Arantxa UGARTETXEA ARRIETA
Ainara WAIN
Hezkuntza eremuan gertatu zaizkidanak ez ditut denak gogoratzen baina badut bat oso maitea dudana gertatutakoaren hurbiltasunagatik eta baita ere emozionalki ukitua sentiarazi ninduelako. Euskal Herriko Unibertsitatearekin du zer ikusia. Egun batean behin ezagututako irakasle batek idatzi zidan esanaz berari egokitzen zitzaion ikasle batek nirekin egoteko gogoz zegoela eskuartean zuen gaiaz hitz egiteko. Ikusmira sortu zidan dei hark eta prest nengoela topaketarako erantzun nion. Ikaslearen eta nire arteko elkarrizketa eta harreraren ondorioak dira jarraian agertzen ditugunak ikasleak (egun irakasle) eta nik elkarrekin. Elkartu ginen, zehaztasunak aztertu, geure artean ongi sentitu eta denboratxo bat pasa ondoren berak egindako lana Unibertsitatean aurkezteko eguna heldu zen.
Geure artekoak hezkuntzarekin du zer ikusia. Pedagogiari buruz egindako lan bat zuen Ainarak goiz hartan Unibertsitatean esku artean tresna modura, ni ikasle gisara ikasmahai batean nengoela adi eta ikusmiraz zer eta nola gertatuko ote zen epaimahaiaren aurrean ezaguerari buruzko lan haren aurkezpena. Pantailako binetan jartzen zuenari begira geratu nintzen eta agertzen zen galderari erantzun bila abiatu nintzen nengoen eserlekutik, nire kabuz eta isilik.
Nire buruan dagoen zerbaiten adierazpen nabarmena zela konturatu nintzen izenburu hura ikusi nuenean. Garunean dudan estalgarria kentzen saiatu nintzen eta ile kiribilduek gordetzen duten mezua aurkitu nahian hasi nintzen nirekiko balore pedagogikoak zeintzuk ote ziren aztertzeko gogoz eta nolabaiteko nahastea eta argitu beharrak topatu nituen burmuinean.
Ainara, zehazki zer adierazi nahi zenidan?
Ainara Wain.
Ainara: Batetik pertsonok ez garela isiltasunean eraikitzen eta bestetik ezinbestekoak diren akzioa eta hausnarketaren beharra aitortu nahi izan nuen. Hezkuntza munduan murgilduta gabiltzan guztioi mezu hau zabaldu nahian ibili nintzen, hezkuntzak duen indarra eta eragina desestaltzen saiatu nintzen eta askorentzat ikusiezina den instituzio eskolarraren burdinazko ezkutua ezagutzera eraman nahian, hau da: neutraltasun ideologikoa. Izan ere, hezkuntza instituzioek gizartean bizitzen dugun arbitrariotasun kulturala erreproduzitzen dute. Hezkuntzaren helburuak gizaki askea lortzea dela askotan irakurriak ditut ikastetxeetako helburu, dekretu, eta abarretan, baina benetan betetzen ote dugun eginbeharra zalantzan jartzen dut errealitatearekin topo egiten dudan bakoitzean.
Arantxa: Nire baloreak nahiko korapilatuak sumatuz emozioak ere kolpatzen hasi zitzaizkidan eta halako goitik beherako erori aldi batean sartzen ari nintzela sentitu nuen determinismo eta ezinaren sentsazioaz jabetzen ari nintzela gehiegi konturatu gabe. Nondik hasi nire burua eta emozioak hobeki kokatzen? Bat ote dira? Ikasketen eginbeharra teorikoa bakarrik da? Nire portaerekin zer ikusi zuzena duten gai intelektualak nola egunerokotasunera egokitu? Hezkuntzari buruz ditudan mitoak erortzen hasi zitzaizkidan behin eta berriro, adibidez: hezkuntzak ezin duela dena aldatu nahiz eta eragin handia eduki bizitza pertsonalean eta helburuak hobeki aztertu behar ditudala aukeraketa pertsonaletan argiago oinarritzearren, azken batean hezkuntzak berez ez duelako mundua aldatzen, aldatu nahi duenak baizik. Neutraltasun ideologikoa ezabatuta neukalakoan nengoen baina...
Ainara: Zer da neutrala? Adibideak hartzen ditut eta konturatzen naiz neutraltasuna ez dela existitzen eta kontzientziatze honek, hainbeste urteetan zehar ideia faltsu honen babespean eraikitako trinkotasuna, apurtu dit. Hortik abiatu behar naizela, nire egunerokotasunetik ulertu dut, hartzen ditudan erabakiak ez direla neutralak, zerbaiten alde egiten dudan bakoitzean, zerbaiten aurka ere ari naizela. Bide honetatik aurrera egin nahian nabil nire garaia heldu delako. Bide honetatik ikaskuntza, garapenaren motorra izanik, ikasteko grina hori guztiengan pizteko beharra sentitzen dut.
Arantxa: Irakasle eta ikaslearen, zuk ekarritako irudiak ikusi nituenean pantailan, nahiko gogorrak iruditu zitzaizkidan.
Ainara: Ikasle nekatuak, aspertuak, lotsagabeak, deserosoak, isilak, galduak, ikasteko grina galduak... ditut sarritan begien aurrean. Nahiz eta akats zientifikoa den esperientzia soziokulturaleko jakinduria gutxiestea, ikaslea maiz, ez-jakituna bezala tratatua sentituz, liburu zuri baten idazten den jakinduriaren objektutzat tratatzen da. Nabarmen praktikatzen diren kultura eta baloreak, lehiakortasunari lotuta daude, autoritate eztabaidagarri ezari men eginaz eta indibidualismoa bezalako jarrerak, ikasi eta praktikatzen ditugu gutariko barru barruan, gauzak horrela direla eta izan behar dutela, sinetsiz edo sinetsi nahian. Denok aldatu behar gara eta eraldaketa lan horretan gugandik hasi behar dugu zalantzarik gabe, norberaren hitzaren bilaketa horretatik. Pertsonalitatearen, pentsaeraren edo munduarekiko dugun ulermenaren aurkikuntzan murgildurik bai dator hainbeste behar dugun barruko eraldaketa. Hezkuntzarekiko mitoak desestaltzeko analisi kritikoaren bidez etengabeko lana dugu irakasleek eta ikasleek aurrerantzean.
Arantxa Ugartetxea.
Arantxa: Arazoa ez dago bakarrik irakasle eta ikasleen arteko harremanetan eremu bakoitzaren botere estrukturalaren arabera, irakasleen artean eta ikasleen artean ere berdin gertatzen da, maila berdinetan daudenen artean hain zuzen. Jakinduriari dagokion eremu lasaia eta eztabaidagarriaren falta nabaria da, ditugun zailtasunak, aurkikuntzak eta zalantzak era jator eta ikusmiraz eztabaidatzeko denbora eta borondatearen beharra daukagu eratutako programetan. Isiltasunaren pobrezia emozionala eta honen ondorioa den erabilpen intelektuala ezabatu beharrean gaude era aske eta aberatsagoan ikasi eta irakatsi nahi badugu. Gutariko bakoitzak bizi duen curriculum isila beste curriculum akademikoarekin batera garatzen ari gara?
Ainara: Bizi dugun “etika hegemonikoaren” existentzia antzematea, bai sozial zein kulturalki guztion gain duen eragina, da eginbeharreko lana curriculum isilean zer garatzen ari garen desestali ahal izateko. Mezu esplizituz eta inplizituz bonbardatzen gaituzte etengabe eta zaila da etika horretan ez jaustea determinismoari lekua eginez “hezkuntza sistema aldatzeko ezin dugula ezer egin onartzen dugularik.
Arantxa: Emozionalki ukitua era berezi batetan sentitu nintzen goiz hartan ohartuz Herria dela Euskal Herriko Unibertsitatearen sustraietan dagoena. Garai bateko biztanleen curriculum isilak akademikoaren laguntzaz lortutako erakundea dugu. Herriak gordetzen zuen indar argia azaleratu zenean intelektualki emozioak bur-bur genituela lortutakoa da hainbeste maite dugun gure unibertsitatea. Herri jakinduriak Irakasleria eta ikasleriaren artean sortutako ikerketa eta hezkuntzarako eremu aparta.
Non aurkitzen duzu zuk amestutako jakinduria?
Ilustrazioa: Paula Blanco
Ainara: Harreman dialogikoan eratzen den jakindurian dudarik gabe. Irakasle zein ikasle, elkarren beharra dute, elkar hezten dira. Irakasteko ekintza sortzailea, kritikoa izan behar du, inola ere mekanikoa, non irakasle eta ikasleen jakinmina irakaste-ikaste ekintzaren oinarria den. Izan ere, soilik posibleak dira irakaslearen pentsamendu kritiko eta egonezinak ez duenean ikaslearen pentsatzeko gaitasuna eragozten.
Arantxa: “Irakurtzeko Egintzaren Garrantzia” (Udako Euskal Unibertsitatea 1990) Paulo Freireren liburuaren azalean idatzia dagoenarekin agurtu dezakegu geure arteko elkarrizketa hau:
Hezkuntza, irakasle eta ikasleen arteko proiektu eta elkartasunean eratzen den zeregina denez gero, askapen-egintza zehatz eta historiaren eraikuntza bezala behar da bizi, hau da, zapaltzailerik eta zapaldurik ez dagoen gizartearen eraikuntzan, menperatzaileak menperatuari bere hitz zapaltzailea ezartzen ez dion gizartearen eraikuntzan.
Ainara: Ados, utopia ez litzateke posible askatasuna eta esperantza gogokoa ez bagenu.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria