Miren PÉREZ EGUIREUN
Bilbon kokatuta dauden filmek, hiriaren transformazioa jasotzeaz gain, narratiboki aprobetxatu dituzte garaian garaiko paisaiaren eta gizartearen ezaugarriak.
Bilbo hiriak pasa den mendearen amaieran eraldaketa-prozesu sakona bizi izan zuen. 80ko hamarkadan jasandako industriaren gainbehera gainditu eta zerbitzu-hiria izatera pasatu zen. Ariketa interesgarria da aldi berean eraldaketa geografiko, sozial eta historikoa izan den honi zinemagintzak nola erreparatu dion aztertzea. Oro har, ikus-entzunezko kulturaren eragina oso nabarmena da gizartearen imajinario kolektiboa moldatu eta zizelkatzeko orduan. Bestalde, filmek kontatzen dizkiguten istorioak sasoi jakin horretako testuinguruaren kronika bihurtzen dira, historia-balio neurtezina izan ditzaketenak.
Testuinguru horren osagaietako bat istorioa filmatzen deneko kokapena da. Agertoki soil izateaz gain, kokapenak kontakizunaren garapen eragiten du. Zentzu horretan, geografia jakin batek narrazioaren dramatismoa indartu dezake, pertsonaien jokabideak edo sentimenduak justifikatu, etab. Era berean, eta zinemaren gaitasun sinbolikoari erreparatuz, paisaia horren eta beroni lotutako errealitate sozialaren inguruko irudikapen bat iradokiko du filmak.
Bilboren irudi zinematografikoak, haren transformazio morfologikoa taularatzeaz gain, badu eraginik, beraz, hiriari esleitzen zaion zentzuan. Eta nolakoa da fikzioak eraiki duen Bilbo hori?
Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadan martxan jarri zituen zinemagintzari zuzendutako diru-laguntzak, eta bultzada horrek eragin nabaria izan zuen euskal filmen ekoizpen, komertzializazio eta jendarteratzean. Euskal zinemagintzaren aro emankor hau Bilbo Handia gogor eta larri astindu zuen petrolio-krisiaren garaikide izan zen. Ekonomiaren gainbeherak eta horri lotutako langabezia-tasa handiak giro sozial gatazkatsua ekarri zuen, ETAren terrorismoa berez oso odoltsua zen urteetan. Gainera, 1983ko uholdeen ondorioz, kalte handiak jasan zituen artean desindustrializazio prozesu mingarrian murgildurik zegoen Bilbo Handiko eskualdeak, eta horrek hiri-paisaiaren degradazioa areagotu zuen.
Estetika zikina baliatuz, hiriaren giro dekadentea profitatzen zuten hainbat film grabatu ziren Bilbo hartan. Adiós, pequeña (Imanol Uribe, 1986), La Blanca Paloma (Juan Miñon, 1989) eta Salto al vacío (Daniel Calparsoro, 1995) filmetan erruz ikusten dira biltegi industrialak, lantegi abandonatuak eta egoera tamalgarrian dauden portu-inguruak. Zenbait ekoizpenek auzo pobre eta marjinaletako etxebizitzak erakusten dituzte, Siete Calles (Juan Ortuoste eta Javier Rebollo, 1981), Todo por la pasta (Enrique Urbizu, 1991) eta aipaturiko Salto al vacío lanek, kasu. Espazio fisikoaren ezaugarri ilun eta likitsok giro itogarria iradokitzen dute, orduko testuinguru sozialarekin bat datorrena.
Krisialdian dagoen hiri-ingurune honek nor bere krisialdia igarotzen ari diren pertsonaien barne-paisaiaren metafora gisa funtzionatzen du. Salto al vacíok adierazten digu nolakoa den paisaia suntsitu eta klaustrofobiko batean bizi eta droga-salmentaren bidez familia mantentzen duen gazte baten bizimodua. Siete Calles Bilboko auzo marjinaletan noraezean dabiltzan pertsonaia frustratuez beterik dago. Zorigaiztoko amaiera duen melodrama da La Blanca Paloma, eta filmeko protagonistak itolarriak estututa bizi dira ere: Bilbon arrotz sentitzen den eta alabarekin intzestu-harremana daukan aita emigrantea; arauak haustera ausartzen den alaba; eta neskatoarekin maitemindu ostean bere abertzaletasuna zalantzan jarriko duen Antonio Banderas. El pico (Eloy de la Iglesia, 1983) melodramak indarkeria- eta delinkuentzia-giro batean harrapatuta dauden gazte biren istorioa kontatzen du. Golfo de Vizcaya lanak (Javier Rebollo, 1985) era gordinean jorratzen ditu hamarkada hartako gai garratzenak: industriaren birmoldaketaren ondorio minberak; ETAren eta birgizarteratutako preso ohien arteko harremanak; eta GAL taldeak. Adiós, pequeña drogak eta maitasun-istorio tragiko bat uztartzen dituen polizia-filma da. Urbizuren Todo por la pasta genero beltzeko thrillerra da, eta lapurretak, hilketak, udaltzain-talde ustela eta politikari deserosoak nahasten ditu.
El pico (Eloy de la Iglesia, 1983): droga-trapitxeoa Areatzan.
Pertsonaia-motei dagokienez, ekoizpen askotan baztertutako gazteak agertzen dira (El pico; La Blanca Paloma; Salto alvacío), eta langabeziak, indarkeriak eta ziurtasun ezak bultzatuta drogan aurkitzen dute ihesbide bakarra batzuek. Testuinguru honek ere delinkuentzia-haztegi gisa funtzionatzen du; izan ere, askotarikoak dira pelikulotan ikusten edo iradokitzen diren delituak: hilketak (La Blanca Paloma; Adiós, pequeña;Todo por la pasta; Elpico; Golfo de Vizcaya); terrorismoa (Golfo de Vizcaya); droga-trafikoa edo trapitxeoa (El pico; Adiós, pequeña); lapurretak (7 Calles; Todo por la pasta); polizia-ustelkeria (Todo por la pasta; Golfo de Vizcaya), etab. Film hauetan poliziaren presentzia oso ohikoa da. Erruz daude indarkeria fisiko edo psikologiko esplizitudun eszenak.
Ekintza ugari gauez gertatzen dira, eta ezin gutxietsi iluntasunak eransten duen ziurgabetasun- eta arrisku-kutsua. Honi kontrajarrita, garai honetako film batzuek sinbolikoki oso esanguratsua den adierazle komun bat daukate, alegia, naturaren eta askapenerako espazioaren arteko identifikazioa. El pico eta Salto al vacíoko protagonistek kostaldean eta egun-argiz egiten dute amets beste bizimodu hobe batekin. Era berean, Todo por la pastako Azucenak landa-inguruan kokatuta dagoen zahar-egoitza batean ekiten dio bizimoduz aldatzeko gogoetari.
Oro har, desindustrializazioaren eta birmoldaketaren arteko Bilbon kokatuta dauden filmen tratamendua drama, melodrama edo zinema beltzari dagokiona da, orduko testuingurua irudikatzeko eraginkorrena, salbuespenak salbuespen. Izan ere, joera serio eta transzendente horretatik guztiz aldenduta zegoen komedia jostagarria filmatu zuen Urbizuk, berau ere Bilbon kokatua: Tu novia está loca (1988). Azpimarragarria da oso, iritzi publikoaren zati handi batek ez zuela begi onez ikusi umorearen aldeko saio hori, friboloegia, antza, Euskal Herriko une hartako testuinguruaren aurrean.
Adiós, pequeña (Imanol Uribe, 1986): ihesaldia Deustuko zubian.
Argi zegoen egoera hura ez zela bolada txar iragankor bat, krisi estrukturala baizik; eta 90eko hamarkadan zehar gauzatu ziren industria berregituratzeko eta hiria garai berrira moldatzeko politikak. Egitura ekonomikoa eraberritzeaz gain (bigarren sektoretik hirugarrenerako jauzia), ingurumena eta hirigintzahobetzea lehenetsi zen: zaborraren eta erabili gabeko industrialdeen lekukoa pasealeku atseginek eta eraikin ikusgarriek hartu zuten. Prozesu hau diseinuaren aldeko apustua ere izan zen, Bilbo ospe handiko arkitekto garaikideen erakusleiho bihurtu duena (Foster, Calatrava, Isozaki, Gehry, eta Moneo, batzuk aipatzearren).
Testuinguru honetan, Menos que cero filmak (Ernesto Telleria, 1996) zubi zinematografikoaren funtzioa betetzen du. Berriz, genero beltzari dagokion narrazio baten aurrean gaude, baina aurrekoak baino samurragoa da. Protagonista Zarko da, Bilbon legez kanpoko egoeran eta kontu zikinetan murgilduta bizi den etorkina. Hala ere, Zarkoren bizimodu latzak badauka arnasbiderik: Goyo lagunarekin duen harremanari xarma berezia dario, eta Inesekin maitasunetik gertu dagoen lotura sortuko da. El pico edo La Blanca Paloma lanetan ez bezala, maitasun-istorio hau ez da muturrekoa, goxoa baizik. Ageri dira, era berean, industrialde dekadenteak Menos que ceron, baina itolarri existentzialaren metafora izan beharrean, hiri-garapenerako planei lotuta daude. Hala, filmak erreferentzia zuzena egiten dio Bilboren transformazioan eragile nagusienetakoa izan zenari.
Eraldaketa-prozesu hori aztertzeko orduan, aipamen berezia merezi du Guggenheim museoak. Frank Gehry arkitekto estatubatuarraren titaniozko eraikin ikusgarria portu eta industria jarduneko garai bateko kaian inauguratu zen 1997ko urrian. Baina Guggenheim ez da museo soila, sinbolo sakona da. Eredu-aldaketaren berrespena eman zion Bilbori, eta, bide batez, berau islatzeko ikurra.
Zinema eta titaniozko museoa gauza bertsua dira. Lotura hau ederto irudikatu zuen The World Is Not Enough lanak (Michael Apted, 1999), hain zuzen ere, James Bond seriearen hemeretzigarren filmak. Hasierako kredituen aurretiko eszenak Bilbon gertatzen dira. Bost minutu eskas baino ez dira, baina nahikoa eta sobera orain arte aztertutako paradigmaren aldaketa dakarrela ikusteko. Kokapena ez da jada industrialde abandonatu batekin egiten, kultura-ikur batekin baino: Guggenheim museoarekin. Egia da badirela indarkeria handiko eszenak (leherketak, mehatxuak, jipoiak, tiroak eta hildakoak ageri dira); baina, pertsonaia nagusiari eta beronen motibazioari erreparatuz gero, alde nabaria antzematen da. Protagonista ez da preseski baliabiderik gabe eta itolarriak jota dagoen inor, Erresuma Batuko inteligentzia-zerbitzuko 007 agente sekretua baizik. Are gehiago, Suitzako Bankuaren Bilboko egoitzan gertatzen da ekintza. Hiriaren transformazioan ekonomia-egituraren aldaketak garrantzi handia izan zuen, eta hori oso ondo adierazten du filmak, Guggenheim museoaren eta nazioarteko finantza-erakundearen bitartez.
The World Is Not Enough (Michael Apted, 1999): paradigma-aldaketa.
Bata errealitatean eta bestea fikzioan, baina Frank Gehryren museoa eta The World Is Not Enough, biak ala biak, mugarriak dira. Lehenengoa, hiri-eraldaketaren inflexio-puntu eta sinbolotzat hartzen delako; bigarrena, eta errealitate horren isla biribilean, Bilbo hiriaz zinemak iradokitako irudiaren joera hausten duelako.
Lo mejor de cada casa (Toni Abad, 2000) fikziozkoBilbo berriaren adierazgarri bikaina da. Udako aste batean zehar gertatzen den komedia korala da, eta Bilboko Casilda Iturrizar parkea du agertoki bakar. Estetika gozagarri batez grabatuta dago: urtaroari dagokion argitasuna, parkeko berdeguneak, txoriak txioka, erritmo lasaia... Gaiei dagokionez, ez dago jazarpenaren edo estutasun larrien zantzurik.
Lo mejor de cada casa (Toni Abad, 2000): berdeguneak eta estetika gozagarria.
La buena voz (Antonio Cuadri, 2006), ordea, errealitatetik gertuago dagoen fikzioa da, ez baita erortzen iraganeko eta orainaldiko Bilbo kontrajarrien manikeismo errazean. Protagonista taxi-gidaria dela aprobetxatuz, kamerak Bilboko kaleetan zehar darama ikuslea. Jakina, Guggenheim museotik eta kale txukunetatik igaroko da; hala ere, taxilariaren eguneroko ibilbidean etorkinen auzoak ere badaude, eta baita oraindik aktibo geratzen diren industrialdeak ere.
Hein handi batean, Bizkaiko hiriburuaren isla zinematografikoak jarraitu duen joera aztertzerakoan, La buena voz film krepuskularra da; eta hala diogu, ordutik hona Bilbon filmatu diren ekoizpenak komedia biribilak direlako. Pagafantas (Borja Cobeaga, 2009) filmeko pasarte askori patetismo garratza darien arren, eszena guztiak komikotasunetik jorratuta daude. Tratamendu dibertigarri horrek bat egiten du filmak hiriaz ematen duen irudiarekin: kale-giro gaztea da nagusi, eta Bilbo moderno eta garbia islatzen da. Horren garbia, ezen, garbiketa-ibilgailu batek zerikusi berezia duen protagonista gaixoak jasandako kalamitateetako batean.
Hiri-mota antzerakoa islatzen du Bypass komedia erromantikoak ere (Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2012), hots, XXI. mendekoa, lagunartekoa, bizikletaz ibiltzeko aproposa eta guzti. Bypassek ahalbidetzen du, bestalde, Bilboren pizkunde-prozesuarekin parekotasun bat ezartzea –nahiz eta, seguruenik, gidoigileek horretarako asmorik txikiena ere ez zuten izan–. Maria, bihotzeko gaitz batek jota, hiltzear dago; baina, pronostiko guztien aurka, krisia gaindituko du. Maitasunaren itxaropen berrituak salbatzen du Maria, koman zegoen Bilbo postindustriala hiri-eredu berri baten bultzadak esnarazi zuen era bertsuan. Mariaren osasun berreskuratua eta beronen bizipoza islatzen duen eszena bat dago filmean; nondik eta Abandoibarretik, itsasadar ertzeko pasealeku edertua, espazioetan espazioa Bilbo berrian. Bypassen bukaera, komedia erromantikoaren egiturari jarraiki, happy ending perfektuada. Aldi berean, etazailtasunak zailtasun, Bilboren metamorfosia zorionekoa izan delako irudia nagusitu da Bilbotarren imajinario kolektiboan.
Bypass (Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2012): Mariaren bizipoza Abandoibarretik paseoan.
Zinemak lortu du, oraingoz, errealitatearen inpresio ahalik eta biziena atzematea. Dena dela, Zazpigarren Arteak espazio fisikoaz ematen duen isla ez da perfektua: irudia bi dimentsiokoa izan ohi da; enkoadraketa mugatuak ikus-eremua murrizten du; ez dago jarraipen espazio-tenporalik; argiztapen artifiziala erabiltzen da; eta, bost zentzumenetatik, ikusmena eta entzumena dira hautematean parte hartzen duten bakarrak. Gainera, horren guztiaren oinarrian beti datza jarrera subjektibo bat, hau da, zer grabatu eta zer ez grabatu arteko deliberazioa.
Azken hautu hori erabakigarria da, estereotipo bakarrera mugatu baitezake aurpegi anitz dituen errealitatea. Porrot egin zuen hiri industrialaren pizkundea: hori da Bilbori buruz gailendu den kontakizuna, nahiz eta hiriaren benetako bilakaera konplexuagoa izan den. Argi dago filmak ez direla inoiz errealitatearen isla perfektua, eta are gutxiago fikziozko lanak. Aitzitik, zinema ez da erreferente horretatik aldentzen, eta, Bilbon kokatuta dauden ekoizpenen harira ikusi dugunez, badago lotura zuzena ekintza narratiboaren eta espazio soziogeografikoaren artean.
Filmok, gabeziak gabezia, jada existitzen ez diren espazioen testigantza eskaintzen digute, eta baita garaian garaiko gizartearen isla ere. Denborak aurrera etengabean, gaur egungo errealitatea iraganeko historia izango da etorkizunean. Nostalgiaz gogoratu ohi ditugu aspaldiko garaiak, dagoeneko ihes egin baitigute. Horrelakoetan, oroitzapena dugu kontsolamendu. Humphrey Bogarti nahikoa zitzaion, Casablanca filmeko esaldi gogoangarri hartan adierazi zuen bezala: Rickek eta Ilsak beti izango dute Parisen gomuta. Baina memoriak huts egin diezaguke; bitarteko ahulegia da. Ikus-entzunezko euskarriak askoz ere lekukotza fidelagoa eskaintzen digu jadanik existitzen ez den paisaia oroitzeko. Beti izango dugu zinema.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria