Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Eman da mendeurren oso bat Bizente Goikoetxea Errasti musikari unibertsalaren heriotza izan zenetik eta 2016an zehar zenbait ekintza eratu ziren aramaioarraren izena eta izana gogoraraziz. Euskal Herrian eta euskal lurretatik kanpo ekitaldi ugari izan ditugu, musika sakroaren iraultzaile sutsuenetarikoaren inguruan. Aramaio izan zen Goikoetxearen sorterria eta Valladoliden hil zen. Bi toki horietatik mundu osora irradiatu zuen Goikoetxeak bere artea.
Bizente Goikoetxea Errasti Aramaion jaio zen 1854ko apirilaren 5ean. Bere gurasoak Ignazio Goikoetxea Usaola eta Josefa Errasti Zubizarreta izan ziren. Aita otxandioarra zen; ama, berriz, Aramaioko Azkoaga auzoko Zuazua baserrikoa. Ignazio Goikoetxeak betebehar garrantzitsuak eta arriskutsuak izan zituen Aramaioko udaletxean. Alkate ordea zen bigarren karlistadaren hasieran eta gerrako gora beherak modu zuzenean pairatu zituen eta 1872ko uztailaren 4an dimisioa azaldu zuen. Gobernadoreak, ordea, ez zion onartu eta, aldiz, Goikoetxeari egokitu zitzaion herriko alkatetza.
Bizente Goikoetxea Errasti Aramaion jaio zen 1854ko apirilaren 5ean.
Aramaioko plaza nagusian lantegi bat zeukan Ignaziok, batez ere zaldi-burdineria fabrikatzeko, eta ejertzitorako egiten zuen lan asko. Bi armadatarako hobe esateko, bigarren karlistadaren zurrunbiloak disgustu ugari eman baitzizkion Bizenteren aitari eta, zeharka, Bizenteri berari ere. Tailertxo horrezaz gain, Ignaziok ostatu bat ireki zuen bere etxean bertan, batez ere Aramaioko Bainu Etxera zetozen bezeroentzat. Aitaren negozioek eta batez ere sortzailearen jokaerak eraginda, urte latzak biziko ditu Bizentek Aramaion, 1883an herritik alde egitea erabaki zuen arte.
Bizentek Aramaion bertan egin zituen bere lehen ikasketak, hezkuntza orokorreko eta musikalak. Gero Gasteizera aldatu zen eta Arabako hiriburuan batxilerra 1867-1872 urteetan ikasten ari zen bitartean. Behin batxilergoa gainditua eta Oñatiko Unibertsitatean Zuzenbidea ikastera zihoala piztu zen bigarren karlistada eta karlistekin aritzea tokatu zitzaion. Aramaioko bertoko intendentzia lanetan ihardun zuen. Lan horrek makina bat buruhauste ekarri zizkion Bizenteri, epe ertainean herrikide askorekiko arazo pertsonalak bihurtuko zirenak.
Dena den, gerra garai hura Sabas Amilburu herriko organo jolearekin harremanak estutzeko aukera aproposa izan zuen eta harekin ikasi zuen Bach, Chopin, Liszt eta goi mailako beste musikariren obrak interpretatzen. Bizente musikan aurrerapen nabarmenak egiten ari zen arren, bere aitari ez zion bat ere graziarik egiten musikarako semearen joerak. Beharbada gustatzen ez zitzaiona zen musika erlijiosorako semearen zaletasuna. Fidel Ibargutxi Aramaioko abade izandakoak kontatzen du ondoko anekdota, Goikoetxearen ostatuan bide gertatua:
“Un soldado de Vitoria, compañero de Vicente en Intendencia militar, entretenía a la concurrencia de la fonda ejecutando al piano composiciones alegres. De vez en cuando Vicente le relevaba en su puesto, pero su padre no podía verle.
—Quítate de ahí – le decía. Y volviéndose al vitoriano añadía:
—Siéntese Vd, Luis, y toque algo que valga la pena. Este hijo mío no sabe tocar más que entierros”
Gerra amaitu zen eta Bizentek Oñatiko Unibertsitatean Zuzenbideko karrera (Legeak) burutu zuen. Bere titulu berriarekin Gasteizen hasi zen lanean, Jose Zumarraga notarioarenean. Baina Bizenteren aitak, itxura denez, beste helburu bat zeukan semearentzat: Aramaioko udal idazkaritza. Asmoa gaizki atera zitzaion eta Bizentek Lekeitioko bidea hartu zuen, 1883an, bere arreba Angelaren etxera. Eta handik bi urtetara aita hil zen. Orduantxe ireki zitzaion Bizenteri bere barne bokaziorako atea: apaiz izango zen.
Gasteizko apaiztegian ezin izan zuenez, Valladolidekoan ekin zion eliz-karrerari. Zeru berrietarako prestatuta, 1888ko irailaren 29an, Goikoetxeak Valladolideko bidea hartu zuen. Lekeition uzten zuen sendia eta Azkue lagun handia, egun hartan bertan bere lehen meza eman zuena. Oso nota onak atera zituen Bizentek Apaiztegian eta aldi berean Valladolideko Unibertsitatean Lege ikasketekin segitu zuen. Musikari ere eutsi ahal izan zion eta aurki zaletasun hark ospea ekarri zion hirian.
Eta 1890ean Valladolideko Katedralaren Kapera Maisua kargurako aukera agertu zitzaion, Wenceslao Fernandez ordura arteko titularraren heriotza zela eta. Kargurako oposaketa irabazteak dimentsio berri bat eman ziezaiokeen Goikoetxearen jardunari. Eta ordura arte musika zaletasun moduan hartu bazuen ere —bera artean ofizioz lege gizona zen— aurrerantzean profesional gisa aritzearen ideiak gorputz hartu zuen Bizenteren baitan. Lehenago, ordea, bere burua jantziago ikusi nahi zuen, eta horretarako kontrapuntu eta fuga ikastera joan zen Tolosara, Felipe Gorriti musikari ospetsuarekin. Armonia lehenago ikasi zuen Gasteizen, Jose Maria Abad Eguzkiza San Vicente parrokiako organo jolearekin.
Azterketak 1890eko irailean izan ziren eta beste hiru hautagairen kontra lehiatu behar izan zuen. Garailea Bizente Goikoetxea izan zen. Eta Kapera Maisuaren kargua hartu ahal izateko, diakono egin behar izan zuten. Beraz, 1890eko abenduaren 18an hasi zen lan berrian. Goikoetxea poliki-poliki ordena sakratuak jasotzen joan zen eta Juan Soldevilla Tarazonako gotzainak apaiztu zuen Valladolideko Santa Teresa komentuan, 1891eko irailaren 19an. Lehen meza Lekeition eman zuen, zeremoniako hizlaria Resurrección Maria Azkue izan zelarik. Apaiztu eta zenbait egun geroago Aramaiora hurbildu zen bere gurasoen aldeko meza eskaintzeko.
Sabin Salaberri aramaioarrak zabal eta sakon ikertu du Goikoetxearen musika ibilbidea, eta “Vicente Goicoechea y Errasti. Renovador de la música sagrada” bere lan interesgarrian dioen moduan, Goikoetxeak oposaketak irabazi zituenean musika erlijiosoa oso une txarretatik igarotzen ari zen eliza katolikoan, maldan beherako prozesu ilunean. Musika egilerik inportanteenek muzin egiten zioten eta musika sakroa erdipurdiko konposagileen eskuetan zegoen. Elizetan interpretatzen zen kantua ere gustu txarrekoa eta kalitate eskasekoa zen. Horren akatsi heldu zion Goikoetxeak gogoz eta lan ikaragarri zabal eta sakona burutu zuen.
Apaizgaitegiko irakasle bezala ekin zion 1904-1905 ikasturtean, gregorianoa irakatsiz, eta baita solfeoa ere. Horrela aritu zen, 1916ra arte. Garai hartako bere bi ikasle sonatu izan ziren Nemesio Otaño eta Gaspar Arabaolaza. Goikoetxeak Valladolideko maisu kapera tituluaren bitartez aukera paregabea zuen —baina baita erantzukizun handia ere— berak amesten zuen musika sakroa sortzeko. Elizetan abesten eta jotzen zen musikaren kontra zegoen, eta giro musikal hura hankaz gora jarri behar zelakoan zegoen. Europako musika berritzailea ikertzeari lotu zitzaion buru belarri. Konposagilerik inportanteenen obrak lortzen ditu bere biblioteka musikalerako: Palestrina, Victoria... Eta keinu adierazgarri batean, Julio Valdes Goikoetxea bere loba Ratisbonara bidali zuen, Haberl eta Haller maisu ospetsuekin ikas zezan. Gertu zegoen musika sakroari dimentsio berri bat emateko, eta ez zuen ahaleginik aurreztu.
Eliza katolikoaren urte haietako buru nagusia —Leon XIII doktrina sozialeko Aita Santua— hil zen eta Pio X hautatu zuten. Aita Santu berriaren lehen dokumentu publikoa Motu Proprio izenekoa izan zen, 1903ko azaroaren 22an aldarrikatua, eta bertan musika sakroari buruzko alegatua egiten zuen, erabateko aldaketa ezarriz, gregoriano eta polifoniaren aldeko deiarekin. Hain zuzen ere, Bizente Goikoetxea 1890etik prestatzen ari zen bidea eskatzen ari zen Pio X. Aurreratu egin zitzaien, beraz, aramaioarra elizaren goi agintaritzatik markatutako arauei. Horrek are handiagoa egin zuen Goikoetxearen ospea eta Valladolid bilakatu zen espainiar elizaren mugimendu berritzailearen abiapuntua.
Goikoetxeak eta Nemesio Otañok, Cos y Macho artzapezpikuaren babesarekin, “Edicto y Reglamentos sobre Música Sagrada” dokumentua argitaratu zuten 1905ean. Pio X-aren Motu Proprio-a aurrera eraman ahal izateko arauak ematen zituzten, apaizgaien artean musika heziketa egokiaren bila. Goikoetxea eta Otañoren eragin eta indarrez Musika Sakratuaren Lehen Kongresua eratu zen Valladoliden, 1907ko apirilaren 26-28 bitartean. Euskal musikari ugarik hartu zuen parte. Otaño jesuita izan zen Kongesuaren zuzendaria baina bere ondoan izan zuen bileraren egiazko motore eta eragilea: Goikoetxea.
Goikoetxearen obrek dibulgazio handia izan zuten Europa osoan, lehen unetik. Pio X-aren Motu Proprio-ren ostean obra erlijioso berritzaileen hedapena areagotu zen eta modu bizian ageri zen aramaioarra aitzindaritza hartan. Azpimarratzekoa da Lazcano y Mar argitaratzaile bilbotarraren kasua. Enpresa hori izan zen “Musica Sacro Hispanaren” aldizkariaren editatzailea publikapenaren egoitza Bilbora aldatu zenean. Partituren argitaratzeari ere lotu zitzaion enpresa eta aurrenak Bizente Goikoetxearen Ave Maria, Missa pro Dominicis Adventus et Quadragesimae, Christus factus est eta Miserere mei Deus ospetsuak izan ziren 1908an, korronte polifoniko berriaren erakusgarri gisa.
Bizente Goikoetxea Real de las Bellas Artes de la Purísima Concepción elkartearen akademiko izendatu zuten 1911ko otsailaren 6an, eta berarekin batera sartu ziren beste zazpi musikariren laguntzarekin Akademiaren Musika Saila sortu zuen. Akademiatik Goikoetxeari enkargatu zitzaion Valladolideko lehen Musika Eskolako ikasketa plangintza prestatzea, 1905eko erret-dekretu baten arabera.
Osasunak bat ere laguntzen ez zionez gero Goikoetxeak Kapera Maisu izateari utzi behar izan zion 1915ean eta Katedralaren kabildoak kalonje izendatu zuen urte hartako martxoaren 4an. Eta 1916ko apirilaren 9an hil zen Valladoliden. Hirurogeita bi urte zituen.
Bizente Goikoetxea Aramaioko musikari unibertsala (liburua PDF)
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria