Portada

Gerra Zibila Berriatuan eta Lekeitioko frontean

Patxi JUARISTI LARRINAGA

Gizarte batzuek jakin izan dute gerren eta istilu bortitzen oroitza gordetzen. Museoak, liburuak, memoriari eskainitako guneak, adierazpen publikoak, hitzaldiak, monumentuak edota dokumentalak egin dituzte, zorigaitza bizi izan zutenen memoria gordetzeko, hauen senideei elkartasuna adierazteko eta belaunaldi berriei gertatu zena erakusteko.

Errepublikazaleen gehiegikerien biktimek Francoren gobernuaren babesa eta ordaintza morala jaso zuten 40 urtez. Gerrako urteetan, errepublikazaleen errepresioa pairatu zuten eskuindarren edota frankisten ondorengoek euren senideei eragindako mina ezagutzeko aukera izan zuten (egia jakiteko eskubidea), jasan zituzten kalteak ikertu eta epaitu ziren (justizia-eskubidea), kalte-ordainak jaso zituzten, eta duintasuna eta babesa eman zitzaien (konponketa-eskubidea). Frankistek errepublikazaleek baino errepresio bortitzagoa burutu zuten, baina jazarraldien biktimei justizia, konponketa eta egia jakiteko eskubideak ukatu zitzaizkien. Izugarrikeria pila jasanda ere, II. Errepublika babestu zutenek barnean gorde behar izan dituzte, urte askotan, saminak, frustrazioak eta lotsak.

Lan honen helburu garrantzitsuena da Gerra Zibilean Berriatuan gertatu zena berreraikitzea, eta sufritu zuten herritarren oroimena bizirik gordetzea. Izan ere, Gerra Zibila, drama eta min asko duelarik ere, berriatuar guztien ondare historikoa da; ondo ezagutu eta gorde beharreko ondasun immateriala.

Batzuek esango dute ikerketa hau beranduegi datorrela, gerrako biktimak zein Francoren errepresioarenak hilda daudelako. Edozelan ere, ez da beranduegi, kontuan hartzen badugu sufritu zutenen ondorengoek bizirik dirautela, eta hauek ere biktimak direla. Gainera, beti ere hobe da gertatu zena jakitea, ez jakitea baino.

Burututako lan honen helburu garrantzitsuena da Gerra Zibilean gertatu zena ezagutzea, eta sufritu zutenen memoria bizirik gordetzea. Hala ere, garai hori behar bezala ulertzeko eta testuinguratzeko, Berrezarkuntza garaia eta II. Errepublika ere ikertu ditugu. Beraz, XIX. mendearen bukaeratik gerraostera arteko urteetan ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik Berriatuan gertatu zirenak aurkezten dira.

Gerra Zibila Berriatuan eta Lekeitioko frontean

Gerra Zibila Berriatuan eta Lekeitioko frontean.

Ikerketak eman dizkigun datuen arabera, Berriatuan, gudako lehen lerroan geratutako beste herri batzuetan baino zibil gutxiago hil ziren: sei bonbardaketen eta tiroen ondorioz, eta kleroko bi kide fusilatuta (abade bat Larruskainen eta moja bat Bartzelonan). Gainera, guk dakigula, herriko mutilik ez zen hil borrokatzen, eta beste fronte batzuetan (Eibar, Elgeta, Bilboko Burdinezko Hezian...) baino soldadu gutxiago hil zirela pentsa daiteke. Gure kalkuluen arabera, 20 gudari eta miliziar hil ziren Berriatuan. Frankistek ere antzerako heriotza kopurua izan zutela onartzen badugu, hipotesi gisa esan genezake, 1936ko urriaren 4tik 1937ko apirilaren 27ra, bi aldeetako 40-50 soldadu hil zirela Berriatuan.

Fronteko beste sektore batzuetan baino heriotza gutxiago izan ziren, baina herritarren bizipenak guda-lerroa euren lurretan izan zuten beste herri batzuetakoen antzerakoak dira. Berriatuan ere samina eta beldurra nagusitu ziren, eta garaiko herritarrak bizi osorako markatuta gelditu.

Hala eta guztiz ere, Berriatuak baditu beste herri batzuetatik bereizten dituen bi ezaugarri: frankotiratzaileen erasoak eta herriaren ebakuazioa.

Otxandion, Durangon, Gernikan, Galdakaon, Markinan edo Xemeinen zibilen heriotza gehienak bonbardaketek eragin zituzten, baina Berriatuan frankotiratzaileek. Frontea jendearen bizitokietatik hain hurbil egonda, alde bateko zein bestekoek sarritan tirokatzen zituzten herritarrak. Hildako sei zibiletatik lau tiroen ondorioz izan ziren.

Aipagarria ere bada, 1937ko otsailetik 1937ko maiatzera arte, Berriatua ia hutsik gelditu zela. Beldurragatik, militarrek etxetik irtetera behartu zituztelako edo Euzkadiko Jaurlaritzak martxoaren 19an herria husteko agindua eman zuelako, jende ia guztiak ihes egin zuen herritik. Gerra Zibila ezagutu zuten berriatuar gehienek oso bizirik dituzte etxea utzi zuteneko momentua eta bueltatu zirenekoa.

Heriotza eta ebakuazioaz gain, gerrak beste era askotako kalteak ere eragin zituen.

Batetik, kalte ekonomiko, material eta ekologikoak daude. 1936ko urrian hasi ziren tiroak eta bonbardaketak, eta 1937ko apirilaren bukaerara arte, herritarrek ezin izan zuten bizimodu normalik egin. Baserri batzuk erreta edota apurtuta gelditu ziren, herritarrek etxeak utzi behar izan zituzten, eta gazte askok frontera joan behar izan zuen borrokatzera. Honen guztiaren ondorioz, garaiko jendearen bizibide garrantzitsuena, nekazaritza, birrinduta gelditu zen, eta diru-sarrerak murriztuta.

Gerraren beste ondorio bat abertzale eta errepublikazaleen aurkako errepresioa izan zen. Herriko tradizionalista eta monarkikoak erabat inplikatu ziren militarrek antolatutako jazarraldia gauzatzen, eta lan asko egin zuten “susmagarrien” zerrendak prestatzen, jendea salatzen eta atxilotzen. FET-JONS alderdiaren babespean, eskuineko berriatuarrak ezkertiarren eta abertzaleen kontrolatzaile eta salatari bihurtu ziren 1937ko maiatzetik aurrera, gizarte-bizitza eta harremanak hankaz gora jarriz. Frankistek 25 pertsona atxilotu zituzten, 7 emakumeri ilea moztu zieten, askori bortxazko-lanak eginarazi zizkieten edota isunak ordaintzera behartu zituzten. 1936an, Berriatuak 1.268 biztanle eta gutxi gorabehera 240 familia bizi zirela kontuan hartzen badugu, argi dago familia asko izan zirela gerraren ondorioz lur jota gelditu zirenak.

Gerraurretik ere, tradizionalista, monarkiko, abertzale eta errepublikazaleek interes eta iritzi desberdinak zituzten, baina elkarrekin parte hartzen zuten herriko bizitzan. Gerrak ideologia desberdinekoen arteko harremanak apurtu zituen, eta mesfidantza eta elkarrekiko beldurra azaleratu. Erregimen berriaren aldekoen eta abertzale, errepublikazale eta, oro har, frankistentzat “susmagarriak” zirenen artean zulo izugarria eraiki zen, eta gizarte-kohesioa guztiz txikituta gelditu.

Herriko bizitza soziala kaltetu zuen beste arazo larria familien banaketak izan ziren. Frankistak sartu aurretik hainbatek ihes egin zuten, beste batzuk atxilotu egin zituzten edota, preso egon ostean, langileen batailoietara bidali. Halaber, gazte asko izan ziren alde batekoekin edota bestekoekin borrokatzera behartuak, eta kanpoan urteak egin zituztenak. Ondorioz, senide askok urteak egin behar izan zituzten elkar ikusi gabe.

Auzoetako bizitza ere hankaz gora gelditu zen. Gerratean, jendea gutxiago ateratzen zen kalera, eta elkarrekin egoteko eta berba egiteko aukerak murriztu egin ziren. Bonbardaketetatik edo frankotiratzaileengandik babesteko, jendea etxe barruan edo kobazuloetan ezkutatuta egoten zen.

Berriatua

Berriatua.

Gerraostean, herritarren arteko salaketek eta atxiloketek are eta haserre gehiago ekarri zuten. Gainera, batzuk, frontea jausi zenean sortutako anabasa aprobetxatuz, lapurretan aritu ziren auzoko etxeetan. Jendeak bazekien falta zituzten gauzak zein etxetan zeuden, baina beldurragatik ez ziren ezer esatera ausartzen. Inbidiak, amorruak eta mendeku nahiak modu bortitzean azaleratu ziren, eta auzotarren arteko harremanak zeharo ahuldu. Agian kasualitatea izango da, baina adierazgarria da ganadu-anaitasun edo “hermandadeak” gerraostean desagertu zirela.

Aipatzekoa ere bada frankistek emakumeen aurkako errepresio bortitza hasi zutela, hauen bizimodua goitik behera aldatuz. Frankistek Errepublika-garaian emakumeek lortutako aurrerapen guztiak ezabatu zituzten. Emakumeak irainduz, ilea moztuz eta beldurtuz, matxismoa nagusitu zen, eta emakumeen garapen pertsonala oztopatu urteetan.

Gerrak galtze kulturalak ere ekarri zituen. Alde batetik, frontea Berriatuan geldirik egon zen zazpi hiletan, eskola itxita egon zen, eta sei eta hamahiru urte arteko umeak eskola barik gelditu ziren. Euskal kultura eta euskara ere astindu zituen. Euskara erabiltzea debekatu egin zen eskoletan, eta sermoiak eta dotrina ere erdara hutsean emateko agindu zitzaien abadeei.

Berriatuko ondare historikoak ere sufritu zuen: batetik, baserri batzuk erreta eta apurtuta gelditu ziren, eta bestetik, desagertu egin zen Asterrikako Errementarikua baserriaren osteko ermitan zegoen San Lorentzo Txikiren irudia. Are gehiago, orduan utzi zion eske-sari baseliza moduan jarduteari. Auzotarrek diotenez, frontea jausi zenean, 1937ko apirilaren bukaeran, miliziarrek eraman zuten San Lorentzo Txikiren irudia.

Denborarekin gauzak normaltzen joan ziren. Presoak, langileen batailoietan zeudenak eta errefuxiatuak bueltatu ahal izan zuten, eta jendeak egunerokotasunari ekin zion: lana, familia, astialdiko jarduerak... Diktadura bortitz baten azpian eta arazo ekonomiko larriekin, baina Berriatua bere onera etorri zen 40ko eta 50eko hamarkadetan, eta gizarte-sareak, kohesio-soziala edota harremanak berriro ehundu ziren. Edozelan ere, gerrako belaunaldiek beti presente izan dituzte 1936tik 1939ra bizitakoak. Zauri psikologiko eta sozialak hor iraun dute.

Honegatik guztiagatik, ulergarria da berriatuar askok gerrari buruz hitz egin nahi ez izatea. Agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei frustrazioa eta amorrua saihestu nahiak, belaunaldien arteko transmisioa oztopatu zuten, eta belaunaldi berriak gutxi jakin dute gertatutakoari buruz.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia