Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Isaac López Mendizabal.
Tolosan ikasi zuen batxilergoa eta Salamancan Filosofia eta letrak; ondoren, 1899an Madrilen egin zuen doktoregoa: Cantabria, la guerra cantábrica y el País Vasco en el tiempo de Augusto; zuzenbide ikasketak burutu zituen segidan eta 1903an bigarren doktoradutza eskuratu zuzenbidean Gipuzkoako Foruei buruzko lan batekin. Abokatu gisa hasi zen lanean eta fiskal izan zen errepublika garaian Tolosako epaitegian, nahiz eta garai horretan, 1929an aita hil zenetik, moldiztegiaren ardura ere berak izan. Baina Ixaka Lopez-Mendizabal euskal kulturan ezaguna baldin bada, batez ere inprimatzaile eta sortzaile eginiko lanez gain euskal kulturaren aldeko ekintzengatik dugu ezagun.
1902an Eskualzaleen Biltzarra erakundeko sortzaileetako bat dugu Arturo Kanpion, Julio Urkijo eta Serapio Mujikarekin batera; eta 1918an Euskaltzaindiaren sorreran ere parte hartu zuen. 1907an, aitak egiten zuen bezala, euskal kulturari garrantzia emanez Aita Santu amargarren Pio'ren doctriña laburra liburua plazaratu zuen; urtebete beranduago, aldiz, Manual de conversación castellano-euskera 371 orritako lan mardula.
Denetara 23 lan plazaratu zituen Ixakak, azkena Etimologías de Apellidos vascosizenekoa, Buenos Airesen 1958an. Euskal Herrian haurrentzako lanak eta euskararen aldekoak plazaratu bazituen, atzerrian (Buenos Airesen izan zen denboraldian berak sorturiko Ekin argitaletxean), euskal kultura eta gizartearen aldeko lanak izan ziren. Arestian aipaturiko lanez gain, Argentinan plazaratuak diraBreve historia del País Vasco (1945); El País Vasco, descripción general (1946); El idioma vasco, testigo excepcional en la Historia (1953) eta Gramática Vasca abreviada (1954).