Eneritz ZABALETA APAOLAZA
Europako demokrazia liberalak hitz batez definitzeko ariketa zaila ezarriz geroz, moderazio hitza hautatzea izan liteke hauturik egokiena. Demokrazia liberalaren kontzeptu politikoaren pean, errealitateak eta praktikak desberdinak bezain anitzak izan arren, tronpatzeko arrisku gutxirekin erran daiteke moderazioaren printzipioaren gainean eraiki direla demokrazia horiek. Horrela dio, bederen, teoria politikoak.
Norbanakoaren askatasuna lehen planoan ezarri zituzten pentsalari liberalek, eta Estatu demokratikoen esku sartzea ahalik eta txikiena izan zedin hainbat mekanismo eta prozedura pentsatu zituzten. Sinplea zen arrazoinamendua : norbanakoak aske izateko, Estatuak ahalik eta moderatuena izan behar du.
Oinarrizko postulatu horri erantzuten dio Frantzian Montesquieuk teorizatutako botereen bereizketak, edo Hans Kelsenek argitara ekarri zuen Zuzenbide estatuaren kontzeptuak eta hari datxikion normen arteko hierarkiak. “Gobernu moderatuaren” ideiari jarraitzen dio, azkenik, Alemaniako zuzenbidean errotu eta Europaraino hedatu den proportzionaltasun printzipioak.
Premisa ideologiko horretatik abiatuz, segurtasunaren eta askatasunaren arteko dikotomia kontziliatzeko oinarriak finkatu ziren. Estatuaren moderazioak are eta garrantzia handiagoa hartzen zuen, parean norbanakoen askatasun publikoak —gaur egun oinarrizko askatasun deitzen ditugunak— jokoan zirelarik. XIX. Mendeko Estatu minimal liberalak bere esku hartzea handitu ahala, esku hartze hori onartzen joan zen, askatasun publikoen eremuetatik kanpo ziren hainbat arlotan bereziki —ekonomian, adibidez—. Aitzitik, norbanakoen askatasun publikoen alorrean, Estatu moderatuaren premisa ideologikoari eutsi zitzaion.
Zentzu horretan uler daiteke 1917an Frantziako Estatu Kontseiluko Baldy Komisario orokorrak eraikitako eredua: “polizia administratiboari dagokionez, askatasuna da printzipioa, eta debekua salbuespena”. 1968ko maiatzeko iraultzaileek bere eginen luketen esaldi liberal hori, 1933ko Benjamin jurisprudentzia ezagunean itsatsita gelditu zen Frantziako zuzenbide positiboan. Argigarria benetan, Frantziako zuzenbide administratiboa, Estatuaren esku hartzean eta zerbitzu publikoaren kontzeptuaren inguruan eraiki dela jakinda.
Zentzu berean doaz ere, Alemaniako epaitegiek egokitasunan, beharrean eta proportzionaltasunean eraikitako neurri publikoen kontrol famatua. Estatuaren neurriak egokia behar du, bere helburua betetzeko; ez du beharrezkoa baino urrunago joan behar bere helburua betetzeko; eta horrela izanik ere kostu/abantaila test batekin, neurri hori baino moderatuagoak lirateken beste neurri hipotetikoekin konparatu behar da, propotzionalena den ala ez jakiteko. Mekanismo, kontrol eta maxima guzti horiek, oinarrizko esaldi batean laburbildu daitezke: “norbanakoen segurtasunetan lehena, askatasuna da”.
Azken urte eta hilabeteetan, ordea, oinarrizko esaldi hori itzulikatu egin da. Terrorismoaren aurkako borrokaren izenean, norbanakoen askatasunean eta Estatuaren moderazioan baino, bestelako helburuetan oinarritutako neurri eta politikak ezarri dira martxan. 2015eko azaroaren 16an Versailleseko Kongresuan eginiko hitzaldian “norbanakoen askatasunean lehena, segurtasuna da” esaldia bota zuen François Hollande Frantziako presidenteak.
Geroz eta gehiago, segurtasunaren izenean, Estatuaren moderazioa bertan behera gelditu da, eta askatasuna murriztu beharra azpimarratu da.
Argazkia: CC BY - Ferran Moya
Paradigma aldaketa argi eta garbi adierazten du esaldi horrek. Azken urteetan, terrorismoaren aurkako borrokaren izenean, demokrazia liberalaren eredua ezbaian ezarri da. Estatuaren —eta bertako hiritarren— segurtasuna bermatzeko, Günther Jakobsek defendatutako “etsaiaren zuzenbide penalaren eredua”, edo salbuespen Estatuaren erregimenak indartu eta aplikatu dira.
Zenbaezinak dira Europako Estatuetan, Frantzian eta Espainian adibidez, atentatuen biharamunean segurtasuna indartu asmoz bozkatutako legeak. Azken adibideak dira Espainiako 2015eko hiritar segurtasun legea (Mordaza lege bezala ezagutzen dena), edo Frantziako 2015eko inteligentzia legea zein gaur bertan eztabaidan den erreforma penalaren legea. Lege horiek denek helburu argia dute: orain arte salbuespena zena, arau bihurtu. Oroitu behar da Frantzia larrialdi egoeraren erregimen juridikoan dagoela 2015eko azaroaren 14etik, eta Gobernuak egoera hori abuztuaren 20era arte luzatzeko asmoa azaldu duela.
Larrialdi egoerak, bi salbuespenezko botere ematen dizkio administrazioari: polizia judizial edo errepresiboaren hainbat neurri, polizia administratibo edo prebentibora pasatzea, eta hainbat askatasun publiko murriztea. Askatasunaren eta segurtasunaren arteko kontziliazioa irauli, eta erregimen horretan segurtasuna da araua, eta askatasuna salbuespena.
Logika berean doaz ere, larrialdi egoeraz kanpo hartu diren hainbat erreforma. Geroz eta gehiago, segurtasunaren izenean, Estatuaren moderazioa bertan behera gelditu da, eta askatasuna murriztu beharra azpimarratu da. Bereziki argigarria da Frantzian eta Espainian “terrorismoaren apologia”ren inkriminazio penalaren pean eramandako atxiloketak eta polizia operazioak —sare sozialetan zein karrikan—. Zigor kodeak terrorismoaren inkrimazioa zigortzeko zigor eta neurri bereziak ere horren isla dira —kartzela zigorrak, instrukzio botere bereziak, inkomunikazioa—.
Estatuaren intrusismoa ere bereziki garatu da. Terrorismoaren aurkako borrokan, edo larrialdiaren izenean, moderazioaren ordez bestelako printzipioak hobetsi dira. Polizia errepresiboari, adibidez, errepresiboa ez, prebentiboa izatea eskatzen zaio. Hau da, pertsonen asktasuna ekintzara pasa baino lehen mugatzea. Frantziako “gaizkile asoziazio” inkriminazioa, bereziki argigarria da, zentzu horretan. Gizarte osoaren kontrola ere sustatu da, terrorismoaren prebentzioaren izenean. Argigarria ere, Frantziako 2015eko inteligentzia legeak, helburu prebentiboa duten hainbat zaintza orokorrezko neurri zigor kodean sartu izana.
Indibidualizatua behar duen eta askatasuna babesteko hainbat garantiaz lotuta dagoen polizia judizial edo errepresiboaren, eta izaera kolektibo eta prebentiboa duen polizia administratiboaren arteko muga lausotu da, dudarik gabe, Estatuaren moderazio printzipioa lausotu den bezala.
Konstatzio horretatik, Estatu eredu liberaletik, Estatu eredu polizialera pasa garela afirmatzera urrats bat dago. Larrialdi egoera, adibidez, salbuespenezko erregimen zibil bat bezala definitu daiteke: hau da, Polizia Estatu bat. Zuzenbide Estatuak onar dezake salbuespenezko erregimen polizialak izatea. Salbuespenezko neurriak, baina, ohiko zuzenbidera kutsatzen direnean, eztabaida pausatzea legitimoa da. Are eta gehiago, salbuespenezko neurri horiek demokraziaren eta askatasunaren izenean arautu direlarik —Frantziako 2015eko inteligentzia legea, adibidez, Charlie Hebdoren aurkako atentatuen ondotik, adierazpen askatasunaren defentsaren izenanean bozkatu zen—.
Gaur egun bizi garen Estatu ereduaz eztabaida egitea ezinbesteko ariketa demokratikoa da. Estatu liberalaren moderazio printzipioa gibelean uzteko prest ote gaude ? Estatu polizial batera iritsi nahi al dugu ? Eta balizko Estatu hori gure segurtasuna babesteko gai izanen ote da ? Horra hainbat galdera, moderazio gabe plaza publikoan egin beharrekoak. Jürgen Habermasek demokrazia “eztabaida espazio” gisa definitzen duenez, oinarrizko behar demokratikoa da eztabaida hori egitea.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria