Portada

Euskalgintza, kapital guztiak elikatzen

Olatz OLASO

e5 proiektuan milaka ideia ateratzen ari dira, oso interesgarriak. Eta buru-mapa erraldoi horretan gai izan beharko gara irakurketa egokiak egin, ikasketak atera eta ildo estrategikoak ikusteko.

Baina batez ere buru-mapa horren oinarrian dagoena ezin dugu ahaztu, proiektu honen hasieran Iñaki Markok definitu zituen 4 oinarri garrantzitsuak eta oraindik ere gehiegitan ahazten ditugunak. Zein izango da etorkizunean aurkituko dugun errealitatea? Zeintzuk izango dira bere ezaugarriak? Zerekin lan egin beharko dugu?

e5 proiektuan, kapitalen analisiaren bitartez, euskararen komunitateak egun daukan errealitatea zein den ikusi nahi dugu. Argi dago kapital bakoitzaren irakurketak ondorio interesgarriak ekarri dizkigula baina zeharkako irakurketak ere beharrezkoak dira, oraintxe bertan deskribatu dugun errealitate konplexu hori ulertzeko. Euskalgintza da kapital guztietan errepikatzen den gai bat eta beraz, argi gelditzen da euskalgintzak leku berezia izan behar duela euskaraz garatu nahi duen komunitateak aurrera egin dezan.

Euskalgintzak kolektibo gisa leku esanguratsu bat izan behar badu, bere izaeraren inguruan eta lan egiteko moduan hausnartzea berebizikoa izango da. Urteak daramatza hausnarketa horretan eta baita berrikuntzak txertatzen bere egiteko moduetan. Baina, ahalegin handiagoa egin beharrean izango da gizarte mugimendu moduan hurrengo urteetan.

Hausnarketa horren baitan koka dezakegu Soziolinguistika Klusterrak aurrera daraman ikerketa eta orain gutxi BAT aldizkariaren 107. alean argitaratu dena. “Tokian tokiko hizkuntza aktibazioa: hainbat gako” Zesar Martínez García, Amaia Balda Etxarte eta Imanol Larrea Mendizabalek idatzi dute. Gako oso interesgarriak aurkitzen ditugu talde mailan euskalgintzak beharko lituzkeen aldaketen inguruan.

Hasteko, euskalgintzaren helburu izan beharko lukeena, hizkuntza aktibazioa, definitzen dute:

praktika bezala euskaraz aritzeak nagusitasun soziala izan dezan abiatzen dugun elkarlan prozesua burutzeko modua

Lortu nahi den helburua jasotzen da definizioan (praktika bezala euskaraz aritzeak nagusitasun soziala izatea) baina hori ez da nahikoa: Hori lortzeko elkarlanean lan egin behar dugu eta hori egiteko moduaren inguruan hausnartu behar dugu. Horretarako, irakurketa partekatuak egitea beharrezko bihurtzen da.

e5 proiektua

Euskalgintza da kapital guztietan errepikatzen den gai bat eta beraz, argi gelditzen da euskalgintzak leku berezia izan behar duela euskaraz garatu nahi duen komunitateak aurrera egin dezan.

Artikuluan, euskalgintzak kontuan hartu beharreko bost gako hauek azpimarratzen dira:

Behar sozial bati erantzutea. Euskalgintzak gizartean euskara biziberritzeko behar soziala ikusarazteko indarra izan behar du eta horretarako diskurtso partekatua eta aurrera egiteko estrategiak erakutsi behar ditu. Kaleko presentziak eta espazio publikoak konkistatzeak garrantzia hartzen dute hemen. Soilik gako honi begira lan ugari egiten jarraitu beharko du euskalgintzak, gizarte mugimendu bezala.

Oinarri teoriko-ideologiko landua eta sendoa, bisioa. Oinarriak eraikitzea beharrezkoa da. Teorikoak eta praktikoak, liburuetatik eta esperientziatik jasotakoak. Denak beharrezkoak izango dira. Baina beti partekatuak izan behar dira eta beraz, denon artean diskurtsoak eraikitzeko bideak egon behar dira.

Antolaketari begira egitura irekiak eta horizontalak sortzeko borondatea. Antolaketa birpentsatzeko beharra ere agerian gelditzen da, zentzu ezberdinetan: bileren dinamizazio egoki eta eraginkorra, parte hartze maila ezberdinak ahalbidetu eta legitimatuko dituen boluntarioen antolamendua, talde eragile indartsuak eta kohesionatuak... Azken batean, maila ezberdinetako elkarlanak erraztuko dituen antolamenduak irudikatu eta aurrera eramateko gaitasuna izatea oinarrizkoa izango da.

Administrazioaren babesa, egiten uzten duelako edota babes politikoa eta laguntza ekonomikoa eskaintzen duelako.

Etorkizuneko konstelazioan, 2040. urterako nahiko genituzkeen konstelazio horretan euskalgintzak leku esanguratsu bat izaten jarraituko duela sinisten dut eta kapital guztiak elikatzen jarraituko duela. Eta konstelazio horretan, euskalgintza ireki bat ikusten dut, elkarlana oinarri duena. Bai herrietan, herrigintzako beste mugimenduekin eta administrazioarekin. Eta baita maila nazionalean ere, euskalgintzako entitate guztiekin eta euskaraz garatu nahi duen komunitateko kide aktibo sentitzen diren beste guztiekin. Legitimoa eta anitza izango den euskalgintza bat.

Zintzotasunez egin beharko da ariketa hau. Izan ere, horrelako gizarte mugimendu bat eraikitzeak orain arte funtsezkoak izan diren hainbat kontu alde batera uztea eskatuko du eta “gure lekutik” mugitu beharko dugu. Mugimendu horrek, gu geu ere eraldatzea eskatuko du, mugimendu moduan eta pertsona moduan. Erronka ederra hurrengo 20 urtetarako!

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Egilea

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia