Portada

Pasaia blues: errealismo zikina eta beat mugimendu literarioei oihartzuna

Zilia HEREDIA IRIGOYEN

Bidaia literarioek eta egindako irakurketek modu batez edo bestez moldatzen eta eragiten dute testu sorkuntzan. Hain zuzen, ezer ez da zerotik idazten, eta edozein testu beste testu zenbaiten xurgatzea edota eraldaketa da nahi eta nahi ez. Hortaz, ereduetatik edota influentzietatik at pasatzea ia-ia ezinezkoa da zenbait autorerentzat. Zentzu horretan, edozein obra literariotan beste hainbat aztarna literario, artistiko, edo bestelako aurki daitezke. Ikerlan honetan, Harkaitz Cano euskal idazlearen Pasaia blues eleberrian ipar Ameriketako bi mugimendu literarioren eragina aztertzen saiatu naiz, baliatzen dituen estrategia eta baliabideei erreparatuz. Erabilera horrek, hainbat ondorio dakar narrazioan eta haiek esplizitu egitea bilatzen du ikerketa memorio honek.

Kritika literarioa, literatura orokorra eta erkatua, testuartekotasuna literaturari erreferentzia egiten dioten hainbat diziplina dira, benetako ikergai batzuentzat, beste batzuentzat berriz eztabaida iturri. Mundializazio neurrigabearen garai honetan, literaturak oro har unibertsala izateko joera badu. Literatura homogeneo hura eremu anglo-amerikanoan kokatua da batez ere, planteamendu esentzialistaduna eta irizpide ekonomikoen alde. Horren aurka, gaur egun, mundu(en) literatura babesteko nahikeria geroz eta sendoagoa da, alternatiba utopikoaren alde joko lukeena, eta herrien literaturen arteko elkarrizketak, eztabaidak eta hartu-emanak lagunduko lituzkeena. Trukaketa horren baitan, autoreek beraien ereduak edota influentziak agerian uzteko erraztasuna lukete, adibidez literatura unibertsaletik hartutakoak.

Bizkitartean, literatura unibertsal horren presentzia iraunkorra lanjer bat izan daiteke munduko literatur txikientzat, hots itzala egin diezaieke inexistente bihurtu arte. Horrela, fenomeno horrek zailtasunik gabe euskal literatura garaikidea hunki lezake. Literatura “handi” eta “txikien” arteko gatazka hori benetako arrisku bilaka daiteke erdibide zuzena aurkitua ez bada, horregatik ikerlari zenbait munduko literatura aniztasuna defendatzeko, babesteko eta sustatzeko borrokatzen dira. Zentzu honetan, literatur guztiak ber mailan ezarriak izango lirateke eta bakoitza bestearen aberastasun litzateke. Horrela, atzerriko literaturen oihartzunak edota aztarnak errazkiago aurkituko lirateke edozein obratan, omenaldi desmartxa batzuentzat, ereduak eta influentziak agerian uztea beste batzuentzat.

Urtez urte, euskal literaturak garapen ederra ezagutu du, hedadura eta garrantzia hartuz. Bizkitartean, era berean, literatura zenbaitek, handiagoek, presentzian eta eraginean irabazi dute ere bai. Hortaz, euskal literaturak beste literaturekiko bereiztea lortu zuen, batez ere euskal gatazka politikoaren gaiaren bidez, ia-ia leitmotiv bihurtua euskal literaturan. Haatik, euskal idazle anitzek euskal mundutik urruntzeko hainbat baliabide erabiltzeko ahalegina egiten dute, batez ere testuartekotasunaren bitartez. Ez da harrigarria beraz, atzerriko beste zenbait obren, autoreren, intrigen oihartzunak aurkitzea gaur egungo euskal literaturan, are gehiago, modernitatearen seinale direlarik.

Pasaia Blues eleberriak erakunde armatu baten, ertzain fisionomista baten eta sator baten arteko harreman enigmatikoak kontatzen ditu. Hori guztia, 90eko hamarkadako Euskal Herrian ainguratua, zehazkiago Pasaia Antxon, hiri portuario ilun eta itogarrian. Horrela, ikerlanaren xedea Harkaitz Canoren Pasaia blues eleberriaren irakurketa konparatzailea burutzea izan da ipar Ameriketako bi mugimendu literarioren argitan, hauek dira errealismo zikina eta beat mugimendua. Beste era batean erranda, helburua bi mugimendu literario horiek obran duten aztarna agerian uztea izan da, erran nahi baitu eleberri horrek ukan lezakeen harreman zuzena errandako bi mugimenduekin. Horrez gain, sortutako eraginak azaltzen saiatu da ere bai.

Horrela, edozein ikerlan bezala, lan xume honen helburua ez da baitezpada izan erantzun zehatzak eta konkretuak aurkitzea. Bizkitartean, molde mugatu batean bada ere, ikerketak ekar zezakeen oztopo eta mugak kontutan harturik, problematikari erantzun posibleak ematen saiatu gara baita hastapeneko hipotesiak egiaztatzea edo ezeztatzea ere. Horrela, lanaren parte teorikoa biziki baliagarri izan da hirugarren partearen azterketarako, kontzeptu bakoitzak ahalbidetzen baitzuen galdekatzea zein irizpideren arabera Pasaia Blues eleberriak bat egiten zuen edo ez ipar Ameriketako bi mugimendu literario horiekin.

Pasaia  Blues

Harkaitz Canoren Pasaia Blues eleberria.

Hortaz, lehenik Harkaitz Canok ipar Ameriketako bi mugimendu horiek txandaka darabiltzala Pasaia Blues eleberrian frogatu nahi izan da, erabili dituen baliabideei eta estrategiei erreparatuz. Beste era batean erranda, Harkaitz Canoren bide estetikoaren hautua kontutan harturik, eleberrian bertan bi mugimendu literario horien zein ezaugarri aurki daitezkeen agerian utzi nahi izan da. Ildo horretatik, hainbat ondorio eta eragin sortuak dira irakurketa denboran baita eleberriaren egituran ere. Horiek esplizitu egitea izan da lehenetariko helburua. Horren egiteko, Pasaia blues eleberriak bi mugimendu literario horien zein ezaugarri bereganatzen dituen behatu da, eta ondoren horrek zekartzan ondorioak ikertu dira, kritika literarioaren eta literatura erkatuaren metodoei jarraituz. Horrek, erantzun zenbait aurkitzea ahalbidetu du baita hipotesia baieztatzea ere.

Lehenik eta behin, bi mugimendu horien presentzia forman zein edukian aurki daitekeela azpimarratzekoa da. Izan ere, errealismo zikina eta beat mugimenduetako ezaugarriak txandaka darabiltza Harkaitz Canok, molde orekatuan, izan estetikan edota irudikatutako gertakarietan.

Alegia, errealitatea irudikatzeko moldean, argi da Harkaitz Canok bat egiten duela errealismo zikineko ezaugarriekin. Izan ere, errealitatearen eta euskal gizartearen ahuleziak edota hausturak lehen planoan ezarriak dira, antiheroiak diren pertsonaien gainbeherarekin, giro klaustrofobikoarekin, eta amerikar kulturaren elementuen txertatzearekin batera. Horrez gain, idaztankeran sintesirako joera behin baino gehiagotan nabaritzen da.

Bidenabar, ilusiorik gabeko errealitate krudel hori arindua da idazleak uzten duen ihesbideari esker. Hain zuzen, eleberriaren beat giroak itxaropen apur bat uzten die errealitate, gizarte eta pertsonaiei, batez ere botere poetiko eta lirikoaren baita jazz eta blues musika estiloen eraginez ere. Era berean, ametsek dakarten ihesbidea ez da alde batera uztekoa. Horrela, Harkaitz Canoren idazkera askatuak, zeinak narrazioa eta poesia nahasten dituen, beat mundua oroitarazten dute. Horrez gain, eleberriaren egiturak, blues tempoaren erritmoan eraikia eta josia, guztiz bat egiten du beat izpirituarekin.

Horrela, argi da Harkaitz Canok etengabe beat belaunaldiko mundu onirikotik errealismo zikineko krudeltasunera jotzen duela eta alderantziz. Harkaitz Canoren poeta jarreragatik errana izan da narrazio eta poesia nahasten zirela. Txandakatze horrek, zenbait ondorio ditu, hala nola Harkaitz Cano erabateko “effet de réel” deritzon efektutik urruntzen da, erritmo erakargarria eskaintzen dio irakurleari, eta bere eleberriaz obra moderno bat egiten du. Horrez gain, eleberri honen bitartez Harkaitz Canok eleberri polizialaren generoa jorratu zuen lehen aldiz.

Ondorioz, bere errealitatearen ikuspegiarekin Harkaitz Canok Raymond Carver oroitarazten digu eta bere idazkera poetiko eta askatuarekin berriz Allen Ginsberg idazle. Bizkitartean, bi mugimendu literario horien ezaugarri guztiak ezin dira aurkitu eleberrian, alde batetik Harkaitz Canok bere estilo propioa eta originala duelako, eta bestetik dena ez baita ere ez imitazio hutsa. Horrela, Harkaitz Cano gaur egungo eta bere idazle belaunaldiko idazlerik abantzu hyper modernoena dela erran daiteke.

Hastapenean, hipotesi gisa Harkaitz Canok errealitate mota baten ezkortasunetik ihes egiteko irudimenera jotzen zuela pentsatzen zen. Eta, ikerketa memorioaren idazketaren bukaeran, hipotesi hura egiazta daiteke. Hain zuzen, errealismo zikineko eta beat mugimendu literarioen aztarnak aurki daitezkeela erran dugu, hortaz txandakatze prozesu bat azpimarra daiteke. Txandakatzearen obserbazio hori Harkaitz Canok azken finean lortu nahi duen efektua izan daiteke, hots modu batez txandakatzeak sortzen dituen ondorioak Harkaitz Canoren helburuak direla, helburu estetikoak batez ere.

Horrela, Pasaia blues eleberriak joan-etorri iraunkor bat proposatzen du errealitatea eta irudimenaren artean, hots errealismo zikinak iradokitzen duen mundu gordin errealaren eta beat giroak eskaintzen duen mundu onirikoaren artean. Horrek bi mundu oposatu elkarren parean jarrarazten ditu eta elkar gurutzatzen ere. Hortaz, Pasaia blues eleberria errealitatetik hurbil zein urrun aurki daiteke. Izan ere, mundu onirikoan, mintzo poetikoak eta subjektibotasunak leku nabarmena dute, errealitatean berriz, sintesia, gordinkeria eta hoztasuna nabari dira. Ondorioz, bi idaztankera kontra jarri horiek, batak bestea eteten dute.

Horrela, errealismo zikinak 90eko hamarkadako euskal gizartearen alde ilunak eta dekadentzia aurkezteko eta irudikatzeko balio du, hots potreta soziala egiteko poliziaren enfrentamenduekin batera, beat mugimenduaren lirikotasunak eta ametsen munduak berriz, botere salbatzailean sinetsiz, errealitate gordin hori arintzeko eta ihesbide baten eskaintzeko balio dutelarik.

Azken finean, Harkaitz Canoren Pasaia blues eleberria errealismoz eta onirismoz eginiko literatur koktel berezia, bitxia, baina era berean erabat moderno, original, berritzaile eta humanoa da.

Ikerketa memorio hau, hiru zati nagusitan banatu da. Lehen kapitulua literaturaren ikuskatzeari kontsakratua izan da, oinarrizko kontzeptuak eta aspektu nagusiak aipatu dira, hots mugimendu literario terminoa, errealismo zikina eta beat belaunaldia mugimendu literarioak, batez ere mugimendu bakoitzaren jatorria, ezaugarriak eta beraien eragina gizartean hobeki ulertzeko. Horrez gain, ikerketa gaira pixkanaka-pixkanaka hurbiltzeko asmoz, bi mugimendu literario horiek euskal literaturan ukan duten oihartzuna aipatu da ere bai.

Ondoren, bigarren zatian, metodologia hurbilketari arreta eman zaio lanaren eta ikerketaren koadroaren azalpen xehe batekin. Alde batetik, ikerketaren egiteko erabilitako teoriak zehaztu dira, eta horrez gain informazioen bilketarako baliatuak izan diren medioak, baita ikerketa lan hori egiterakoan topatutako mugak ere. Bestetik, memorio horren laginaren aurkezpen xehea egin da, hots Harkaitz Cano idazlea bera eta Pasaia Blues eleberria.

Azken eta hirugarren zatiak lortutako emaitzak bildu ditu eta emaitzak aztertu eta interpretatu dira. Alde batetik, Harkaitz Canok nola eta zertan bi mugimendu horiek txandakatzen dituen aztergai ukan da, eta bestetik txandakatze horren ondorioz sortzen diren eraginak ikertu dira. Azkenik, Pasaia blues eleberria eta Harkaitz Canoren idaztankeraren inguruko hausnarketa egin da, eztabaida gisa.

Lana bururatzeko, problematikari eta hipotesiei erantzun posibleak aurkeztu eta azaldu dira. Horrez gain, zintzilik egondako galderak agerian utzi dira ere eta pista berriak proposatu dira.

Bukatzeko, ikerketa hau ipar Ameriketako bi mugimendu literariotan, hots errealismo zikina eta beat mugimendua, baita eleberri bakar batean ere oinarritzen da. Bizkitartean, kontziente izanki horren ondorioz lagin hori nahiko mugatua geratzen dela, interesgarria litzateke corpusa zabaltzea, eta lortutako emaitzak Harkaitz Canoren beste bi eleberriekin, hauek dira Beluna Jazz eta Twist, bat egiten ote duten ikustea.

Horrez gain, Harkaitz Canok adoptatutako estiloaz gain edukia sakonkiago aztertzeak ikerketa osatuko luke. Horrek ahalbidetuko luke frogatzea Harkaitz Canoren idaztankera ezin dela bi mugimendu literario horien ezaugarrien erabilerara mugatu eta beraz edozein idazle literatura genero edo mugimendu jakin batean kokatzea zaila dela eta batez ere etengabe eztabaida iturri. Ildo beretik, Harkaitz Canoren eleberrigintza xehekiago aztertzea interesgarria litzateke, hots azken horren bilakaera ikertzea baita idazlearen betiko obsesioak eta kezkak azaleraztea ere, hautu estetikoen, baita betiko gai esplizitu eta inplizituen bitartez ere.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia