Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Martin Ugalde.
Jaioterrian egin zituen lehen ikasketak. Tropa frankistak herrian sartu zirenean ihes egin zuen familiarekin batera, Mundakara lehenengo eta Bilbora ondoren. 1937an herria frankisten esku geratu zenean erbestera jo zuen (Frantziara). Château-Chinon herrian jarraitu zuen ikasketekin eta ondoren Donibane Garazi eta Ziburun ere izan zen. Eusko Jaurlaritzak erbestean ezarritako eskola-instituzioetan amaitu zuen batxilergoa. Garai horretan Ugalderengan arrastoa utzi zuten irakasleak izan zituen: Zumalabe matematikan, Barandiaran arkeologian eta Felix Dorronsoro edo Adrian de Ugarte.
Alemaniaren inbasioa baino lehenxeagoa, Gurseko kontzentrazio-esparruan sartu zuten Frantziako agintariek. 1940ko ekainean, handik atera zenean, Donibane Lohitzunen nazien tropekin topo egin zuen, muga zeharkatu baitzuten. Tetuango “Gezi Urdinak” errejimentura bidali zuten eta ia hiru urte eman zituen Marokon.
1961ean Ugaldek Iltzalleak argitaratu zuen arte, Venezuelan inork ez zuen libururik idatzi euskaraz. Ugalderentzat ahalegin handi samarra izan zen literatura-hizkuntza aldatzea. Urrun argitaratu zenez, liburuak ez zuen ia oihartzunik izan Euskal Herrian; dena den, gerora haren balioa aitortu izan da. Eusko Jaurlaritzak ematen duen erbesteko liburuaren lehen saria eskuratu zuen eta Anjel Lertxundi, Inazio Mujika Iraola, Xabier Mendiguren eta Koldo Izagirre idazle handien arabera euskal ipuingintza modernoaren bidea hasi zuen Ugaldek. Iltzalleak euskaraz idatzitako literaturan argitaratutako lehen ipuin-liburua izan zen.
Ondoren, 1976tik aurrera, erbestea utzi eta Euskal Herrira itzuli zenean, Ugalde profesionalismoaren aitzindari bilakatu zen euskarazko idazle-kazetari lanetan. Askozaz beranduago, 1997an, Andoaingo Ricardo Arregi kazetaritza Sariko epaimahaiak ohorezko aipamena eman zion euskarazko kazetaritzaren alde egindako lana eskertuz.