Grezian zein Erromatar Inperioan, herri teutoietan zein gizarte zeltan, gurpildun itsasontzi bat (“carrus navalis”, “karnabal” hitzaren jatorria beharbada) ibilarazten zuten jendaurrean, eta dantza satirikoak eta gordinak interpretatzen zituzten haren gainean. Baditugu frogak horretaz; K.a. VI. mendetik, Grezian, eta, gero, Erromatar Inperioan.
Tazitok germaniar prozesioak aipatzen ditu. Haietan, batzuetan Nertha-ren sinbolo zen golde batek ordezten zuen itsasontzian tronuratuta zegoen jainkosa.
Erroman, Isis egiptoar jainkosari eskainitako gurdi batez egiten zen prozesioa, eta, gero, zeltengana eta germaniarrengana hedatu zen haren gurtza.
Publius Hostillius-ek instituzionalizatu zuen jaia Erroman. Saturnoren omenezko lehen tenpluari eskaini zitzaion. K.a. 217an ezarri zen haren liturgia. Garai haietan, egun batean bakarrik ospatzen ziren inauteriak, hots, abenduaren 17an.
Augustok hiru egunera luzatu zuen jaia; Kaligulak, laura, eta, azkenean, Domizianok, astebetera. Festak, opari-trukeak eta kale-azokak egiten zituzten; indultuak eta amnistia judizialak ematen; menia militarrak hitzartzen, eta beste jarduera asko.
Ikus daitekeenez, jadanik K.a. VI. mendetik dugu inauterietarako karrozak egiten zirelako berri. Grezia eta Erroma bezalako toki urrun eta aldi berean hurbiletan egiten zituzten. Eta ez dugu ahaztu behar jaiaren antzinatasunari buruzko datu interesgarria ere.
Sebastián de Cobarruvias-en lehen gaztelania-hiztegiaren (1611) arabera, “gurdia” damek erabiltzeko egokitu zenean, izen femeninoa ezarri zitzaion: “karroza”.
Egungo Espainieraren Errege Akademiaren hiztegiak honela definitzen du karroza: “gurdi handi aberaski jantzia eta apaindua” eta, hedaduraz, “horrela deitzen zaie erlijio-ospakizunetarako egiten direnei ere”.
Nola bezero bakoitzari berak eskatutako produktua egiten zaion, eta zehazki berak nahi duen eta behar duen moduan, ez da prezio edo tarifa jakinik.
Baina Iñakik dio: “Garrantzitsuena ez da dirua, mundu osoan milaka adiskide edukitzeak ematen duen poza baizik”. Eta, gero: “Karroza bat igarotzean haurrek aurpegian ageri duten harridurak ez du preziorik”.
Antxon AGUIRRE SORONDO
MAJESTIK
Oarso kalea,13, behea esk.
PASAI ANTXO
Tel.: 943 34 00 64
Mugikorra: 639 196 997
Fax. 943 52 97 83
Posta elektronikoa: majestik@iturgaiz.com
Web orria: www.iturgaiz.com
Industrialdea, 27. eta 28. pabiloiak
LEZO
Lehenago bi aldiz ekarri ditugu atal honetara erraldoientzako eta buruhandientzako buruak egiten dituzten artisauak. Gogoan ditut oraindik Muru-Azteraingo (Nafarroa) Aitxarka (EUSKONEWS, 227. zk.) eta Irungo (Gipuzkoa) F. J. Garate (EUSKONEWS, 379. zk.)
Era berean, jaietako jantziak egiten dituzten jostun eta artisau asko igaro dira atal honetatik, baina lehen aldia da irudimeneko eta eszenografiako “pisu astun” bat dakargula, eta egiten dituen produktuen tamainagatik ematen diogu kalifikatzaile hori, eta bere bezeroen heterogeneotasun geografikoagatik. MAJESTIKez ari gara. Pasaiako (Gipuzkoa) artisau-enpresa txiki bat da, “mirariak” sortzen espezialista.
Iñaki Becerra Iturgaiz Pasai Antxon jaio zen, 1953ko azaroaren 24an. Aitak Ignacio zuen izena, eta amak, Josefa. Errenteriako Korazonisten ikastetxean ikasi zuen, eta, gero, enpresa-ikasketak egin zituen, EUTGn, Donostian.
Pasaiako aduana-zerbitzuan hasi zen lanean. 21 urte egin zuen bertan, nahiz eta azken lauan lan hori bere benetako grinarekin aldizkatu zuen, hau da, apainketarekin eta atrezzoarekin, karrozak muntatzen baitzituen inguruko herrietako jaietarako. 1994an, utzi aduanetako lana, eta profesional moduan heldu zion besteari.
Lanbidea hobeto ikasteko, artisau fallagile batekin aritu zen lanean.
Hasieran, Pasaiako lantegi txiki batean aritu zen, eta, 1997ko maiatzaren 17an, Lezoko industria-pabiloi batean jarri. Hantxe ari da orain, eta Pasaiako lantegia saltoki gisa darabilte. Ehunak, mozorroak eta osagarriak, oihalak eta lanbideko beste zenbait elementu saltzen dituzte bertan. Lantegian dago MAJESTIKen bulego zentrala ere.
Urtero, San Josef aurretik, egun batzuk ematen ditu Valentziako artisau fallagile baten lantegian. Hor, Iñakik dioenez, beti ikasten da zerbait, nahiz eta orain adiskidetasunagatik eta plazeragatik joaten den gehiago.
Hona artisau-taldea osatzen duten lagunak: Iñaki Becerra, zuzendaria; Arantxa Becerra, Pasaiako saltokiko arduraduna eta jantzietarako aholkulari espezializatua; Domingo Fernández, diseinatzaile artistikoa, eta beste hiru lagun. Azken horiek irudiak egiten eta konpontzen dituzte, eta haiek muntatzen, inguruko eta urruneko herrietan.
Iñakiri hau esatea gustatzen zaio: “Ilusioa eskaintzen baduzu, bizitzak ilusio gehiagoz ordaintzen dizu”, eta, hain zuzen ere, horretan aritzen da MAJESTIK osatzen duen taldea: ILUSIOA sortzen, FANTASIAren bitartez. Horra enpresaren politikako bi hitz giltzarri.
MAJESTIKen produktuek honako bi talde hauei sortzen diete ilusioa; haurrei, errege magoen kabalgatetan, eta helduei, inauteri-konpartsetan.
MAJESTIK bere arloko aholkularitzan aritzen da, eta edozein apainketa-lan diseinatzen eta egiten du: erakusleihoak, azoka-esparruak, erakusketak, ospakizun berezietarako (ezkontzak, enpresa-bilerak, etab.) jatetxeak, festak, era guztietako gertaerak, karrozak, etab.
Fantasiazko eta inauterietako jantziak saltzen ditu, bai bertokoak, bai inportatuak.
Europa osoan aritzen dira lanean, Frantziatik Portugaleraino; honako hiri hauetan, besteak beste: Puerto de Santa María, Pontevedra, Bilbo, Tutera, Donostia.
Datu adierazgarritzat, esango dugu azken Eguberrietan 160 karroza muntatu zituztela.
Majestikek errentan uzten ditu piezak, ez ditu saltzen, salbuespen batzuetan izan ezik; adibidez, Bilboko Athletic Cluben eskariz, eta haren mendeurrena zelako, lehoi handi bat saldu zien, eta taldea Bizkaia osoan ibili zen harekin.
Alokatzeko piezen kasuan, bezeroak aukeratzen du zer pieza muntatu nahi duen (katalogoz edo bideoz ere egiten da), eta Majestikek kamioiz bidaltzen dio. Erabili ondoren, bezeroak itzuli egiten du.
Majestikek baditu halaber zenbait plataforma (6, 9 eta 12 metrokoak). Nahi izanez gero, bezeroak plataformarekin batera aloka ditzake elementuak. Elementu guztiak, baita plataformak ere, moduluz osatuta daude, eta, beraz, kamioiz, ontziz edo are hegazkinez bidaltzen dira. Logikoa denez, bolumena-pisua ahalik eta txikiena izan dadin dago aztertuta dena, garraioa ongi jasan dezaten, eta gero erraz munta daitezen.
Erraldoien eta buruhandien buruak ere konpontzen dituzte (egin ez), eta erraldoientzako, Erdi Aroko azoketarako, desfiletarako eta danborradetarako jantziak egiten dituzte. Hor, pauta historikoak jarraitzeko eskatzen zaie askotan.
Majestiken ospeak eta trebeziak mugak igaro dituzte. Enpresa gonbidatua izan zen Marugameko (Japonia) Eszenografia Jaialdian, eta Dohako (Qatarko Estatua) Kulturen Nazioarteko Jaialdiko desfilea antolatzeko kontratatu zuten.
Majestikek hainbat sari eskuratu ditu bere 20 urteko historian; Donostiako inauterietan, esate baterako, konpartsa beteranoentzat eta konpartsa jaioberrientzat sortu baititu karrozak.
Lehen sari ugari eta beste ohore batzuk eskuratu zituen Logroñoko San Mateo jaietako Karrozen Lehiaketan ere, Haroko Udalaren ordezkari gisa.
Bezeroak “zer nahi duen” eta “zertarako nahi duen” jakin behar da aurrena, desberdina baita elementu apaingarri bat izan dadin, edo piezaren gainean haurrak edo helduak joan daitezen. Pieza egiteko zer gai erabili aukeratu behar da, hark gauza asko jasan beharko baititu: gainean joango direnen (gauzak eta/edo pertsonak) pisua, eguraldia, eta zuhurtziarik ezagatik gerta daitezkeen istripuak (sua, esaterako).
Horretarako, eta diseinu elektronikoa baliatuta, egin behar den elementua marrazten eta sortzen da birtualki. Hark, gero, pieza nola banatu behar den eta haientzat zer egitura sortu behar diren aztertzen lagunduko die.
Motiboa aukeratu, eta marrazkia egiten da. Marrazkia (zeina eskala txikiagoan egiten den maiz) egin ondoren, tamaina naturalean eta buztinez egiten da pieza (batzuetan, zatika, hau da, burua alde batetik, gorputza bestetik, hankak, etab.).
Fase hori amaitutakoan, moldea edo negatiboa ateratzen da handik, eta horrek lagunduko digu egitura beira-zuntzez (lehenago, harri-kartoiz) egiten.
Pieza guztiak eginda daudenean, muntatu egiten da dena, hau da, elementu guztiak batzen dira, barrutik metalezko edo zurezko elementuak (edo tamainagatik nahiz erabileragatik behar direnak) jarrita, obrak beharrezko erresistentzia eduki dezan.
Hurrena, pieza osoa leuntzen da, eta, gero, pintatu.
Piezak amaitutakoan, buru-hausgarri bat bailitzan muntatzen da dena, eta azken doitzeak egiten zaizkio. Gero, berriz desmuntatu, eta pieza guztiak paketatzen dira, behar den lekura bidaltzeko.
Iñakiren arabera, alde estetiko handia dago iparraldeko gustuko piezen eta Mediterraneokoen (falla erakoak) artean. Hemen, koloreen harmonia eta neurritasuna ditugu atsegin; adibidez, pieza guztiak zuriak edo urre-kolorekoak. Valentzian eta eskualde hartan, aldiz, kolore askotakoak eta barrokoak gustatzen zaizkie.
Oinarrizko gai hauek erabiltzen dituzte beren obrak egiteko: zura, burdina, beira-zuntza, batzuetan harri-kartoia eta poliestireno hedatua (arrunki kortxo zuria deitua), pinturak, eta oihalez, gazez eta beste batzuez osatutako atrezzoak.