Portada

Erro bailaratik paseoan

Amaia CUENDE

Eguna hastear doa. Udaberriko zeru eguzkitsuak txango bat egitera gonbidatzen gaitu, gure inguruko lekuak ezagutzeko joan-etorri bat.

Izan ere, Erro bailara ezagutzeko proposamen bat egin nahi dizuegu. Bertan, Aintzioa, Ardaitz eta Aurizberri herrietan, hiru tenplu oso interesgarri topatuko ditugu. Auñamendi entziklopediak hauen aurkezpen bat aurreratzen digu.

Bailararen hegoaldean emango diogu hasiera gure ibilaldiari, Ardaitzen. Bertan Erdi Aroko aztarnetaz gain, San Pedro eliza ikusteko aukera izango dugu ere. XIII. mende hasierako tenplu protogotikoa da, baina denborarekin beste elementu batzuk gehitu zaizkio: sakristia eta kapera XVI. mendean, estalduraren zaharberritzea XVII. mendean,… Horren ondorioz, gaur egungo eliza eraikin heterogeneoa da, non garai eta estilo ezberdineko elementuak nahasten diren.

San Bartolome parrokia

Aurizberriko San Bartolome parrokia zaharra XVII. mendean eraberritu zen.

Ardaitzeko kaleetatik ibili ondoren, gure hurrengo geltokira abiatzen gara, Aintzioara. 9 km besterik ez ditugu bailarako herri altuenera (1.008 metro) iristeko. Bertako San Esteban eliza XIII. mende hasieran eraiki zen protogotiko estiloan, hau da, tenplu ez da ez guztiz erromanikoa ezta guztiz gotikoa ere. Bestalde, baditu ere barroko estiloko beste elementu batzuk: erretaula nagusia edo gurutze parrokiala, besteak beste. Herriko etxe txurien artetik ibili ondoren, Aurizberriruntz jotzen dugu. 16 kilometroko luzera duen errepide bihurgunetsu batek eramando gaitu bailarako herri handieneraino. Izan ere, bertan biztanleriaren herena dago.

Nabarmena da bertako etxe eta eraikinen edertasuna. Eta guztien artean, San Bartolome eliza dugu. 1961ean eraiki zuten Candido Ayestarán eta Javier Esparzak gaur egungo eliza baina, jatorrizko tenplua, askoz lehenago altxatu zen. Izan ere, XVII mendean berregituratua izan zen eta 1881 sute bat jasan ere. Aurizberritik Santiagoruntz doazen erromesak pasatzen dira. Bere garaian ere Ernest Hemingway idazlearen atseden txokoa izan zen. Bertan zegoen bitartean, Irati ibaian amuarrainak arrantzatzen ibiltzen omen zen.

Hemen amaitzen da eguna eta baita gure ibilbidea ere. Iluntzen ari da jada. Atseden hartzeko une egokia, gure inguruko beste lekuak ezagutzen jarraitu aurretik. Disfrutatu!

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Egilea

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia