erabateko dedikazioa eskatzen zuen eta Mikelek ez zuen zalantzarik izan komertzial lana utzi eta aktore ibilbidean murgiltzeko bete-betean. Orduan eman zion Alfonso Ungriak zineman aritzeko lehen aukera La conquista de Albania (1983) filmean apaiz fanatikoarena egiteko. Orduan Garmendia 100 kiloko gizasemea zen eta urte horietan pisu horrek bere jarduera artistikoa baldintzatu zuen erabat. Hala, pertsonaia lodi eta desatseginak irudikatzen zituen. Hori da Akelarre (1983) filmeko erretore ezjakin eta zikoitzaren edo The Hit (1983) filmeko tabernari akigarriaren kasua. Pixka bat geroago legionella birusak jo zuen eta hilzorian izan zen. 40 egun eman zituen Zainketa Berezien Unitatean eta 60 kilora murriztu zen bere pisua.

Modu horretan, aktore gipuzkoarrak rol estereotipatuegia betetzera kondenatu zuen fisiko hori alde batera utzi ahal izan zuen eta aukera dramatiko berriak zabaldu zitzaizkion. Horren adibide bikaina da Kornelio, Hamaseigarrenean aidanez (1985) filmeko protagonista Domingoren eliz mutil leiala. Edo Kareletik (1987) filmeko Balantxas zurruteroa.

[+] Informazio gehiago

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia