Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Juan Ajuriaguerra Otxandiano.
Bilboko Agustindarren ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. 17 urterekin Alemaniara mugitu zen. Han kimika-ingeniaritza ikasteari ekin zion. Dena den, karrera utzi eta Bilbora itzuli zen. Bere sorlekuan industria-ingeniari prestakuntza osatu zuen 1927ko ekainean. Babcock Wilcox enpresan lan egin zuen 1936-1939 bitarteko gerra zibila hasi arte. Jardun horretan zelarik, besteak beste, Luis Arredondo ezagutu zuen.
Aita ideia karlistak zituen eraikitzailea zen eta ama, berriz, liberala zuen. Semeak ikasle zenetik erakutsi zuen euskal nazionalismoarekiko atxikimendua eta “mendigoizale” zeritzen gazte-taldeetako batean sartu zen, hots, nazionalismoaren barnean gizarte-harremanak izan eta norbere burua garatzeko abagunea ematen zuen esparruan. Bigarren Errepublika iritsi eta gutxira Deustuko batzokiko presidente izendatu zuten. 1934an Bizkai Buru Batzarreko (BBB) hautagai izateko aukeratu zuten eta kargua eskuratu zuen. Hala, hasiera batean uko egin bazion ere, 1937ko abuztuaren 28ra arte bete zuen eginkizun hori.
1946an eta EBBk hala eskatuta, klandestinitatera pasa zen berriro. Epealdi horretan alderdiko beste zenbait kiderekin elkartu zen barnealdean, esate baterako, Juan Maria Retolaza, Eusebio Zubillaga, Gerardo Bujanda edota Jesus Insautirekin (Uzturre). Modu horretan, beste bultzada bat eman zitzaion Euskal Erresistentziari.
Berrogeiko hamarkadaren amaiera aldera Ajuriaguerra, EAJko buruzagi modura, hainbat aldiz elkartu zen “Indar Demokratikoen Aliantza Nazional” delakoarekin eta ordezkari zibil nahiz militar monarkikoekin. Hori guztiori neurritasun-giro batean garatu zen. Hala, giro horretan, EBBak 1949ko martxoaren 5eko deklarazio politikoa onartu zuen, garai horretako garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe. Deklarazio horren arabera, Euskal Herriaren barnean Gobernua berehala berregituratzeko aukera begi onez ikusten ez zituztenei ateak zabaltzen zitzaizkien. Agirre Lehendakariak eta Ajuriaguerrak babestutako deklarazio hori gobernu errepublikanoaren eta monarkikoaren balizko urreratze baten erdian gertatu zen eta, zenbait buruzagi nazionalista adierazgarrik ukatu egin zuten, esate baterako, Manuel Irujok.