Gure artisaua kaxagilea da.
KAXAGILEAK kulatak egiteko egurra lantzen zuten, zati metalikoa doitzeaz gain. Horregatik, batzuetan, KULATAGILE esaten zitzaien.
Batez ere intxaurrondoaren egurra erabiltzen zen, gure tenpluetako erretauletan eta irudietan bezalaxe. Lana, jakina, eskuz egiten zuten, eta beren baserrietan egurra lantzen zuten artisauak asko ziren.
Soraluzeko EUSCALDUNA fusilen fabrikak bi makina kopiatzaile zituen 1874an, kulatak egiteko. Prozesuaren zati bat horiekin egiten zuen, eta ondoren, akabera edo fintzea eskuz. Baina, 1940. urtetik aurrera, prozesu mekanikoak erabiltzen hasi ziren asko eta asko, eta gaur egun eskopeta finak edo kalitatezkoak baino ez dituzte eskuz tailatzen benetako artisauek.
Aipatzekoa da eskopeta onen erabiltzaileek oraindik ere oso garrantzia handia ematen diotela armaren zati horri, “ondo apuntatzeko” garrantzitsua baita eskopeta bezeroaren gorputzaren neurrietara ondo egokitzea. Eskopeta fin bat edo neurrirako bat egiteko kulatak zer ezaugarri izan behar dituen interpretatzen edo zuzentzen daki artisauak, bezeroaren besoen luzeraren, tiro egiteko erabiltzen duen eskuaren eta dituen tiken eta hartutako ohitura txarren arabera.
Behin ere ez duenez produktu bera errepikatzen, pieza bakoitzaren prezioa duen lanaren eta egiteko behar izan dituen orduen araberakoa da.
Antxon AGUIRRE SORONDO
José Luis Urbieta Uranga
Hondartza kalea, 8-1 D
Tel. 943 192 665
20820 DEBA
Zalantzarik gabe zura tailatzen duten artisauak oso ugariak dira gure artean, eta atal honetara ekarritako sektore horretako hamabi artisauak ditugu horren froga. Interesatuek horien fitxak irakurri ditzakete.
Mendaron (Gipuzkoan) jaio zen, 1947ko martxoaren 21ean, Billaleko baserrian. Izen horrekin ere ezagutzen dute José Luis. José eta Dorotea zituen guraso. Josek Mendaroko Irin Fabrikan lan egiten zuen. 7 anai ziren, eta José Luis denetatik gazteena zen.
14 urtera arte Mendaron ikasi zuen.
Bere anai Asensio eta Javierrek eskopetentzat kaxak egiten zituzten baserrian, eta han ikasi zuen José Luisek “kaxagile” lanbidea. Besteak beste, Eibarreko (Múgica, Arrieta, Laurrona), Elgoibarko (Sarriugarte) eta Elgetako (Zabala) armagileentzat egiten zuten lan.
Urte askoren ostean, Javier eta José Luis Elgoibarko Sarriugarte arma-fabrikan hasi ziren lanean. 1980. urtean fabrika Itziarrera (Gipuzkoa) eraman zuten, eta bi urteren buruan ateak itxi egin zituen. Halere, handik gutxira Kemen enpresa sortu zen Elgoibarren, baita Sarriugartetarrena ere. José Luis han hasi zen lanean, eta gaur arte “kaxagile” lanbideari eutsi dio, kalitatezko eskopeten neurrirako kulatak egiten.
1978an, Itziarko Txarrantxola baserriko Matilde Aguirregabiriarekin ezkondu zen. Seme bat izan zuten 1983an, eta Adur izena jarri zioten. Gaur egun irakaskuntzan egiten du lan, irakasle.
Aipatutakoaz gain, José Luis “artista herrikoia” da, eta lan honetan alderdi hori jorratuko dugu. Bere bertuteak irudimena eta produktuen originaltasuna dira.
Sormen handikoa eta espiritu jakinguratsukoa, beti disfrutatu izan du egurrezko pieza txikiak sortzen eta fabrikatzen.
1975ean tamaina handiagoko piezak eta apaingarrietarako gaiak egiten hastea erabaki zuen. Lan horiek Debako Lastur auzoko Txarrantxola (Gipuzkoa) familia-baserrian egiten ditu.
Bere eskuek askotariko elementuak sortu dituzte: enbor barruan eginiko erlojuak, enbor hustuz eginiko kutxatzarrak edo “kutxak”, aterki-ontziak, giltzatakoak, gatzontziak, bastoiak, idazmahaiak, txotxontziak, tamaina eta era guztietako kaxak, baserrien kopiak, perretxikoak, armarri heraldikoak, tailaturiko kartelak eta abar, baita tamaina naturalean eginiko motor bat ere.
Enkarguzko lanak ere egiten ditu.
Debako, Oñatiko eta Mendaroko artisautza-azoketara soilik joaten da.
Egurra berrerabiltzea da gure artisau maisuaren obsesioetako bat. Beretzat zuhaitzak errespetatu beharreko izaki bizidunak dira. Hortaz, ahal duen guztietan “hildako egurrak” erabiltzen ditu bere lanetarako, hau da, hildako zuhaitzen egurra, edo arrazoiren bategatik moztera doazen zuhaitzena. Produktura egokitzeko horien egitura eta forma ere ikertzen ditu. Dioskunez, “askotan egurrak berak esaten dizu zer egin behar duzun, duen formaren, tamainaren eta egituraren arabera”.
Jakina, armarri bat edo baserri baten izena duen kartela enkargatzen diotenean, esaterako, egur egokiaren —tamaina egokikoa, laua eta sikua— bila joaten da zerrategi batera.
Normalean gaztainondo- eta haritz-zura erabiltzen ditu, nahiz eta beretzat gustukoena intxaurrondoa den: “Zatitxo bat apurtzen bazaizu eta egungo berehalako kolarekin itsasten saiatzen bazara, egurra gaztainondoarena edo haritzarena denean ez da itsasten, izan ere, poro asko dituzte eta kolak zuloetatik ihes egiten du. Intxaurrondoarena denean, berriz, lehenengoan eta arazorik gabe itsasten da”.
Behin ideia marrazturik duenean, piezak banan-banan fabrikatzen hasten da, eta behin horiek amaitutakoan muntatu egiten ditu, produktuari forma emateko.
Taila amaitutakoan, lixatu eta berniz geruza bat ematen dio, batzuetan koloregabea eta beste batzuetan koloreduna, lanaren arabera. Esan digunez, garai batean berniz gardenari intxaur-tinta eta beste koloratzaile batzuk eransten zizkion, beharrezko tonua lortzeko, baina gaur egun mota guztietako produktuak daude merkatuan eta ez da beharrezkoa nahasteak egitea. Gainera, nahi izanez gero, lehenik tinta-geruza bat eman ahal zaio, sikatzen utzi, ongi lautzeko leun-leun lixatu eta azkenik berniz garden geruza bat emateko.
Lanerako tresna hauek erabiltzen ditu: arraspak, zerrak, mailuak, mazoak, gubiak, trintxak, kurrikak, aliketak, bihurkinen bat eta bestelako tresnen bat, nahiz eta motozerra, zulagailu elektrikoa eta gubiak zorrozteko bi harridun esmeril-makina ere erabiltzen dituen. Erabilgarriei dagokienez, hainbat aletako lixak, esmalteak, pintzelak eta abar baliatzen ditu.